Karguak eta lanbideak
Publizista, idazlea, kazetaria, errepublikano federala eta Jose Maria Salaberriaren anaia
Ibilbidea
Mariano Salaberria Ipentza Jose Maria Salaberria Arana eta Ana Catalina Ipentza Agirre senar-emazteen semea izan zen. Gurasoak 1861eko azaroaren 21ean ezkondu ziren Abaltzisketako San Joan Bataiatzailearen parrokian (Gipuzkoa). Aita 1828ko martxoaren 11n jaio zen Beotegin (Araba), eta Juan Jose Salaberria Villodas eta Teresa Arana Sobrevilla izan zituen guraso. Haren aurreko guztiak Arabako herrietan jaioak ziren (Kexaa, Aiara, Murga, Beotegi eta Santa Koloma, Artziniega).
Ama, berriz, Ana Catalina Ipentza (Abaltzisketa, 1831ko uztailak 27-Donostia, 1899eko otsailak 18), Juan Francisco Ipentza Goikoetxearen eta Maria Lorenza Agirre Etxeberriaren alaba zen. Senar-emazteek beste lau seme-alaba izan zituzten: Josefa Martina; Maria Josefa Ramona; Maria Antonia eta Pedro Ignacio. Jose Maria farozaina bigarrenez ezkondu zen (1903ko urtarrilaren 14an, Donostian) Lorenza Gonzalez Riloba alargunarekin, Burgosko Sasamón herrian jaioa.
Marianok lau anai-arreba izan zituen: Maria Clara eta Ana Joaquina bikiak (Abaltzisketa, 1862ko abuztuak 18), Florencia (Vila-Seca, Tarragona, 1865) eta, txikiena, Jose Maria (Vinaròs, Castelló, 1873ko maiatzak 8 – Madril, 1940ko martxoak 28), denetan ezagunena, literaturan nabarmendu zelako eta 98ko Belaunaldiarekin harremana izan zuelako. Jose Maria hura Amalia Galarraga Azkarruntzekin ezkondu zen (Soraluze, Gipuzkoa, 1885ko uztailak 10 – Madril, 1971ko irailak 27), zapatariaren alaba, baina haren alaba bat, Margarita (Buenos Aires, Argentina, 1911ko martxoak 12-Madril, 2000ko abenduak 7) lehen emakume espainiarra izan zen kidego diplomatikoan sartzen, 1933an.
Gauza asko ezezagunak zaizkigu Marianoren bizitzari buruz, baina aitaren bizitza alderraiak haren haurtzaroa eta gaztaroa baldintzatu zituen, aita itsas farozaina izan baitzen lanbidez. Hori funtsezkoa izan zen Mariano eta Jose Maria Salaberria anaien prestakuntza akademikoan eta nortasunean. More Agirrek (La vida en los faros de España) aita farozainaren garrantzia aipatzen du, maiz aldatzen baitzen faroz (batez beste, bi urtean behin). Etxe aldaketek eta faroaren isolamenduak ondorio pedagogikoak eta psikologikoak izan zituzten; giro hartan, aita familiakoa maisu nagusia zen, eta seme-alaben estatus soziala kultura prestakuntzaren bidez hobetu nahi izan zuen. Ohikoa izaten zen seme-alabak ikastunak eta autodidaktak izatea, Salaberria anaiak bezala.
Gauzak horrela, aitaren lanbide-ibileraren ondorioz, familia Donostiatik (1859) Matxitxakoko Faro Eskolara (Bizkaia) joan zen; eta gero, faro hauetara, hots, Busto lurmuturrera (Asturias, 1861), Pancha uhartera (Lugo, 1861), Medas uhartera (Girona, 1863), Salouko portura (Tarragona, 1864), Salouko lurmuturrera (1868), Vinaròsera (Castelló, 1869), Columbretes uharteetara (Castelló, 1877) eta, azkenik, Donostiako Igeldo Mendira, 1878an.
Zortzi urtean (1878-1885), familiak egonkortasuna izan zuen Donostian, baina 1883an Higer lurmuturreko farora (Hondarribia, Gipuzkoa) bidali zuten bitarte baterako. 1883ko irailaren 24an, Higer lurmuturreko faroko postua utzi zuen, Ramon Catalan Martinez de los Reyes farozainari bere enplegua eta soldata itzuli baitzizkioten. Aita bitarte baterako ordezkapena egiten ari zitzaionez, Igeldo Mendiko farora itzuli zen, 1885eko urtarrilera arte. Gero, 1885eko urtarriletik 1888ko urrira arte, Levante aldeko lurretara itzuli zen, Orpesako (Castelló) dorrezain lehen izendatu baitzuten. Gure funtzionario farozainaren azken zortzi urteak (1888ko azaroa – 1897ko urtarrila) denetan lasaienak izan ziren, harik eta Igeldo Mendiko faroan erretiroa hartu zuen arte. Dena den, 1899an alargundurik, 1903an ezkondu zen berriro.
