Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

EGUILEOR ORUETA [EGILEOR ORUETA], Manuel (Manu) (goitizenak: Ikasle, Marcos de Urrutia, Bizkargi) (Abando, Bilbo, 1884ko urtarrilak 1 – Bilbo, 1970eko apirilak 5).

Karguak eta lanbideak

Ingeniari eta politikaria

Ibilbidea

Gurasoak Juan Cruz Eguileor Urrutia, Abandokoa, eta Filomena Orueta Llosa (edo La Llosa), Sestaokoa izan ziren. Aita Bizkaiko lehen peritu agronomo baratzezaina izan zen. Aranjuezen graduatu zen 1855ean, Nekazaritza Eskola Nagusian. 1886an Gran Establecimiento Horticultor izeneko enpresa bat sortu zuen. Jaurerriko lorezaintza, baratzezaintza eta frutagintza berritu zituen, eta Juan Eguiraun ingeniari agronomoarekin eta Ricardo Bastida arkitektoarekin proiektu askotan parte hartu zuen. Juan Cruz Eguileor Abandoko elizateko azken-aurreko alkatea izan zen, 1883an, Bilbora anexionatu baino lehen.

Manuelek Urduñako jesuiten ikastetxe ospetsuan ikasi zuen. Ondoren, Bilboko Ingeniarien Eskolan ingeniari industrial bezala graduatu zen, nahiz eta sekula ez zen lanbide horretan aritu, oso gazterik hasi baitzen politikagintzan.

Hogei urte gazteago izan arren, bat zetorren Sabino Aranarekin bi ezaugarritan: biak Abandon jaioak ziren eta Urduñako Jesuiten ikastetxean ikasi zuten.

1919an Margarita de Eguia e Iralarekin ezkondu zen, eta harekin bost alaba izan zituen: Elixabete, Miren, Josune, Terese eta Karmele.

Badirudi lau urte zaharragoa zen Wenceslao anaiak bultzatu zuela abertzaletasunerantz. 1898an, oso gazte, EAJn sartu zen.

1904an Bilboko Euzko Gastedi elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1916an presidente izendatu zuten.

Adierazteko gaitasun hobea zuen idatziz, ahoz baino, eta alderdiaren propaganda sailean aritu zen garaiko hedabide abertzaleetan hainbat artikulu argitaratuta: Bizkaitarra, Gipuzkoarra eta Euzkadi. Gerora, Aberriko zuzendari izan zen eta Alderdin ere kolaboratu zuen.

EAJk 1916an izena aldatu zuen, eta Euzko JEL-Batza (Comunión Nacionalista Vasca) izatera pasa zen, Ramon de la Sotaren gertukoa zen sektore batek defendatzen zuen politika autonomista eta posibilistarekin bat. 1921ean, sabindarren ortodoxiaren ondorengo sentitzen zen sektore independentistak zatiketa gauzatu zuen eta jatorrizko izena bereganatu zuen: Euzko Alderdi Jeltzalea. Bere hedabide ofiziala Aberri aldizkaria zen, eta Manuel Eguileor izan zen zuzendaria. Soilik lau hilabetez eutsi zion Aberri izenari, 1923ko iraileko Primo de Riveraren kolpea eta gero itxi baitzuten eta, orduan, Diario Vasco izatera igaro baitzen. Esan beharrik ez dago, Eguileor sektore «abertzale» horren buru ospetsuenetakoa izan zela Eli Gallastegui eta Ceferino Jemeinekin batera, guztiak Euzko Gastediko kide ohiak.

Izan ere, hasierako euskal abertzaletasunaren autonomismo/independentismo pultsio horren baitan, Eguileor, Gallastegui eta Jemeinekin batera, independentismoaren defendatzaile sutsuenak izan ziren, eta Luis Elizalde zein Engracio Aranzadi, aldiz, jarrera posibilistaren buru. 1921ean, horri buruzko eztabaida izan zuen Eguileorrek Elizalderekin Euzkadin.

1923ko irailaren 11n, Eguileor, Gallastegui eta Manu Robles Aranguiz Bartzelonara joan ziren eta agintari independentista katalan eta galiziarrekin Estatu espainiarrak zapaldutako herrien arteko hiru aldeko aliantza adostu zuten. Bi egun besterik ez zituen iraun, hilaren 13an Miguel Primo de Riverak estatu kolpea eman zuelako, diktadura ezarri eta horren moduko elkarteak debekatuz. 18an, erregimenak separatismoaren aurkako dekretua aldarrikatu zuen eta, egun horretan bertan Eguileor atxilotu zuten. Handik egun gutxira atera ahal izan zen, isuna ordainduta.

 

Eguileor zuzendaritza batzordeko kide zela, 1925ean Bilboko Euskal Zentroak estatutuak idatzi zituenean, «Euskal Herria maite zuen oro» bertako kide izan zitekeela zioen atal bat gaineratu zuen. Bizkaiko gobernadore zibilak aurreko esaldiari «eta Espainia» txerta ziezaiotela exijitu zien, eta Eguileor, gainerako zuzendaritzako kideek bezala, uko egin zion. Horregatik Burgosera erbesteratu zuten.

1930. urtean, Diktadura eroriko zela hauteman zitekeen, eta horren ondoren aurreikusitako testuinguru demokratiko eta elektoralen aurrean, euskal abertzaletasunaren bi sektoreak bateratzearen alde agertu ziren. Bat egitea urte hartako azaroan bertan gauzatu zen, Bergaran. Sektore aberkoiaren ordezkariak Ceferino Jemein, Baltasar de Amezaga eta Manu Eguileor izan ziren. Azkenak oso zeregin garrantzitsua izan zuen negoziaketetan eta onartu zen proposamen politikoan. Izan ere, bateratze prozesuak argi eta garbi porrot egingo zuela zirudienean, Eguileorrek bi aldeen arteko adostasun nahikoa lortu zuen testu bat proposatu zuen, eta, azkenerako, hori onartu zen. Bere hitzetan, «ez da batere erraza izan bilera aurrera eramatea, eztabaida korapilatsuak izan baitira. Herri guztietako ordezkariek etengabe estutzen zuten bateratzearen testua idazteko ardura zuen batzordea, eta denak porrot egin behar zuela zirudienean, ni izan nintzen, ustez, Batzordeak eta Biltzarrak aho batez onartu zuten formula aurkeztu zuena. Orduan berpiztu zen berriro ere EAJ, eta aparteko gaitasuna dauka».

Erlijiotasun sakonekoa izanik, 1930. urteaz geroztik, Sabino Aranak sortu zuenetik, EAJk izandako erlijio ortodoxia tradizionala defendatzeagatik Eguileorrek eztabaida sutsuak izan zituen Euzkadin. Aurrean izan zituen abertzaletasunaren baitan sortzen ari ziren joera laiko eta akonfesionalak, nagusiki, Euzko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdia sortzera eraman zutenak.

1931tik 1937ra, alderdiaren barnean garrantzia estrategiko handiko kargua izan zuen: idazkari nagusia zen Euzko Idazkaltza Buruban (Euskal Idazkaritza Nagusia). Erakunde horren egitekoak ziren, besteak beste, hautetsi abertzaleei aholku politikoa ematea eta alderdiaren propaganda lana kudeatzea. Idazkaritza horretatik Eguileorrek, beste batzuen artean, Sabino Aranaren lanen berrargitalpenak bultzatu zituen, eta lehen Aberri Eguna antolatu zuen 1932ko martxoaren 27an. Ospakizun horrek halako arrakasta izan zuen (Bilboko manifestazioan 65.000 pertsona bildu ziren), non urtero ospatzeko erabakia hartu zuten. Antzeko ospakizunak eginak zituzten aurretik Katalunian 1889tik (Diada) eta Galizian 1919tik (Dia da Patria Galega). Horiek ez bezala, Aberri Eguna aldakorra da, egutegi katolikoaren araberakoa, eta urtero Pazko igandearekin batera ospatzen da. Izan ere, agerikoa da datak duen asmo politikoa, berpizte nazionala eta erlijiozkoa uztartzen dituelako eta paralelismo bat ezartzen duelako Jesukristo eta Sabino Aranaren artean eta, baita aberriarekin ere. Aberri Eguna «asmatu» zutenak Manuel Eguileor eta Ceferino Jemein izan zirela esan liteke.

1931an, EAJk, Elkarte Tradizionalistak eta beste katoliko independente batzuek Euskal Estatutuaren aldeko hautagaitza aurkeztu zuten. Eguileor ere tartean zegoen, eta Gorteetako Bilboko diputatua izateko hautatu zuten. Kargua bere esku izan zuen 1933ra arte.

1933ko abenduan, Eli Gallasteguik EAJ utzi zuen eta 1934ko maiatzean Jagi-Jagi aldizkaria berragertu zen, alderdiaren kontroletik at eta abertzaleen bereizketa berretsiz. Eguileorrek krisia izan zuen alderdi baten eta bestearen artean erabaki behar izan zuenean, Gallasteguiren lagun mina zelako eta bere ildo politiko independentistaren jarraitzailea. Azkenean EAJren barnean jarraitzea erabaki zuen.

Manuel Eguileorrek idatzi zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936ko urriaren 7an Gernikan kargua hartu zuenean irakurri zuen zina (Jaungoikuaren aurrian apalik, Euzko-lur ganian zutunik…). Autore batzuek, ordea, testua Juan Ajuriaguerrarena dela esan izan dute. Nola edo hala, baieztapen biak dira egia. Eguileorrek gazteleraz idatzi zuen, eta Ajuriaguerrak euskaratu.

1937an Ipar Euskal Herrira joan zen erbesteraturik bere familiarekin, Donibane Lohizunera, eta Baionan aritu zen lanean, EAJren bulegoan. 1940an Frantziako agintariek Gursko kontzentrazio-esparruan sarrarazi zuten, baina laster atera zen hortik Irlandara joateko, eta bertan izan zen 1946ra arte. Eli Gallasteguik hartu zuen bertan eta ezartzeko laguntza eskaini zion. Jose Camiñaren laguntza ere izan zuen, bere Dublingo etxean bizi izan baitzen. Gaztelania irakatsi zuen Trinity College-n. Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Iparraldera itzuli zen. 1948an hirurogei urte baino gehiagoko erbesteratuentzako amnistia aldarrikatu zen; hari helduta Bilbora itzuli zen. Orduz geroztik, Sabino Aranaren obrak berrargitaratzen eta euskal hizkuntza ikertzen aritu zen. Gainera, Enbor aldizkari kulturalaren sortzaileetako bat izan zen.

1961ean, gobernu frankistak euskal abertzaletasunaren eta bereziki bere sortzaile Sabino Aranaren arrasto guztiak desagerrarazteko ahaleginean, «Sabin Etxia», bere jaiotetxea, eraitsi eta eraisketaren hondakinak itsasora bota zituen. 1931z geroztik, eraikina Batzoki bezala erabilia izan zen eta baita Bizkai Buru Batzarraren eta alderdiaren Idazkari Nagusiaren egoitza bezala ere. Guda zibilaren ondoren, Espainiako Falangek okupatu zuenean, euskal abertzaletasunak iraintzat hartu zuen, haientzat etxe hori gaur egun «memoria leku» deitzen dugunaren antzeko zerbait bihurtua zelako. Eraisketa hasi zutenean, Eguileorri gogora etorri zitzaion Euzko Idazkaltza Burubako arduradun zela hainbat dokumentu garrantzitsu gorde zituztela bertan, kutxa sekretu batzuetan, pareta baten atzean sartuta. Lanen ardura zuen kontratistarengana jo zuen orduan eta bi gauza eskatu zizkion: eraisketa prozesuan aipatu kutxak agertuko balira berari eman ziezazkiola, eta eraikinaren teila bat oroigarri bezala. Bigarrena lortu zuen, baina ez lehendabizikoa. Gainera, bere saiakera zela eta polizia komisaldegira deitu zuten deklaratzera eta zigor bat edo beste ere jaso zuen, pasaportea galtzea, adibidez. Dirudienez, poliziak gerra aurreko bere eta beste kide batzuen jardun politikoaren txosten bat eskatu zion.

EAJren barruan hainbat kargu bete zituen: 1917an Durangoko probintzia diputatu izateko hautatu zuten, eta horretan aritu zen 1919ra arte. Bizkai Buru Batzarreko kide izan zen 1915 eta 1917 artean, bertako presidenteorde 1923an eta diruzaina 1930ean. 1933an Amurrioko alkate izan zen. Herri horrekin lotura zuen, senide batzuk bertakoak zituen eta. 1934an epaitua izan zen Bizkai Buru Batzarreko beste kide batzuekin batera. Urte horretan bertan, Bilboko EAJko Udalbatzako idazkari nagusia izan zen eta Euzkadi Buru Batzarreko kide. 1931. urtean Euskal Eskolen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen. Gorago aipatu dugun bezala, Gorteetako diputatu hautetsia izan zen 1931 eta 1933 artean. 1935ean EAJko Bizkaiko Idazkari nagusia izan zen eta 1936an alderdiaren propaganda arduraduna.

Sabino Aranari egin zitzaion gurtza ia erlijiotsuaren arduradunetako bat izan zen. Eguileorrek «Maisuaren» ikasletzat zuen bere burua eta horregatik hartu zuen, hasieran, Ikasle goitizena. Arana independentistaren eta Eguileorren ideologiaren arteko bat etortzea ia erabatekoa zen. Euskal nazionalitatearen funtsezko oinarriak berdinak ziren bientzat: erlijioa, arraza, hizkuntza eta historia, guztiak ala guztiak zentzu argiki probidentzialista batean. Historiaz zuen kontzepzioa ere Sabino Aranari zor zion eta oinarria, ustez, 1839ko euskal foru independentzia aldarrikapen batean zuen. Askatasun horiek berreskuratuko lituzkeen euskal Estatu konfederatuaren artikulazioa aldarrikatzen zuen, arraza eta erlijioaren balio amankomunek galbanizatuta.

Garrantzia handia eman zion euskarari. Hura ikasi eta ikertzeaz gain, euskal nazionalitatearen ardatz nagusitzat hartu baitzuen. Hizkuntzaren alorrean, Eguileor nabarmen garbizalea zen, erro erromantze edo latindarra zuen hitz oro ezabatzen saiatu zen eta Aranak proposatutako neologismoak onartu zituen. Euskaltzaindiarekin oso kritikoa izan zen, mailegu erromantzeak onartzeko ustezko erraztasuna zela eta. Garbizaletasun linguistiko horren harira, eztabaida izan zuen Gabriel Arestirekin 1962an. Arestik Hierro egunkarian argitaratutako artikulu batean gogor egin zuen Eguileorren aurka eta hark En defensa de la lengua izenburua zuen liburu kolektibo batean erantzun zion, frantziskotarren babesarekin.

Obrak

IKASLE, «El sacrificio de Sabino», Aberrija, 1908ko azaroa.

KONDAÑO-rekin, «A qué aspira el nacionalismo político», Aberri, 1921eko otsailak 26.

EGUILEOR’TAR IMANOL, «Edificar, conservar, destruir», Aberri, 1921eko irailak 10.

I., «De la vida del maestro», Aberri, 1922ko otsailak 24.

«El momento de Pedro Mari», Aberri, 1922ko martxoak 31

«Afirmación del pensamiento sabiniano», Patria Vasca: revista nacionalista, 4 (1928), 6-8. or.

IKASLE, «Agur», Euzkerea, 1 (1929), 2. or.

— «Olerki-ingoskijaj ¡Maite!», Euzkerea, 12 (1929), 242. or.

— «De cada día», Euzkerea, 3 (1929), 38. or.; 9 (1929), 190. or.; 10 (1929), 209-210. or.; 11 (1929), 224. or.; 13 (1930), 262. or.

— «Esencias tradicionales», Euzkerea, 16 (1930), 333-334. or.

— «Ensayos euzkericos», Euzkerea, 21 (1930), 458. or.

— «Barbara», Euzkerea, 24 (1930), 521. or.

«Larrazábal, 3 de junio de 1893: efemérides gloriosas», Euzkerea, 18 (1930), 385. or.

A todos los vascos, Bilbao: Ausin, [1930?], 49. or.

IKASLE, «Etimologías euskéricas. el “bara” del apellido “Barbara”», Euzkerea, 26 (1931), 569-570. or.

— «La personalidad del pueblo vasco», Patria Vasca: revista nacionalista, 6 (1932), 3-4. or.

— «Albores del nacionalismo», in ZENBAITEN ARTEAN, Aberri Eguna. Berbizkunde-Igandia, Bilbo: Verdes, 1932, 17-24. or.

— «Camino de Sabin-Etxia», Aberri Eguna. Berbizkunde-Igandia, Bilbo: Verdes, 1932; Berrarg. Hendaya: Mugalde, 1976, 61. or.

— «Arana-Goiri’ren azkenengo eguna», Euzkerea, II (1933), 258. or.

— Responsabilidad, conferencia leída en Juventud Vasca de Bilbao en el XXX aniversario de su fundación, 14 de febrero, 1934, [Bilbo]: [Verdes Achirica], [1934], 16 or. [Euzkerea, 4 (1934), 265-280. or.].

BIZKARGI, Nacionalismo vasco, Abando: [s.n.], 1936, 105 or.

MARCOS DE URRUTIA, Arana-Goiri’tar Sabin en la historia de Euzkadi, Baiona: Sabindiar-Batza, [1954], 152 or.

IKASLE, El vocabulario euzkérico, Bilbo: Gráficas Ellacuría, 1960, 32 or.

— Prólogo a Arana Goiri, s., De su alma y de su pluma: colección de pensamientos seleccionados en los escritos del Maestro del Nacionalismo Vasco [Caracas]: [s.n.], 1961, 159 or.

— «Al habla con el señor Aresti», En defensa de la lengua, Bilbo: Gráficas Ellacuría, 1962, 23-31. or.

— Hitzaurrea: ARANA, Sabino, Obras completas, Buenos Aires: Sabindiar-Batza, 1965.

Iturriak. «Un libro para mis hijas». Eskuizkribatutako autobiografia originala, bere biloba Mikel Gotzon Madariaga Eguileorren bilduma pertsonalean gordea. Biziki eskertzen dizkiot egindako ekarpen eta iruzkinak.

 

Bibliografia

AMÉZAGA, E., «Tres biógrafos de Arana Goiri», Deia, 1989ko azaroak 25.

CAMINO, I., Nacionalistas: 1903-1923, Bilbo: Alderdi, 1985.

GRANJA SÁINZ, J. L. de la, «El culto a Sabino Arana: la doble resurrección y el origen del aberri eguna en la II República», Historia y política: Ideas, procesos y movimientos sociales, 15 (2006), 65-116. or.

IZENGABEA, «Manu Egileor “Ikasle”: buruzagi jeltzale nekaezina», Sabino Arana Fundazioa, Efemérides, biografías, 2021eko apirilak 6, Online arg.: https://www.sabinoarana.eus/eu/euskadiko-istorioak/efemerideak/manu-egileor-ikasle-buruzagi-jeltzale-nekaezina (2021eko uztailak 30).

— «Manuel de Egileor, una vida dedicada a Euzkadi», Euzkadi, 68, 1978ko martxoak 22. Anasagasti, I.-ren blog sarrera 2018ko apirilaren 2an, Online arg.: https://ianasagasti.blogs.com/mi_blog/2018/02/manuel-de-egileor-una-vida-dedicada-a-euzkadi.html (2021eko uztailak 30).

MARTÍNEZ RUEDA, F., «Eguileor Orueta, Manuel», in AGIRREAZKUENAGA, J. et al., Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1876-1934), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 2007, II. libk., 1011-1016. or.

PÉREZ IBÁÑEZ DE ALDECOA, P., Manuel Eguileor. Biografía y pensamiento, 2017ko otsailaren 1ean Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako Gradu Amaierako Lana

SAN SEBASTIÁN, K., «Manu de Eguileor» (I), Euzkadi, 253, 1986ko uztailak 31, 33. or., eta (II), Euzkadi, 254, 1986ko abuztuak 7, 21. or.

ZULUAGA, I., «Terese Egileor Egia. Militante abertzale. La semilla del Archivo Histórico del nacionalismo vasco», Deia, 2010eko irailak 28.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP