Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

ALFARO FOURNIER, Tomas (Valladolid, 1892ko uztailak 8 – Gasteiz, 1965eko abuztuak 31).

Karguak eta lanbideak

Enpresarioa, abokatua eta politikaria.

Ibilbidea

XIX. mende amaierako «Gasteizko aristokraziako» kidea, Juan Bautista Alfaroren, ehun-gaien eta jute-zakuen fabrikatzaile garrantzitsuaren semea, eta Heraclio Fournierren, karta-enpresa ospetsuaren jabearen biloba zen. XX. mendeko 30eko hamarkadan aitaren jute-negozioan agintzen zuen, Gasteiz eta Bilboko beste enpresa batzuekin elkartu ostean; aldiz, bere anaia Felixek hartu zuen oinordetzan karta-inprenta. Bigarren hori arte-bildumazale, mezenas eta kultura-ekimenen (karta- eta armagintza-museoak, baita Arte Ederretakoa ere) sustatzaile gisa nabarmendu zen gero, eta, politika arloan, hainbat proiektu politiko kontserbadoreren sostengatzaile gisa: Unión Patriótica, Primo de Riveraren garaian; CEDA, Errepublikan; eta Alianza Popular eta Norte Exprés egunkaria, demokraziarako trantsizioaren aurretik eta ondoren. Hainbat kargu izan zituen frankismo garaian, nabarmenena Gorteetako prokuradore 1943an, Papera, Prentsa eta Arte Grafikoetako Sindikatu nazionala ordezkatuz. Aldiz, politikari buruz hitz eginez, ideia aurreratuko gizona izan zen Tomas Alfaro, eta gaztetan Eduardo Dato monarkikoaren (1916) eta Luis Alava Sautu abertzalearen (1919) hauteskunde-kanpaina banatan parte hartu arren, Primo de Riveraren diktaduraren amaieratik aurrera errepublikanoa zela adierazi zuen argi eta garbi. Hogeita hamarreko hamarkadan kultura politiko horren funtsezko erreferentzia izan zen, haren fakzio azañazalearekin erlazionatua eta konprometitua, eta Gasteizko udal politikaren arduraduna izan zen, sarritan ordezkatzen baitzuen Teodoro Gonzalez de Zarate alkatea bere zereginetan. Izatez, 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarra gertatu zenean, bera izan zen hiriaren aginte-makila indarrez utzi behar izan ziona militarrek izendatutako alkateari. Gizon polifazetikoa eta arteetarako dohatua zen. Abokatu-ikasketak egin eta jute-negozioa eta ondoren, gerra zibilaren ostean, inportazio-esportazio enpresa bat kudeatzeaz gain, ordurako Madrildik, margolaritzan eta hainbat literatura-generotan nabarmendu zen.

María Asuncion Drake Santiagorekin, Cañada Hondako markesarekin, ezkondu zen eta, beraz, aristokrata ezkontide moduan ager zitekeen, nahiz eta egia esan kulturarekiko interes eta sentsibilitate sozial handiko burges onaren adibidea izan. Gerratik bizirik atera bazen, emazteari eta haren kontaktuei esker izan zen; emazteak Toledon galdu zituen gurasoak errepublikanoek erailda. Gasteizen, Murgian eta Burgosen espetxeratua egon ondoren, Hondarribira konfinatu eta jarraian erbesteratu egin zuten, eta azkenik Madrilera; hala ere, nahiko sarri itzultzen zen Gasteizko bere «Villa Paula»ra. Hiltzean, diktadura bete-betean, bertako bizitzako pertsonaia garrantzitsutzat aintzatetsi zuten orduan agintzen zutenek, eta probintziako agintariak bere ehorzketan izan ziren.

Tomas Alfaro, batez ere, historia-saiakeretan nabarmendu zen. Gaztaroko arte-munduko eta Erdi Aroko historiari buruzko lan batzuez gain (besteak beste, Petri I.aren gisako pertsona ospetsuei buruzkoak), 30eko hamarkadako prentsa errepublikanoan etengabe agertzen zela ahaztu gabe, frankismoan zehar Gasteizen historiari buruzko trilogia garrantzitsu bat idatzi zuen. Bere bizitzan lehenengo liburukia soilik ezagutu zuen argitaratuta: Vida de la ciudad de Vitoria. 1951n argitaratu zuen, nahiz eta Hondarribiko deserrian sei urte lehenago amaitua izan; hasieratik XIX. mende amaiera arteko historia kontatzen da bertan. Baina hil aurretik bigarren liburukia idatzita utzi zuen 1960rako, nahiz eta 1987an argitaratua izan zen: Una ciudad desencantada. Vitoria y el Mundo que la circunda en el siglo XX. Urte batzuk geroago, 1995ean, trilogia osoa argitaratu zen, ordurarte ezezaguna zen beste bat gehituta. Azken hori, bigarrena utzi zuen tokian hasi, Primo de Riveraren 1923ko iraileko altxamenduan, eta saiakuntza errepublikanoaren erdialdean, 1932ko amaiera aldera, amaitzen da. Une horretan amaitzen da bat-batean, ez baitzen testuaren orri gehiago aurkitu. Hurrengo lan bat Santiago de Pablok osatu zuen argitaragabeko egunkari batetik abiatuta («Perfil de una trayectoria política. Tomas Alfaro Fournier, 1931-1936»). Bere ibilbide politikoa eta Errepublikaren amaiera arteko bere ikuspegia osatu ditzakegu lan horrekin.

Alfaro margolari gisa aurkezten saiatu da hiria —horrela izena du hari eskainitako kaleak—, haren politikari nahiz historialari alderdiak alde batera utzita, zalantzarik gabe hiriaren ikuspegi kontserbadoreari gehiago eragingo lioketenak. Hala ere, egia esan, Gasteizi buruzko bere lanak ekoizpen historiografiko klasikoa —Landazuri arte atzera eginez eta XIX. mende osoa iraganez, besteak beste, Ladislao de Velasco, Becerro de Bengoa, Fermin Herran, Eulogio Serdan eta Vicente Gonzalez de Echavarri egileekin— eta gaur egungoa, akademikoa eta profesionala, lotzen ditu. «Vitoria y el Mundo que la circunda» izenburuak berak lokalismo lauari (izen-zerrendak eta lekuak erlazionatzera tematua zegoena, eta deskribapenetik haragoko ondoriorik ateratzeko gai ez zena) ihes egiten dion ikuspegiaren adierazgarri da. Haren aurrean, Alfaro jabetu zen tokiko historia espazio fisikoak nahiz denborazkoak karakterizatzen zituzten mota guztietako korronteen (filosofikoak, politikoak, ekonomikoak…) adierazpena baino ez zela. Inolako zalantzarik gabe, harekin igaro ginen, Arabako kasuan, kronikatik historiara. Era berean, Alfarok pertsonaia handiak ardatz dituen ohiko protagonismoa pertsonaia horiek jende-taldeekin eta gizarte-egiturekin partekatzen duten beste protagonismo batera aldatzen du, gerrarteko aldian nazioarteko historiografian izandako berritzearekin bat, eta, zalantzarik gabe, Espainia frankistan eta akademiatik kanpo egonik, eskura izango ez zuena. Lozoyako markesa eta Melchor Fernandez Almagro lagunak izango ziren bere erreferentzia pertsonalak zentzu horretan. Lehenagokoenetan ez bezala, Alfaroren lanean argi eta garbi eta interes zehatzen ordezkari gisa ikusten dira fakzioen eta konnotazio politikoko taldeen botere-borrokak; horrela, gatazkak barru/kanpo, norbere/besteren jokoan ulertzen ziren irakurketa tradizionala gainditu zuen. Bere historia biografia ere bada (errepresaliatu errepublikano batek diktadura betean idatzitako biografia), eta beraz, ez zion uko egin gizabanako eta formazioek ohitura demokratikoko herrialde ireki eta moderno baten eraketan izandako ekarpena (ala ez) aztertzeari. Horrela bada, bizi zen frankismoaren kritika erradikala —«Estatu poliziala», deitzen dio une batean— eta askatasunaren eta aurrerapen sozial eta politikoaren balioen defentsa zen bere trilogia. Bere Obra Completako hirugarren liburukian, formalki egunkariaren eta dietario pertsonalaren arteko mugan zegoena, gehiago antzematen da hori, noski; bide batez, iturri ezin hobea da Arabako errepublikanismoaren barruko taupadak ulertzeko, herrialdeko beste edozein puntutan eta Estatuko politikan orokorrean gerta zitezkeenen oso adierazgarriak.

Alfaroren lana lehen mailako iturri historiografikoa da, historialari arabarrak artxiboetan sartu aurretik nahi ahala erabili zena. Hura irakurtzeak aukera ematen du denbora luze bat modu jarraituan ezagutzeko, baina era guztietako informazio ugariz zipriztinduta, normalean autobiografikoak eta hemerografikoak, baina batzuetan baita hauteskunde-aktetatik eta hainbat artxibotatik datozenak ere. Aldi berean, errealitateaz jabetzeko duen usaimenak ezinbesteko erreferentzia bihurtzen du, orokorrean hautemanezinak diren prozesu eta aldaketak deskribatzeko. Adibidez, berak identifikatu zuen Eduardo Datoren eta Alianza Patriótica Alavesa-ren inguruan antolatutako tokiko politika datista, non zeregin garrantzitsua izan zuten bere aitak eta, batez ere, bere aitonak, 1916an hil baino lehentxeago. Baina gauza bera esan daiteke masa-gizartearen berritasunek eta Estatuko errealitatearen hedapenak inbaditutako probintzietako hiri baten bizitzaren sukurtsalizazioari buruz egiten duen deskribapenaz; izan ere, portaerak berdintzen ditu eta behin betiko desegiten du tokiko protagonismoa. Edo eguneroko bizitzari ekarpena egiten dioten xehetasunak; esate baterako, gabardina jaztearen hedatzeak guztiak berdinduz demokratizatzen zituela ikusarazten digunean, aurretiko klasismoak aldagelan gaindituz. Demokrazia portaeren bateratzea dela dioen definizioa bikaina da: «Demokrazia teorikoa, dogmatikoki mende bat lehenago hasitakoa, praktiko bilakatu zen nahitaez, mugimendu politiko guztietatik at eta aristokraziaren erresistentzia oro gorabehera. Gizonak gero eta fakzio gaiztotuagoetan zatituko ziren, baina ohituren, kulturaren, ikuskizunen eta kirolen modu berriek beharturiko elkarbizitzak, eta guztiek, diziplina bakarraren mendean, parte hartzen zuten gerra orokorren ondorioz, hurbildu egingo ziren gizarte-mailak, banatzen zituzten aurreiritziak hautsiz». 1864an trena hirira iristeak hango bizimodua, eta itxura bera ere, guztiz aldatu zituela azaltzen duen analisi sakona ere ez da atzean geratzen: «Gertaera garrantzitsu horrek Gasteizko bizitzaren norabidea aldatu zuen, ohituren aldaketan garrantzi handia izan zuelarik. Merkataritzak bide berriak urratu zituen. Bidaiari asko zihoan etengabe Hiria bisitatzera, ideia modernoak ekarriz eta jakin-mina piztuz. Tokiko hermetismoa ireki zen kanpoko bizitzarekin kontaktuan sortutako berritasunen irrikarekin. Egunero iristen ziren Madrileko eta atzerriko aldizkariak, iritzi publikoa esparru foraletik kanpora kitzikatuz, ordurako estu samarra baitzen alderdi nazionaletara gainezka egiten zuten pasio politikoei eusteko…Estilo berri, axolagabe eta geldiezin batek dar-dar egiten zuen Goiuri jauregiaren oinetan zabal-zabal hedatzen zen hiri berpiztuan, zeinaren gainean, zerbait betierekoa eta aldaezina aldarrikatuz, bere harlandu sendoen gainean Katedral zaharra hieratikoki altxatzen baitzen, kale isil, gero eta isilagoez inguratua, abandonatuak izan balira bezala». Tokiko bizitza hori beste tokiko bizitza batzuekin berdintzea —«sukursalizatzea»— zen egonezina eragiten ziona, eta «Una ciudad desencantada» («Lilura galdutako hiri bat») izenburua jartzera eraman zuena. Baina arrangura kontraesankorra zen, unamunotarra; izan ere, min ematen zion aldi berean, aurrerabideari ezinbestean kitatu beharreko kuota zela ulertzen baitzuen. Gauza bera gertatzen da foraltasunaren eta 1876ko belaunaldi haren sentimenduzko bere defentsarekin, kontraesanean geratzen baita hiru liburukietako orrialde guztietan garai estatiko eta gainditu gisa deskribatzen baitu. Hala ere, arestian esan dugun moduan, testu aldarrikatzailea da, demokratikoa, «elementu arrotzak» (Eliza eta Armada) deitzen dituenen gainordezkaritza eta boterea salatzen duena; horrek, hainbat arrazoirengatik bere konpromiso zibikoa alde batera utzitako herritarrekin batera, irtenbide pretoriarra itzularazi zuen 1923an eta, are okerrago, frankismoaren kasuan aipatzen genuen Estatu poliziala.

Azken batean, sufritzen ari zirenaz bestelako herrialde bat irudikatzeko gai izan zen diktaduraren erdialdeko belaunaldi horretan sartzen da Tomas Alfaro Fournier, eta isiltasun bakarti batean begirada argi eta modernoa ekarri zion, kasu honetan bere hiriaren bilakaeran aplikatutako historiografiari. Haren irakurketak kanonikoa izaten jarraitzen du atal askotan, azken berrogei urteetako historiografia akademiko eta profesionalaren aurrerakada handia gorabehera. Azken finean, lokalismoa erraz gainditzen duen lana, eta Gerra Handiaren aurretiko eta ondorengo garaian hiriek izandako garapenaz egindako saiakera bikain moduan irakur daitekeena, batez ere Una ciudad desencantada liburukiaren hasierako zatia.

Obrak

«Las postales vitorianas de Tomás Alfaro», Ateneo, 15 (4. garaia), 1914ko abendua.

«Tres pintores y tres épocas de España», Ateneo, 23-24-25 (4. garaia), 1915eko abuztu, irail eta urrikoak, hurrenez hurren, Grekoa, Goya eta Zuloagari buruzkoak.

«Elogio sentimental», Ateneo, 27 (4. garaia), 1915eko abendua.

Hainbat kolaborazio hogeita hamarreko hamarkadan La Libertad, El Pájaro Azul, Álava Republicana eta El Socialista Alavés aldizkarietan, eta Pensamiento Alavés-en gerra zibilaren ostean.

Vida de la ciudad de Vitoria, Ángel de Apraizen epilogoa, Madrid: Magisterio Español, 1951.

«Vitoria en 1900», Fin de Año, 5, Gasteiz, 1954.

El Rey don Pedro I de Castilla y de León. (En homenaje al alavés don Pero López de Ayala), Gasteiz: Fournier, 1965.

Las justicias del Rey, Lozoyako markesaren hitzaurrea, Madrid: Magisterio Español, 1973 [aurreko lanaren berrargitalpena beste izenburu batekin].

Una ciudad desencantada. Vitoria y el Mundo que la circunda en el siglo XX, Antonio Rivera (arg.), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1987.

Obra completa sobre Vitoria de Tomás Alfaro Fournier (hurrengo liburukiak ditu: Vida de la ciudad de Vitoria, Una ciudad desencantada eta Una ciudad desencantada. Segunda parte), Antonio Rivera (arg.), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1995.

Bibliografia

PABLO, S. de, «Perfil de una tragedia política. Tomás Alfaro Fournier (1931-1936)», Premios Literarios Ciudad de Vitoria-Gasteiz 1986-1987, Gasteiz: Caja de Ahorros de Vitoria-Gasteiz, 1990, 145-224. or.

PECIÑA ANITUA, M., «Tomás Alfaro Fournier, un vitoriano desencantado», RIEV, 35 (1990), 303-305. or.

RIVERA BLANCO, A., «Tomás Alfaro: una biografía y una historia en la primera mitad del siglo XX», in H.E, La historia de Álava a través de sus personajes, Gasteiz: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Arabako Batzordea, 2003, 147-172. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP