Karguak eta lanbideak
Astronomoa, hizkuntzalaria, saiakera egilea eta Lore Jokoen mezenas
Ibilbidea
Antonio Abadia Thompson Dublinen jaio zen, 1810eko urtarrilaren 13an. Ama Elisabeth Thompson of Parck irlandarra eta aita Michel-Arnaud d’Abbadie (Ürrüxtoi, Zuberoa) zuberotarra zituela. Bera izan zen haien lehen semea, eta ondotik etorriko ziren Elise, Celine, Arnaud-Michel, Julienne eta Charles- Jean.
Aita atzerriratu zen frantziar iraultzaren garaian, lehenik Espainiara eta ondoren Ingalaterrara. Handik Frantziara itzuli zen familiarekin, eta 1820an Okzitaniako Tolosan kokatuta zeuden. Han, Antoniok lehenengo ikasketak egin zituen, eta nabarmendu zen hizkuntzen ezagutzan (gaelikoa, ingelesa, euskara, frantsesa, latina, greziera…), Matematikan, Fisikan, Kimikan, Botanikan, Geografian eta Astronomian. Dirudienez, haien aitak irakatsi zien euskara maitatzen, aita izan zelako, hain zuzen ere, Lecluse greziera irakas- leari diruz lagundu ziona haren Grammaire Basque (1827) lana argitaratzen; lan hartan, d’Abbadie Arrastoitarra izenaz sinatu zituen Astarloa saiakera egile bizkaitarraren aurkako bertso satiriko batzuk.
Abadia familia Parisera, St. Dominique kalera, joan zen bizitzera, eta handik Arnaud-Michel anaiak sustatu zuen Volney saria, Baionako Darrigol abadearen Système Grammatical de la Langue Basque (1829) lanerako. Antoinek Legeak eta Zientzia Zehatzak ikasi zituen, eta bere garaiko gazte erromantikoen erara, hainbat poema idatzi zituen ingeleraz eta frantsesez, haietako batzuk euskal melodien ereduari jarraikiz.
1832an haren aita hil eta Arnaud Aljeriako gerrara joan zen. Antonio, berriz, Ekialderako bidaia prestatzen ari zen. Astronomia-tresnen erabilera ikasi zuen, arabiera ere bai, eta sasoi fisikoa ere zaindu zuen. 1833an bidaia egin zuen Bretainian barna, eta handik bi urtera ere, beste bidaia bat egin zuen Ingalaterra, Irlanda, Eskozia, eta Euskal Herrian barna, bere koadernoan jasoz era guztietako xehetasunak. Dublinera iritsi zen, amaren arbasoen lurraldera, eta lurren balioa aztertu zuen, kartzelen funtzionamendua, eta beste hainbat gai. Irlandatik Eskoziara eta Ingalaterrara joan zen.
Parisera iritsi zenean, Ekialderako bidaia zehaztu zuen, eta modari jarraikiz, Niloren iturriak aurkitzea amestu zuen, haiek omen zirelako zibilizazioaren sorlekua. 1836an Agosti Chaho lagunarekin argitaratu zuen Etudes grammaticales sur la langue euskarienne lana, non saiatu zen euskarari buruzko ikerlanak txertatzen hizkuntzalaritzaren korronte konparatistaren barnean.
Liburua eskaini zieten Zazpi Uskal Herrietako Uskalduner, eta Antoinek hasierako azterlanean aipatzen ditu horren aurretik egindako beste hainbat euskal gramatika (Oihenart, Harriet, Larramendi, Humboldt, Lecluse), eta euskara konparatzen du hungarierarekin, suomierarekin, hebraierarekin, la- ponierarekin, georgierarekin eta ketxuerarekin. Humboldten bidetik, -tasun eta -keria atzizkiak aztertu zituen, eta euskaraz argitaratutako liburuen biblio- grafia bat aurkeztu zuen.
Aurrerago, gaztelu eder bat erosi zuen Bearnoko Audaux herrian, aitaren jaioterri Ürrüstoi-Arrastetik hurbil. Han egin zuen lanetako bat izan zen bere bidaietan eskuratzen ari zen liburutegi oparoa antolatzea. Handik ateratzen zen txangoak egitera Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin barna. Getarian pilotan aritu zen, eta Sokoa-Hendaia inguruan paseoan ibiltzen zen, eta marrazkietan ere jaso zuen, Irlandako itsasertza ekartzen baitzion gogora. Konposatu zituen ingelerazko eta frantsesezko poemen artean hainbat euskal kantu aipatu zituen, esaterako Mendian zoinen eder epher xango gorri eta Aitarik ez dut eta ama ere zahartu, Salaberry abokatuak jasoko zituenak 1870eko bere Kantutegian.
François Arago astronomoak aginduta, Lorient portutik abiatu zen Brasilera, in situ ikasteko, frantziskotarren Olinda komentuan, hain zuzen ere, eguzkiak lurraren magnetismoan dituen eraginak.
