Karguak eta lanbideak
Jakintsua, Zuzenbidean doktorea, politikaria, filologoa, itzultzailea, arkeologoa eta epigrafista
Ibilbidea
Federico Baraibar Gasteizen jaio zen 1851n, Zuzenbidean lizentziatu eta doktoratu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta ondoren Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen bere jaioterriko Unibertsitate Librean. Hemeretzi urterekin lehenengo hitzaldia, Estado de España bajo la dominación romana (Espainiaren egoera Erromaren menderaldian) izenekoa, eman zuen Gasteizko Ateneoan eta erakunde horretako Letretako Sailaren idazkari hautatu zuten. Baraibar aipatu arabar Unibertsitateko behin-behineko irakasle izan zen 1871z geroztik eta bost urte beranduago, oposizio bidez Gasteizko Institutuko Latineko Katedra lortu zuen; horrez gain, frantses-ikastaroak ere eman zituen musu-truk, hizkuntza horren ikasketa desagertu ez zedin hirian. Jove Catalunyako kide urgazlea, Ateneoko lehendakari posiziotik Renaxensarekin (berpizkunde kataluniarraren argitalpen-organoa) lankidetzan aritu zen 1875az geroztik, eta inoiz ez zuen harekin harremana galdu. Federico, ideologiaz monarkiko-kontserbadorea, Gasteizko alkate izan zen aldi batez (1897-1903) eta Arabako Aldundiko lehendakari aukeratu zuten (1909-1913); hori guztia, pedagogia- eta ikerketa-lanak ahaztu gabe.
Ikerketa ugariren egilea, izaera zientifiko, dibulgatzaile eta kazetaritzako hainbat gaitako lan asko argitaratu zituen gasteiztarrak. Bere lehenengo jarduera arkeologikoak Arrizalako trikuharrira zuzendu ziren eta, ondoren, Arabako trikuharrien fenomenora. 1911n Arabako lehenengo Museo Arkeologikoa sortu zuen Gasteizko Institutu Probintzial eta Teknikoaren lokaletan, eta museoaren funtsak biltzen zituen gidaliburu bat idatzi zuen. Bi urte geroago, ondare arkeologikoa babesteko bere asmo irmoen testuinguruan, Arrizalako trikuharria erosi eta Arabako Aldundiari oparitu zion, horrela, Manuel Anton antropologoak hura desmuntatu eta Madrilera eramatea galarazteko. 1883an, Federico Baraibar Historiaren Akademiako kide izatera pasa zen eta Iruña-Veleiako hondakinei buruzko hitzaldia eman zuen. Urte berean, Álava durante el Imperio Romano izeneko liburua idazten hasi zen; ez zen argitaratu, baina ordutik aurrera eta 1914a arte hainbat artikulu idatzi zituen Arabako, Trebiñuko Konderriko eta inguruetako erromatar garaiko aurkikuntza epigrafikoei buruz berri emanez. Baraibarrek harreman estua izan zuen Emil Hübner ikerlariarekin; alemaniarra Corpus Inscriptionum Latinarum delakoaren Hispaniako gehigarri epigrafikoa egiten ari zen buru-belarri eta, prozesu horretan, Gasteizko adituak Arabako probintziari buruz gehitutako ezagutzak oso lagungarri izan ziren. Hein batean, bere inplikazio handiagatik, 1901ean Berlin eta Erromako Institutu Arkeologiko Inperial Alemaniarraren iberiar penintsulako hamazazpi korrespontsaletako bat izendatu zuten Baraibar; besteak beste, Fita eta Saavedra goren mailako espezialistekin batera. Gerora, Araban kontserbatutako arte erromanikoari buruzko ikerketa garrantzitsuak egin zituen.
Azkenik, azpimarratu behar dugu Federico Baraibarrek hamar hizkuntza menderatzen zituela, eta obra klasiko eta modernoak gaztelerara itzuli zituela; besteak beste, Aristofanesen Komedien aukeraketa bat eta Homeroren Odisea 1874an. Bizitzan zehar hainbat lan argitaratu zituen Diccionario de la Real Academia Españolan sartuta ez zeuden Arabako hitzen berezitasunak aztertuz, eta batzuetan hainbat termino herrikoiren jatorri euskaldunak azalduz. Arlo horretako bere ekarpen filologikoak zirela eta, 1915ean Euskal Toponimia Batzordeko kide izatera iritsi zen. Era berean, Julio Urkixok zuzendutako Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkariaren lankide saiatua izan zen.
1928an, jakintsu gasteiztarra hil eta hamar urtera, Eusko Ikaskuntzako Arabako ordezkaritzak probintziako euskaltzaleak elkartu zituen, arabarren egunerokotasuneko euskal ezaugarriak babesteko asmoa zuen ekimen bat hasteko. Helburu hori betetzeko sortutako taldeari «Baraibar taldea» izena jarri zioten, arabar aditu haren ohorez eta oroimenez. Era berean, gaur egun Gasteizko kale batek eta Bigarren Hezkuntzako Institutu batek Federico Baraibarren izena daramate.
Obrak
Comedias escogidas de Aristófanes, gaztelaniazko itzulpena, Gasteiz: Imp. de los hijos de Manteli, 1875.
«Los dólmenes de Álava», Euskal-Erria, II (1881ko urtarril-apirila), 207-208. Or.
Una hoja de la historia oscura de Álava durante el Imperio romano: discurso leído el 9 de noviembre de 1882 en el Ateneo de Vitoria en la apertura de sus cátedras, Gasteiz, 1883.
«Lápidas romanas inéditas de Marañón, Pancorbo, San Martin de Galbarín y Luzcando en las provincias de Navarra, Burgos y Álava», BRAH, 26 (1895), 46-54. or.
Vocabulario de palabras usadas en Álava y no incluidas en el Diccionario de la Real Academia Española o que lo están en otras acepciones o como anticuadas, Madrid: Imp. de Jaime Rates, 1903.
«Palabras alavesas cuyas correspondientes etimológicas vascas no figuran en los diccionarios euskáricos», RIEV, 1. libk., 2 (1907), 141-147. or.
Bibliografia
ALBERTOS, M. L., «Federico Baraibar y la epigrafía romana de Álava». Homenaje del Instituto Femenino de Enseñanza Media de Vitoria a Federico Baraibar y Zumárraga, Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 1970.
APRAIZ, O. de, «Don Federico Baraibar y los estudios vascos», RIEV, 3. libk., 3 (1920), 186-193. or.
ELUSTONDO, M. A., Federiko Baraibar Zumarraga (1851-1918). Arabar agintari euskaltzalea, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2008.
ORTIZ DE URBINA, C., «Baraibar Zumárraga, Federico» in DÍAZ-ANDREU, M.; MORA, G. eta CORTADELLA, J. (koord.), Diccionario histórico de la arqueología en España (siglos XV– XX), Barcelona: Marcial Pons Historia, 2009, 113-115. or.
— El desarrollo de la arqueología en Álava: condicionantes y conquistas (siglos XVIII y XIX), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1996.





