Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ALLENDE SALAZAR MUÑOZ DE SALAZAR, Angel (Gernika, Bizkaia, 1854ko irailak 24 – Madril, 1885eko martxoak 18).

Karguak eta lanbideak

Artxibozaina, bibliografoa, legelaria eta historialaria. 

Ibilbidea

Angelen aita Manuel Maria Allende Salazar y Loizaga zen, Busturiko merindadean errotua, zehazki, Lumoko elizatean. Ama, aldiz, Angelez Muñoz de Salazar y Martorell zuen, Andaluziako familia aristokratiko bateko kidea. Senar-emazteek, gutxienez, zazpi seme-alaba izan zituzten.

Aita, Montefuerteko kondea, ondare handiaren jabe zen. Oinordetza auzi baten ondoren, familiaren ondasun ugari bereganatu zituen, era guztitakoak. Besteak beste: Lumoko patronatua, Arratzuko kopatronatua eta allende salazartarrek aro garaikidean ezkontza politika arrakastatsu bati esker eskuratutako hamaika maiorazko. Maiorazkoak merindadean aspaldi indartsuak ziren abizenenak ziren: Albiz, Mezeta… Bestalde, amaren aldetik Andaluziako hainbat jaurerri eta ondasun jaso zituen, diru kopuru handiarekin batera. XIX. mendeko lehen erdialdera, familia ondasunen partzuergo hori hainbatek aristokrazia bidezko aliantza eusko-andaluziar bezala ezagutu zutenaren eredu argia zen.

Manuel Maria, Montefuerteko kondea, Lumoko ordezkari izan zen Gernikako Batzar Nagusian, ia etenik gabe, 1839tik 1870era arte. Jaurerriak konfiantza zuen beregan, eta zeregin ofizialetan aritu zen Madrilen, hein batean 1851. urtean bizi arteko senatari izendatu zutelako Gaztelan. 1876ko apirila eta maiatzean, lan erreformari buruz Canovasekin hitz egiteko ardura zuen Batzar Nagusien euskal komisioko kide izendatu zuten, Sagarminagarekin batera. Hurrengo urtean senatari izendatu zuten, bizi arterako.

Bikoteak izan zituen seme-alaben artetik zazpigarrena, Juan (Gernika, 1856 – Madril, 1929), garrantzi handikoa izan zen Espainiako politikagintzan: nekazaritza ingeniaria, Markinako diputatu hogeita zortzi urterekin, geroago, Madrilgo alkate izatera iritsi zen, eta Ogasuneko Ministro izendatu zutenetik, hainbat sailetako arduradun izan zen gobernuak aldatu ahala (Instrukzio Publikoa, Estatua…); horiez gain, bi aldiz izan zen Gobernu Kontseiluko presidente: 1919. eta 1921. urteetan.

Angel 1854. urtean jaio zen, Juan anaia baino bi urte lehenago, eta litekeena da bera seigarrena izatea. Egun, ez dakigu non egin zituen lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak, akaso, irakasle pribatuekin egin zituelako. Azken Karlistaldian (1872-1876), litekeena da familiak Gernikatik Madrilera alde egin behar izatea, liberalak zirelako. Ziurrenik, horregatik gaitzetsi zituen Angelek tradizionalismoa eta karlismoa bere bizitza guztian zehar. Bere ikasketak Unibertsitate Zentralean egin zituen, emaitza bikainak eskuratuz. 1875ean Filosofia eta letretako lizentziatura eskuratu zuen aparteko sari eta guzti, eta 1878ko ekainean doktore titulua lortu zuen euskal literaturaren izaera orokorrari buruzko disertazio bati esker. Garai berean, Zuzenbide zibil, kanoniko eta administratiboko lizentziatura burutu zuen, eta aurrerago, ezagutzen ez dugun data batean, doktoretza. Goi-mailako Diplomatika eskolan ere ikasi zuen, eta hainbat ikasgai egin zituen Medikuntza, Farmazia eta Zientzia Fakultatean. Argi dago giza-ezagutzaren alor guztiekiko zuen jakin-mina izugarria zela.

Angel gazte hil zen, hogeita hamar urterekin. Carmen Zaragoza y Ayllonekin ezkondu zen (†1928) eta harekin haur bat izan zuen hil baino hiru urte lehenago, hots, 1882an. Hura ere Gernikan jaio zen eta Juan izena eman zioten, osabaren atzetik. Herribilduan jarraian hiru belaunaldi jaio izateak argi adierazten du allende-salazartarrek herriarekiko sentitzen zuten lotura sakona. Semea ere aitaren ildo ikertzaileari lotu zitzaion, eta Espainiako bibliografo eta artearen historialari ospetsuenetako bat izan zen –1930ean San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide izendatu zuten–. Bereziki aditua zen euskal arteari eta bertan erabilitako jantzi tradizionalei zegokienez. Eragin handia izan zuen Eusko Ikaskuntzaren Historia sailean. 1938an hil zen. Noizbait, «bere familiatik jasotako errenta xumeak» kontsignatu zituen, apika, testamentuan ondasunak banatzerakoan, bere aitona zen Montefuerteko kondea ez zelako oso eskuzabala izan ez bere errainarekin, Angelen alargunarekin, ez eta bere bilobarekin ere.

Angel Allande Salazarrek jardunean emandako hamabost urte eskasetan lau alor nagusi bereiz daitezke: lehenik, liburuzain, artxibozain eta antikuarioen Talde Fakultatiboko kidetza; ondoren, Jurisprudentzia eta Legegintzaren Errege Akademian eta beste erakunde batzuetan, irakasle aritzea zen edota ekoizpen zientifikoaz arduratzea; eta, azkenik, Madrilgo Kongresuan aritzea, Gernikako distrituko diputatu akta jaso baitzuen.

Liburuzain eta artxibozain jardunaz den bezainbatean, Simancasko Artxiboko hirugarren graduko laguntzaile izendatu zuten 1876an. Urte hartan bertan, Artxibo Nazionalera aldatu zen, eta handik, berehala, Goi-mailako Diplomatika Eskolara. Eskola horretan, irakasleen klaustroak aho batez erabaki zuen Antzinaroko eta Erdi Aroko Geografia katedra bere esku uztea, Espainian aditu bezala. Ondorengo urteetan (1875 eta 1879 artean), Arte Ederren Historia eta Paleografia Orokorreko katedretan ordezko aritu zen. Bere adinari begiratuta, harrigarria da Boletín Histórico aldizkariaren sorreran parte hartu izana, 1880an. Aldizkari horrek Lehen Berrezartzearen inguruko informazio bibliografikoa eskaintzen zuen. Ekimen horrek gorago aipatu dugun Liburuzain eta Artxibozainen Taldeko hainbat kide bildu zituen, garai hartako espainiar kulturako pertsona esanguratsuenetakoak. Besteak beste, Eduardo de Hinojosa, Jose Villamil eta Marcelino Gesta. Aldizkari horren edizioak Goi-mailako Diplomatika Eskolan zuen egoitza eta «Espainiako kultura eta zientziari egindako ekarpen aberasgarrienetakoa» izan zen askorentzat. Boletín Históricon kolaboratzaile aritu ziren Menendez Pelayo, Fernandez Guerra, de la Fuente, Aita Fita, etab. 1881etik aurrera, Allende Salazar ezinbesteko bihurtu zen, Gestarekin batera kudeatu baitzuen argitalpena. Boletín Histórico hilabetekaria zen, eta urte osoko argitalpenen orrialdeak jarraian ematen zituzten. Allande Salazar hil zenean, zenbaki berezi bat atera zuten bere omenez.

Hasierako garai horretan, 1876an, bere lanarekin loturik saria eman zion, aho batez, Biblioteka Nazionalak memoria bategatik: «Escritores vascongados. Ensayo de datos biográficos y bibliográficos referentes a los escritores de Vizcaya, Guipúzcoa y Álava». 1880an bigarren memoria bat prestatu zuen Bizkaiko idazleei buruz: «Escritores vizcaínos. Ensayo biográfico-bibliográfico». Azken hori Biblioteka Nazionalaren lehiaketara aurkeztu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan. Bi saiakera lanak argitaragabe geratu ziren, alor hori lantzen jarraitu zuelako eta bi memoria horiek Biblioteca del Bascófilo bildumaren baitan bildu zituelako. Horixe izan zen gai horri buruz egin zuen lanik garrantzitsuena, eta bera hil eta hiru urtera argitaratu zen. Pentsatzekoa da oso gazterik hasi zuela bilketa bibliografikoa, Estatuko hiriburuko, Baskoniako eta norbanakoen liburutegi eta artxibo nagusietan kontsultak eginez.