Euskal Herrian egonaldi labur bat egin ondoren, ordurako ongi hornitua bidaiatzeko, Ekialdeko ibilbideari eman zion hasiera. Han barna luze ibili ondoren, Parisera itzuli zen, eta hango Geografia Elkartean aurkeztu zituen ordura arte egindako aurkikuntzak.
1843-44 bitartean Etiopiako falaxa izeneko juduak, haien ohiturak, erlijioa eta hizkuntza aztertu zituen. 1847ko urtarrilaren 19an Abadia anaiek Frantziako bandera ezarri zuten haien ustez Nilo Zuriaren iturria zen lekuan, alegia, Bubbia, Inarya eta Jimma oihanen artean. Bi anaien berririk ez zuela-eta, amak haien anaia Jean-Charles bidali zuen haien bila, eta 1847ko uztailaren 25ean Antonio aurkitu zuen Missawan. Hainbat gorabeheraren ondoren, Kairora iritsi ziren 1848ko udazkenean, eta Marseillara 1849an.
Bidaiari nekaezina, Institut de France erakundean bere ikerlanak aurkeztu ondoren, Norvegiara joan zen 1851n Antonio, Frederiks-vaern izeneko lekura, uztailaren 28ko eklipse osoa aztertzera. Hurrengo urteetan ere beste hainbat eklipse aztertu zituen munduko beste hainbeste lekutan.
Antonio Abadiak aspaldi erosia zuen 340 hektareako eremu zabal bat Urruñan, Hendaia eta Donibane Lohizune arteko itsasertzean. Hango eraikuntzak Viollet-le-duc arkitektuak egindako planoen arabera egin ziren, eta Duthoit arkitektuak gauzatu zituen, ekialdeko erako eta eragin neogotikoko jauregia eginez. Kanpoan apaingarri afrikarrak aurkitzen dira, eta barneko aldean, berriz, etiopiarren bizitza irudikatzen duten freskoak, eta haren zerbitzari Abdularen eskultura.
Gelak eta beirateak ezin ederragoak dira. Sarrera, liburutegia eta beste hainbat gela beste hainbeste hizkuntzatan idatzitako erran zaharrez apainduta daude, esaterako, Zunbat ageri izan aboro (iruditu baino izan hobe) Erho bat aski da harri kantoin baten putzura egozteko baina sei zuhur behar dira haren hantik itoiteko, (Ero bat aski da harri bat putzura botatzeko, baina sei zuhur behar dira hura handik ateratzeko), Orratzak mundu oro du beztitzen eta bera biluz gelditzen, Ez ikusi ez ikasi, eta Behartsuaren adierazpidea bere malkoak dira, Etiopiako amarika hizkuntzan.
1852an Zientzietako Akademiako kide eta Geografia eta Nabigazioa ataeko akademiakide aukeratu zuten. Handik urte batzuetara Tolosako Akademiako kide, Zientzien Aurrerabiderako Britainiar Elkartekoa, Parisko Filologia Elkarteko buru, Bruselako Société Scientifiqueko kide, Bureau des Longitudes erakundeko funtzionarioa… beraz, elkarte zientifikoetako kide eta laguntzailea da, Frantzian ez ezik, Ingalaterran, Alemanian, Italian, Belgikan, Irlandan, Espainian, Estatu Batuetan, Egipton, Euskal Herrian…
Hain zuzen ere, 1851ko udan Euskal Herrira egindako bidaian ekin zion mezenas lanari, euskarazko Concours de Poésie, Lore Jokoak, Koplarien gu- duak antolatuz urtez urte, Provence eskualdeko Erdi Aroko ereduari jarraikiz, besteak beste, Intxauspe eta Duvoisin handikien laguntzaz. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herrietan ez ezik, Nafarroa Garaiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan ere antolatu ziren lehiaketa horiek XIX. mendearen bigarren erdialdean, eta poeta anitzek jaso zuten ohorezko makila sari gisa.
1864an argitaratu zuen Zubernoatikako Gutun bat, Urruñako Udaleko kontseiluko kideei eskainia, egiten ari ziren eta haren lurraldeak zeharkatzen zituzten bideen kontura sortutako arazoen karietara. Perpinyan, 1879ko irai- laren 21ean, hitzaldi bikaina eman zuen François Aragoren monumentuaren aurrean. Gizon hura astronomia irakasle izan zuen, eta 1848an, ministroa zenean, esklabutza abolitu zuen. 1892an Académie des Sciences delakoaren buru aukeratu zuten, eta haren lagun Lavigerie kardinalak esklabutzaren aurka Bruselan antolatu zuen kongresuan parte hartu zuen.
Langile nekaezina izaki, bizitzaren amaieran gaindituta zegoen bere garaiko jakintsu anitzekin trukatzen zituen gutunen oldeagatik (gutuneria hori interes handikoa da, eta oraindik ere argitaratu gabea), eta heriotza iritsi zitzaion arabieratik frantsesera itzultzen ari zelarik Ahmed «Gragne» Imanaren konkisten eta espedizioen memoriak. Lan hura amaitu eta argitaratu zuen (1898) Vienako Unibertsitateko Philippe Paulitschke irakasleak.
Euskararen eta euskal literaturaren alde, eta Lore Jokoak sustatzeko egindako mezenas lanagatik, pizgarria izan baitzen XIX. mendeko bigarren erdialdean euskal literaturak bizi izan zuen aldi berrirako, Antonio Abadia Eskualdunen aita jo zuten anitzek.
Euskal zuzenbideari egin zion ekarpena, oso ugaria izan ez bazen ere, aipagarria da. Gregorio Monrealek adierazi zuenez, Abadia XIX. mendeko konstituzionalismo kontinentalaren aurka eta Zuzenbide Naturalaren Eskolak eta Iraultza frantziarrak sortutako mugimendu kodifikatzailearen aurka agertu zen, eta adierazi zuen nahiago zituela Ingalaterrako eta hegoaldeko Euskal Herriko konstituzionalismo historikoak. 1880an Iruñeko Revista Euskara aldizkarira igorritako gutun batean, espainiar kodifikazio zibilaren aurka agertu zen, eta euskal lurraldeetarako foru legedia gordetzearen alde. 1898an Donostiako Euskal Erria Aldizkarian argitaratutako artikulu batean, ekarpen interesgarri zenbait egin zituen gobernuaren erreformaren eta landa-udalerrien administrazioaren inguruan, ikuspuntu orijinalak eskainiz. Beste alde batetik, inkesta garrantzitsu bat egin zuen Euskal Herriko ohiturazko zuzenbideari buruz, eta interes handia erakutsi zuen herrialdeko oinordetzako zuzenbidearen inguruan.
Obrak
ABBADIE, A. eta CHAHO, A., «Prolegomènes», Etudes grammaticales sur la langue euskaríenne, Paris: A. Bertrand, 1836, 1-50. orr.
Lettre à Lord Clifford sur l’Abisinie, Lyon, 1853.
Catalogue raisonné de manuscrits éthiopiens, Paris, 1859.
Résumé géodésique des positions déteminées en Éthiopie, Leipzig, 1859.
Hermae pastor. Aetiopice primum edidit… Leipzig, 1859.
Géodesie d’une partie de la Haute-Ethiopie, Paris, 1860. Zubernoatikako gutun bat, Paris, 1864.
Douze ans de séjour dans la Haute-Éthiopie, Paris, 1868.
«L’Abyssinie et le roi Théodore», Le Correspondant, XXXVII. T, Paris, 1968.
Géographie de l’Ethiopie: ce que j’ai entendu faisant suite à ce que j’ai vu, Paris, 1890.
«Sur l’abolition de l’esclavage en Afrique», Bulletin de la Société des Études Coloniales et maritimes, Paris, 1896.
«Sur la préservation de la langue basque (notice)», Bulletin de la Société de Linguistique, Paris, 1985-86, IX, LXXXVIII.
«La reforma municipal. Los municipios rurales», Euskal Erria, 39, 74-82 (1898), 110-120. orr.
«Chah’áb ad Din Ahmad, Futúhel Habacha», Des conquêtes faites en Abyssinie au XVIe siècle par l’Imam Muhamad Ahmad dit Gragne, Paris: Ed. Philippe Paulischke, 1898.
Bibliografia
DARBOUX, G., Notice historique sur Antoine d’Abbadie, Paris, 1907. DAVANT, J. L., Abadia Urrüstoi, Durango: Durangoko Udala, 1986.
DERCOURT, J., Antoine d’Abbadie. De l’Abyssinie au Pays Basque. Voyage d’une vie, Biarritz: Atlantica, 2010.
MONREAL ZIA, G., «El ideario jurídico de Antoine d’Abbadie», Antoine d’Abbadie, 1887- 1897. Congrés International, Hendaia-Sara, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998, 411-422. orr.
SAGARZAZU, I., Abbadie, Hondarribia: Oyhenia, 1997.
URKIZU, P. (arg.), Antoine Abbadie, Pensées. Études et voyages de 1835 (carnetinédit). I, Donostia: Eusko Ikaskuntza; Euskaltzaindia, 1997.
URKIZU, P. (arg.), Antoine Abbadie, recueile de textes ethnographiques, géodesiques, linguistiques, littéraires. II, Donostia: Eusko Ikaskuntza; Euskaltzaindia, 1997.
URKIZU, P. (arg.), Anton Abbadiaren Koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma (1851-1897). III, Donostia: Eusko Ikaskuntza; Euskaltzaindia, 1997.
URKIZU, P., Anton Abbadia. 1810-1897. Biografia saioa, Bilbao, 2002.
URKIZU, P., Antoine d’Abbadie 1810-1897. Essai biographique. Edurne Alegria Aierdik euskaratik itzulia. Biarritz: Atlantica, 2011.





