Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

SAGARMINAGA EPALZA [SAGARMINAGA EPALTZA], Fidel (Bilbo, 1830eko irailak 27 – Bilbo, 1894ko martxoak 20).

Karguak eta lanbideak

Historialaria, abokatua eta pentsalari politikoa 

Ibilbidea

Mañaricuak XIX. mendeko Bizkaiko historiografiako pertsona garrantzitsuenatzat jo zuen, nahiz eta oraindik ez duen biografia sendorik. Laburpen biografikorik osatuena Mikel Urquijok egindakoa da.

Pedro Sagarminaga Gandaseguiren eta Martina Epalza Lecandaren semea zen Fidel. Maria Angeles Padilla Montotorekin ezkondu zen. Seme bat izan zuten, Pablo, aita baino lehen hil zena. Bere aurrekoak Abando, Bilbao, Zeanuri eta Orozkokoak ziren.

Sagarminagaren bizitzan hainbat ziklo egon zirela esaten da. Hasierako zikloaz, zoritxarrez oso gutxi dakigu; hogeita zortzi urte bete arte iraun zuela eta bere jaioterrian garatu zela besterik ez. Ez da Zuzenbidea eta Letrak non ikasi zituen jakiterik izan, ez baitago daturik. Jaurerrian izan zuen bere lehenengo lanpostua bigarren mailako ofizial gisa Bizkaiko Kontseilu Probintzialean (1848-1850), eta ondoren sei urte igaro zituen kargurik gabe. Hogeita bi urte zituela liberalismo europarraren aldeko liburu bat argitaratu zuen Londresen, eta Bilbaina Elkarteko kultura-ekitaldietan ere parte hartu ohi zuen.

Ondorengo zikloa Estatuko hiriburuan bizi izan zuen. Unión Liberaleko kide zela, Cuencako gobernadore zibil izendatu zuten 1857an, baina bi hilabete besterik ez zuen iraun, bera izendatu zuen ministroa kargutik kendu zutelako. Berehala hartu zuen bigarren mailako ofizial kargua Gobernazio Idazkaritzan, Antonio Cánovas del Castillo, Ministerio hartako idazkariorde zela. Administrazioan lau urte eta erdi eman ondoren, mailaz igo zuten eta lehen mailako ofizial kargua eman zioten. 1864an bere eskariz lanpostua utzi zuen, gaixo zegoela alegatuta. Azpimarratu behar da bilbotarrak Unión Liberalean izandako militantziari esker, funtzionario plazari eusten ziola, eta horri esker, Gorteetarako Vinarozko diputatu akta irabazi ahal izan zuela (1859-1863); beraz, esperientzia parlamentarioa lortu ahal izan zuen. Madrilen jarraitu zuen 1868 arte, kazetaritza-jardueretan —El Criterio aldizkariaren zuzendaritzan— eta Ateneoko kultura-jardueretan.

1868ko Iraultzaren ondoren, Bizkaira itzuli zen. Batzorde Iraultzaileak Bilboko Udal berri liberaleko zinegotzi izendatu zuen. Liberalismo monarkikoari atxikia, 1872an hiriko alkate hautatu zuten, baina hiru hilabetez bakarrik bete zuen lehen zinegotzi kargua. Oraingoan, dimisioaren arrazoia Gobernuak eta karlistek sinatu zuten Zornotzako Ituna izan zen, zeinak euskal liberalak baztertu zituen.

Hirugarren ziklo horren zati batean, Sagarminagak espainiar liberalismoarekiko desengainua hartu zuen, euskal Foruekiko portaera zela eta. Gerra amaitu zenean eta herrialdeko gobernu-sistema arriskuan ikusten zuenez Jaurerriko politikan sartu zen. Canovasek deituta egin zen Gernikako Batzar Nagusiek hiru probintzietako Batzordean parte hartzeko izendatu zuten, 1841eko Legean ezarritako foru-erreforma aztertzeko. Batzordean izan zuen zeregina hain nabarmena izan zen, Probintziako Aita izendatu zutela. Handik bi hilabetera onartu zen 1876ko uztailaren 21eko Lege indargabetzailea. Bizkaiko Batzar Nagusiek, urrian lege berria ezartzeari uko egiten zioten bitartean, lehen diputatu nagusi izendatu zuten Sagarminaga. Printzipioei zegokienez zuen irmotasuna ikusita, aurreikus zitekeen Canovasekin talka egingo zuela, izan ere, honek euskaldunek asko maite zituzten erakundeak desegin nahi baitzituen. Sagarminagak bost hilabete geroago aurkeztu zuen dimisioa, 1877ko otsailaren 27an.

Une horretatik aurrera, Sagarminagak Baskoniako auzietan estatu-alderdiek iruzur egin ziotelakoan, La Unión vasco-navarratik, —berak sortutako egunkaritik—, Partido Fuerista de Unión Vascongada alderdiaren sorrera bultzatu zuen, 1879ko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, eta horri esker Gorteetarako Durangoko diputatu hautatua izen zen. Madrilen, Foruen auzia defendatu nahian La Paz egunkaria sortzen ere lagundu zuen, Foruak babestea ezinezkoa baitzen Baskonian, salbuespen-egoera eta zentsura militarra zirela eta. Aurreko urtean Nafarroan Euskara Elkartearekin gertatu zen bezala, Sagarminagak Euskalerria Elkartea sortu zuen —eta haren buru izan zen hil arte—, kultura-ekintzetarako eta foraltasunaren defentsarako. Elkarte hark eragina izan zuen bi hamarkadatan Bizkaiko gizartearen bilakaera politikoan. Bertako kideak, ideologia anitzekoak, euskalerriacoak deitzen ziren —Nafarroan, euskaroez hitz egiten zen bezala—, eta denak bat zetozen herrialdeko kulturaren defentsa eta galdutako Foruen aldarrikapena egin behar zela. Alderdi foruzaleak hauteskundeetan izan zuen porrotaren ondorioz, Euskalerria Elkartea euskal nazionalismorantz lerratu zen, Sagarminaga hil eta Ramon de la Sotaren lehendakaritzara iritsi zenean. Bere bizitzako azken urteak, diputatu nagusi ohiak bere indar guztiak ikerketa historikora bideratu zituen.

Ez zitzaion baldintzarik falta zeregin horretarako. Zenbait autorek, hala nola Manterola, Redonet, Pella eta Forgasek, eta bereziki Carmelo Etxegaraik, bere prestakuntza humanistiko eta juridikoa goraipatu zuten, haren idazkietan nabaria baitzen hori. Hainbat gairi buruzko bibliografia-funts aberatsa bildu zuen, gehienbat Baskonia eta Amerikako kolonia ohiei buruzkoa. Gainera, XIX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadako gertaerak oso gertutik ezagutzen zituen, bera protagonista izan baitzen. Esan behar da Sagarminagako oinordekoek haren liburuak Bizkaiko Aldundiari eman zizkiotela eta lurraldeko foru Liburutegiaren sorrera izan zirela.

Sagarminaga Bizkaiko historialarien panteoian sartu zen, Carmelo Etxegaraik oso garrantzitsutzat jo zuen iturrien argitalpen-lan enblematiko batengatik. El gobierno y el régimen del Señorío de Vizcaya. Desde el reinado de Felipe segundo hasta la mayor edad de Isabel segunda lana zortzi liburuki handik osatzen dute, Sagarminagak laurogeiko hamarkadan ahalegin handiz idatziak. Lan horrek Batzar Nagusien, Erregimentu Nagusiaren eta Diputazio Orokorraren akordioen laburpen ugari biltzen ditu. Aho batez onartzen da laburpenak objektiboak eta fidelak direla, eta aitortu da beste bi probintzietako edo Nafarroako Gorteetako batzar eta korporazioen erregistroen argitalpena ia mende batez aurreratu zituela. Etxegarairen aburuz, «nekez eta pazientziaz egindako ikerketa-lan bat da, iturrietara bertara joz egina, eta egiaren foru santuek merezi duten errespetuarekin». Argitalpenak berehalako oihartzuna izan zuen eta aipaturiko autoreak laudoriozko iruzkin luze bat eskaini zion. Geroago, beste egile batzuek lanarekiko estimua erakutsi dute. Ikusi da Mañaricuarentzat nolako epaia merezi izan zuen.

Gaur egun, Sagarminagaren lanak interesa galdu du, 1992an Maria Angeles Larreak eta Rafael Miezak zuzendutako lan kolektiboa argitaratu zutenetik. Lan hori Batzar Nagusien, Erregimentuen eta Diputazio Orokorraren egintzen erregistroari buruzkoa da. Erakunde horien 117 akta-liburuak argitaratu ziren, eta obra kolektiboa 1877. urtera arte iritsi zen. Akordioak bere osotasunean agertzen dira erantsitako CD batean. Baina «Sagarminaga» izenarekin ezagutzen duguna, aipatu berri dugun argitalpena izan arte, kontsulta-lan oso erabilgarria izan da ikertzaileentzat.

1880an Sagarminagak Memorias históricas argitaratu zuen, aurreko hamarkadako foru-krisiaren gertaerak eragin zituzten hainbat hausnarketa politikoko biltzen zituztenak. Liburuak hitzaurre zabal bat eta bost kapitulu luze ditu, horietako bat epilogotzat har daitekeena. Egia esan, kapitulu bakoitzak oinarrizko artikulua argitaratu zen urteetako gertaerak aipatzen ditu. Idazkera dotorea du, baina erredundantea, erretorikoa eta nahiko desordenatua. Ez gaude azalpen sistematiko eta egituratu baten aurrean, eta horrek pentsamenduak eta gai sakabanatuak lotzeko ahalegina eskatzen dio irakurleari.

Bilboko patrizioak Bizkaiaren eboluzioari eta izaerari buruz zer gogoeta eta iritzi zituen ikusiko dugu; baita foraltasuna galtzeko prozesuaren lekuko eta protagonista gisa zer ikuspegi zuen ere. Eta nola ez, baita Baskoniaren etorkizunari buruz nolako apustua egin zuen ikusiko dugu.

Sagarminagak azken bi hamarkadetan izan zuen konpromiso politiko eta intelektualaren funtsezko arrazoia zera izan zen: kosta ahala kosta Bizkaiko eta euskal Foruen erregimen politikoari eustea. Historiaren bilakaerak dakartzan mutazioak pragmatikoki onartzen zituen, baina bere sistema politikoaren edozein erreformari bi baldintza eskatzearen alde agertu zen: foru-botere konstituziogileak eskatzen zuen edozein aldaketa aldebikoa izan behar zuela eta askatasunez onartu behar zela Batzar Nagusietan. Eta, bigarrenik, foraltasunaren azken euskarriari buruzko planteamenduetan funtsezko berritasun bat sartu zuen: Sagarminagak erabat baztertzen zituen aurreko belaunaldien pentsamoldea osatu zuten mito fundatzaileak. Ez zuen interesik izan Behe Erdi Arotik haragokoan, eta erregimena jatorrizkoa zen ala errege kontzesioetatik zetorren balioestera ez zen iritsi ere. Foruaren berezkotasuna Bizkaiko independentzia-espiritu egiaztagarria da, Espainiako nazioaren barruko batasunarekin bateragarria. Bilakaera eta azken emaitza ziren garrantzitsuak: Bizkaia lur apartatu bat zen Gaztelako Koroan modu berdin eta nagusian txertatzera iritsi zena.

Sagarminagarentzat Bizkaia konstituziozko Jaurerria zen, eskubideen taula zahar bat eta Jaun-Erregearekin partekatzen zuen botere konstituziogile bat zuena. Apartekotasun instituzionala, XIV. mendeko Errege Kontseiluaren irizpen baten arabera, errealitate politiko bat zen: Bizkaiak berezko Konstituzio historikoa zuen, baina Monarkiaren egituran integratua. Estatu bat zen beste Estatu baten barruan. Foruaren izaera konstituzionala komunitatearen legegintza-eskumenaren bidez egiaztatzen da. Legeak, Jaurerrian, bizkaitarren eta Jaunaren arteko zinpeko itunak ziren, eta Ordenamenduaren errege-zina eta foru-pasea bermatzen ziren. Gainera, bazuten berezko iturri juridiko nabarmen bat, ohitura, zeinaren arauak sortzeko gaitasuna egiaztatuta geratu baitzen 1452 eta 1526ko Foruen atariko klausulan.

Sagarminaga liberal konbentzitu eta praktikantea zenez, Bizkaian botere- banaketa agerrarazten ahalegindu zen, eta nahiz eta justizia eta gobernua egiten zituztenak agintari berberak ziren, funtzio legislatiboa bereizten saiatu zen. Jaurerrian bi Konstituzio bereizten zituen, bata formala edo idatzia, Zuzenbide publikoari buruzko Foruaren hogei kapituluetan jasota dagoena, eta bestea, materiala, osagarria, ohituretan oinarrituta dagoena. Hori adierazteko erakunde konstituzional garrantzitsuak deskribatu zituen, idatziz jaso gabe zeudenak.

Forua Konstituzio modernora homologatzerakoan, Sagarminagak iraultza liberaletik hurbil zeuden eskubideen zerrenda bat zegoela ikusi zuen. Ez zen erraza homologazioa, batez ere inprenta askatasunari, kontzientzia askatasunari edota mundutar boterearen eta botere espiritualaren arteko bereizketari zegokionez. Baina elkartzeko askatasuna nabarmendu zuen komunitatearen parte-hartze politikoaren ikuspegitik, hau da, landa-udalerrietan, merindadeetan eta Batzar Nagusietan egindako Bizkaiko zuzeneko demokraziaren ikuspegitik. Nolanahi ere, foru-askatasunen arloan Foruek duten izaera eta zabaltze-gaitasunaren alde egiten zuen.

Sagarminagak Koroa kokatu zuen Jaurerriaren egitura instituzionalaren erdian, zinaren bidezko foru-ordenamenduaren berme gisa, eta bertakoek zituzten betebeharren hartzaile pasibo gisa. Onartzen zuen batasun hori ez zela soilik pertsonala, errealitatetik zerbait bazuela. Iraultza demokratiko guztien ondoren, Ingalaterrako Monarkian zegoen egoerarekin parekatu zuen Jaurerriaren egoera. Nolanahi ere, batasuna ez zen Koroarekin soilik; Espainia formazio historiko bezala hartuta, lotura emozionala eta elkartasuna egon zela egiaztatu zuen. Jaurerrian inoiz ez zen zalantzan jarri batasun politikoa, eta zenbait erakunde Estatuarekin konpartitzea onartzen zen, baina Bizkaiaren askatasuna galdu gabe. Egokia litzateke Britainia Handiko Commonwealth delakoaren, Austria-Hungariako Inperioaren edo Suedia-Norvegiako Erresuma batuaren antzeko batasun konstituzionala izatea. Bestalde, iritzi oso negatiboa zuen Espainiako administrazioaren eta ordezkaritza-sistemaren errealitateaz, foru-kultura politikoaren balioari kontrajarria. Deigarriak izan ziren berarentzat Bizkaiko eta Suitzako kantoien ordenamenduan zeuden antzekotasunak, hau da, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Suitzako kantoien batzarren artekoa.

Foru-sistema defendatu eta berreskuratzeko baldintzetako bat sistema hura aztertu eta ezagutzea zela zioen Sagarminagak. Bi helburu horiek dira Bizkaiko erakundeak indargabetu ondoren burutu zuen lan zientifikoaren funtsa. Ikusi dugunez, iturrien argitalpenari dagokionez, haren garaikideek aintzat hartu zituzten historia instituzionaleko lanak eraikitzeko erabili zituen egiazkotasuna eta objektibotasuna, eta gobernu-organoen akordioen edukiarekiko errespetu zorrotza. Bestalde, bere Memorias lanean ageri den gogoetan hertsiki lotu zitzaion foru-printzipio politikoetako ortodoxiari, baina, boluntarismo itsu batekin, egia baita, ez zuela kontuan hartu gerrak Baskoniara ekarri zituen egoera-aldaketa dramatikoak. Gatazka guztiz galdu ondoren, ez zen taxuzkoa erakunde berriez ez arduratzea, foru-printzipioei eustearren soilik, eta testuinguru politiko egokiagoa iritsiko zelakoan.

Interesgarria da Sagarminagak foraltasuna galtzea ekarri zuten gertaerei buruz duen ikuspegia jarraitzea. Liberal militantea izanik, 1868ko Iraultzaren ondoren, liberalismo espainiarrak euskal konstituzio-eskumena, foru-subiranotasuna, onartuko zuela uste zuen, eta horrek aldaketa itundu bat ekar zezakeela, zaharkituta geratu ziren euskal erakundeen egokitzapen adostu batera iristeko. Madrilgo esperientziaren eta hirurogeita hamarreko hamarkadan gertatutakoaren ondoren, argi zuen absolutismoa eta liberalismoa foru-sistemaren aurkakoak zirela, nahiz eta 1844 eta 1852 artean gobernu liberalek adostasun batera iristeko ahaleginak egin zituztela idatzi zuen. Bat zetorren Bizkaian zabaldutako ideia batekin: askatasun-parametroetatik begiratuta, Foruaren balioak Cadizko Konstituzioarenak baino handiagoak zirela. Eta Foruaren muina iruditzen zitzaiona goresten zuen, hau da, legearen aurrean berdinak izatea, askatasun pertsonala eta komunitatearen ahalmen legegile partekatua; baina eratutako Zuzenbidearen defentsaren balioa baino gehiago interesatzen zitzaion zuzenbide eratzailea, hau da, Bizkaiari foru-subiranotasunetik zetorkion zuzenbide berria sortzeko ahalmena.

Sagarminagak zioenez, 1844 eta 1876 bitartean adostasun politiko eta sozial oso zabala egon zen Baskonian foru-araubidea defendatzeko. Gerra aurreko adostasuna berreskuratzeko ahaleginetan, ez zen eztabaidatan sartu karlista eta liberalekin gerraren jatorriari buruz edota batzuek eta besteek gerran izan zuten portaerari buruz, sistemaren amaiera ekarri baitzuen borroka hark. Atsekabeturik geratu zen 1872ko Zornotzako Ituna eta gero. Nahasmendu hartan Gobernuak karlistekin Foruak mantentzea hitzartu zuen, euskal liberalak alde batera utzita. Akats hori beste modu batera errepikatu zen Alfontso XII.aren hitzaldian. Ez zuen ontzat ematen Gobernuak egin zuen eskaintza: hiru probintzietako erregimena murriztea 1841ean Nafarroan ezarritakora.

Jaurerriko azken diputatu nagusia Canovasen doktrinaren aurka agertu zen. Canovasen arabera, 1839ko urriaren 25eko Legearen 1. artikuluak bultzatzen zuen konstituzio-batasunak ezinbestean zergen aurrean espainiar guztien berdintasuna eskatzen zuen. Gainera, Canovasen ustez Foruak aldatzeko ez zegoen diputazioei entzun beharrik ere, lege horretako 2. artikuluan aurkakoa adierazi arren. Sagarminagaren aburuz, lege horrek aipatzen zuen konstituzio-batasuna beste gauza bat zen. Monarkiaren osotasuna eta Estatuko botereen nagusitasuna suposatzen zuen, barruko eta kanpoko harreman guztietan, eta hori beti onartu zuen herrialdeak. Hain zuzen ere, nahiz eta tesia ukatzailea izan, Canovasek formak gorde zituen diputazioak audientziara deituta, nahiz eta aurkeztu zuen proposamen berdintzailea eztabaidatzeko baino ez izan, edo, gehienez ere, euskal ordezkariek proposamen hori nola aplikatu behar zen aditzera eman zezaten. Egia esan, Sagarminagak esan zuenez, hitz politak besterik ez ziren 1876ko Legearen aplikazioan aldundiek parte har zezaten, edo, kasurik onenean, oinarrizko eskumenik gabe iraun zezaten. Bere jardunaren justifikazioan, Canovasek indarra erabiltzeko eskubidea eskatu eta honela formulatu zuen: nahiz eta irabazleak hasieran eskubiderik ez izan, denborarekin irabaziko du eskubide hori. Sagarminaga, haserre, atzerriko idazleen autoritatera jo zuen zera erakustearren: Zuzenbide publikoak arrazoian eta justizian oinarritu behar duela, ez konkista-eskubidean. Gorteek Foruak indargabetzeko ematen zioten botere osoaren jabe egin zen Canovas hura Filipe V.arekin parekatu zuen, eta abolizioaren arduradun nagusitzat jo zuen.

Sagarminagak gogor gaitzetsi zuen Canovasek gerra-egoeraren deklarazioak iraun zuen hiru urte haietan bildutako botere bereziak aplikatzeko izan zuen zorroztasuna. Ahalmen horiek, normalean, Quesada jeneralaren esku utzi zituen, Baskoniako okupazio-indarren buru zenari. Bereziki deitoratu zuen Foruak defendatzen zituen edozein artikulu zela kausa fiskalari prozedurak hasteko aukera ematen zion prentsa-zentsura. Politika «

canovista hori Espainiako gizarteak zuen abolizioarekiko adostasun irmoak babesten zuen. Hori dela eta, Sagarminagak ontzat eman zuen 1876ko urriaren 4ko Batzar Nagusien adierazpena, uztailaren 21eko Legea aplikatzen ez laguntzekoa. Sagarminaga pentsatzen zuen Foru Aldundiak tratuaren debekua bete egin behar zuela —bera zen diputatu nagusia—. Nahiago zuen erresistentzia eta Gobernuak Aldundi arrunt bat nahierara izendatzea, arau indargabetzailea betearaz zezan. Bistan da, hala ere, printzipioei irmoki eutsi nahiak eta bata bestearen atzetik etorri ziren dimisio eta kargugabetzeen ondorioz Jaurerria babes instituzionalik gabe gelditu zela.

Lankidetzarik ezaren politikak Erregimentu Orokorraren zatiketa eragin zuen Bizkaian. Gobernadoreak debekatu zuen Batzar Nagusiek legearen aplikazioarekin zerikusirik ez zuten gaiak jorratzea, eta «brastakoan» desegin ziren. Gobernuaren ordezkariak berak trantsigente eta intrantsigente terminoak sortu zituen ofizialki. Foru-printzipioak bertan behera uztea gaitzesten zuen Sagarminagak gogor epaitu zituen trantsigenteak, «ahal dena kontserbatzen eta ahalik eta etekin handiena ateratzen» saiatu zirenak: legea onartu eta Canovasekin lankidetzan aritzeak eman zuen fruitua Kontzertu Ekonomikoa izan zen. Erabateko galtzaileei ofizialki intrantsigenteak deitu zitzaien, Sagarminaga buru zutela. Horien artean, Euskalerria Elkartekoak, abolizioarekin berarekin eta gertatu zen moduarengatik desengainatuta, Sabino Aranak bultzatutako mugimendu nazionalistan sartu ziren 1890eko hamarkadan. Diputatu nagusiak administrazioaren deszentralizazioa ekarriko zuen erreforma bat errefusatu arren, legearen beste artikulu bat ez zela aplikatzen ari ikusi zuen, 4. art., non Batzar Nagusiak eta aldundiak mantendu ala ez negoziatzeko aukera ematen zuen. Eta 1879ko azaroaren 4ko Errege Dekretuak konstituzio-bermeak berrezarri izanak poztu zuen, nahiz eta foru-abolizioa berrestea ekarri: diputatu nagusi ohiarentzat, dekretuak desagerrarazi egiten zuen, gutxienez, zegoen nahaste-borrastea, Gobernuak izendatuta oraindik aldundi eta udaletan zeuden trantsigenteek zabaltzen zutena. Haiek herria engainatu zuten, Canovasen diktatuei men eginez legea ez zela aplikatuko ikusaraziz, baina une hartan ez zen kontuan hartzen ezta 4. art. ere. Azkenik, Sagarminagak ez zuen Kontzertu Ekonomikoa gutxiesten, baina ez zuen Foruarekin nahasten ere.

Foru sistema hondoratzeak Bizkaiaren eta Baskoniaren orainari eta etorkizunari buruzko gogoetak eta proposamenak piztu zituen Sagarminagarengan, bertan ziren eragile politikoen kualifikaziotik hasita. Iraganeko erantzukizunei buruzko eztabaida postbelikoetan sartu gabe, ez zuen ezkutatu bere ikuspegi negatiboa herrialdean zeuden Estatuko alderdien rolari buruz. Bere bizialdian Espainiako liberalismoaren bertuteetan sinetsi bazuen ere, azkenean bateratzaile, zentralizatzaile eta xurgatzaile bezala kalifikatu zuen, hots, erregimen absolutuarekin parekoa Foruei zegokienez. Liberalek ez dute askatasunik ezarri Espainian eta Baskoniari kendu egin diote. Euskal liberalak zilegitasunik gabe geratu ziren 1876ko martxoko Alfontso XII.aren Somorrostroko Aldarrikapenaz geroztik, konstituzio-batasun berriaren berehalako ezarpena iragarri baitzuen. Eta karlistei dagokienez, beldur da Foruen kausa Espainian Monarkia absolutua ordezkatzen duen alderdiaren esku geratuko ote den. Horrela bada, batzuek eta besteek aldarrikatzen duten berdintasun-printzipioak eskubide historikoak kentzea dakarrela abiapuntutzat hartuta, uste du euskaldunek ez luketela Estatuko politikan parte hartu behar: Espainiako nazioaren borondatea errespetatu eta neutralak izan behar dute Estatuko alderdien arteko liskarretan. Foruen defentsaz arduratzen den eusko-nafar alderdi batean bakarrik interesatu beharko lirateke.

Sagarminagaren ekarpen originala izan zen «politika baskongadoa» deitu zuena, edo, eskuarki, «eusko-nafar batasunekoa», gerra hasi aurretik aurkeztu zuena. Helburuaren muina Foruak berreskuratzea zen, eta horrek euskaldunen batasuna eskatzen zuen, baina «espainiar aberriaren barruan». Barne-sektarismoak, Baskonian finkatutako estatu-alderdien presentziak eta erlijioarekiko jarrerak eragindako zatiketak oztopatu egiten zuen auziaren garapena. Estatuko alderdiak baztertu eta herrialdean anaitasuna sustatu behar zen. Norabide horretan aurrera egiteko funtsezko baldintza zen foru sentimendua gizartean finkatzea, aldeko iritzi publikoko korronte indartsu bat sendotzea, eta horretarako ezinbestekoa zen erakunde bati, jarduketa plan bati lotzea, bitartekoak eta baliabideak bilduz. Eta doktrinan fintzea eta sakontzea. Espainiako politikan parte hartzeari buruz jarrera abstentzionista izan arren, aukera iritsi zenean hauteskundeetara aurkeztu eta irabaztearen alde egin zuen, herrialdearen ahotsa Gorteetara eramanez. Iraganeko euskal parlamentari handiak berriz sortuko zirenaren esperantza zuen.

Sagarminarengan aldaketa berantiarra azpimarratu behar dugu, kontuan hartu beharreko subjektu politikoari dagokionez, gerora eragin handia izango zuena. Hamarkada batean zehar, are bi urteren buruan ere, Sagarminagak, subjektu politiko gisa, Bizkaiko komunitatearen ordez euskal edo eusko-nafar herria jarri zuen. Arrazoia Gorteetan 1876ko Legearekin gertatutakoa izan zen. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko elkartasun estua aspalditik zetorren, eta are gehiago 1839aren ondoren. Geroztik, Nafarroari begiratzen zion, kultura komunaren eta foru-erakundeen arteko lotura nabaria zelako. Lege Itunduaren negoziazioak eta aplikazioak Baskoniako bi aldeen arteko lotura ahuldu egin zuela sentitzen zuen. Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik, esan zuen, eta abolizio canovistak eusko-nafar batasuna sortuko du, Estatuak herrialdearekiko duen politika desegokia egiaztatu delako. Proiektu partekatu bat behar da, herri hori izen bakarrarekin izendatu behar da, eta familia batean bildu behar dira, Laurac-Bat banderaren azpian, herrialdeko eskubide historikoak kontserbatzearen aldekoak, berez ez baitira bateraezinak Espainiako benetako batasun konstituzionalarekin. Proiektua aurrera aterako da eusko-nafar adiskidetasuna sendotzen bada, eta zatiketa-maniobren aurrean denak erne egonez gero.

Sagarminagak uste zuen, hondamendiaren ondoren, agian beste ezbehar batzuk etorriko zirela, baina herrialdea aurrera aterako zela eta Foruak berreskuratuko zirela. Historiaren amaiera oraindik ez zen iritsi euskaldunentzat. Zauri sakona zen, baina ez hilgarria, eta kausa ez zegoen betiko galduta. Abolizioarekin, Estatuak arazo berri bat sortu zuen, lehengoez gain. Aldi baterako ezbeharra zen. Nolanahi ere, euskaldunek beren eskubideak etengabe aldarrikatzera behartuta zeuden moralki, beti legezko bideetatik.

1887 eta 1889ko bi artikulu berantiarretan, Sagarminagak bere azken ikuspuntua azaldu zuen Estatuaren etorkizuneko antolaketari edo eredu konstituzionalari buruz. Funtsean, betiko konbikzioak zituen. Uniformetasunaren aurkako jarreragatik, probintzien araberako deszentralizazioari uko egiten dio, baina baita federalismo simetrikoari ere, honek Espainian elkarrekin bizi diren gizarteen arteko sakoneko desberdintasunak alde batera uzten dituelako. Kontzeptua esplizituki erabili gabe, konfederalista gisa agertu zen, eta Habsburgotarren Monarkia gogorarazten duen Estatu komunean artikulatzeko modu bat defendatzen zuen. Euskaldunek erakunde asimetrikoz osatutako Monarkia horretan sartu behar zuten eskubide historikoen bideari jarraituz, hau da, beste batasun konstituzional bat posible egingo zuen Foruen erabateko berrintegraziotik abiatuta.

1893ko ekainaren 3an, Sagarminaga hil baino hilabete batzuk lehenago, Sabino Aranak Bilboko Begoña auzoan Larrazabalgo Hitzaldia eman zuen. Hitzaldi horrek iragana interpretatzeko eta etorkizuna ikusteko modu berri bat sartu zuen herrialdean. Liberalismo foruzalea bukatu egin zen, ordezkari zuen Bilboko politikari, historialari eta pentsalariarekin batera.

Obrak

La Escuela liberal y sus impugnadores, o sea, examen de algunas cuestiones relativas a la libertad en las naciones modernas, por Publícola, London: Imp. Schulze y Cía., 1852.

Dos palabras sobre el carlismo, Bilbo: Imp. de Juan de Delmas, 1875, 39 or.

Reflexiones sobre el sentido político de los Fueros de Vizcaya, Bilbo: Imp. de Juan Delmas, 1871, eta in Memorias…, 1-71. or.

Memorias históricas de Vizcaya, por Fidel de Sagarmínaga, Diputado del Bando Oñacino, elegido en las Juntas Generales del Señorío, congregadas el año de 1876, Bilbao: Imp. de Juan E. Delmas, 1880. Berrarg., Etxebarri (Bizkaia): Amigos del Libro Vasco, 1983. Bost zati ditu:

«Observaciones sobre la Constitución de Vizcaya», Memorias…, 1876, 81-137. or.

«Los antecedentes de la Ley de 21 de julio», Memorias…, 1876, 139-195. or.

«Controversias forales», Memorias…, 1878, 197-338. or.

«Los paralipómenos del Libro», Memorias…, 1879, 339-511. or.

«El regionalismo y los fueristas», La España regional, 3 (1887), 569-593. or.

«El regionalismo y la unidad nacional», La España regional, 6 (1889), 481-499. or.

El Gobierno y el Régimen Foral del Señorío de Vizcaya. Desde el reinado de Felipe Segundo hasta la mayor edad de Isabel Segunda, Bilbo: José de Astuy, 1892, 8 libk. Berrarg. Bilbo: Diputación Provincial de Vizcaya, 1976, eta Etxebarri (Bizkaia): Amigos del Libro Vasco, 1988. 1558. eta 1607. urteen arteko garaia Dario AREITIOk osatu zuen, 1928an argitalpen berria hasi zuenak. Lortutako akordioen laburpen soilak gainditu nahi izan zituen transkripzioaren bidez, ia beti hitzez hitzekoa (El Gobierno y Régimen Foral del Señorío de Vizcaya, Bilbo: Imp. de la Diputación de Vizcaya, 1928-1935, 4 libk.).

Bibliografia

AROZAMENA AYALA, A., «Sagarminaga Epalza, Fidel», Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Cuerpo A, Donostia: Auñamendi, 1996, XLII. libk., 74-75. or.

CASTELLS ARTECHE, L. eta CAJAL VALERO, A., «La negociación imposible (Cánovas y el fuerismo vasco en 1876)», Hispania: Revista española de Historia, 65 (2005), 601-642. or.

CHACÓN DELGADO, P., Nobleza con libertad: biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular Atea, 2015, 311-343. or. Fidel de Sagarminagaren biografiari buruzko kapitulu espezifikoa.

CORCUERA ATIENZA, J., Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco (1876-1904), Madrid: Siglo XXI, 1979.

LARREA SAGARMINAGA, M. A., eta MIEZA MIEG, R., Legislación foral del Señorío de Bizkaia (1528-1877), Registro de los actos legislativos dispuestos por las Juntas Generales, sus Regimientos y Diputación General, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatea, 1992.

MAÑARICÚA NUERE, A. E., Historiografía de Vizcaya [de Lope García de Salazar a Labayru], Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977, 382-385. or.

MONREAL ZIA, G., «Fidel de Sagarminaga. Intérprete de la Constitución histórica vizcaína y heraldo de una nueva época política vasca de recuperación de los Fueros (1830-1884)», Notitia Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Aldizkaria, 1 (2002), 251-319. or.

URQUIJO GOITIA, M., «Sagarmínaga Epalza, Fidel», in Diccionario biográfico de los Diputados Generales, burócratas y patricios de Bizkaia (1800-1876), Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak, 1995, 400-404. or.

ITURRIAK

ARCHIVO DEL CONGRESO DE LOS DIPUTADOS. Diputatuen bilatzaile historikoa, 1810-1977. Sagarmínaga y Epalza, Fidel, 22. 1858ko urriaren 31ko eta 1879ko apirilaren 20ko hauteskundeak.

ECHEGARAY, C., «Un libro importantísimo», Euskal-Erria, 26 (1892), 22-28, 179-183, 560-565. or., eta 27 (1892), 42-48. or.

— «Apuntes necrológicos. D. Fidel de Sagarmínaga», Euskal-Erria, 30 (1894), 551-557. or., eta 31 (1894), 12-17. or.

— «La biblioteca de Sagarmínaga», Euskal-Erria, 36 (1897), 481-487, 513-520. or.

MANTEROLA, J., «Nuestros autógrafos», Euskal-Erria, 2 (1881), 12-13. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP