Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

AZANZA ALEGRIA, Miguel Jose. Santa Feko dukea (Agoitz, Nafarroa, 1746ko abenduaren 20a – Bordele, Frantzia, 1826ko ekainaren 20a).

Karguak eta lanbideak

Militarra, politikaria eta idazlea

Ibilbidea

Kaparetasun kolektibodun familiakoa zen, eta Amerikan senide asko zituen. Oso gaztetatik hartu eta babestu zuten haiek. Hamazazpi urte besterik ez zuela, Atlantikoa zeharkatu zuen, eta lur haien ezaugarri eta arazo garran- tzitsuenen esperientzia sendoa hartu zuen. Jose de Galvez bisitariaren idazkari hautatu zutenean (1768), areagotu egin zuen esperientzia hura, Ozeano Bareko lurralde Novohispanikoan zehar ibili baitzen harekin, baina haren osasun-arazoek espedizioa zaildu egin zuten, eta bere kideei ondorio negatiboak ekarri zizkien, hala nola kartzela eta Espainia Berritik kanporatzea. Kubara joanda, armadan sartzeko eskatu zuen, eta borroka-postuak eta administrariak bateratu zituen karrera hasi zuen, pertsona nabarmenekin ha- rremanak landuz. Penintsulara itzuli zenean, Gibraltarko setioan hartu zuen parte, eta han ezagutu zuen La Torre markesa. Horrek, San Petersburgon enbaxadore izendatu zutenean, Azanza berarekin eraman zuen. 1780tik 1785era bitartean, gutxienez, Errusian eta Prusian egon zen kargu diplomatikoekin, eta 1786an Espainiara itzuli zen eta intendente karrera hasi zuen Zamorako Toro hirian, Salamancan eta Valentzian. 1793an, karguari eutsi zion, baina armadari aplikatuta. Konbentzioaren aurkako gerrarako prestaketa-lanetan aritu zen jo eta su, Gerraren Bulego Unibertsaleko idazkari gisa bizi izan baitzuen. Hala sinatu zion Ingalaterrari gerra deklarazioa, 1796an. 

Handik egun gutxira, Mexikoko erregeorde izendatu zuten, baina ez zuen hara joaterik izan postu berria hartzera, ia bi urte geroago arte, 1798ko udaberria arte; eta berrogeita bat lagun gehiagorekin batera, Ingalaterraren aurkako gerraren eta baliabide-faltaren ondorioz garraiatzeko zailtasunak zirela eta. Patu berrira iritsi zenean, egoera konplexuari egin behar izan zion aurre, eta, ondorioz, bere lurraldeak artatzeaz gain, errusiarrekin ere arazoak izan zituen Alaska zela eta, britainiarren erasoak, Kubari eta Peruri laguntza eman beharra eta Itsmo eta Jamaikako lantegian ingelesei eutsi beharra. Gainera, matxeteen konspirazioan islatutako independentzia-saiakerak izan zituen (1799), eta bere aurrekoaren intrigek korapilatutako administrazioa.

Urte horretan bertan ordezkatu zuten eta penintsularako itzulera gora- beheratsua izan zuen oso, Ipar Amerikako itsasontzi batean abiatu baitzuen bidaia eta ingelesek harrapatu eta Habanara bidali baitzuten. 1800eko maiatzean atera zen eta abendua arte ezin izan zen iritsi Espainiako kostaldeetara. Gainera, ez zuen Godoyren, Bakearen Printzearen, mesederik; beraz, Granadan egon zen gordeta, harik eta Fernando VII.ak deitu zuen arte, Karlos IV.a eta haren balidoa kargutik kendu eta tronua eskuratu zuenean, 1808ko mar- txoan. Ogasuneko idazkari gisa, urte horretan erreinua astindu zuten gertaeretan parte hartu zuen eta Baionan Napoleonek deitutako handikien batzarrarekin bildu zen, bera buru izanik. Gorte hauek 1808an xedatutako karta onartu zuten, Jose I.a errege zin egin ondoren.

Honek Indietarako idazkari izendatu zuen eta frantziarren enperadoreak ezarritako monarka berriaren menpe karrera bikaina hasi zuen. Gainera, espainiarrak Jose I.aren kausarako irabazten saiatu zen, arrazoibide bikoitzetik abiatuta; batetik, Borboiek uko egin ondoren Napoleonen anaiak zuen zilegitasunagatik eta, bestetik, Frantziako enperadoreari espainiarrek aurre egiteak izango zituen ondorioek ekarriko zuten eromenagatik. Hala ere, ez zuten Atlantikoaren alde batean ere entzun, eta ez zuen frantziarren laguntzarik jaso. Hain zuzen, Ebroren iparraldeko lurraldeak Napoleonen inperioan sartzeari uko egin zion, jarrera hori Jose I.aren eta espainiarrek izan zezaketen leialtasunaren kontra zihoalako. Hori guztia agerian geratu zen Azantzaren eta erregearen arteko mezuak atzeman zirenean. Mezu horiek Espainiako frantsesen aurkako prentsan argitaratu ziren.

1812ko abuztuan, tropa Napoleonen armadak atzera egin eta Jose I.a Madriletik irtetean, Azanza barne hartzen zuen administrazioak erbesterako bidea hasi zuen. Karguak izan zituen Frantziako lurretan, batez ere erbesteratuei laguntzen. Fernando VII.a tronuan berrezartzearekin batera, hainbat gestio hasi zituen, bai frantziar okupazioan Jose I.a babestu zutenen jarrera justifikatzeko, bai Espainian egoitza berreskuratzeko eta, ahal zen neurrian, karguak eta pribilegioak berreskuratzeko. Lan horretan argitalpenak, maila guztietako kudeaketak eta 1820aren amaieran Madrilera egin zuen itzulera laburra, baina ez zuen iraun, 1822an Bordelera itzuli baitzen behin betiko, eta han hil zen.

Sorterritik hain gazte ateratakoa izanik, itxura batean, jatorriari uko egin ziola eman lezake, baina ez zuen hura ahaztu, ez eta auzotarrek bera ere; izan ere, zeremonia publiko batean erretratua jarri zioten Agoizko Udalean 1797ko abenduaren 28an; agian, bere jaioterrira bisita ere egin zuen urte haietan, eta horrek ekintzak eta erretratua egiteko akordioa ekarri zuen. Bestalde, harremanak izan zituen eta bere lurrarentzat onurak lortzen saiatu zen, eta 1799an Tuterako Errege Elkarte Patriotikoa zabaldu zuen Mexikoko kide ahaltsuen artean babesletza lortzeko. Nafarroan ere saiatu zen, 1814tik aurrera, errehabilitaziorako laguntzak bilatzen, baina izan zitekeen aldeko jarrerak monarkaren ezezko biribilarekin egiten zuen talka.

Bere testuetan oroimen horren testigantza batzuk utzi zituen, eta hala, 1812ko liburuxkan hiru mende lehenagoko Nafarroaren konkista aipatu zuen dinastia-aldaketaren adibide gisa eta Baionako abdikazioen ondoren gertatutakoarekin parekatzen zuen. Hala ere, erreferentzia nagusiak bere obra nagusian jasotzen dira. Hala, adibidez, Ebroren iparraldeko lurraldea Napoleonen inperioari eranstea saihesteko borrokatu zen, «bertakoei kalte edo galera besterik ekar ez ziezazkioketenak» (Memoria, 188. orr.), Frantziako estatu-minis- troari adierazi zionez, «Nafarroaren konstituzioan hain berrikuntza klasikorik ez zela espero behar, bere Foru nagusietako bat erabat suntsituko bailuke; eta hori, probintzia hura Frantziar Inperioari erantsi behar zitzaion ahots lausoak bakarrik zirela eta, herrialdeko 22.000 gizon baino gehiago armatu eta bildu zirela. Eta horien artean, era bateko edo besteko pertsona asko zeuden, ordura arte esanekoak eta gauzen ordena berriaren zale ere izan zirenak» (Memoria, 283. orr.). Beraz, dena zegoen modura itzultzeko eskatzen zion.

Obrak

Cartas y documentos interceptados que remitía desde París, Azanza a Urquijo, sobre la renuncia que debe hacer José Napoleón de su supuesta corona de España, a favor del no menos supuesto emperador de los franceses, Coruña: Vila inprimategia, 1811.

Quienes sean los verdaderos patriotas de España, l.g.: z/g., 1812.

Memoria de D. Miguel Azanza y D. Gonzalo O’Farril, sobre los hechos que justifican su conducta política desde marzo de 1808 hasta abril de 1814, Paris: P.N. Rougeron inprimategia, 1815 (frantsesez ere bai).

Sobre la conducta de los españoles refugiados, en los departamentos del mediodía de la Francia, durante el interregno de 1815, Paris: P.N. Rougeron inprimategia, 1817 (frantsesez ere bai).

Bibliografia

GALBIS DÍEZ, M. C., «Miguel José de Azanza (1798-1800)», CALDERÓN QUIJANO, J. A. (arg.), Los virreyes de Nueva España en el reinado de Carlos IV, Sevilla: Escuela de Estudios Hispano-Americanos, 1972, 2. libk., 3-64. orr.

MARTÍNEZ-FALERO, U., «Azanza Alegría, Miguel José», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia, 2009, 6. libk., 315-319. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP