Karguak eta lanbideak
Gerrako komisarioa eta idazlea
Ibilbidea
Jean-Baptiste Baïlac 1786ko irailaren 8an jaio zen, Baionako Salieren kalean. Haren aita Louis Oloroeko (Bearno) familia batekoa zen, eta Baionan finkatu zen 1760an. Itsas merkatari aberats ospetsua izatera iritsi zen, eta 1780ko hamarkadan Merkataritza Ganberako zuzendari ere izan zen. Haren ama, Catherine Bacqueville, baionar petoa zen, hiriko goi-mailako burgesiakoa.
Frantziako Iraultzaren garaian, 1791n, Jean-Baptiste gaztea, 23 urte zituela, Baionako «Konstituzioaren Adiskideak» klubean sartu zen. Kide gehienak Baionako burgesak ziren, haietako asko masoiak, Jean-Baptiste bera eta bere aita bezala. Idazkari aritu zen denbora batez, eta 1792an klubeko lehendakari izendatu zuten.
Esleitu zitzaizkion eginkizunen karietara, 1792ko urrian gerrako komisario izendatu zuten. Eginkizun garrantzitsua zen, barne hartzen baitzituen tropen zaintza eta ikuskaritza, soldaten ordainketa bermatzea, eta armadak elikadura, jantziteria eta ostatu arloetan zituen beharrei erantzutea. Horrek eraman zuen Pirinioetako kanpainan parte hartzera, Espainiarekiko bakea sinatu zen arte, 1795eko uztailaren 22ko Basileako Tratatuaren bidez.
Jean-Baptiste Baïlac gerrako komisario eginkizunetan jarraitu zuen zerbitzua eginez, baina etenaldi bat egin zuen, 1800eko abendutik 1805eko azarora bitartean. Tarte hartan Baionako zinegotzi izendatu zuten, eta Baionako familia burges bateko alaba batekin ezkondu zen. Ez zuten seme-alabarik izan.
Bizitzan ezagutu zuen erregimen-segidari buruz esan daiteke Baïlacek Iraultzaren urteak abertzaletasun-sentimendu sakon batekin bizi izan zituela, baina Izuaren gehiegikeriak gaitzetsi zituela, eta Kontsulatuaren eta Inperioaren parte izan zela, bonapartista sutsua izan gabe. Nolanahi ere, errege-jendearen aldekoa zen, eta 1817n, Luis XVIII.aren agintaldian, Baionako intendenteorde izendatu zuten, eta aurrerago, 1822tik 1824ra, Mont-de-Marsanekoa.
Bere bizitzako azken urteak Baionan abokatu-lanean eman zituen, Sylvain anaiaren ondoan. 1840ko otsailaren 3an hil zen, Baionako Mousseroles auzoan, eta ondoko Hiriburu udalerriko hilerrian eman zioten lurra. Jean- Baptiste Baïlacek liburu bakar bat idatzi zuen, bi liburukitan argitaratu zena, baina azalean haren izenik ez da ageri. Lehenengo liburukiaren izenburua hau da: Nouvelle chronique de la ville de Bayonne par un bayonnais. Dihart- Fauvet argitaletxe baionarrak argitaratu zuen, eta hiriaren historia aztertzen du hainbat garaitan: Baiona erromatarren garaian, bisigotuenean, frankoenean, normandiarrenean, Guyenneko dukeen agindupean. Baiona ingelesen mendean. Baiona Karlos VII.aren konkistatik Iraultzara arte. Bigarren liburu- kiak izenburu bera du, Nouvelle chronique de la ville de Bayonne par un bayonnais. Argitaletxe berak argitaratu zuen hurrengo urtean (1828) eta han jasotzen dira Baionan 1789ko Iraultzatik 1827ra arte izandako gertaerak. Liburua bi tomotan berrargitaratu zen 2003an, Biarritzeko Atlantica argitaletxearen eskutik.
Ferdinand Barbek honako hau esan zuen lan horri buruz: «Baïlac lehena izan zen liburu zehatz bat argitaratzen Baionaren historiari buruz, baina haren dokumentazioa osotasunik gabea da, eta obrak ez du balio handirik. Bigarren liburukiak, berriz, zehaztasun handiz aztertzen du Baionak 1820an bizi izan zuen egoera, eta balio handiko lekukotasuna ematen du».
Gilbert Desporten iritziz, aldiz, «Jean-Baptiste Baïlacen Nouvelle chronique de la ville de Bayonne par un bayonnais, gaur egun ere, hiriaren iragana ezagutzeko grina duten irakurleentzat, bertako historialarientzat, akademikoentzat eta ikerlarientzat, ongi dokumentatutako lana da, interesgarria eta baliotsua».
Obrak
Nouvelle chronique de la ville de Bayonne par un bayonnais, Baiona: Duhart-Fauvet, 1827 eta 1828. 2 libk.
Bibliografia
Essai d’une bibliographie de Bayonne et de ses environs [1550-1920],
Baiona: A l’Enseigne des Arts Graphiques, 1935, 19. orr.
DESPORT, G., «Un historien bayonnais. Jean-Baptiste Baïlac», L’échauguette, 1. zk. (2006), 35-40. orr.





