XVIII. mendean iraultza intelektual bat sortu zen Frantzian, lurrikara handia eragin zuena ezarritako ordenan. Pentsamenduaren eraberritze zabal hartan, filosofoak lehenengo planoa okupatzera igaro ziren, eta fisiokra- tak ere bai, ekonomiaren esparruan. Haien ideiak garrantzi eta zabalkunde handiak izan zituzten. Era guztietako idazki ugari plazaratu ziren. Hasierako egunkariek ere eragin handia izan zuten iritzi publikoaren moldaketan. Egile batzuek, besteak beste, Fenelon eta Montesquieu idazleek, Estatu-herrialdeetako eta beste herrialde autonomo batzuetako bitartekaritzakidego naturalen izaera goretsi zuten. Idazki horiek solasaldiak eta eztabaidak pizten zituzten saloi, klub, kafe eta halakoetan, eta irakurketa publikoak egiten ziren haietan.
Berrogeita hamarretik goiti Probintzia Akademiak zabaldu zituzten ideia haiek probintzietan. Mendean barna logia masoniko ugari sortu ziren, lehenengoa 1726an Parisen, eta ideia berriak zabaldu zituzten.
Kritika eta aldarrikapen haiek Gortera iritsi ziren eta Luis XV.a erregeak hainbat erreforma sartu zituen, baina oso partzialak izanik, eta berandu iritsirik, porrot egin zuten azkenean. Porrot egin ez ezik, kontrako erreakzio handia ere eragin zuten, eta Luis XVI.a ez zen gai izan hura konpontzeko.
Nolanahi ere, egoera orokorra hobea zen Estatuak zituzten herrialdeetan hauteskunde-herrialdeetan baino. Mirabeauko markesak, gizakiaren laguna izenez ezaguna zenak, hasiera-hasieratik aldeztu zuen batzar probintzialen eraketa erresuma osoan zehar. Haren proiektua 1775ean berreskuratu zuen Dupont de Nemours enpresari eta ekonomialari ospetsuak, eta 1778an Neckerek gauzatu zuen, Finantzen Zuzendaritza Nagusia onartu zuenean. Saialdi horrek porrot egin zuen, Parisko Parlamentua aurka zuelako, eta intendenteak ere bai, zentralizazio administratiboaren defendatzaile amorratuak izaki. Aurrerago, ordea, Calonnek berreskuratu zuen ideia, Necker ordeztu zuenean finantzen kontrolean, eta 1787ko erreforma inspiratu zuen. Batzar probintzialak sortu eta abian jarri ziren erresuma osoan. Baina hurrengo urteko abuztuaren 8an Estatu Orokorrak biltzeko deia zabaldu zen.
Erresumaren egitura administratiboaren erreformak eskualdeen aldeko espiritua piztu zuen Frantzia osoan. Probintzia askok, esaterako Dofinerriak, antzinako estatu partikularrak berrezartzea aldarrikatu zuten, eta Estatuetako herrialde guztiek beren araubide pribilegiatua aldeztu zuten.
Lapurdin, Hirugarren Estatuko kide guztiek, haien kexak jasotzen zituen idazkiaren 47. artikuluan, beren araubidearekin «aski kontent» zeudela adierazi zuten, eta hura eraldatzeak «nolabaiteko beldurra» eragiten ziela ziurtatu zuten. Zuberoko bizilagunek 1730eko patente-gutunen abolizioa exijitu zuten, Zilbieta ezabatu zutelako, eta beren pribilegioak onartzea. Nafarrak, berriz, erregearen deialdiari uko egin ondoren, Nafarroa Frantziako erresumako probintzia ez baizik, erresuma independentea zela argudiatuz, ordezkaritza bat bidali zuten erregearengana. Jasandako laidoen koadernoa aurkeztu zioten, erregeak eta haren menpekoek 1620tik ordura arte egin zituzten bidegabekerien kalte-ordaina eskatuz eta haien erresumaren independentziaren adieraz- pena aldarrikatuz.
Baina Estatu Orokorrak, 1789an bilduta, neurri handi batean aristokratez eta burges liberalez osatuta zeuden, ideia berrien aldekoez, beraz, eta Alderdi abertzalearen mendean zeuden. Haien buruzagietako bat Sièyes abadea zen, pribilegio guztien aurkakoa. Haren iritziz, «pribilegio guztiak, berez, bidegabeak eta gorrotagarriak ziren, eta kontraesanean zeuden gizarte politiko ororen helburu gorenarekin».
Eta abuztuaren 4ko gau ospetsuan botoa eman zuten —Lapurdiko Hirugarren Estatuko diputatu ziren Garat anaiek ere— pribilegio guztien abolizioaren alde. Probintziaren protestak izan ziren, baina Zuberoko eta Nafarroako Biltzarra eta euskal erakundeak galdu ziren.
Batasun nazionala erdiesteko, Frantzia era geometrikoan zatitu zuten departamentu ahalik eta anonimoenak eratuz, helburu garbi batekin: «ahalik eta gehien xurgatzea lehenagoko aberri probintzialetatik geratzen zen oro».
1790eko martxoaren 4ko dekretuaren arabera, Frantziako hiru euskal probintziak Bearno eskualdeari atxikiak geratu ziren, eta Pirinio Behereak departamentua osatzera igaro ziren. Sei barruti zituen departamentuak, eta Paue zuen hiriburua. Nazio Frantziarrak, batuak eta banaezinak, euskal herrialdeak eta haien erakundeak eta autonomia irentsi zituen. Euskal demokrazia tradizionala ezabatu eta haren ordez errolda-erregimen bat ezarri zen. Hartan, boto-eskubidea dirudunen esku zen, eta hautagai izaten ahal ziren haietako gutxi batzuk bakarrik.
Era horretan burutu zuten iraultzaileek Monarkiak hasitako lan bateratzailea. Robespierre eta Napoleon ekarriko zituzten askatasun eta demokrazia abstraktu batzuen izenean, ideologo gutxi batzuek deuseztatu zituzten antzinako euskal demokraziaren egiazko askatasunak.
1792ko abuztuaren 10ean, sans culottes deitu ziren haien mendekuak Robespierre eraman zuen boterera. Hark sufragio unibertsala ezarri zuen eta demokratizatu nahi izan zuen, jabegoa ez ezik, gizartea oso-osorik ere. Bere proiektua gauzatu eta Iraultzaren lorpenak babestu ahal izateko, mehatxu pean baitziren, boterea ahal izan zuen guztian zentralizatu zuen, eta Izua ezarri zuen. Haren alderdia «menditarren» edo «jakobinoen» alderdia deitzen zen, batzarrak egiteko aukeratu zuten antzinako komentuagatik, eta nagusi zen Asanbladan.
Monarkia deuseztatuta, 1792ko irailaren 21ean, Errepublika aldarrikatu zen. 1793ko urtarrilaren 21ean Luis XVI.a exekutatu zuten, eta salaketa ugari eragin zituen horrek. Baina «menditarren» diktadurak ez zuen oposizio txikienik ere onartzen. Gutxiengoa baziren ere, haien arerioak ezabatu zituzten. Batik bat, «girondinoak», antzinako probintzien defendatzaileak baitziren.
«Jakobinoak» boterean bakarrik zeuden, haien erreformak inposatu zituzten, guztiak ere zentralizatzaileak, eta Izua zabaldu zuten probintzia disidenteetan, batik bat Euskal Herrian. Baionako Askatasunen Plazan eta Donibane Lohizunen ezarritako gillotinak hainbat aldiz erabili ziren.
Horrenbestez, antzinako euskal demokrazia, eta harekin batera herrialdeen erakunde guztiak, galdu ziren. Robespierre eta haren aldekoak erori ondoren, II. urteko termidorren 9an (1794ko uztailaren 7an), errolda-sufragioa berrezarri zen, eta VIII. urteko brumarioren 18an (1799ko azaroaren 9an) diktadore berri bat sortu zen, Napoleon Bonaparte. Sufragio unibertsala berrezarri zela egia bada ere, aurreko garaietan baino indar gutxiagokoa izan zen; gehiago izan zen sufragio unibertsalaren simulakro bat, errolda-erregimenak bezala, jauntxoen izendapena ekarri zuena.
Iparraldeko Euskal Herriaren nortasun politikoa salbatzeko azken saiakuntza bat XIX. mendearen hasieran gertatu zen. Napoleonek Inperioa berreskuratu zuela aprobetxatuta, Garat diputatuak 1808an gutun bat idatzi zion Savary jeneralari, Rovigoko dukea bera, hark agintzen baitzuen armada frantziarra Espainian, non eskatzen zion euskaldunen autonomia, zazpi probintziak bilduko zituen Estatu batean, Europa napoleonikoan federatuta.
Baina Napoleonen Europa berehala galdu zen. Hainbat erregimen ezarri ziren Frantzian, bata bestearen ondotik, 1814tik 1848ra bitartean. Estatu ofiziala eta egiazko herrialdea bereizten zituen arrakala gero eta sakonagoa zen, eta egoera horrek sozialismoaren sorrera ekarri zuen, errolda-erregimena bukatu zen, eta sufragio unibertsala itzuli zen. 1848ko iraultzak, ordea, porrot egin zuen. Eroritako errolda-erregimeneko jauntxoak erreakzionario sutsu bihurtu ziren, eta erreforma guztiak galarazi zituzten. Asanblada erreakzio- narioaren ekimenei aurre eginez, Luis Napoleon Bonaparte oldartu zen sufragio unibertsalaren defentsan. Huraxe izan zen 1851ko abenduaren 2ko estatu- kolpearen aitzakia. Napoleon III.ak berrezarri zuen sufragio unibertsala, gaur egun indarra duena, baina alde handi batekin, euskal erregimen demokratikoarekin alderatzen badugu, alegia, gure diputatuen agintea, maila guztietan, ordezkaritzakoa dela, eta horrek baztertzen duela herri kontsultak egiteko aukera.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurralde zaharrak, beren erakunde historikoak deuseztatu ondoren, ez ziren gai izan, XIX. mendearen lehenengo hiru laurdenetan, beren zuzenbideari eta instituzioei buruzko his- toriografia edo/eta doktrina politiko bat lantzeko. Era horretako lehenengo aritalpena bizkaitar atzerriratu baten eskutik etorri zen, Juan Antonio Zamacola frantsestuaren eskutik, hain zuzen ere, Auch hirian argitaratu baitzuen, 1818an, hiru liburukitan, bere lana: Historia de las naciones bascas de una y otra parte del Pirineo Septentrional y costas del mar Cantábrico, desde sus primeros pobladores hasta nuestros días. Con la descripción, carácter, fueros, usos, costumbres y leyes de cada uno de los estados Bascos que hoy existen. Dividida en varias épocas. Hainbat urte iragan ondoren, Iharce Bidassouet abadeak ere hegoaldeko Euskal Herrira begira idatzi zuen bere lana: Histoire des Cantabres ou des premiers colons de toute l‘Europe, avec celle des basques leurs descendents directes, qui existent encore, et leur langue asiatique-basque. Traduite et reduite aux principes de la langue francaise (Paris, 1825). Egile horrek eta ondorengo beste batzuek jarraitu zuten beren interesa zentratzen Erdi Aroa- ren eta mito kantauriarraren azterketan. Garai hartan azpimarragarriak dira, adibidez, Agosti Chaho eta haren asmoa euskaldunak batzeko historiaren bi- dez, haren Histoire primitive des euskariens-basques, langue, poesie, moeurs et caractere de ce peuple (Madril eta Baiona, 1847) lanean egiaztatzen ahal denez, edo urte hartan berean Beltzuntzeko bizkondeak argitaratutako Histoire des basques depuis leur établissement dans les Pyrénées occidentales jusqu’a nos jours, bi liburukitan (Baiona, 1847). Beste egile eta lan azpimarragarri batzuk izan ziren, esaterako, A. Braudimont eta haren Histoire des basques ou Escualdunais primitifs, restaurée d’après la langue, les caractères ethnologiques et les moeurs des basques actuels (Paris, 1854), Cenac Moncaut eta haren Histoire des Pyrénées et des rapports internationaux de la France avec l’Espagne (Paris, 1853-1855. 5 libk.), berriro argitaratua Histoire des peuples et des Etats pyrénéens (France et Espagne) (1860), Dominique Joseph Garat eta haren Origines des Basques de France et d’Espagne (Paris, 1869), edo Jean-François Bladé, Etudes sur les origines des basques (Paris, 1869).