Horrenbestez, Salaberria familia jatorriz xumea zen. 1878an Donostiara joan zen bizitzera, eta Marianok hiri hartan eman zituen bere haur eta gazte denborako urte gehienak. Uste izatekoa da 1885etik 1888ra arte ez zela Orpesara (Castelló) itzuli aitaren destino berriari jarraikiz. Ezezagunak zaizkigu Marianoren ikasketei buruzko xehetasun asko bizi izan zen herrietan. Mariano, anaia Jose Maria bezala, bere kasa ikasitako autoreen adibide garbia da, unibertsitate mailako ikasketarik gabea. Haren prestakuntza akademikoak oinarrizko irakaskuntza izan zuen oinarri.
Hogeita hamar urte bete arte, ez dugu haren lan-ibilbidearen berri, baina goiz La Voz de Guipúzcoarekin hasi zen lankidetzan eta Udaleko funtzionario egin zen, Marianok Udal Museoko Gobernu Batzordeari aurkeztutako dokumentazio-eskabidetik ondorioztatu daitekeenez, 1813ko Donostiako sutea aztertzearen karira: «non ikusten baita 1813ko uztailaren erdialderako, artilleria ingelesaren ekinaldiaren ondorioz sutan eta eraitsia zegoela Donostia erdia». Museoaren kontserbatzaileak, Pedro Manuel de Soraluzek, eskabidearen aldeko txostena eman zuen, Salaberria «udal funtzionario duin eta arduratsua» zela esanda. Donostiako Udaleko bulego-buru ere izan zen. Ez dago inon jasoa Marianok kargu politikorik bete zuenik, probintziako Alderdi Errepublikano Federaletik kanpo, betiere.
Laster, Donostiako kultur erreferentzia bat izan zen. 1898an, Marianok La salud de Eusqueria: diálogos políticos con una corta carta-prólogo de Francisco Pi y Margall argitaratu zuen, 1898ko urriaren 29an Madrilen datatua. Donostiako Alderdi Errepublikano Federalak liburua doan banatu zuen eta, zehazki, aurkako ideiak dituzten pertsonen arteko elkarrizketez dago osatua. Teoria politikoak zabaltzeko modu hura oso hedatua zegoen garai hartan. Molde horri esker, egileak bere probetxurako azaltzen zituen batzuen eta besteen argudioak eta alegazioak, interesekotzat jotzen zuen gai baten gainean. Harako hartan, zehazki, frogatu nahi zuen euskal foru sistema tradizionala gutiz bat zetorrela federalismo errepublikanoarekin, karlismoari foraltasun herritarraren ikurra kentzen saiatzeko, hura ordurako Sabino Aranaren euskal nazionalismo hasiberriari hatsa ematen ari baitzitzaion: euskal errepublikano federalen zeregin hura ez da oso ezaguna.
Era berean, ez dakigu zer dela-eta ezkondu zen hain berandu, ia 48 urte zituela, 1915eko irailaren 8an Lezon, Juana Cerezo Urtsuegia donostiarrarekin. Bi seme-alaba izan zituzten, Maria Dolores eta Jose Maria (1922ko abenduan jaioa), idazlea, maisu nazionala (1936ko ikasleendako oposizio murriztuak, betiere 1961eko maiatzaren 2ko aginduaren bidez onartuak), Errenteriako Udaleko funtzionarioa eta Donostiako prentsako kazetaria San Sebastián aldizkarian, bai eta Madrilgo prentsan ere. Haren lehen liburua Distancia izan zen.
1916an, Donostiako Ateneoa sortu, eta Mariano Gobernu Batzordeko diruzain izendatu zuten. Otsailaren 8ko El Sol egunkarian, Mariano Salaberriak Cambó y el nacionalismo vasco argitaratu zuen, euskal nazionalistek azkenaldi hartan izaniko bilakaera politikoa azaltzeko, hots, Cambok aurreko urtean Euskal Herrian egindako lanaren eraginez izandako bilakaera. 1923ko apirilaren 8an, El País Vasco goizeko egunkari donostiarra agertu zen, errepublikano federalen tesien hurbilekoa, eta Mariano gaztelaniazko kolaboratzaileen artean agertzen zen.
1913an, Mariano Salaberriak Estudios de la constitución de Guipúzcoa argitaratu zuen, eta 1918an konstituzio proiektu zehatza gehitu zuen, Aldundiak horri buruz egindako deiari erantzunez. Marianok bigarren edizioaren aukera justifikatu zuen, 1931ko maiatzaren 24an datatutako hitzaurrean, hau da, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta berrogei egunera. Gipuzkoak bere konstituzioa izan behar zuelako uste sendo aldaezina zuen, Bizkaiaren nagusitasuna onartu gabe, Foru Bilduma zaharkitua gelditu baitzen (Rafael Gibert, 1980).
1913 hartan, Mariano, errepublikano federala, Gipuzkoarako autonomiaren aldekoa zen, gainerako Euskal Probintzietatik bereizia. 1931n, Salaberria eta haren alderdi ñimiñoa, Gipuzkoako Alderdi Errepublikano Federala, artean ere honela mintzatzen ziren: «Euskal Errepublikaren sorkuntza artifiziala eta berri-berria, bai eta Euskal Herriarena erakunde politiko gisa». Gipuzkoako federalek hauxe eskatzen zuten: «Euskararen eta gaztelaniaren arteko koofizialtasuna Gipuzkoan egiten diren ekitaldi edo tratu ofizial guztietan». Gainera, Gipuzkoak «Bizkai, Nafarroa eta Arabako Probintziekin eta, nahi izanez gero, baita Errioxarekin ere, Liga edo Akordio bat» osatzearen aldekoak ziren. Irakaskuntzari dagokionez, «elebitasuna defenditzen zuten lehen hezkuntzan, eta bigarrenean, gaztelania hutsa erabiliko zen». La Voz de Guipúzcoa Donostiako egunkariaren bidez, behin eta berriz agertu ziren foru aldarrikapenaren aurka; izan ere, haien iritziz, nazionalismoaren presioa ikusirik, hura Espainia desegiteko arrisku nabarmena zen. Haren irudiko, Foruak mundo arkaikoa ziren, jadanik gainditua, «eta komeni da hori ez mugitzea». Erregionalismoa zela eta, haien jarrera laburbiltzearren, autonomiaren aldeko jarrera tinkoa zuten arlo ekonomiko eta administratiboetarako, Kontzertu Ekonomikoak zituen dohainak bereziki aipaturik, baina aldarrikapen politikoak alde batera utzirik eta, batez ere, foru arora itzultzeko gurari oro bazterturik. Haien erregionalismoa, oroz gain, erregionalismo administratiboa zen. Ildo berean, eskualdeen nortasunaren aintzat hartzea babestu bazuen ere, Marianok ez zuen zalantzarik izan euskal nortasunaren elementu sentikorrenetako bat kritikatzeko, euskara, hain zuzen: «Euskadi ez da hilko euskara faltagatik, baizik eta soberagatik», idatzi zuen Marianok La Voz de Guipúzcoa egunkariko artikulu batean (1917ko apirilak 16).
Horrenbestez, euskal alderdi politikoen artean, eite berriko planteamendu autonomista bat joan zen gauzatzen. Funtsean eskatzen zen berariaz eta politikoki aitor zedila probintzia horiek bazutela sistema berezi bat osatzeko ahalmena Estatuaren barnean, eta eskumen jakin batzuk haien jurisdikzioan sartu behar zirela. Forua, oraindik ere, diskurtsoak bermatzeko eta babesteko erabiltzen zen, haren bidez aldarrikapenei sinesgarritasuna emate aldera, baina eduki zehatzetan sartu gabe, hau da, erreferentzia erretoriko hutsa zen. Garai hartan esaten zen bezala, Foruak «elokuentzia topiko erregional hutsera murriztuak gelditu dira» (Salaberria, 1917: 157). Foruen nahitaezko eguneratzea autonomiaren formulazio esplizituaren bidez gauzatu zen, hau da, autoadministrazioaren aldeko irrika zaharrak era pragmatikoan modernotasunera ekarriz; aldi berean, eredu berri bat joan zen sortzen, hots, estatutuen eredua, Estatuarekiko harremanak arautzeko bide gisa. Horrela, oinarri berrietatik abiatuta, autogobernuaren gaia plazaratu zen, jadanik haren ikuskera garaikidearekin bat ulertua. Era berean, Forua konstituzional bihurtzeko gaia agertu zen, euskal berezitasunaren lege-atipikotasunaren inguruko eztabaida zahar hura moldatzeko bide gisa, Foruari arauzko babes egonkorra emate aldera. Marianoren iritziz, beraz, ez zen aldaketa nabarmenik egin beharrik Euskal Probintzietako administrazio-sisteman. Aitzitik, Euskal Probintziek zoriontsu sentitu behar zuten gozatzen zuten sistemarekin (Salaberria, 1917: 158).
Honatx Salaberriaren beste artikulu nabarmen batzuk: «¿Nacionalismo ó separatismo?», La Voz de Guipúzcoa (1917ko apirilak 16); «De sociología oceanográfica. Por la gente de mar» (Euskal-Erria, 1912ko martxoak 15); «El peligro separatista en el camino de la evolución» (La Voz de Guipúzcoa, 1918ko urtarrilak 22).
Proposamen ideologiko zentristekin gertatu ohi den bezala, Mariano Salaberria errepublikano federalak egindako proposamenari nazionalistek eta errepublikano zentralistek egin zioten eraso. Tierra Vasca Donostiako egunkari errepublikano, laiko eta erreformistan (1933ko urtarrilaren 8an agertua), adibidez, «Aberraciones. El Estatuto Provincial» izenburuko artikulua argitaratu zen urte hartako abuztuaren 4an, «Arbelaiz»ek sinatua, Marianori iseka lotsagabea eginda: «horra liberal bat, horra gizon moderno bat; gipuzkoarren bihotza hunkitzeko, historiaz eta tradizioaz mintzatzen zaie, bai eta harrotasunaz eta komenientzia ekonomikoaz ere […]. Eskaini Salaberria jaunari kargutxoren bat, eta ikusiko duzue nola moldatzen den dena. Azken buruan, ez dago besterik». Errepublikanoek «historia zentzugabe bat» ehuntzea leporatu zioten Marianori eta 1931ko Euskal Estatutua irakurri ez izana. La Voz de Guipúzcoan agertzen zen «zentzugabekeria piloa» kritikatzen zen, bai eta egunkariko ahotsik adierazgarriena ere, Mariano Salaberria, alegia. Hartaz esan zen, adibidez, «euskaldunen arteko zatiketa landu» zuenetako bat izan zela, eta bukatzeko, hauxe: «Mariano Salaberria: une honetan ez da gizalegezkoa euskaldunen artean errezeloak sortzea. Beste ezertarako balio ez baduzu, uztazu bidea zuk baino asmo hobeak dituzten gizonei».
Mariano Salaberria iraintzeko ahalegin hori azaltze aldera, esan behar da hark ezartzen zuela La Voz de Guipúzcoan errepublikanismo autonomistaren jarrera politikoa, J. Gaztelu goitizenaren atzean ezkutatua, autonomismo oso erradikalari irekia, eta aldi berean, aukera bakoitza baliatzen zuen euskal lurraldearen espainiartasuna aldarrikatzeko.
Obrak
La salud de Euskeria: diálogos… con una carta de Francisco Pi y Margall, Donostia: J. Baroja é Hijos, 1898, 68 or.
Ensayo sobre las causas y significación del regionalismo, Donostia: Imp. de la Voz de Guipúzcoa, 1906, 107 or.
Rémoras de la cultura vasca, Donostia: La Voz de Guipúzcoa, 1912, 38 or.
Los vascos y sus fueros, por J. Gaztelu, Donostia: Imp. San Martín Mena, 1913, 284 or.
Estudios sobre la Constitución política de Guipúzcoa, por J. Gaztelu, Donostia: Tip. de Hijos de J. Baroja, 1913, 147 or.
La fórmula del Problema Social, Donostia: Imp. de Martín y Mena, 1913, 49 or.
Reflexiones sobre las causas del incendio de San Sebastián de 1813, Donostia, 1913, 15 or.
Los Vascos y sus Fueros, Donostia: Martín, Mena y Cª., 1915, 284 or.
Nacionalismo y Federalismo, Donostia: Est. Tip. de La Voz de Guipúzcoa, 1918.
Constitución de la Provincia de Guipúzcoa, por J. Gaztelu, Donostia: Tip. de La Voz de Guipúzcoa, 1919, 39 or.
Estudios sobre la constitución de Guipúzcoa, acompañados de un proyecto de articulado de la misma, (2. arg.), Donostia: Miguel Ramos ed., 1931, 172 or.
Bibliografia
BILBAO NOTARIO, M., José María Salaverría: España en su pensamiento político 1873-1940, doktoretza-tesi argitaragabea, Bilbo: Universidad de Deusto, 2000.
CASTELLS, L. Y CAJAL, A. (arg.), La autonomía vasca en la España contemporánea (1808-2008), Madrid: Marcial Pons Historia / Instituto de Historia Social Valentín de Foronda, 2009.
GIBERT Y SÁNCHEZ DE LA VEGA, R., «Libros jurídicos de Guipúzcoa», AHDE, 50 (1980), 833-850. or.
MORÉ AGUIRRE, D., La vida en los faros de España. El cuerpo de torreros de faros o de técnicos mecánicos de señales marítimas (1851-1992), Barcelona: Museu Marítim de Barcelona, 2010.
ITURRIAK
ARCHIVO GENERAL DE LA ADMINISTRACIÓN (AGA), 18317. kutxa, 841. esp, 1897 (farozainen espedienteak).
ARCHIVO GENERAL DEL MINISTERIO DE FOMENTO (AGMF), 6589. espediente (farozainen zerbitzu-orriak).
ARCHIVO DE LA PARROQUIA DE NUESTRA SEÑORA DE LA ASUNCIÓN DE VINAROZ, Libros Sacramentales, 1851etik 1878era.





