Karguak eta lanbideak
ORÁA LECUMBERRI, Javier Antonio Marcelino (Marcelino Oraa Lekunberri) (Beriain, Nafarroa, 1788ko apirilaren 28a – 1851ko azaroaren 23a). Teniente jenerala, Filipinetako gobernadore eta kapitain nagusia, gerra-ministroa
Ibilbidea
Marcelino Oráa gisa ezaguna, Juan Bautista Oraa Miguelen eta Joaquina de Lecumberri Irisarriren semea izan zen. 1856an Chivako kondesa eta Oraako bizkondesa titulua eskatu zuen Maria Josefa de Erice Zialzetarekin ezkondu zen (1814ko abuztuaren 18a). Haren seme bakarra, Marcelino, Guardia Errealeko teniente gisa hil zen Lehen Karlistaldian (1836ko maiatzaren 22a).
Familia noblekoa, Marcelino Oraak, oinarrizko prestakuntza osatu ondoren, jurisprudentzia ikasketak hasi zituen Iruñean. Ez dirudi hori ikasteak grin handirik sortzen zionik, baina laster utzi behar izan zuen gaixotasun larri baten ondorioz. Seguru asko, 1808an Independentziaren Gerra lehertu izan ez balitz, familia-ogasuna eramango zukeen.
Gerra hasi zenetik, frantsesen aurkako erresistentzia-ekintza askotan hartu zuen parte. Armen zerbitzuan aritzea erabaki zuen, eta Nafarroan laguntzarik aurkitu ez zuenez, Cuencako Jaurtitzaile Batailoian kadete sartu zuen 1810eko irailean. 1811ko ekainean, Nafarroan borrokatzen ari ziren tropetara igaro zen. Lehen uneetan parte hartu zuen ekintza militarretan erakutsitako balioak bultzatuta, urte horretako uztailaren 5ean kapitain izendatu zuten. 1813ko urtarrilaren 3an Nafarroako Boluntarioen Dibisioko Bosgarren Batailoiko lehen sarjentu nagusia izatera iritsi zen.
Maeztuko eta Gasteizko batailetan nabarmendu zen, 1813ko uztailaren 21ean. Urte horretako uztailaren 25ean Laugarren Armadako Zortzigarren Dibisioko Estatu Nagusiko buru izendatu zuten. Zaragozako setioan parte hartu zuen eta Jacako plazaren hartzea zuzendu zuen, abenduaren 5ean. Ondoren, Erdialdeko Armadara bidali zuten, eta, 1818. urtearen erdialdean, Kataluniara joan zen.
Oráak hainbat misio zuzendu zituen eta 1823an Espainiara iritsitako tropa frantsesen aurka borrokatu zen sistema absolutista berrezartzeko. Indar horien kontrako atzerakadan, Galiziara joan zen, eta lurralde hartako arma- daren abangoardiako agintea bete zuen.
Lehen Karlistaldiaren hasieran, Aragoiko kapitain nagusiak Nafarroara bidali zuen. 1833ko abenduaren 25ean Nazarko batailan parte hartu zuen. Marcelino Oraák bi zutabetan egin zuen eraso abenduaren 29an eta zalditeria karlista erretiratzea eragin zuen. Zumalakarregiren armadaren kontra egindako lanari esker brigadierrera igotzea lortu zuen.
Minaren agindupean jardun zuen 1835ean, eta karlistak bakartzeko operazioak zuzendu zituen, Frantziako mugan zehar harremanak eten baitzituen. Maiatzaren 29an Tomas de Zumalakarregik garaitu zuen Eltzaburun, Ultzama bailaran, eta horren ondorioz, Iruñetik gertu zegoen eremu zabal bat erori zen karlisten eskuetan. Bere jarduera-eremua ia Nafarroara mugatzen bazen ere, uztailaren 1ean Bilboko setioa altxatzeko operazioetan parte hartu zuen. 1835eko uztailaren 12an, tropen agintea utzi eta Iparraldeko Armadako Estatu Nagusiko Buruzagitza hartu zuen, Aragoiko Kapitaintza Nagusira joan zen arte. Mendigorriako batailan egindako lana (1835eko uztailaren 16a) saritzeko landa-mariskal izendatu zuten. Luis Fernandez de Cordoba jeneralaren dimisioaren ondoren, Iparraldeko Armadaren agintea izan zuen bitarte baterako (1836ko abuztuaren 19tik irailaren 24ra).
1837ko martxoaren 4an Aragoiko kapitain nagusi eta Erdialdeko Arma- dako jeneral nagusi izendatu zuten, Valentziako eta Murtziako kapitain nagusi karguez gain. Ramón Cabreraren aurka egin zuen, Errege Espedizioaren aurka, eta 1838. urtearen hasieran Murtzian eta Albaceten Talladako soldadu karlisten aurka borrokatu zen.
Oráa jeneralak Morellaren setioa ezarri zuen 38ko uztailean. Liberalek 2.000 gizon inguru galdu zituzten saialdian, hildakoen eta zaurituen artean. Morellako setioaren porrotak ministerio-krisia eragin zuen Madrilen, eta Gobernuak Oráa jeneralaren ordez zentroko armadaren buru Antonio van Halen landa-mariskala jartzea erabaki zuen.
1840ko maiatzaren 13an Filipinetako gobernadore eta kapitain nagusi izendatu zuten Oráa. Bere agintaldian, 1941eko otsailean hasi zena, bi matxinada indigena garrantzitsu gelditu behar izan zituen: Apolinario de la Cruzekoa eta Samaniego sarjentuarena.
1844ko ekainean itzuli zen Espainiara, eta Madrilgo kuartelera bidali zuten. Biziarteko senatari (1945eko abuztuaren 15a) eta Errege Kontseiluko kide (irailaren 27a) izendatu zuten, bi hilabete geroago erakunde horretako Bortuz Bestaldeko lehendakariordea izan zen.
1847ko otsailetik martxora bitartean, Gerra Ministerioa izan zuen Sotomayorreko dukea buru zuen Gobernu labur hartan. Ministerioa utzi ondoren, biziarteko senatari gisa jarraitu zuen lanean. Urte gutxiren buruan larriki gai- xotu zen, gangrenatu zitzaion besoko zauri bat irekitzean. Jaioterrira itzuli zen eta bertan hil zen 1851n.
Gerra-merituengatik kondekorazio garrantzitsuak jaso zituen, batez ere Lehen Karlistaldian hartutakoak: Bilboko setioak, 3. mailako San Fernandoko Gurutzea, Isabel Katolikoaren Amerikar Orden Erreal eta Goreneko Gurutze Handia (1836) eta San Fernandoko Ordena Erreal eta Militarreko 4. mailako bi gurutze ohoratu Chivako batailagatik (1837). Gainera, San Hermenegildoko Ordena Errealaren eta Militarraren Jaun titulua jaso zuen (1832), eta, ondoren, Ordena bereko Gurutze Handia (1841); eta Karlos III.aren Orden Erreal eta Goreneko Gurutze Handia (1844).
Oráaren biografia politiko eta militarra hil zen urte berean argitaratu zuen Pedro Chamorrok, Memoria histórica de la conducta militar y política del Teniente General D. Marcelino Oráa izenburupean.
Obrak
CHAMORRO Y BAQUERIZO, P. (arg.), Memoria histórica de la conducta militar y política del Teniente General D. Marcelino Oráa, Madril: Tomás Fortaneten inprimategia, 1851.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.
AZCONA, J. M.ª, Zumalacárregui. Estudio crítico de las fuentes históricas de su tiempo, Madril: Instituto de Estudios Políticos, 1946.
LICHNOWSKY, F. von, Recuerdos de la Guerra Carlista (1837-39), Madril: Espasa Calpe, 1942.
SAN ROMÁN, Marqués de, Guerra civil de 1833 a 1840 en Aragón y Valencia. Campañas del General Oráa (1833-1838), Madril, 1884-1886.
SERVICIO HISTÓRICO MILITAR, Guerra de la Independencia, VIII-1 eta VIII-2, Madril: San Martín Liburudenda-Argitaletxea, 1972.
URQUIJO GOITIA, J. R., «Xavier Antonio Marcelino Oráa», Diccionario Biográfico Español, Madril: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/13654/ xavier-antonio-marcelino-oraa-lecumberri (2019ko ekainaren 3an kontsultatua).
URRUTIA, E., «Marcelino Oraá», Euskalerriaren alde. Revista de cultura vasca, 18 (1928), 393-394. orr.
LAYANA ILUNDÁIN, C., Elecciones generales en Navarra, 1876-1890, Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 1998.
PAREDES ALONSO, J., Serafín Olave. Fuerista y republicano, Iruñea: Ediciones y Libros, S.A., 1983.
ITURRIAK
ARCHIVO GENERAL MILITAR (Segovia), 1. Sek., O-403; Celebres, 40, 9. Exp. ARCHIVO GENERAL DE LA ADMINISTRACIÓN, Presidencia leg. 2994, 660. Exp.
ARCHIVO HISTÓRICO NACIONAL, Estado, leg. 6319; Funts garaikideak, Ministerio de Hacienda, leg. 5061, 26. exp.
ARCHIVO DEL SENADO, leg. 321, 5. exp.
SERVICIO HISTÓRICO MILITAR, leg. O-3, 38-39. bilkariak.





