Karguak eta lanbideak
Politikaria, idazlea eta euskal abertzale erresistentea
Ibilbidea
Bere izenarekin sortutako Etarte amalgamaz ezagunagoa (E(chebarria)-tar T), horrela sinatzen baitzituen bere kazetari artikulu ugariak. Bere bizitzaren erdia erregimen frankistaren menpe eman zuen, zazpi urtez preso egon zen eta heriotza zigorra ere jaso zuen. 1936ko gerra bukatu ondotik, euskal matxinadan izan zuen parte hartzeagatik hainbat aldiz atxilotu zuten, espedienteak ireki zizkioten, isunak jarri, mehatxatu, fitxatu, zentsuratu eta jazarria izan zen.
Horiek ikusita, Etarte, beste hainbat euskal iraultzailerekin batera, Euskal Herriko historiaren momentu latzenei aurre egin zion belaunaldiaren adibidetzat har liteke. Familia inguru kristau batean hezia izan zen eta gurasoengandik jaso zuen herriaren altxorra: euskara. 1929. urte aldera, Primo de Riveraren erorikoaren ondoren, Etarte Euzko Gastediren zentroetara hurbiltzen hasi zen. Bertan, heziketa politikoaren inguruko ikastaroak eta hitzaldiak antolatu ohi zituzten. Jarduera horietan Euzko Gastediko buruek parte hartu ohi zuten, horietatik ospetsuena Eli Gallastegi zen.
Etarteren beraren hitzetan, biltzar horietan eta Gallastegiren irakaspenetan (ahoz eta idatziz) ikasi zuen abertzaletasuna zer zen eta horiei esker bihurtu zen bere bizitza osoan izan zen militantea. Euzko Mendigoxale Batzan (EMB) ere sartu zen, Durango-Abadiño alderdiko kide ezagunenetakoa izateko. Bere familia hogeita hamargarren hamarkadatik bizi zen inguru hartan.
1933ko azaroaren 25ean, Echebarriak bere lehendabiziko politika artikulua argitaratu zuen, Aranaren heriotzaren urteurrenaren harira, Euzkadi aldizkarian, EAJren argitalpen ofiziala zen hura. Handik gutxira, Jagi-Jagi sortzearekin batera, Etarte mendigoxaleen aldizkarian parte hartzen hasi zen, 1936ko uztailaren 18ko azken zenbakira arte. Jagi-Jagin kazetaritza politikoari eskainitako urte horietan guztietan, Etartek berrogei kolaborazio baino gehiago argitaratu zituen gizartearekin, langileekin eta politikarekin lotutako gaiei buruz.
Agerikoa da krisialdi ekonomiko eta politikoa nagusi zen urte horietan gizarte arazoek sortzen zioten kezka. Mendigoxale abertzale independentistekin zuen elkarlanak Patria Libre aldizkarian jarraitu zuen, eta horrela, bere gizarte pentsamenduaren muina erdietsi zuen: bere bizitza guztian zehar defendatu zuen kristautasunean eta abertzaletasunean oinarritutako antikapitalismo sendoa.
Etartek, Eli Gallastegik bezala, argi bereizten zuen bere idatzietan zer zegokion bere ideologiari eta zer ideia komunista edo anarkistei, EAJn bertan zituzten etsaiek haiekin nahasten saiatzen zirelako. Guztiarekin ere, beti azpimarratu zituen haien ideia politiko-sozialak, baita gudari zenean ere, alderdiko agintari sotistek aldarrikatzen zuten aberats eta pobreen «abertzaletasun» faltsuaren aurrean.
Echebarriak tokiko eredu kapitalistaren kontrako jarrera sendoa garatu zuen, dagoeneko hogeigarren hamarkadako aberriarrek «vasco-español» deitzen zutena. Berak oihukatu zuen «Kapitala bai, Kapitalismoa EZ!» bere planteamendu teorikoak biltzen zituen Jagi-jagi batean (1934ko urtarrilak 27). San Anbrosio bezalako autore kristauak eredu harturik, Etartek kolektibismoaren alde egin zuen aberastasuna anai-arreben artean banatuta, benetan modu «abertzalean».
Jagi-jagiren ildo editorialaren oinarria hogeita hamargarren hamarkadako gizartearen klase borroka eta burgesiak egiten zuen erlijioaren eta aberriaren erabilera iruzurtia ziren. Bere azken urteetako kide ezagunenetakoa izan zen Trifon Echebarria. Bere artikuluetan abertzale eta katoliko zintzoaren plantak egiten zituzten enpresa eta enpresariak salatu zituen bere artikuluetan, datu eta izenak aipatuta. Haien aurka idatzi zuen «¡muera el capitalismo!» artikuluak hautsak harrotu zituen (1934ko uztailak 7). Etarteren, Gudariren edota are Sota bankari eta ontzijabearen seme Manu Sotaren lumek idatzi ohi zituzten horrelako adierazpenek ezinegona sortzen zuten abertzaletasun tradizionalistaren eta EAJko sotisten artean. Hau da, Sabino Arana hil ondotik, Sotari esker alderdiaren agintea bere gain hartu zuten sektore kapitalistaren baitan.
Edonola ere, eraso horiek eta gizartearen eta nazioaren interesei buruzko adostasunik eza gorabehera, mendigoxaleak, Etarte buru zutela, etengabe aritu ziren hogeita hamarreko hamarkadan Eli Gallastegiren proposamena berritzen: euskal nazio artikulazioa Fronte Nazional bat sortzeko. Hilabete horietan, EAJren komunionismoa (Jose Antonio Agirre, Manuel de Irujo edo Juan Ajuriaguerrarekin) gobernu espainiarrarekin lehen akordioak lortzen saiatzen ari zen, Indalecio Prietoren bitartez, Madrilgo PSOEko babesle nagusia.
Aukera autonomikoa abertzale-sotisten aukera bakarra bihurtu ahala, Etarte eta abarrek Jagi-Jagiren bitartez egindako erasoek gora egin zuten. Hainbat militantek, tartean Gudari bera, EAJko militantzia utzi eta gero, Etarteren artikuluak gero eta erradikalagoak bihurtu ziren, Gorteetako euskal ordezkarien estrategiak eta agintari espainiarrekin zituzten harremanak erasotuz. Hala, Espainiako guda zibilaren atarian, bigarren euskal haustura nazionala gertatu zen. Aitzitik, haustura horren eragin eta ondorioak ezkutatuta geratu ziren gatazkak euskal abertzale guztientzat izan zuen ondorio negatiboagatik.
1936an guda lehertu zenean, Etartek hogeita bost urte zituen. Bi urte lehenago EAJko militante izateari utzi zion, Eli Gallastegiren, Manu Eguileorren, Manu Sotaren, Jemeinen eta agintari mendigoxale askoren ereduari jarraituz. Etarte zuzendaritzako kide zela, EMBk galdeketa bat egin zuen hainbat politikari ezagunen artean, euskal herritarrek Espainiako guda batean parte hartu behar zuten ala ez erabakitzeko. Gehiengoak ez parte hartzea hautatu zuen. Galdeketaren emaitzarekin eta parte hartze horren ordainetan, mendigoxaleek Etarte bidali zuten Jose Antonio Agirrerekin hitz egitera. Bere bisitaldian, abertzale gazteak «eskarmentu handiko» politikariari irtenbide independentista bat proposatu zion, Madrilgo Gobernuarekin euskaldunen parte hartzea negoziatzen ari baitzen. Honakoa adierazi zuen gero: «Aguirre ikustera joan nintzen, deskargatu baino lehen, mendigoxaleek armen lehendabiziko partida bahitu zezaten iradokitzeko. Hala, abertzaleen eta independentismoaren nagusitasuna bermatuko zen. [Baina] Aguirre asaldatu egin zen: hori Fronte Popularra saltzea litzateke. Nik, hogeita bost urte besterik ez banituen ere, honakoa erantzun nion: Ezagutzen dudan traizio bakarra nire aberriari egiten zaiona da».
Ezezko hori jasota, mendigoxaleek ez zuten Euzko Gudarostean parte hartzea beste aukerarik izan, errepublikano-espainiarren esanetara. Bi batailoi osatu zituzten, eta Espainiako Gobernuak, esker ona adierazteko, Autonomia Estatutua onartu eta Manuel Irujo Espainiako koalizio gobernuaren kidetzat hartu zuen. Momentu horretan bertan, Luis Aranak bere anaiarekin 1895ean sortua zuen Euzko Alderdi Jeltzalea utzi zuen
EAJ eta PSOEren artean adostutako mobilizazio horren baitan, Trifon Echebarria gainerako mendigoxaleekin kuarteleratu zuten. Handik gutxira, baina, aldizkako argitalpen baten zuzendaritza eman zioten, eta bere egiteko berria euskal batailoiei informazioa helaraztea zen. Aldizkari berri hori, Patria Libre izenekoa, Jagi-jagiren ordezko bilakatu zen egiazki, 1936ko uztailaren 18an argitaratzeari utzi baitzioten. Zailtasun nabarmenekin, aldizkari berriak hamabost zenbaki argitaratu zituen, 1937ko apirilaren 25era arte. Etartek Jagi-jagiren eduki nagusiak berriro lantzeko baliatu zuen. Bere editorialen helburua «aske bizi nahi duen gure herri zapalduaren ahotsa ozenki altxatzea» zen, bere hitzetan. Horrekin loturik, eztabaida ugari izan zituen Euzko Jaurlaritzarekin eta, dirudienez, Herrizaintza sailaren zentsura ere pairatu zuen.
Gerraren ondoren, Etarte espetxean sartu zuten bere kide askorekin batera. Epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten, matxinada militarrean parte hartzea leporatuta. Sei urte espetxeratuta igaro eta gero, indultua jaso zuen, gainerakoekin batera 1943an, alemaniarrek El Alamein-en galdu eta gero eta presio anglo-amerikarrak armada frankistaren izaera errepresiboa apur bat arindu ondoren.
Menperatutako hainbat gudari bezala, Etarte baldintzapean geratu zen aske. Bere ideia politiko eta sozialak mantendu zituen eta erresistentzia formatu arin bat berrantolatzen saiatu zen, berrogeiko hamarkadako errepresio frankista basatiaren baitan. Mendigoxaleek harremanetan jarraitu zuten, bilerak egin zituzten eta erregimenak preso zituen aberkideei laguntza materiala helarazten saiatu ziren.
Berrogeita hamargarren hamarkadaren bukaeran, beste kide batzuekin batera, Etarte kartzelan sartu zuten «Estatuaren kontrako jarduera ilegalak» egitea leporatuta. Horrek, ordea, ez zuen mendigoxale gaztea kikildu, eta laster hasi zen presoei laguntza eskaintzeko talde klandestino batean: Euzko Abertzale Laguntza. Presoei edo beren senideei laguntza materiala eskaintzeko sortutako taldea zen, frankismoaren olatu errepresibo bete-betean.
Hirurogeiko hamarkadaren bukaera aldera, Euzko Abertzale Laguntzak hamabi-bat talde eta alderdiren ardura zuen, tartean EAE-ANV, EAJ, ETA (Euskadi Ta Askatasuna), Jagi-jagi, ELA-STV, etab. Haien jarduera nagusia militante eta jarraitzaileen artean dirua jasotzea zen, epaiketa gastuei aurre egiteko, edota beharrak zituzten senideei eskura emateko. Erakunde horrek bere gain hartu zituen ETAren zuzendaritzaren kontrako Burgosko prozesu ezaguneko defentsa abokatu taldearen gastuak (1970).
Franco hil eta gero (1975), mugimendu herrikoi bati hasiera eman zitzaion, erregimenak zigortutako politikari eta sindikalista guztientzat amnistia osoa eskatzeko. Echebarriak mugimendu horretan ere parte hartu zuen. Amnistiaren Aldeko Batzordearen lana oso nabarmena izan zen eta Etarte izan zen bere kide ospetsuenetakoa. Sortzaileetako bat izan zen, zuzendaritzako kide, diruzain eta zuzeneko parte hartzea izan zuen Amnistiaren Aldeko Astea deitzen eta antolatzen, 1976ko iraileko manifestazioan edota 1977ko ekaineko hauteskundeen bezperan hautagaiek San Antonen egin zuten itxialdi-protestan. Horregatik guztiagatik akusatu, atxilotu eta zigortua izan zen.
Bere jarduera eta ekimen militanteez gain, frankismoak iraun bitartean, Etartek bere idazle eta kazetari jardunarekin jarraitu zuen. Jose Mari Erraztirekin batera, Enbor aldizkaria sortu zuen. Bertan, zentsura gogorra saihestu eta euskal erresistentziaren izpiritua eusten saiatzen ziren beste abertzale batzuen artikuluak argitaratzen zituzten, hala nola, Eguileor, Altuna, Orixe, eta abar. Argitaratu zen urteetan, 1962 eta 1964 artean, bereziki Etarte aritu zen lanean, bertako idazle eta editorea baitzen. Bere ekarpenak garai hartako literatur politiko eta sozialaren erakusgarri dira. Behin betiko debekatu zuten arte, Enbor ezinbestekoa izan zen ulertarazteko nolako arazoak zituzten euskal historiak, kulturak eta hizkuntzak baldintza normaletan hedatzeko.
Frankismoa bukatu ondoko urteetan, prentsa abertzale berria agertzearekin batera (Deia, Egin), Etartek euskal auziari heldu zion aldian-aldian idazten zituen artikuluetan, kezka independentistari arreta berezia eskainiz. Hainbat konturi buruz zuen iritzia ezaguna da: Nafarroako eztabaida historikoa, Baionako akordioa eta bestelako gain entzutetsuak, hala nola Amnistia, fronte nazionala eta abar. Horrez gain, hainbat eztabaidatan parte hartu zuen: autonomisten eta independentisten artekoan, hauteskundeen parte hartzeari buruzkoan eta are garaiko korapilatsuena zen Lemoizko zentral nuklearrari buruzko eztabaidan. Bere artikuluetako batzuk abertzale ezagunen urteurrenak gogoratzeko dira, hala nola, Sabino Arana edota Telesforo Monzon.
Etartek idatzitako azken artikuluak, 1978an, Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratu ziren. Euskal abertzaletasunaren muinari buruzkoak dira, eta Aranaren sortzezko ideia independentistak berreskuratzen ditu. Berrogeita bost urteko militantziaren ondoren, eta hainbat artikulu politiko idatzi eta gero (1933-1978), Etartek bere iritzien erroetara jo zuen, «Euzkotarren aberria Euzkadi da» hasierako doktrina berrartuz. Euskal abertzaletasunaren printzipio sendoena, adierazgarriena eta sinpleena hori dela defendatzeko idatzi zuen, autonomismo berriaren desbideratzeak kritikatu zituen eta atsekabea agertu zuen antzinako alde eta bereizketa berberak errepikatzen zirelako.
Obrak
Trifon Echebarriak ehunka artikulu idatzi zituen hedabide abertzaleetan: Euzkadi egunkarian (1933), Jagi-Jagi (1932-1936) eta Patria Libre (1936-1937) astekarietan, Enbor (1960-1966) eta Punta y Hora de Euskal Herria (1977- 1978) aldizkarietan eta Deia eta Egin egunkarietan (1977-1998). Bere argitalpenen hautaketa bat da honakoa:
«La sobra de Sabin», Euzkadi, 1933ko azaroa.
«La familia obrera», Jagi-Jagi, 59, 1934ko urtarrilak 2, 3. or.
«La familia obrera (continuación)», Jagi-Jagi, 60, 1934ko urtarrilak 6, 6. or.
«¡Capital sí, Capitalismo no!», Jagi-Jagi, 62, 1934ko urtarrilak 27, 8. or.
«¡Muera el capitalismo!», Jagi-Jagi, 1934ko urtarrilak 7.
«Qué es la cuestión social», Jagi-Jagi, 64, 1934ko maiatzak 10, 7. or.
«Masas socialistas», Jagi-Jagi, 65, 1934ko maiatzak 19, 6. or.
«Masas católicas», Jagi-Jagi, 66, 1934ko maiatzak 26, 6. or.
«Capitalistas católicos», Jagi-Jagi, 68, 1934ko ekainak 9, 2. or.
«¡Farsantes, fariseos!», Jagi-Jagi, 70, 1934ko ekainak 30, 5. or.
«Capitalismo y orden social», Jagi-Jagi, 72, 1934 uztailak 14, 6. or.
«Catalunya por su independencia», Jagi-Jagi, 75, 1934ko abuztuak 4, 6. or.
«Obligaciones de la propiedad», Jagi-Jagi, 76, 1934ko abuztuak 11, 5. or.; 78, 1934ko abuztuak 25, 5. or.; 80, 1934ko irailak 8, 5. or.; 81, 1934ko irailak 15, 6. or.
«Hoy como ayer, y siempre igual», Jagi-Jagi, 77, 1934ko abuztuak 18, 5. or.
«Responsabilidad y disciplina», Jagi-Jagi, 83, 1935eko azaroak 30, 3. or.
«Sinceridad», Jagi-Jagi, 100, 1936ko maiatzak 9, 2. or.
«Aspectos económicos y sociales del País Vasco» (sobre sociología vasca), in ZABALA ARANA, J. de, El Euzkera: ¿qué es y qué ha sido?, Bilbo: Ellacuría, 1963, 18-23. or.
«Instituciones jurídico-sociales en el Derecho vasco» (los alcaldes de ferrerías), in ARANA GOIRI, S., Pliegos euskeralógicos, Bilbo: Ellacuría, 1963, 35-39. or.
«Aspectos económicos y sociales del País Vasco» (defensa de los Fueros), in Errizale. Pacem in terris, y nosotros, vascos, Bilbo: Ellacuría, 1964, 28-37. or.
«Carta a Sabino Arana-Goiri», Punto y Hora de Euskal Herria, 166 (1987ko azaroaren 30etik abenduaren 6ra), 49. or.
Bibliografia
FRASER, R., Recuérdalo tú y recuérdalo a otros. Historia oral de la guerra civil española, Barcelona: Crítica, 1979, 2 libk. (I, 264. or.; II, 335-336. or).
LORENZO ESPINOSA, J. M., «Trifón Etxebarria “Etarte”: una biografía nacionalista», in ZENBAITEN ARTEAN, Nacionalismo vasco: un proyecto de futuro con 110 años de historia (artea): Sabino Arana Kultur Elkargoa, [1998], 12 libk., I. libk., 135-146. or.
LORENZO ESPINOSA, J. M. eta RENOBALES, E., Trifon Etxebarria «Etarte» 1912-1998. Biografía de un abertzale, EHK. Euskal Herriko Komunistak, Online arg.: https://abertzalekomunista.net/es/relato-historico-2/historia-del-mlnv/biografias-proceso-de-liberacion/671-trifon-etxebarria-etarte (2021eko uztailak 10).