Eskain diezaiogun tartetxo bat Biblioteca del Bascófilo. Laurac-bat lanari buruzko zertzelada gutxi batzuk emateari, euskal kulturaren bilakaeran leku nabarmena baitagokio. 1888an argitaratu zen Estatuaren laguntzarekin, eta bere anaia gazteak, Manuelek, zuzendu zituen inprenta frogak bere heriotzaren ondoren. Hainbat ezaugarrik egiten dute berezi eta bikain. Lehenik eta behin, informazio iturri aberatsa da, 500 orrialde inguruan ia 2.000 erreferentzia jaso baitzituen. Bestalde, Nafarroa sartu izanak argi erakusten du urte horietan Baskonian emandako aldaketa azkarra etorkizun etnikoari dagokionez. Eta, batez ere, Allende Salazarrek obraren Sarreran eta baita gorputza sortzerakoan ere erabilitako izaera zientifikoa eta bibliotekonomiaren ezagutza kontzeptual zehatzak. Materialak hainbat hurrenkera jarraituz sailkatu zituen: ekonomikoa, zientifikoa, artistikoa, linguistikoa, lexikologikoa, gramatikala eta gizarte harremanak (legedia). Historiaren alorraren barnean, genealogia eta biografia bereizi zituen. Erreferentzia esanguratsu asko informazio osagarriz jantzi zituen eta bere iritzia eta beste askorena txertatu zuen. Obraren bukaeran materialen eta autoreen araberako aurkibideak daude. Haren atzetik Vinsonen (1891 eta 1898) eta Sorarrainen bibliografiak etorri ziren. Ordutik ehun eta hogeita hamalau urte igaro dira, eta Allende Salazarren obrak XIX. mendearen azken laurdeneko Euskal bibliografiaren auziaren egoera ezagutzeko parada ematen du oraindik.

Sozializazio eta kultura zein zientzia jarduerarako bigarren alorra Jurisprudentziaren Errege Akademiaren baitan aurkitu zuen Allende Salazarrek. Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, harrigarria suerta daiteke hamazazpi urterekin horrelako erakunde bateko kide izatea, batez ere ibilbide profesionala kontuan hartzen bada. 1871. urtean sartu zen, agian, aitaren eragin edo laguntzari esker, aurretik harremanetan jarri zirelako. 1872 eta 1874 urteetan Zuzenbide Zibilaren Sailean idazkari eta presidenteorde izan zen; 1875etik 1877ra Akademiaren idazkari nagusi; 1877tik 1879ra Gobernu Batzordeko kide; 1880tik 1882ra Gobernu Batzordeko ikuskari eta Jardunbide Forentseko Sailaren presidente; eta, hortik aurrera, Akademiako hirugarren presidenteorde. 1881etik aurrera, gainera, Kongresuko diputatu ere izan zen. Akademiaren baitan, argi zuten berezkoa zuela erakundearen presidentetza, behin urteak beteta, noski. Prestigio handia zuen akademikoen artean. Askotan eskatzen zioten eztabaidarako oinarri bezala balio zuten txostenak prestatzea. Bere lankideek eskuzabala, alaia eta bizia zela zioten. Esaten zuten «ideal handiak maite zituela, eta asko zituela; erudizio handiko gizona zela eta heldua zientziaren alorraz zen bezainbatean». Gainera, «urteei begiratuta gazte zen arren, tribuna honetatik mintzo zenean, sakonki kontzentratzen ginen, txintik ere ez galtzeko». Izan ere, paleografiari, teoria bibliografikoari, arkeologiari, fisiokratismoari, historiari eta beste gai askori buruz osatu zituen memoriengatik, erakundeak sari ugari eman zizkion.

Espainiako Zuzenbide zibilaren kodeketa prozesua pil-pilean zegoenean, 1878. eta 1879. urteetan Allende Salazarrek bi artikulu idatzi zituen. Lehena kodifikazio zibilari eta foru legediari eskainia, eta bigarrena Bizkaiko legegintza bikoiztasunari, hiru probintzietako eta are Baskonia osoko Zuzenbide zibila egituratzeko proposamen bat eskainiz. Harrigarria da hogeitahiru eta hogeitalau urteko gazte batek indarrean zegoen statu quoarekin talka egiten zuten azken tesiak formulatzea: Estatuko lurralde legegintza zibilen aniztasuna osoki onartzea eta Baskoniako Zuzenbide pribatua horietako bat izatea. Bi planteamendu horiek zuzenean kontra egiten zioten, batetik, Estatuko Konstituzioari, Espainia osoan Kode zibil bakarra ezartzea agintzen zuelako, eta, bestetik, Euskal Herriko probintzia ordenamendu zibilen berezko inertziari, herrialde osoari eragin ziezaiokeen edozein erreforma debekatzen zuelako.

Baskonia guztiko aldizkariek aipatu zuten Espainiako Legegintza zibilari eta Foru legediei buruzko lehen artikulu iraultzailea, Gorteko bere lankideen begirada zenbatzailetik urrun. Testua legegileak hartutako ildo kodetzaile bateratzailearen kontrako adierazpen irmoa da. Horrekin loturik, idealetan eta konponbide praktikoetan kontrakoak ziren bi eskola bereizi zituen Allende Salazarrek. Batetik eskola estatolatriko edo zentralizatzailea, absolutismo monarkikoaren ondorengoa eta uniformetasuna bilatzen zuena. Angelentzat, eta Tocquevillek ere hala erakutsi zuen, hemeretzigarren mendeko doktrinarismo frantsesa eta zentralizazioa Estatu konstituzionaletan indarrean zegoen halako Antzinako Erregimeneko oinordetza ziren, eta gizarteari kalte nabarmenak ekarri zizkioten. Eskola horren kontrakoa da berak jarraitzen duena, deszentralizatzailea, self-government delakoan oinarritua eta askatasun printzipioaren baitakoa. Bere printzipioak benetako tradizio espainiarraren parte ziren. Akademiko gazteak Madame de Staëlen adierazpena ekarri zuen gogora: «Espainian, askatasuna antzinako kontua da; eta modernoa dena, aldiz, despotismoa».

Allende Salazarrek gizarteko erakunde esanguratsuenak aztertu zituen, eskola estatolatrikoak izandako eragin kaltegarria nabarmentzeko. Esaterako, familia tradizionalean, etxe barruan askatasuna nagusi zen, emakumearen estatusa parekidea eta, ondasunei zegokienez, tronkalekotasun printzipioak agintzen zuen. Eskola horrek eragindako kaltea udalerrietara ere iritsi zela zioen, antzina bizitza propio eta autonomoa baitzuten eta orduko hartan Gobernuaren eta burokratizazioaren menpe zeudelako.

Probintzien izaera instituzionalean ere eragina izan omen zuen, aginte zentralaren ordezkari hutsak izatera igaro zirelako eta erabat haren menpe geratu zirelako. Aurreko hamarkadetan, ohiko ordenamendu zibila arriskuan zegoen, halakorik zuten probintzietan. Guztiarekin ere, Estatuaren batasun politikoa onartzen zuen, are gehiago gerra baten ondoren; baina indarrean zegoen kodifikazio zibilaren kontra zegoen. Berak nahiago zituen mende luzez indarrean egon ziren lurralde sistema zibilak, ongi erakutsi baitzuten bizitza soziala zuzentzeko gaitasuna zutela. Besteren artean Bizkaikoa, nazioartean aintzatetsia baitzen: 1867ko Parisko Erakusketa Unibertsaleko epaimahaiaren Txostena gogora ekarri zuen, hiri hartako Notre-Dame katedraren jarrera, eta baita Gizarte Ekonomia Elkartearena ere, eta, nola ez, Frederic Le Playren argitalpen soziologikoak.

Haien kontra egiteko asmoz, Allende Salazarrek xehetasun handiz deskribatu zituen eskola zentralizatzailearen lau aldaerak. Ildo idealista-kosmopolita baztertu zuen, inportatutako eskola deitu zuenari muzin egitearekin batera. Esklusibistak bereziki baliogabetu zituen, penintsulakoek gaztelarra zena eta espainiarra zena nahasten zutelakoan, eta Gaztelako Zuzenbide zibilaren orokorpenaren aurka agertu zen, besteak beste, etorkizunean Portugal batasun hispaniko baten parte izatea zailduko zuelako –egun, harrigarri suerta badaiteke ere–. Bere ustez, ez zuen zentzurik lurralde legedi bakoitzeko erakunde onargarriagoak korpus bakar batean biltzeak, besterik gabe, gizarte eta zuzenbide printzipioei erantzuten dietelako.

Allende Salazarrek indarrean zeuden bost lurralde legediei Kode zibil izaera ematearen alde egin zuen (sei lirateke, noizbait Portugal batuko balitz). Berezko printzipioak zituzten sistema ezberdinak ziren, elkarren arteko lotura antzeman zitekeen arren. Bere ustez, denbora tarte bat igarota —luzea izan zitekeen— berezko legedi horiek pixkanaka orraztuko ziren eta, agian, antzekoago bilakatuko ziren. Legelari bizkaitar gazteak, hortaz, konfederalismo zibilaren proposamen guztiz originala egin zuen. Argi eta garbi, erabateko testigantza-izaera zuen, pentsaezina baitzen hemeretzigarren mendeko Kode bakarren ohiturari jarraituz hezitako politikoak edo frantziar dogmatika zibilistaren eragina zuten garai hartako hedabide akademikoak bere alde agertuko zirela. Nolanahi ere den, bere lanak Felipe Sanchez Romanen arreta deitu zuen 1890. urtean (1890: 12-21).

Kode zibil propioa izateko aurreko proposamenak honako galdera ekarri zuen: zer egin bi legedi zibil izateraino desegituratuta zegoen Jaurerrian? Nola egin Kode bihur daitekeen objektu legislatibo bat eskura izateko? Allende Salazarrek berehala landu zuen auzia, eta horretarako sakonki erabili zuen Gregorio Balpardarentzat «xehea eta bikaina» zen lan bat (Balparda, 1903: 15). Izan ere, Angulo y de la Hormazarentzat legelari gernikarrak Bizkaiko Zuzenbide zibilaren azterketa kritikoa egitea proposatzen zuen (El Correo Vascongado, 1879ko otsailak 19).

Allende Salazarrek 1879an argitaratu zuen aipatu dugun bigarren artikulua Madrilgo Revista de Legislación y Jurisprudencia aldizkarian. Erakutsi zuenez, pluralitate legislatiboaren adibide ugari aurki daitezke historian zehar hainbat gizartetan, eta Marichalar eta Manriqueren eskutik Bizkaiko bikoiztasun legislatiboaren ernalkuntza ezin hobe eta xehetasunez azaldu zuen. Jaurerria osatzen zuten lurralde blokeei —Bizkaia nuklearraren Lur Laua, Durangaldea eta Enkarterri—, Jaunaren lurretan eraikitako herriak batu zitzaizkien Erdi Aroan. Blokeen arteko elkartasun akordioa 1630ean lortu zen eta horren ondorioz Bizkaia izaki politiko izatera igaro zen, baina konpondu gabeko arazo larria utzi zuen: hainbat jaurerri jaun-erregearen Zuzenbidearen menpe geratu ziren, hau da, Gaztelako Zuzenbidearen menpe, Bizkaiko Zuzenbide pribatutik at.

Allende Salazarrentzat Bizkaikoa bezalako gizarte bat, Zuzenbide publikoa galdu berri zuelako minduta egon arren, Zuzenbide pribatuaren dualtasuna gainditzen saiatu behar zen. 1876ko gizarte eta aberastasun erroldetan oinarrituta, helburu horren alde egiteko arrazoi sendoak aurkeztu zituen. Biztanle kopuruan zegoen aldea ezin zela horretarako traba izan aldarrikatu zuen, hainbat elizatetan herribildu batzuetan bezainbeste biztanle zegoelako; ondasunen ezaugarriak ere ezin ziren oztopo izan (hirikoak edo landakoak), antzeko proportzioa baitzegoen bloke batean zein bestean; ez eta etxebizitzen pilaketa edo sakabanaketa, bi aldeetan ematen baitziren fenomeno biak. Inertzia historikoa ez zen aski dualtasunaren kalteak zuritzeko, izan ere, Zuzenbide forala dagoeneko indarrean zegoen herribilduen erdian eta, ofizialki indarrean ez zegoen horietan ere, herri barrutiaren zati handi batean hala zen. Kontuan izan behar da, 1630ean ere, Zuzenbide zibil bakarra adostea irudipen hustzat hartua zela, eta XIX. mende bukaerako desegituratze juridikoak biziki zailtzen zuela juridikoki ezberdinak ziren udalerrien bat egitea. Horren ondorioz hainbat arazo eta egoera berezi ugari sortu ziren.

Zuzenbide publikoa galduta, noiz arte jakin gabe, Bizkai osoan Zuzenbide pribatua ezartzen saiatu beharra zuten, eta hori arazo larria zen. Gauzak horrela, konponbidea kaltetutako jaurerrietan bertan zegoen: bakoitzak libreki eskatu behar zien Batzar Nagusiei Forua ezar zezatela, 1630ean aurreikusitako prozedurari jarraiki. Gaztelarra baino prozedura askeagoa zen, eta ez zituen horren akatsak. Europan ere haren nagusitasunaz mintzo ziren, eta hala ikusi zuten Fidel de Sagarminagak, Casimiro de Loyzagak eta beste legelari bizkaitar batzuek. Arabak eta baita Gipuzkoak ere zabaltze ekimenarekin bat egin behar zuten. Deigarria izan zen Nafarroako legedia zibilaz egin zuen aipamena, hiru «ahizpa» probintzien eta are Frantziako euskal herriaren antzekoa ere. Kontuan hartzeko aukera zen hori ere. Nolanahi ere, berarentzat, egin beharreko lana Forua jendartean zabaltzea zen.

Legelari teoriko bezala izan zuen zereginaz, Jurisprudentzia Akademiako jardunaz eta bibliografo bezala ekoiztutako lanez haratago (ez ahaztu Biblioteca del Bascófilo ez zela bera hil eta hiru urtera arte ezagutu), bizi zen artean, Allende Salazarri Bizkaian osperik handiena ekarri ziona Madrilgo Diputatuen Kongresuan Gernikako distrituko ordezkari aritzea izan zen. Akademiako kide batek esan zuen erlijiotasun nabarmen batetik —integristatzat uler zitekeena— progresismorantz egin zuela. Egia da Alderdi Liberal fusionistarekin bat egin zuela, 1880. urtean errepublikazaleak ez ziren hainbat alderdi elkartzean sortua. Ardatz nagusia Serrano eta Sagastaren alderdi konstituzionala zen, eta harekin batera Ruiz Zorrillaren alderdi erradikala, «posibilista» castelariarrak eta beste batzuk, tartean hainbat militar. Ikuspegi foruzale bizkaitarretik, Allende Salazarren aukera paradoxikoa zen, Sagasta agintariak argi erakutsi baitzuen 1876ko Foruen Legearen eztabaidan Baskoniari ez ziola kontzesiorik egin behar. Handik gutxira, alderdi berriaren izena soilik liberal izatera igaro zen, eta hasieran halako atxikimendua izan zuen aurreko 1869ko Konstituzioarekiko. Gizonezkoen sufragio unibertsalaren, erlijio elkartze askatasunaren eta botere banaketaren alde egin zuen hasieran. 1881. urtean, Angelek hautapen akta Kongresuan aurkeztu zuen momentuan, Sagasta zen gobernuburua Canovasek proposatutako txandaketa indarrean jarri ondotik.

1881-1882 legealdiaren hasieran, biziarteko senatari zen Montefuerteko kondea, Angelen aita, ganberak irekitzean erregea jaso zuen Gorteen Diputazioko kide zela gogoan hartu beharra dago. Angelek Gernikako diputatu akta beste hiru legealdiz izan zuen, 1885ean hil zen arte, alegia. Hala ere, Kongresuan ez zuen behar bezalako hasiera izan: Angelen hautagai aktak arrabotsa sortu zuen osoko bilkuran, bere baliozkotasuna zela-eta. Hautagai liberalaren bozka kopurua tradizionalistaren bikoitza zen, baina Ortiz de Zaratek, azkeneko horien Gasteizko diputatu beteranoak, Allende Salazarren hautaketa inpugnatu zuen Akta Batzordean, Nabarniz, Arratzua, Arrieta eta Larrauriko hausteslekuetan irregulartasunak egon zirelakoan. Bide batez, aurkeztutako salaketa, eta ondorengo eztabaida, gerra ondoan eta setio egoera kendu berritan Bizkaiko landa eremuan hauteskundeek nola funtzionatzen zuten eta probintzia Diputazio konstituzionalaren eskuhartze partzialaren nondik norakoak ulertzeko oso lagungarriak dira. Angelek Ganberaren osoko bilkuran Ortiz de Zarateri emandako erantzun bikain, kontentagaitz eta are krudelak agerian utzi zuen Errege Akademia bateko presidenteordeak zahartutako diputatu tradizionalistarekin zuen haserrea. Edo, agian, bere ondareak eremu karlistan zituen familia liberal aberats bateko semearen erresumina zen. Egindako defentsan, kontraesanak izan arren, Gernikako parlamentaria modernitatearen eta ilustrazioaren ordezkari bezala agertu zen salatzailearen ideologia zaharkituaren aurrean; monarkismo karlistak eragindako nahasmenduaren aurrean Espainia maite zutenen ordezkari. Egiazki, Allende Salazarrek kezka adierazi zuen foru instituzioen egoeragatik, herrialdearentzat galera kaltegarria zela iruditzen baitzitzaion eta hura aipatzeak berak «begiak malkoz betetzen zizkiolako». Konponbiderik egotekotan, hura soilik euskal liberalen eskutik iritsiko zela esan zuen, Baskoniako gaitz guztiak karlistek eragin zituztelako.

Ustekabean, Ganberaren aitzinean deszentralizazioaren eta self-governmentaren alde agertu zen, baina, gerraondoko beldurraren hamarkadaren hasieran, bazterrean utzi zuen foru aldarrikapen zehatz oro, bere lau legealdietan. Orduko hartan, Foru publikoen aldarrikapenak izaera subertsiboa zuen eta, asmo txarrez, menderatutako karlismoarekin lotzen zen bere arriskua agerian uzteko. Edonola ere, autogobernuaren auzia gogora ekartzeak ezinegona sortzen zuen bere talde parlamentarioko kideen artean, eta baita Bizkaian agintean zegoen sektorearen baitan ere. Bestalde, tradizionalistentzat ez zen oso argia geroz eta ahulagoa zen liberalen borondate foruzalea, Kontzertu Ekonomiko berriaren kudeaketak eskaintzen zizkien abantailak baliatzen hasiak baitziren, eta indargabe utzitako sistema berrezartzekotan, Aldundian zuten boterea galduko zutelako. Allende Salazarrek, hasieran fusionistekin bat egin bazuen ere, uko egin zion bi alderdi dinastikoekin bat egiteari. Egia esan, bere distrituko akta mantentzeko, ez zitzaion komeni.

Kongresuan egin zituen lau urteetan, mahaiko idazkari izatera iristeaz gain, Jaurerriaren garapen ekonomikoaren alde egiten zen ororen ardura izan zuen, batez ere komunikabideekin lotutakoarekin. Esaterako, bere gain izan ziren Bizkaiko bide estuko bigarren mailako trenbide sarea sortzea, errepideen eraikuntza eta portuen konponketa –alor horretan, Parlamentuan izandako esku-hartzeek Bizkaiko portu guztietan izan zuten eragina–. Lanean aritu zen gerran parte hartutako liberalak soldadutzatik salbuesteko onurak ezar zitezen eta sektore horretako kaltetuek pentsio kalte ordainak jaso zitzaten. Udalerriak elkartzen lagundu zuen, Gernika-Lumoren kasuan, agian, bere familiaren interesen hobe beharrez, edota Natxitua eta Bedaroaren kasuan, egungo Ea, publikoki baliagarria zatekeelakoan.

Bere garaikide zen Antonio Arzac zehatzak esandakoaren arabera, Angel martxoaren 18ko gau batez hil zen Madrilen «gaitz oso larri batek jota, herrialdeak bere talentua eta jarduna gehien behar zituenean». Pentsatzekoa da bere jardun parlamentarioak Jaurerriaren portu eta komunikazio interesen alde izandako oihartzunak, eta etorkizunean egingo zuen lanaren gaineko itxaropenak eragina izan zutela bere heriotza goiztiarrak gizartean izan zuen erantzun gogoangarrian. Bestalde, Bizkaiko administrazio konstituzional berriaren inguruko gizona zen. Gernikan ehortz zezaten agindu zuen, bere jaioterrian. Hilotza Madrilgo Norteko geltokitik abiatu zen, eta bertara Diputatuen Kongresuko gala-auto batean eraman zuten, beste 116 autorekin. Probintzia Diputazioko, hiribilduko udaleko eta beste udal eta udalbatza batzuetako ordezkaritza batek jaso zuen hilkutxa Bilbon. Segizioa jaurerriko kaleetan barrena ibili zen, bertako herritarren ikusminaren erdian. Gernikara iritsitakoan, ehun urte baino gehiago dituen haritzaren adar bat jarri zuten hilkutxaren gainean. Dolu-xingola beltz ugari ikus zitezkeen eraikinetan eta eraikitzen ari ziren eskolan pankarta bat jarri zuten Il da aita emengua, Don Angel Allende Salazar zioena. Herriak hala eskatuta, monumentu publiko bat egiteko ekimena sortu zen, eta Markinako udalak bilkura aretoan bere omenezko hilarria jartzea erabaki zuen.

Obrak

Testua gaztelaniaz

Memoria leída en la Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación, en la sesión inaugural de Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación, Madrid: Imp. del Ministerio de Gracia y Justicia, 1876.

«La codificación civil y las legislaciones forales», La Vasconia, revista ilustrada euskaro-americana, año 7, núm. 237 (septiembre de 1878), pp. 258-260 (disponible en la versión digital de la Universidad de Reno, en Nevada); Revista Euskara, año segundo (1879), pp. 33-39 y 64-76; Euskal Erria, t. 19 (2.º semestre de 1888), pp. 109-113, 173-177, 204-209 y 233-237 (el texto ha sido reeditado por Celaya Ibarra, A., El Derecho de Vizcaya antes del Código civil, Bilbao: Academia Vasca de Derecho, 2007, pp. 149-178).

«El dualismo en la legislación de Vizcaya», Revista de Legislación y Jurisprudencia, vol. 27, núm. 54 (enero de 1879), pp. 52-74. Reed. por Celaya Ibarra, A., El Derecho de Vizcaya antes del Código civil, Bilbao: Academia Vasca de Derecho, 2007, pp. 183-205.

«Bascófilo debe escribirse con b y no con v», Euskal Erria, t. 4 (septiembre-diciembre de 1881), pp. 1-8; Revista Euskara, año cuarto (1881), pp. 144-160. Reed. con el título de «Razones por la que basco, Basconia, Biscaya… han de escribirse con b», La Gran Enciclopedia Vasca, 1968, pp. 773-776.

«Ercilla era bizcaíno», Euskal-Erria, t. 3 (mayo-agosto de 1881), pp. 57-58. Reeditado con el título de «Vizcainía del autor de la Araucana», La Gran Enciclopedia Vasca, I, 1966, pp. 301-306.

Laurac-bat. Biblioteca del Bascófilo. Laurak-bat: Ensayo de un catálogo general sistemático y crítico de las obras referentes a las provincias de Vizcaya. Guipúzcoa, Álava y Navarra por—, obra premiada por la Biblioteca Nacional en el concurso público de 1877 e impreso a expensas del Estado, Madrid: Imp. Manuel Tello, 1887. Edic. facs., como Biblioteca del Bascófilo, Leioa: Gerardo Uña, 1982. Ed. facs., Sevilla: Extramuros, 2008. Edición digital de la Fundación Sancho el Sabio de Vitoria-Gasteiz: https://www.euskalmemoriadigitala.eus/handle/10357/1641#&gid=1&pid=8 (consultado el 29 de mayo de 2021).

«Carácter general de la literatura vasca», Euskalerriaren alde, t. 5, núm. 106 (1915), pp. 300-305, 329-338, 358-367, 390-403, 424-434, 491-499, 519-525, 550-555 y 580-585. Discurso pronunciado ante el claustro general de la Universidad Central de Madrid, en junio de 1878.

Bibliografia

ARANA MARTIJA, J. A., «Angel Allende Salazar-ren “Biblioteca del Bascófilo” katalogoaren mendeurrena», Euskera, 32, 2. aldia (1987), [399]-406. or.

AUÑAMENDI. «Allende Salazar Muñoz de Salazar, Ángel de», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://www.euskomedia.org/aunamendi/20594 (2021eko apirilak10).

ITURRIAK

ARZAC, A., «Apuntes necrológicos. D. Ángel de Allende Salazar», Euskal-Erria, 12. libk. (1885eko 1. seihilekoa), 287-288. or.

BALPARDA, G. DE, El Fuero de Vizcaya en lo civil. Estudio crítico del Proyecto de Apéndice del Código Civil que comprende las disposiciones aplicables en Vizcaya y en Álava, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1903.

CONGRESO DE LOS DIPUTADOS. DIARIOS DE SESIONES. Serie Histórica. 1881-1882, 1882-1883, 1883-1884 eta 1884-1885 legealdiak. Arg. Congreso de los Diputados, 2008, 2 CD, 17 eta 18. zk.

ECHEGARAY, C, «Un discurso de Allende Salazar sobre literatura vasca», Euskalerriaren Alde, 106, 5. urtea (1915), 297-299. or.

GESTA LECEA, M., «D. Ángel Allende Salazar», Boletín Histórico, VI (1886), 33-34. or.

MARTÍNEZ ASENJO, L., «D. Ángel Allende Salazar», Boletín Histórico, VI (1886), 34-41. or.

— «Noticias bio-bibliográficas de D. Ángel Allende Salazar», Boletín Histórico, VI (1886), 45-48. or.

SÁNCHEZ ROMÁN, F., La codificación civil en España en sus periodos de preparación y consumación. Estado del Derecho civil en España, común y foral, antes y después de la promulgación del Código civil y trabajos para la formación de algunos Apéndices del Derecho foral (1811 a 1890), Madrid: Sucesores de Rivadeneyra, 1890.

URRUTIA, E. DE, «Allende Salazar, Ángel de, Goyeneche, Jean-Blaise», Euskalerriaren Alde, 19. urtea, 303 (1929ko martxoa), 110-112. Or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP