Karguak eta lanbideak
Kazetaria eta idazlea
Ibilbidea
Santiago de Compostelan sortua, Jose Maria Maya doktorearen eta Ramona Carballeyroren semea, gaztaroa Coruñan igaro zuen, eta bertan latinitatea ikasi zuen. Cadizen jarraitu zuen ikasten, San Felipe Neri ikastetxean, bertan Alberto de Lista y Aragon eta Guadix eta Cadizko gotzaina izango zen Juan Jose Albali ziren zuzendariak. Euren zuzendaritzapean, Filosofia eta Matematika ikasi zituen, ondoren, Sevillara joan zen Listari jarraiki, eta barneko ikasle sartu zen San Diego ikastetxean. Sevillako Unibertsitatean hasi zen jurisprudentzia ikasten, baina, maisua hil zenean, Santiagora joan zen aitarenera. Ikasketak Santiagoko Unibertsitatean amaitu zituen, eta 1851n legegintzan graduatu zen. Coruñako abokatu-eskolan hasi zen agregatu, baina, handik gutxira, gaixotasun larri bat zela medio bere lanbideari uko egin behar izan zion, hori dela eta, zenbait lanez arduratu zen intelektualki aktibo mantentzeko, askotariko jakintza-arloak landuz. Elementos de aritmética, con una sucinta explicación del nuevo sistema métrico izeneko lehen argitalpenari, El Eco de la Revista egunkariko erredaktore-lana gehitu zitzaion, Maya Nafarroara joan zenean desagertu zena.
Familiarekin Tuterara joan zen bizitzera, aitaren jaioterrira, bertan, inprenta bat ezarri eta El Ebro egunkaria sortu zuen.
1855eko Trenbideen Legea aldarrikatu zenean, Madril eta Frantziako muga lotuko zituena, Pirinioak igarotzeko trenbideen balizko ibilbideei buruzko eztabaidak sortu ziren bizitza publikoko eremu guztietan. Irunen bar- nako bidearen trazadurak Nafarroak aspalditik aldeztutako jarrera kontrajartzen zuen, Pirinioetako Alduide ibarrean barrena pasatzearen alde baitzegoen. 1852an, Nafarroako Foru Diputazioa Espainiako Gobernuari zuzendu zitzaion Madril eta Parisen arteko lotura bere lurraldean egin zedin. Ahalegin horien ondorioz, 1853ko urriaren 27ko Errege Agindu batek Alduideetan barnako proiektua aztertzeko baimena eman zuen, eta horrek zenbait itxaropen piztu zituen Nafarroako Foru Diputazioan, azken erabakia ez baitzen hartu artean, hala ere, egia da ordurarte formulatutako lege-proiektuek Irunen alde egiten zutela. Gai horrek polemika bizi batera eraman zuen Maya, El Comercio de San Sebastián egunkariak zuzentzen zituen erasoen aurrean El Eco de Navarra —iturri batzuen arabera, sortzaileetako bat izan zen Maya— egunkariko artikuluetan Alduideetan barna igarotzea komeni zela defendatu baitzuen sutsuki. El Estado egunkarian ere bere iritziari eutsi zion, garai hartan Irunen barnako linea defendatzen zuen estatuko prentsa ia osoari aurre eginez. Azken egunkari horretan argitaratutako artikulu-multzoa hirurogeita lau orrial- deko Ferro-carril de los Alduides izenburua zuen liburuxka batean bildu zen. Bertan, bere artikuluez gain, Sustapen ministroak, Gendulaingo kondeak, aurkeztutako lege-proiektua, Nafarroari eraikitzeko baimena ematen ziona; Kreditu Higigarrien Elkarteak proiektuaren aurka Diputatuen Kongresuari egindako oposizioa eta Kreditu Higigarrien asmoen aurka Zaragozako eta Alacanteko tren konpainiek egindako protesta jaso zen. 1859an argitaratu zen Madrilen, Iruñean eta Tuteran.
Jose Luis Maya 1858an Sanz Baezak Estadísticas de Navarra lana argitaratzearen inguruko polemikan ere murgilduta egon zen. Lan horrek kritika garrantzitsuak eragin zituen, Mayarenak ez ezik, Jose Yanguas y Mirandarenak ere bai. Polemikak lortu zuen dimentsioa argi geratu zen 1858ko urriaren 18an Francisco Eransus y Radaren inprimategiak argitaratutako A los señores lectores de la Estadística de Navarra y a los de la ojeada de D. José Luis Maya liburuxkak. Bertan, Sanz y Baezak Mayaren eta El Eco de Navarra egunkariaren aurkako kritikak egin zituen.
Mayak La Esperanza egunkarian jarraitu zuen bere literatura-jarduerarekin, kazetaritza-estilo erraz, arin eta garratzarekin. Garai hartan, hogeita lau orrialde eskaseko opuskulu bat ere argitaratu zuen, Navarra y la Ley de Desamortización izenekoa, Madrilen Carlos Baillyereren inprimategian, Iruñean Regino Bescansarenean eta Tuteran Tudelana Liburudendan argitaratua, 1859an. 1855eko urtarrilaren 1ean aldarrikatutako lege hori Nafarroan ez zitekeela ezarri frogatzen saiatu zen Maya, 1841eko abuztuaren 16ko adostutako Legean xedaturikoaren zenbait alderdi zuzenean indargabetzen baitzituen. Zehazki, Mayak 1855eko Legearen bateraezintasunari eutsi zion, 1841eko Nafarroako Legearen 6. eta 10. artikuluetan oinarrituta, artikuluok Foru Diputazioak herrien funts, eskubide eta jabetzetan dituen eskumenak arautzen baititu (6. artikulua), eta Foru Diputazioak Nafarroako udalerrien ondasunak besterentzeko baimena lortzeko baldintza urratzen baitu, Probin- tziako administrarikidego goren horrek besterik ez baitu bere salmenta baimentzeko eskumena. (10. artikulua). Gainera, 1841eko Legearen 25. artikuluak Nafarroak urtean behingo ekarpen zuzen eta bakarra ordainduko zuela ezartzen zuen, eta hori ez zetorren bat Desamortizazio Legearekin; izan ere, lege horrek etekinen %20 esleitzen zion Estatuari, eta udalerrian %80 geratzen zen, horrela, kopuru hori gaindituz gero, Nafarroak Estatuari ordaindu behar zion zenbatekoa ez zen beteko. Bateraezintasun horiekin batera, Maya- ren arabera, Desamortizazio Legearen 19. artikulua aplikatzeak Nafarroako probintzia-administrazio berezia eta independentzia galtzea ekarriko luke.
Obrak
Navarra y la ley de desamortización, Iruñea: Regino Bescansaren inprimategia, 1859.
Ferro-carril de los Alduides, Iruñea: Regino Bescansaren inprimategia, 1859.
Bibliografia
«Maya, José Luis», Auñamendi Euskal Entziklopedia, Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/maya-jose-luis/ar-93677/ (2020ko ekai- naren 25ean kontsultatua).
SÁNCHEZ, J., «Don José Luis Maya», Revista Escenas Contemporáneas, Madril, (1859ko urria, azaroa eta abendua).
SANZ Y BAEZA, F. R., A los señores lectores de la Estadística de Navarra y a los de la ojeada de D. José Luis Maya, Iruñea: Francisco Eransus y Radaren inprimategia, 1858.





