Karguak eta lanbideak
Legelaria.
Ibilbidea
San Nicolas elizako bataiarrian Jose Mariak Enrique, Serapio eta Luis izenak ere jaso zituen. Ziurrenik, Jose Maria Angulo eta Maria Dolores Hormaza Puenteren seme nagusia izan zen. Gurasoen abizenei erreparatuta, familia jatorriz Enkarterrikoa zela ematen du. Bost anai-arreba zituen: Maria Josefa (1855an jaio eta 1862an hil zen), Romualda (1857), Ramon (1859), Estanislao (1861) eta Concepcion (1863). Jose Mariaren heriotza dataren inguruko daturik ez da ezagutzen, baina 1927an bere azkeneko artikulua argitaratu zuen, eta 1936an bere azken lana argitaratu zenean ere bizirik zela pentsa liteke. Laurogeita lau urte lituzke orduan.
Bere egoera zibilaren gaineko daturik ere ez dago, baina litekeena da ezkongabe bizi izan zela. Ez dakigu non egin zituen goi mailako ikasketak; agian, Madrilen edo Valladoliden. Ezagutzen diren datuek Bigarren Karlistaldian egin zituela pentsatzeko aukera zabaltzen dute. 1876an aurkeztu zen Zuzenbide administratibo, zibil eta kanonikoan lizentziatu bezala, eta 1888. urtea baino lehen, udal Zuzenbideari buruzko tesi bati esker, doktore titulazioa eskuratu zuen Unibertsitate Zentralean, hori baitzen graduaren ziurtagiria egiteko baimena zuen bakarra. Bilboko Abokatuen Elkargoko kide izan zen, eta hortaz, bere jaioterrian jardun zuela pentsa liteke.
Kazetari bezala egindako lana bi argitalpenetan bildu zuen, baina, horrez gain, bere ospea historia politiko eta instituzionalari buruzko bi lani esker lortu zuen.
1876an, hogeita lau urte zituela, Jose Maria Angulok Sucinta exposición de la historia, legislación, régimen administrativo y estado actual de las Provincias Vascongadas argitaratu zuen. Militante foruzale bizkaitar baten lana da, beste asko bezala, azken Karlistaldian Espainian sortutako Euskal Foruekiko jarreraz jabetu, eta, Canovasen helburuak aurreikusita, gizartea ohartarazten saiatu zen, etorriko zenerako prest egon zedin. Testuan eragin nabarmena izan zuen izpiritu militante eta apologetikoaz haratago, liburuaren zati batzuek informazio baliagarria biltzen dute. Angulok hiru zati handitan banatu zuen bere lana: historia, legedia eta administrazio erregimena.
Bizkaiko historiari eskainitako zatia ez da oso interesgarria, orduko hartan jakina zena biltzea besterik ez baitzuen egin, inolako originaltasunik gabe. Aro garaikideko foru literaturaren topikoak lantzen ditu. Bere iturriak, ordea, kontuan hartzeko modukoak dira, pentsatzekoa baita Jaurerriko historia ezagutu nahi zuten zahar eta gazteek horietara joko zutela Sagarminaga eta Labayruren lanak argitaratu baino lehen. Angulok aitortu bezala, Lope Garcia de Salazarren Las Bienandanzas, Aita Henaoren Averiguaciones eta, bere hitzetan, «Bizkaiko Zuzenbidearen historia moduko bat» zen Fontecha y Salazarren El Escudo erabili zituen. Ondoren, Iturrizaren Historia General de Vizcaya eskuizkribua, Historiaren Errege Akademiaren Diccionario geográfico-histórico eta Arangurenen liburuaren lehen liburukia, 1807koa. Bestelako obra berriagoak ere erabili zituen, hala nola Novia de Salcedoren Defensa eta Pedro de Egañaren Breves apuntes en defensa de las libertades vascongadas. Azkena, Juan Bravo de Murillok 1852an izendatutako Foru Batzorde delakoan irakurri zen eta Jaurerriak 1870. urtean argitaratu zuen. Orduko hartan oso ezagunak ziren Barroeta Aldamarren 1864ko hitzaldiak eta Lersundi jeneralaren 1867koa. Baita Antonio de Truebaren lana ere. Horiez gain, Juan Delmasen Guía histórico-descriptiva del Señorío de Vizcaya eta taxu eta sinesgarritasun handiagoa zuen Historia general de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España lanaren 1868ko bigarren edizioaren VIII. liburukia ere erabili zituen.
Argi dezagun bere ikuspegi historikoa soilik bizkaitarra dela, eta ez duela inolako asmorik 1876ko Jaurerriaren mugak gainditzeko.
Legediari eskainitako bigarren atalean, Angulok Forua Bizkaiko gizarteak bere burua gobernatzeko zuen eskubidearen barnean sartu zuen. Herriak bere sistema politikoarekin bat egin zuela azpimarratu zuen, Iparragirrek Gernikako Arbola ereserkiarekin erakartzen zuen jende andana gogoratuz. Erabilgarria da 1875ean egin ziren gastu publiko nagusiak deskribatzen dituen zatia: kleroaren mantenua, bide eta errepideen mantentze lanak, ongintza eta gudaren zorra ordaintzea. Bestalde, zerbitzu militarra xeheki aztertu zuen, salbuespena arriskuan zegoela sentitzen baitzuen. Bake garaian hura defendatu beharra zegoela uste zuen, gerra garaian herrialdeak nahikoa ekarpen egiten baitzuen Estatua defendatzeko «aitaren ordez semea» mobilizazioarekin eta armamentu ugariarekin. Biltegi eta armategiak Jaurerrian zeuden, eta bere gain zegoen tropa hornitu eta elikatzea. Bestalde, Bizkaiak ordena publikoa zaintzen zuen foralen taldearen bitartez, Gipuzkoako mikeleteen eta Arabako miñoien antzeko indar militarra. Gainera, Bizkaiak lankidetza zuen Itsas Armadarekin.
Hirugarren zatia da obrak duen erabilgarriena. Erregimen administratiboaren nondik norakoak deskribatzen ditu, indargabetzearen aurreko urteetan. Bereziki interesgarria da udalei eta euren antolaketari dagokienez, eta, batez ere, probintzia erregimen foralari dagokionez. Batzar eta Aldundiek alor guztietan zituzten ahalmen eta eskumenen berri ematen du, batik bat udalen, ongintzaren edota industria eta komunikazioen kontrolari dagokionez. Batzar nagusiak ohiturazko Zuzenbidean oinarriturik zeudenez, oso baliotsua da foruen garai berri horretan erakunde horri buruz eskaintzen duen informazioa, esaterako, prokuradoreei eta haien estatusari buruz (hautatuak izateko baldintzak, norberaren herrian izendatua izateko moduak —eta herrikako ordezkaritzaren garrantzia instituzionala— eta prokuradorearen estatutuaren xehetasunak). Gainera, batzarra nola garatzen den deskribatzen du (bilera, botereen azterketa, gaien lanketa, hurrengo biurtekorako Aldundi hauteskundeak, etab.).
Angulok arretaz landu zuen Esparterok 1841ean agindutako sistema propioaren hiru erakunde esanguratsuen indargabetzea, foru subiranotasunaren ikuspegitik. Esan nahi baita itsasoko aduanak ezartzea, konstituzio justizia Baskoniara hedatzea eta pase forala bertan behera uztea.
Hamar urte geroago, 1886an, Angulok bere bigarren lana argitaratu zuen, oso ezaguna garai hartan: La abolición de los Fueros e instituciones vascongadas. Liburua argitaratzerako, Foruak indargabe zeuden dagoeneko, baina bere oihartzuna urrutira iritsi zen, ia mende bat geroago, Francoren diktadura bukatu ondoren, hainbat berrargitalpen izan baitzituen (1976 eta 1987an hain zuzen ere).
Angulok 1876ko gerra bukatu ondoren gertatu zenari buruzko bere iruzkin propioekin eraiki zuen bere lana: La Unión Vasco-Navarra egunkarian argitaratutako artikuluekin. Gainera, zegokion glosa gehigarriarekin, lege arau indargabetzaile nagusiak ere eman zituen.
Herrialdeko historiaren funtsezko garai bat bizi izan duela adierazten du, herri bezala Baskonia ulertuz, eta ez soilik Bizkaia. Bere garaikide Sagarminagak aipatu bezala —aurreko belaunaldi batekoa izan arren—, Canovasen politikak areagotu zuen foru probintziek amankomunean zituzten interesen gaineko kontzientzia, eta, ondorioz, Baskonia eta Euskal Herria bezalako kontzeptuen erabilera politikoa bultzatu zuen.
Angulo foruzale liberal moderatu eta integrista erlijiotsuak Madrilgo Gobernuarekin Foruak mantentzeko hitzarmena sinatzen saiatu ez izana leporatzen zien karlistei. Horrekin loturik, eskandalagarria iruditzen zitzaion «Monarkia karlista ala ezer ez, eta pikutara mundua» leloa. Argi zuen gerrak, batez ere bukaera aldera, foruen kontrako kanpaina indartsua abiarazi zuela Estatu mailan. Alfontso XII.ak garaipena eta berrezartze monarkikoaren egonkortzea ospatzeko egin zuen Baskoniako itzulia baino lehen hasi zen, eta erregeak Bizkaitik ateratzean egindako aldarrikapenaren ondoren indar handia hartu zuen. Orduan, Foruen kontrako manifestazioak ugaritu ziren, eta hainbat probintzietako diputazio eta udal Gobernuari eskariak bidaltzen hasi ziren euskal erregimena bertan behera gera zedin. Vae victis eredu hartuta, Forurik ez aldarrikapena sortu zen, eta horren baitan 32 probintzietako beste horrenbeste ordezkari elkartu ziren Madrilen indargabetzea eskatzeko. Ezer gutxi egin ahal izan zen herrialdean batzuen eraginez sortutako asaldura baretzeko: euskal foruzaleek Madrilen sortu eta Miguel Loredok zuzendutako La Paz egunkariaren predikuak ez ziren nahikoa izan, ezta ere krisialdi garaian agertutako autogobernuaren aldeko eskuorri eta obrak; guztiak aipatzen ditu Angulok.
Madrilgo Gorteetan bi hilabete eta erdi lehenago egindako Legearen aurka, ez zuzenean eta ezta zeharka ere, hura ezartzen inolako laguntzarik ez ematearen inguruan sortutako erresistentzia jarreraren urratsen berri zehatza eman zuen Angulok. Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten, 1876ko urriaren 4an. Ordurako, ordea, Canovasek tinko eutsiko zion bere jarrerari. Aranda gobernadorea Jaurerrira iritsi eta Batzar Nagusiek hitzarmen errituala egin zezala eskatu ziotenean —korregidore bezala—, bere aukerari buruz galdetzeko idatzi zion Gobernuko presidenteari. Honakoa izan zen telegraman jasotako erantzuna: «Ez dezala berorrek halako hitzarmenik sinatu. Hala ere, sinatu balu bezala, har beza agintea, eta berorren agintea ezartzeko orduan trabarik aurkituko balu, deusezta bitza eta, beharrezkoa balitz, utz beza Diputazioa bertan behera; eta, Diputazio berri bat izendatu artean, har beza bere gain probintziaren administrazioa».
Angulok foruen indargabetzean emandako urrats guztiak jaso zituen xeheki, armada okupatzailearentzako ogi horniketa arazotik eta Gobernuak probintziako diru-kutxen erdia konfiskatu zuenetik hasita. 1877ko apirila eta maiatzean Batzarren eta Aldundiaren desegite behartua iritsi zen eta trantsiziorako gobernu talde bat izendatu zuten, zeinari foral terminoa erabiltzea debekatu baitzioten. Abenduan Arabako eta Gipuzkoako erakundeak bertan behera utzi zituzten. Hurrengo urteko otsailean ezarritako Kontzertu Ekonomikoaren harira, Angulok ohar bat idatzi zuen hori kalterik arinena zela esanez.
Garrantzia eman zion Gobernuak berme konstituzionalak kendu izateari eta Foruak kendu bitartean ezarritako setio egoerari. Horregatik eskaini zion horrelako arreta Gorteetan 1877ko urtarrilean gertatutako eztabaidari. Bertan berme konstituzionalen Lege Proiektuaren gainean aritu ziren. Gerra bukatua zen jada, eta espainiar Estatu osoan bermeak berrezarriak izan ziren, ez, ordea, Baskonian, beste hiru urtez bertan behera geratu baitziren; Nafarroan partzialki. Hala eta guztiz ere, haiek berreskuratzea ez zen erraza izan, herrialdearen okupazioaren ardura zuten gobernu buruak ez baitzeuden ados. Gorteko aurrerakoi demokratikoek ere antzeko jarrera izan zuten, 1880an Madrilen argitaratutako manifestuak aditzera eman zuenez, indargabetutako Foruen kontrakoa.
Angulok arreta handiz jarraitu zituen Canovasek izendatutako probintzia agintari berriek emandako urrats eta neurri guztiak, beren buruari moldagarri esaten zioten horienak. Oro har, eliteetako sektoreen ekintzak ez zituen oso ongi ulertzen, bi alderdi liberalen ordezkari ziren txandako Gobernu presidenteekin elkarlanean aritu baitziren.
Historiaren ikuspegitik, zuzenbideak eta pentsamendu politikoak nolabaiteko garrantzia dute bere egunkari-artikuluetan. Batzuk oso zabalak dira, eta gehienak Jaungoicoa eta foruac. Política cristiana izenburupean bildu zituen, 1891. urtean, salbu eta Zuzenbide zibila Estatuan bateratzeari eta foru politikari eskainitakoak. Espainian, hirurogeita hamar eta laurogeigarren hamarkadetako gai legislatibo nagusiak izan ziren, batetik, alor horretan Estatu guztiarentzako Kode bakarra sortzea eta, bestetik, kode horren baitan lurralde eskubideak non geratuko ziren. Era berean, Jaurerrian kezka zabaldu zen, beren Zuzenbide pribatuaren etorkizuna ez baitzegoen argi. Angulok, bere modura, eztabaida horretan parte hartu zuen, balio gutxiko prentsa artikuluen bitartez. Aitor dakiekeen balio bakarra Bizkaian Zuzenbidearen aplikatzaile batzuen iritzia ezagutzeko aukera ematen dutela da, eta bere lanak iritzi hori sortzen lagundu zuela. Hala, Bizkaiko legediaren dualismoari eskainitako artikuluak (1879), oihartzun handia izan zuen Angel Allende Salazarren lan bati buruzkoak, edota testamentua egiteko askatasunari buruzkoak. Hainbat testu legedia zibila bateratzearekin, Foru Zuzenbidearekin eta Zuzenbide modernoarekin loturik daude zuzenean, eta Kode berria Senatuan nola erabiltzen den aztertzen dute. Jaurerrian gertatutako literatura zibilistaren sorrera ulertzeko testuinguruko giroari begiratzea besterik ez dago.
Politikaz den bezainbatean, euskal batasunari buruzko aipamenak egin zituen, eta baita zentralismo eta erregionalismoari buruzkoak ere. Bere doktorego tesiaren ikergaia zen udal auziaren gaineko interesa agertzen jarraitu zuen, hainbesteraino, non aipatu berri dugun lanaren bigarren edizio handituaren goiburuan ere gaia aipatu zuen.
Hogei urte geroago (1911), bigarren liburukia argitaratu zuen, udal auziari buruzko hainbat artikulurekin, ondotik foru erregimenari heltzeko. Bere ideiak zabaltzeko asmo horrek gai berei buruzko hirugarren liburuki bat argitaratzera eraman zuen. 1936. urtean aurreko bi gaiak bakarrean uztartu zituen. Azken bertsio hori lagun eta ezagunen artean banatzeko edizio laburra zen. Testu gehienak 1891, 1892 eta 1893 urteetakoak dira. 1904 eta 1908 urteak ere oso emankorrak izan ziren.
Obrak
Sucinta exposición de la historia, legislación, régimen administrativo y estado actual de las Provincias Vascongadas, Bilbo: Imp. de Agustin Emperaile, 1876. Online arg. Sancho el Sabio Fundazioa; https://www.euskalmemoriadigitala.eus/handle/10357/1736 (2021eko maiatzak 29).
La abolición de los Fueros e instituciones vascongadas, Bilbo: Tipografía de José de Astuy, 1886. 2. arg. Tipografía de José de Astuy, Bilbo, 1911. Online arg. Sancho el Sabio Fundazioa: https://www.euskalmemoriadigitala.eus/handle/10357/1683 (2021eko maiatzak 29).
La abolición de los Fueros e instituciones vascongadas: en torno a un centenario, 1876-1976, Donostia: Auñamendi, 1976. Idoia Estornes Zubizarretaren hitzaurre garrantzitsua du. Faks. berrarg., Biblioteca del Bascófilo, Leioa: Gerardo Uña, 1987.
Jaungoicoa eta foruac: artículos de política cristiana, política fuerista y miscelánea, escrito en diferentes publicaciones, Bilbo: Tipografía de José de Astuy, 1891. Berrarg. 1911. urtean editorial berean Artículos de régimen local y miscelánea izenburupean, II. liburukitzat hartua.
«La Hacienda de nuestros abuelos y la nuestra», El Centenario: revista destinada a conmemorar la sexta centuria de la fundación de Bilbao, III, Bilbo: Casa de la Misericordia, 1900, 25-27. or.
Jaungoicoa eta foruac. Tomo III: artículos de régimen local y miscelánea escritos en diferentes publicaciones, Bilbo: Imp. y Lib. de J. Santos, 1921.
Jaungoicoa eta foruac. Artículos de régimen local escritos en diferentes publicaciones, II. libk., 2. arg. handitua, Bilbo: Escuelas gráficas de la Santa Casa de Misericordia 1936. Hitzaurrean eta azken orrialdean jasotakoaren arabera, edizio hau II. liburukitzat hartu da II. eta III. liburukien uztartzea delako.
Bibliografia
ARZAC ALBERDI, A., La abolición de los Fueros e instituciones vascongadas liburuaren aipamena, Euskal-Erria, XV (1886), 470-471. or.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., «Angulo y de la Hormaza, José María», Auñamendi Eusko Entzikopedia. Online arg.: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/angulo-y-de-la-hormaza-jose-maria/ar-1124/ (2021eko maiatzak 29).





