Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MANRIQUE, Cayetano (XIX. mendea).

Karguak eta lanbideak

Legelaria

Ibilbidea

Legelari eta Artxiboetako Batzorde Goreneko kide izan zen. Datu gutxi di- tugu haren biografiari buruz, ez baitakigu ez haren jaiotze-datarik, ez eta heriotza-datarik ere. Bere lan nagusia Amalio Marichalarrekin idatzi zuen. Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España izenburua zuen eta 9 liburukitan banatuta zegoen, 1861 eta 1872 bitartean argitaratu zirenak. Espainiako Zuzenbidearen historia bat da, erregioen arabera antolatuta. Haren ondoren izan diren Zuzenbidearen historialari anitzek goretsi dute lana- ren antolamendua, erregioetako aniztasun juridikoari arreta eskainita, baina kritikarik ere izan da, haren iturrien lausotasuna dela-eta, maiz ezkutatzen baitzaizkio irakurleari. Gainera, zenbait mito ezeztatzen bazituen ere, ontzat ematen zituen haietako batzuk. Lana egileen artean banatzeko erari dagokionez, badakigu, Marichalarren semearen lekukotasunari esker, Cayetano Manrique batez ere ikerketa historikoan aritu zela. Hala adierazi zuen Luis Marichalarrek Historia de la Legislación lanaren bigarren zatia, Recitaciones del Derecho Civil de España izenburukoa, aurkezteko hitzaurrean esan zuenean

«Bi lankideek egin zuten lan-banaketan, Manrique gehiago aritu zen Historiari dagokion zatian».

Lan horren eta Espainiako antolamendu juridiko anitzei buruz aldezten zen ikuspegiaren arrakastak euskal lurraldeetako alderdi foruzaleen arreta erakarri zuen, eta lurralde horietatik bultzatu zituzten egileak hiru euskal lurraldeei eta Nafarroko erresumari buruzko liburukiak berriro idatz zitzaten, liburuki bakar batean argitaratzeko. Lan hori 1868an argitaratu zen, Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España. Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava izenburuarekin. Funtsezko lana da foraltasunaren defentsarako, eta hori aintzat hartuta, Bizkaiko Diputazioak liburuki bana igorri zuen lurraldeko udal bakoitzera, eta beste bana herriko kabildoentzat, Cayetano Manriquek eta Amalio Marichalarrek egindako lanak «herrialdea ohoratzen duelako eta guztiek ezagutzea merezi duelako».

Haren historialari- eta legelari-jardueraren garaian liberalak gogor aritu ziren euskal foruen aurka. Parlamentuan, hitzaldi iraingarri horiek maiz Manuel Sanchez Silva liberalaren ahotik atera ziren, 1860ko hamarkadan protekzionismo katalanaren eta euskal lurraldeen foruen aurka agertu baitzen. Foruen oinarri historikoak erasotu zituen Sanchez Silvak, eta horretarako Juan Antonio Llorentek eta Tomas Gonzalezek XIX. mendeko lehen hamarkadetan bildutako dokumentuak baliatu zituen. Parlamentuan Sanchez Silvaren hitzek Pedro Egañaren eta Joaquin Barroetaren erantzuna izan zuten, baina euskal lurraldeetako instituzioek, horrez gain, beharrezkoa ikusi zuten inprimategitik erantzutea parlamentari andaluziarraren baieztapenei eta Llorente eta Gonzalezen lan partzialei, foruen aurkako egileek beren oinarri historikoak lan horie- tan aurkitzen zituztelako. Beraz, Antonio Truebaren lanen argitalpena sustatu zuten, eta Pedro Fontecharen Escudo lanaren berrargitalpena ere bai, Sánchez Silvak antolamendu juridiko nagusien zilegitasuna auzitan jarri baitzuen. Horrekin batera, hiru euskal lurraldeetako funtsezko testuen gaineko ikerketa bul- tzatu zuten euskal erakundeek: Bizkaiko Foru Berria, 1332ko entrega bolunta- rioa eta Gipuzkoako Forua. Hiru diputazioek Cayetano Manrique aukeratu zuten, une hartan ospe handia baitzuen sektore foruzaleen artean, Antonio Marichalarrekin egindako lanagatik. Bazekiten, gainera, Manriquek sarbidea zuela Llorentek eta Gonzalezek kontsultatutako dokumentuak gordetzen zituzten artxiboetara, batik bat Simancasko Artxibora. Sarbidea bai, baina ez zailtasunik gabea, noski. Haren lana 1867an argitaratu zen, Tres rectificaciones fo- rales a los discursos pronunciados por el señor Sánchez Silva en los días 28 y 29 de mayo izenburuarekin. Argitalpena egiteko aukeratutako lekuak erakusten du helburua zela foruen defentsa sustatzea euskal lurraldeetatik kanpo. Manriquek euskal foruen alderdi gako zenbait azpimarratu zituen, esate baterako, Bizkaiko Epaile Nagusiaren eginkizuna, esanez hark beti epaitu zuela Bizkaiko Foru Berrian oinarrituta, eta ez bestelako antolamendu juridikoren batean oi- narrituta, foru-araubidearen aurka zeuden egileek baieztatzen zuten bezala. Gainera, salatu zituen Tomas Gonzalezek berak transkribatutako dokumen- tuetan sartu zituen manipulazioak eta alterazioak. Eta haren bildumako dokumentazioan aurkitu zituen hutsuneak ere seinalatu zituen.

Obrak

MARICHALAR, A.-rekin, Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España, Madril: Inprimategi Nazionala, 1861-1872. 9 libk.

Tres rectificaciones forales a los discursos pronunciados por el señor Sánchez Silva en los días 28 y 29 de mayo, Madril: Imprenta de los señores Gasset, Loma y compañía, 1867.

MARICHALAR, A.-rekin, Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de Es- paña. Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava, Madril: Imprenta de los señores Gasset, Loma y compañía, 1868 (Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava izenburuarekin berrarg., Donostia: Auñamendi, 1971).

MARICHALAR, A.-rekin, Recitaciones del Derecho Civil de España. Segunda parte de la obra Historia de la legislación, Madril: Imprenta de la Suc. de M. Minuesa de los Ríos, 1915-1921. 4 libk.

Bibliografia

CARO CANCELA, D., Parlamento y política en la Sevilla del siglo XIX. Manuel Sánchez Silva frente al proteccionismo catalán y los fueros vascos, Sevilla: Diputación de Sevilla, 2016.

MAÑARICÚA NUERE, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.

PÉREZ NÚÑEZ, J., «Autonomía y nacionalidad vasca: El debate sobre los fueros vascos en el Senado de 1864», Studia Histórica. Historia contemporánea, 12 (1994), 109-128. orr.

VÁZQUEZ DE PRADA TIFFÉ, M., «La comisión de Cayetano Manrique en defensa de los fueros vascos en 1866 y su memoria a las diputaciones vascas», Herri Ardularitzazko Euskal Aldizkaria, 96 (2013), 341-375. orr.

ITURRIAK

BIZKAIKO AGIRITEGI HISTORIKO PROBINTZIALA, Gobernu eta Eliza Gaiak, AJ01207/007.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP