Karguak eta lanbideak
Apaiza eta historialaria
Ibilbidea
Tomas Escarzaga Murga eta Geronima Solaun Arechederosaren semea zen, eta bataioan Eduardo Leopoldo izena jaso zuen.
Hamalau urte zituenean, Eduardo Gasteizko Apaizgaitegian sartu zen, eta bertan Filosofia eta Teologia ikasi zituen. 1908an Gordexolara itzuli zen latinitate ikastetxeko irakasle aritzeko. 1912an Jose Cadena y Eleta monsinoreak Gordexolako haurren Apaizgaitegia inauguratu zuen, eta Escarzaga zuzendari izendatu zuten. Gero, irakasle eta errektore aritu zen Gasteizko Kontzilio-Apaizgaitegian eta Deustuko San Pedro parrokiako apaiz ekonomo ere izan zen. Horrekin batera, Bizkaiko Nekazaritza Federazioaren aholkulari izan zen, eta bertan El Caserío Vizcaíno aldizkaria sortu zuen.
1935ean, Gasteizko Elizbarrutiko Apaizgaitegiko ikasle eta irakasleek omenaldia egin zioten apaiz ordenatu zenetik 25 urte bete zirenean. Ikerketa historikoak, filologikoak eta abar biltzen zituen liburuki bat argitaratu zuten eta besteak beste, honakoek parte hartu zuten: Juan Thalamas Labandibar, Andres Eliseo de Mañaricua, Manuel Lekuona, Ignacio de Oñatibia eta Jose Miguel de Barandiaran.
Guda zibila hasi zenean, Gasteizko apezpiku zen Mateo Mugicak aginduta, Ipar Euskal Herrian erbesteraturik zeuden apaizgaien ardura hartu zuen, horretarako Baionako Apaizgaitegira mugituta. 1938ko maiatzean, beste bi apaiz abertzalerekin batera, Alberto Onaindia eta Jose Miguel de Barandiaran, XXXIV. Budapesteko Biltzar Eukaristikoan parte hartu zuen, «euskal auzia» zelakoaz Euzko Jaurlaritzak zuen ikuspegia bertara eramateko asmoz, hura Francoren Gobernuak aldarrikatutakoaren aurrean jartzeko.
1940ko maiatzean, naziek Frantzia eta Belgika inbaditu eta menderatu ondoan, beste hainbat euskal erbesteratuk bezala, Escarzagak Amerikara jo zuen, Bizkaira itzultzekotan frankisten zigorraren beldur zelako. Lehendabizi Martinikara joan zen eta ondoren Matanzasera (Kuba), Alejandro anaiaren etxera, bertan bizi baitzen. 1941ean Habanara aldatu zen, eta hainbat kargu izan zituen bertan: San Francisco de Salesen Neska Ikasleen ikastetxeko kapilau, San Carlos eta San Anbrosioren Apaizgaitegiko errektoreorde eta Artzai Onaren Artxidiozesi-Apaizgaitegiko errektore. 1940ko hamarkadaren erdi aldera Gordexolara itzuli eta bertan hil zen. «Escarzaga-Solaun» sendiaren hilobian ehortzi zuten.
Bere historia ikerketa lan guztietan argi atzeman daiteke autoreak egin zuen dokumentazio lan sakona, artxibo funts ugari kontsultatu ohi zituen eta. Artziniegari buruz egin zuen lanaren izenburuan dioenaren arabera, «dokumentu argitaragabeekin» osatua da. Avellanedari buruzkoan, erabilitako dokumentazioaren zati handi bat eman zuen, transkribaturik, eranskin modura. Euskal Herriari zion maitasuna ere nabarmena da, nahiz eta batzuetan gehiegikeria eta zehaztasunik eza eragin zion bere lanetan. Dakigula, bera da «Gordexola» formaren sortzailea, Gordejuela terminoari halako euskal zentzu bat emateko. Horretarako, toponimoa banatu behar izan zuen «G-ordo-juela» forma sortuz eta hortik ondorioztatu zuen «ordo»k euskal jatorria zuela eta «juela» «etxola»tik eratorria zela. Nolanahi ere den, «Gordexola» nagusi da egun, lehen aldiz Sabino Aranaren lan batean agertu bazen ere.
Obrak
Descripción histórica del Valle de Gordejuela, Bilbo: Imp. de la Diputación, 1919.
Avellaneda y la Junta General de las Encartaciones, Bilbo: Imp. de Emeterio Verdes, 1927.
La villa de Arceniega: descripción histórica de documentos inéditos…, Bilbo: E. Verdes Achirica, 1931 (faks. berrarg. Gasteiz: Diputación de Álava, Serie Ediciones de Ayer 4, 1982).
Bibliografia
ETXEBARRIA MIRONES, Tx., Las Encartaciones fantásticas, 1742-1799, [s.l.]: [Tx. Etxebarria], 2020.
GARCÍA-BORREGUERO ONDIZ, P., Basílica de Santa María de Portugalete, Online arg.: https://docplayer.es/81284256-Basilica-de-santa-maria-portugalete-pablo-garcia-borreguero-ondiz.html (2020ko irailak 25).
GOÑI GALARRAGA, J. M., «Don Eduardo Escarzaga, un exilio en la discreción», in ASCUNCE ARRIETA, J. A.; JATO, M., eta SAN MIGUEL, M. L. (koord.), Exilio y universidad (1936-1955): presencias y realidades, Donostia: Saturrarán, 2008, 1. libk., 335-370. Or.
ITURRIAK
Homenaje del Seminario Diocesano de Vitoria al M. I. Sr. Rector y Prefecto de Estudios Dr. D. Eduardo de Escarzaga y Solaun en el XXV aniversario de su ordenación sacerdotal, Gasteiz: Imp. del Montepío Diocesano, 1935.





