Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRI KONTINENTALAKO EGILEAK ETA OBRAK

IHARCE BIDASSOUET, Pierre (Hazparne, Lapurdi, 1765ko irailaren 25a – 1843).

Karguak eta lanbideak

 Apaiz, idazle, hizkuntzalari, historialari

Ibilbidea

Gurasoak Jean-Pierre Iharce Bidassouet eta Margerite Garat zituen, eta aitaren etxean geratu zen (Bidassouet-Arostegi) 16 urte bete arte, idazten eta irakurtzen ozta-ozta ikasi zuela. Hala ere, ondoren Humanitateak ikasi zituen Suhuskunen (Nafarroa Beherea), Filosofia Pauen, eta 1782an sartu zen Larre- soroko apaizgaitegian teologia ikastera. Frantziako Iraultza lehertu zenean, ordea, Asanblada Konstituziogileak apaiztegia itxiarazi zuen eta ikasleek bertatik alde egin behar izan zuten. Iharce bere herrira itzuli zen eta lehenengo letrak irakasten aritu zen, eta metodo bat ere asmatu zuen, zeinaren arabera lau hilabetetan ikasten ahal zen latinez eta euskaraz. Kleroaren Konstituzio Zibila zin egiteari uko egin zion, eta mugaz beste aldera alde egin zuen, eta han hartu zuen apaizgoa, Iruñeko apezpikuaren eskutik, 1792an. Nafarroa Garaian bizi izan zen, Oronozen eta Garesen. Apaiz errefraktarioa izanik, muga hainbat aldiz igaro zuen mozorrotuta. Dirudienez, Santiago apostoluaren hilobia bisitatzeko promesa egin zuen, eta horregatik, Bilbon itsasoratu zen Galiziara joateko asmoz. Han, zortzi urtez aritu zen apaiz eta irakasle. Lapurdira itzulita, ezadostasun handiak izan zituen Baionako apezpikuarekin, eta horrek bultzatuta eraman zituen inprimategira bere argitalpenetako batzuk.

Haren lanik aipagarriena Histoire des cantabres… lana da; euskal herriaren historia da, «Asiako bere jatorritik» hasita, ulertuta, batik bat, haren berezko hizkuntzaren argira; Iharcek dio, bere liburuaren XIV. orrialdean: «Pour apprécier un peuple, […] il faut encore connaître ses institutions, ses mœurs, et son langage. C’est par eux que l’on peut juger de son état de civilisation». Bere historiaren zati bat Bibliako testuetan oinarritzen du, eta hortik ondorioztatzen du, adibidez, «monarkia kantauriarra» Uholde Handiaren ondorengo 535. urtean sortu zela (27. orr.). Baina garai hurbilagoei buruz idazteko, ordea, dokumentazioa aztertzen saiatu zen, eta berak esaten zuenez, hogei urtez aritu zen ikertzen Frantzian, eta beste hamar Espainian, eta uste oso-osoa zuen bere lana zela scientifique et historique; horrek ez zion galarazten, noski, defendatzea Adamek eta Ebak Paradisuan hitz egiten zuten hizkuntza euskara zela, eta beraz, euskal herria «datarik gabea» zela, eta era horretan, erdi txantxetan erdi benetan, bere garaian ahoz aho zebilen esamesa bat aipatu zuen: «Savez-vous que nous, les Rohan, datons du XIIe siecle? Et nous, dit le Basque, nous ne datons plus».

Iharce saiatu zen erakusten euskara denik eta hizkuntzarik perfektuena dela, eta hark bide ematen zion ondorioztatzeko «que l’idiome basque s’approche le plus de la langue que Dieu a inspirée à Adam».

Horrenbestez, Iharce dugu euskararen apologisten eredurik osatuena, erromantiko berantiarren belaunaldikoa: Tubal zalea, Kantauri zalea eta «paradisu zalea», alegia, euskararen jatorria Genesira arte eraman zuela, baina historialaria ere bai, dokumentazioa biltzen saiatu zena, Akitaniako dukerriari buruz, franko eta euskaldunen arteko gerrei buruz, etab.

Obrak

Histoire des Cantabres ou des premiers colons de toute l’Europe, avec celle des Basques, leurs descendants directs, qui existent encore, et leur langue asiatique-basque, traduite, et réduite aux principes de la langue française, Paris: Jules Didot aîné, 1825.

Lettre d’un ecclésiastique du Diocèse de Bayonne à son Evêque, Bayonne, 1833.

Recherches sur l’origine véritable et réelle des Escu-alde-duns, par syncope Escual- duns; anciennement Guiçons (hommes) cantabres; et aujourd’hui généralement Basque français espagnoles…, Baiona: Duhart-Fauvet, 1834.

Aventures piquantes de M. l’abbé d’Iharce de Bidassouet écrites par un de ses élèves, Baiona, 1835.

Bibliografia

ETCHEVERRY, M., «Une adresse au Roi d’un auteur basque (Iharce de Bidassouet)», Gure Herria, 18 (1938), 358-364. orr.

LACOMBE, G., «Les deux prospectus de l’abbé d’Iharce de Bidassouet», Gure Herria, 18 (1937), 373-375. orr.

MADARIAGA ORBEA, J., Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language, Reno: University of Nevada, 2006, 481-486. orr. [gaztelaniazko argitalpena, 2008, 465-469. orr.].

IRIZAR, J., «L’Abbe D’Iharce de Bidassouet», Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen Aldizkaria, 14 (1958), 84-85. orr.

—«AVENTURES PIQUANTES DE M. L’ABBÉ D’IHARCE DE BIDASSOUET», Euskal Herriko Adiski-deen Elkartearen Aldizkaria, 14 (1958), 265-267. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP