Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

MADOZ E IBAÑEZ DE IRIARTE, Pascual (Pascual Madotz Ibañez de Iriarte) (Iruñea, 1805eko maiatzaren 17a – Genoa, Italia, 1870eko abenduaren 13a).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, Bartzelonako gobernadore zibila, Diputatuen Kongresuko lehendakaria, Ogasun ministroa, Madrilgo gobernadorea

Ibilbidea

Pascual Madoz XIX. mendeko Espainiako politikak izan zuen pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa izan zen. Iruñean jaio zen, 1805ean. Bai aita eta bai ama errenta estankatuen administraziotik bizi ziren, bolborarenetik bata eta tabakoarenetik bestea. 1813an Barbastrora (Huesca) joan ziren eta Pascual Aita Eskolapioen Ikastetxean sartu zuten. 1821ean Zaragozako Unibertsitatean sartu zen eta Legeetan eta Kanonetan ikasi zuen. Unibertsitate-garaitik agerian geratu ziren bere joera liberalak, eta, hain zuzen, 1823an Milizia Na- zionalean sartu zen Monzoneko gazteluan errealistei aurre egiteko. Han preso hartu zuten. Hainbat hilabetez kartzelan egon ondoren, 1828an amaitu zituen ikasketetara itzuli zen, baina 1831n bere ideiak zirela eta, erbesteratu egin zuten eta ez zen Espainiara itzuli Maria Kristina erreginak 1833an emandako amnistiara arte.

Frantzian eman zuen erbestealdi hori bereziki garrantzitsua izan zen. Han geografia eta estatistika aztertzen aritu zen eta ulertu egin zuen nolako garrantzia zuten biek estatu baten gobernurako. Hori erabakigarria izan zen gero Hiztegiarekin hasi zuen lanean. Alexandre Moreau de Jonnes ezagutu zuen orduan, eta 1834an eta hark Statistique d’Espagne bat idatzi zuen, Madozek urtebete geroago itzuli eta zabaldu zuen eta Hiztegi horren aurrekaririk zuzenena eta hurbilena izan zen.

Itzultzean, Bartzelonan finkatu zuen egoitza, eta karrera politiko bikain eta etengabea hasi zuen Alderdi Aurrerakoiaren ilaretan, Kataluniako industria-burgesiaren interesei estu lotutako alderdian. Izan zituen erantzukizunen artean, El Catalán egunkari aurrerakoia zuzendu zuen; 1835ean Aran bailarara joan zen gobernadore militar eta lehen auzialdiko epaile gisa, eta handik urtebetera Lleidak bere alderdiko diputatu hautatu zuen, eta hala errepikatu zuen horretarako aurkeztu zen hogeita bat aldietatik hamazazpitan (Bartze- lona ere bi aldiz ordezkatu zuen eta Alcoy beste batean). Estatu mailan, hainbat kargu ekonomiko izan zituen 1840 eta 1843 artean, hala nola Ogasuneko superintendente nagusi edo Estatistika Batzordeko lehendakari.

Biurteko Progresistan (1854-56) beste tarte labur bat kartzelan egin ondoren, bere jarduera politikoari hel du zion, berriro Bartzelonatik, eta hiriko gobernadore zibil izendatu zuten. Morbo koleraren izurritearen aurkako neurriak arrakastaz zuzendu zituen, selfaktinen (iruteko makinak) gatazketan bitartekari izan zen, eta Cerdaren Zabalgune handia irekitzeko harresien eraispena bultzatu eta horren finantzaketa bermatu zuen, eta oraindik ere bizi zela, Bartzelonako adopziozko seme izendatu zuten.

Kongresuko lehendakari izendatu zuten, baina hilabete baino ez zuen egin kargu horretan, 1855ean Esparteroren hirugarren kabineteko Ogasun zorroaren titular bihurtu baitzen. Orduan aldarrikatu zuen bere Desamortizazio Lege ezaguna, estatuaren zor handia ordaintzeko helburu nagusiarekin. Harekin lortu zuen «esku hilak» zirenen ondasunak saltzea —Ordena militarrak, kofradiak, lan jainkozaleak, santutegiak, benefizentzia, instrukzio publikoa, udalerrien ondasun propioak eta herri-lurrak—, eta ia 8.000.000 erreal bil- tzea lortu zuen 1855 eta 1895 artean. Madozen desamortizazioak, 1924ra arte iraun zuenak, oposizio handia piztu zuen, baita bere alderdian bertan ere, udalerrietako bizilagun pobreenei eraso egiten baitzien, aprobetxamendu komuneko ondasunei esker bizirauten zuten eta.

Gipuzkoa, Bizkaian eta Araban, diputazioen oposizioak ez zuen etenik izan harik eta aldundiek salmenta-batzordeetan parte hartzea lortu zuten arte. Hortik aurrera, 1864-68 aldian asko handitu zen elizaren desamortizazioa, eta ez hainbeste desamortizazio zibila, ordurako lurrik onenak pribatizatu baitziren, eta udalerri askok lortu baitzuten beren herri-lurrak gordetzea.

Espartero erortzean berriro bazterturik gelditu zuen. 1860an, «La Peninsular» aseguru-etxea sortu zuen, eta, hasiera bikain batzuen ondoren, ia hondoa jo zuen. 1868ko iraultzaren ondoren agertu zen berriro. Madrilgo gobernadore izendatu zuten eta Koroaren titular berria, Saboiako Amadeo I.a, Espainiara ekarri behar zuen batzordeko kide. Horretarako antolatutako bidaian Genoan gaixotu eta hil zen.

Bere lan nagusia, ezbairik gabe, Diccionario histórico-geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar da, 1845 eta 1850 artean 16 liburukitan argitaratua. Baina askoz lehenago hasiak ziren egiten. Espainiak probintzietan zuen lurralde-banaketak, Javier de Burgosek 1834an egindakoak, lehen zeuden hiztegi guztiak zaharkituta utzi zituen, Tofiñorena barne, 1826 eta 1829 artean egina. Madozek —enpresa-zentzu handia baitzuen— berehala ulertu zuen hura zela aukera, ez bakarrik probintzia-banaketa berriari bu- ruzko informazioa eguneratzeko, baizik eta informazio estatistikoa biltzeko lanari ekiteko, Moreau de Jonnesen obran horren garrantzia egiaztatu baitzuen. Beraz, Frantzian erbesteratu eta berehala, datu-bilketa antolatzen hasi zen. Horretarako, 1.000 kolaboratzaile baino gehiago izan zituen 49 probintzietan, eta 12 galderako galdera-sorta pasatu zien, emaitzak homogeneizatu eta konparatzeko. Datuak bulego zentral batera iristen ziren, eta han aztertu eta esku- ragarri zeuden beste informazio batzuekin erkatzen ziren. Proiektua finantzatzeko, «Sociedad literaria de amigos colaboradores» baten laguntza izan zuen, eta bere aulkian aitortu zuen argitaratu aurreko gastuak milioi bat errealekoak izan zirela. Argitalpenak ere ahalegin berezia eskatu zuen, horretarako bereziki prestatutako inprimategiak behar izan baitzituen.

Argitaratzea amaitu aurretik, Francisco Coello ingeniari-komandantearekin lankidetza estuan hasi zen Diccionarioak ezinbestean eskatzen zuen proiektu kartografikoa prestatzen, eta urte batzuk geroago Coellok berak argitaratu zuen, Atlas de España y de sus posesiones de Ultramar izenburupean.

Madozen Hiztegia mundu-ikuskera eta proiektu politiko nabarmen liberal baten emaitza da. Horrelako proiektuetarako, herrialdearen eraldaketak eskatzen du estatuak behar adina baliabide eta informazio izatea, eta, baliabideak lortzea zen, hain zuzen ere, desamortizazio-proiektuaren atzean zegoena, eta informazio hori izatea, berriz, Hiztegia bultzatu zuena. Horrekin batera, zientzia estatistikoaren garrantzia aldarrikatu zuen eta horren aitzindari dela Espainian esan daiteke. Hain zuzen, bere lanaren sarreran zientzia hark nazioaren garapena oinarritzeko oinarri gisa zuen garrantzia aldarrikatu zuen. Beste gauza bat da Hiztegia garai hartako Espainian informazio mota horrek zituen gabezien eta Madozek berak datuen gabezia hori konpentsatzen saiatzean egindako akats batzuen isla izatea. Espainiako errealitate geografiko eta historikoari buruzko informaziorik eta ezagutzarik gabe ezin zen herrialdea modernizatu, baina ezta behar adinako kontzientzia nazionalik gabe ere. Probintzia administrazio-antolaketaren oinarritzat eta Hiztegirako erreferentzia-espazio- tzat hartzeko ideia horrek zerikusi handia zuen liberalismoak estatu zentralizatuaren eta administrazio homogeneoaren alde egindako apustuarekin, eta, bide batez, estatuko biztanle guztiak bertako herritar senti zitezen sustatzeko ahaleginarekin, bizi ziren lurraldea edozein izanda ere. Hau da, zerikusi handia zuen nazio espainiarreko kide izatearen sentimenduarekin, zeina beste instantzia batzuetatik ere elikatzen baitzen, adibidez, egiten hasiak ziren Espainiako Historiak (Modesto Lafuenterena, esaterako). Ikuspegi berri horrek ezabatu egin behar zuen monarkiaren pertzepzio zaharra, erreinuetan eta nor- tasun juridiko-politiko propioa zuten lurraldeetan zatikatua, eta, haren ordez, bateratuagoa zen beste bat jarri behar zuen, barne-zatiketa bakarrik ahalbidetzen zuena, administrazioaren eraginkortasuneko gaietarako. Ikuspegi eta errealitate homogeneoagoa eta eduki politikorik gabeko probintziak. Osagai horiekin bermatzen zen zentroak emandako arauak eta aginduak betetzea.

Euskal Herriari dagokionez, Madozek lotura berezia izan zuen Zarautzekin, uda guztietan han bizi baitzen eta bertan liho fabrika bat eraiki baitzuen. Hiztegirako harreman zuzenak izan zituen herrialdean, baina adituek zalantzan jartzen dute datu batzuen fidagarritasuna. Hori alde batera utzita, Guda Karlis- taren ondorengo euskal probintzien garaiko eta industrializazioaren hastapenetako egoeraren berri ematen du Hiztegiak. Agian, herrialdearekiko harreman zuzen horrek azaltzen du, neurri batean bederen, foruekiko jarrera abolizionistak izan arren, bere jarrera aldatzen ari zela. Hain zuzen, leku nabarmena hartu zuen 1839ko urriko Legean, eta berak proposatu zuen Euskal Herriko eta Nafarroako probintzietako foruak berresteko formula, «monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe», anbiguotasun kalkulatuaren formula. Azkenean, Foruen ondorioetara iritsi zen, bakea eta oparotasuna bermatzeko, eta, horregatik, haiek mantentzearen alde agertu zen. Are gehiago, bere alderdiko li- beral eta aurrerakoi askoren aurka, probintzietako egoera fiskalean erreformarik ez sartzearen aldekoa izan zen.

Obrak

Estadística de España, escrita en francés por Mr. Moreau de Jonnès. Traducida y adicionada por el Lic. D. Pascual Madoz e Ibáñez, Bartzelona: M. Rivadeneyra y Compañía inprimategia, 1835. Madozek itzulitako lana honakoa zen: Moreau de Jonnès, Alexandre, Statistique de l’Espagne, Paris: Cosson inprimategia., 1834. Ma- dozen gehigarriek % 45 handitu zuten jatorrizko materiala.

Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar, 16. bol. Madril: P. Madoz y L. Sagastiren establezimendu Literario Tipogra- fikoa 1845-1850. Inprimatzailearen izena aldatu egiten da zenbait bolumenetan 6-9. bol.: Est. Tipografico-Literario Universal; 10-11. bol.: Imprenta al Diccionario Geográfico, á cargo de José Rojas; 12-16 bol.: Imprenta del Diccionario geográfico estadístico-histórico de Pascual Madoz.

Faksimile edizioa probintziaka Madoz, P., Diccionario histórico-geográfico-estadístico-histórico. Valladolid: Ámbito Ediciones. Euskal Lurraldeei dagozkien bol.-ak honakoak dira: Navarra, 1986, eta Alfredo Floristán Samanesen sarrera azterketa; Álava, 1989, eta Emiliano Fernández de Pinedoren sarrera azterketa; Vizcaya, 1990, eta María Ángeles Larrea Sagarminagaren sarrera azterketa; Guipúzcoa, 1991, eta Luis Castells Artecheren sarrera azterketa.

COELLO, F. y MADOZ, P., Atlas de España y de sus posesiones de Ultramar, Madril: iz. g., 1848-1870.

 

Bibliografia

ARTOLA, M., Pascual Madoz, Boletín Informativo de la Fundación Juan March, 168 (1987ko martxoa), 3-16. orr.

CAPEL, H., Los diccionarios geográficos de la Ilustración española, Geo-crítica. Cuadernos críticos de Geografía Humana, 6. bol., 31 zk. (1981eko urtarrila).

CASTRILLEJO IBÁÑEZ, F., Bibliografía sobre la desamortización de Madoz, Investigaciones históricas: Época moderna y contemporánea, 5 (1985), 145-164. orr.

EZQUERRA ABADÍA, R., Moreau de Jonnés y Madoz. Una visión de España en 1834, Estudios Geográficos, 36 (1975), 303-324. orr.

GARCÍA-BELLIDO Y GARCÍA DE DIEGO, J., Pascual Madoz e Ildefonso Cerdá, dos pioneros de la epifanía de la urbanística, Arquitectura, Ciudad y Entorno, 1 (2006), 4-28. orr.

MORALES, G., GARCÍA-BELLIDO, J., ASÍS, A. de (arg.), Pascual Madoz (1805-1870). Un político transformador del territorio. Homenaje en el bicentenario de su nacimiento, Madril: Universidad Carlos III, 2005.

MORENO BALLESTEROS, V., La desamortización de Madoz en España. 1855-1856, Madril: Universidad Complutense, d.g.

PAREDES, F. J., Pascual Madoz, 1805-1870. Libertad y progreso en la monarquía isabelina, Iruñea: EUNSA, 1982.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP