Karguak eta lanbideak
Kazetaria eta kronikaria
Ibilbidea
XX. mendearen lehen erdian jardun zuen kazetari gipuzkoarra izan zen, pentsamoldez tradizionalista eta (hasieran) nazionalista (EAJren sortzaileari eskainitako elegian, zer eta «Sabino Aranaren abertzaletasuna» imitatu behar zela idatzi zuen, eta «Jaungokoari eskatzen diot ez diezagula utzi euskaldun izaten federik gabe, maitasunik gabe eta uste sendorik gabe»). Hainbat lan egin zituen Euskal Herriko historiari buruz, bere probintzia eta jaioterria ardatz hartuta. Eusk Ikaskuntzako kidea izan zen eta Isabel Katolikoaren Errege ordena gorenaren Enkomienda eman zitzaion. Halaber, Historiaren Errege Akademiako eta Zientzia Moral eta Politikoetako Akademiako kide urgazle izan zen. Lehen hezkuntzako errege Ordezkaria izan zen Donostian, Euskal-Erria aldizkariko zuzendaria 1910etik 1918ra arte, eta Donostiako eta Hondarribiko kronikari ofiziala.
Antón de la Montaña goitizena erabiliz ekin zion kazetaritzari. Hasieratik beretik erakutsi zuen bere pentsamolde kontserbadorea, bai eta, probintzian gertatzen ari ziren eraldaketa sozioekonomikoen ondorioz, Gipuzkoan gero eta eragin handiagoa zuten ezkertiarren printzipioen aurka zegoela ere. Hori zela eta, «ezkertiarren irizpideari» egin zion eraso eta Gipuzkoako Foruaren alde atera zen ikuspegi tradizionaletik. Horrela, Gaskuek erabilitako subiranotasun nazionalaren kontzeptuaren aurka agertu eta beste termino batzuen alde atera zen, hala nola arrazaren alde. Bere lanaren zatirik handienaren helburua «Foruari eta foru antolamenduari buruzko egiaren ezagutza eta zabalkundea» lortzea izan zen, eta, horretarako, Gipuzkoako ordenamenduak aztertu zituen (nagusiki, Foruaren Bilduma Berria), bai eta tokiko doktrina-lanak ere. Irakurketa esentzialista egin zuen. Izan ere, hark berak aitortu zuenez, «gipuzkoar herriaren» historia eta bizitza «ohiturak izan ziren. Eta ohiturak, Forua». Foruen gaineko mina eta nostalgia agerian gelditu ziren 1876ko uztailaren 21eko Legeari buruz idatzitako «Luctuoso aniversario» izenburuko artikuluan.
Gerra zibilaren ondotik, eta kronikari ofiziala izateak ematen zion talaiatik, tokiko gaiak izan zituen ardatz, bere pentsamendu tradizionalista eta bando nazionalaren eta diktaduraren aldeko jarrera agerian utzita. Horrela, Donostiako martiri nazionalen gorespena egin zuen. Era berean, errege-erreginen bisitaldiei buruzko ikerlanari berreldu zion, komunitatearen, arrazaren eta erregearen arteko loturak nabarmenduta, eta leialtasunaren eta erlijioaren hizkera uztartuta. Horren ondorioz, lan bat argitaratu zuen Filipe III.ak eta Filipe IV.ak Donostian egindako egonaldiez; ez da akatsik gabeko lana, Fausto Arotzenak esan zuen bezala. Horren haritik, Loiarteren lan gorena Donostiako toki historia baten idazketa eta argitalpena izan zen, La vida de la ciudad de San Sebastián (1900-1950) izenburukoa, zazpi liburukietan banatua; 1950etik 1955era bitarte, plazaratua.
Obrak
(Hautaketa).
(ANTÓN EL DE LA MONTAÑA goitizenarekin), Los últimos momentos de Sabino de Arana y Goiri, fundador y primer jefe del Partido Nacionalista-Basco, Donostia: Establecimiento Tip. de El Pueblo Vasco, 1906.
El Fuero Guipuzcoano. Impugnación al criterio de las izquierdas, Donostia: Imp. y Enc. de J. Baroja e Hijos, 1909.
Figuras de la Política española. Eduardo Dato-Iradier, Donostia: Libª. ed. Baroja, 1914.
El genio vasco en las épocas modernas, Donostia: Imp. de Martín y Mena y Cía., 1917.
Doctrina Foral, Donostia: Imp. de Martín y Mena, 1923.
Orígenes de la historia de Guipúzcoa, Donostia: Imp. de Martín y Mena, 1926, 2 libk.
Viaje del rey don Felipe V por Guipúzcoa, Donostia: Imp. de Martín y Mena, 1927.
Felipe III y Felipe IV en San Sebastián, Donostia: Relieve, 1949.
La vida de la ciudad de San Sebastián (1900-1950), Donostia: Relieve, 1950-1955, 7 libk.
Bibliografia
AROCENA, F., «Felipe III y Felipe IV, en San Sebastián, por Adrián de Loyarte», BRSBAP, V. urtea, 3. koadernoa, 1949, 400-401. or.
AUÑAMENDI, «Loyarte Esnal, Adrián de», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/loyarte-esnal-adrian-de/ar-89863/ (2020ko abenduak 28).





