Karguak eta lanbideak
Politikari foruzale liberala, senataria, Probintziako Aita
Ibilbidea
Bere aita Rondako zaldun-elkarteko kide Saturnino Otazu Salamanca Moyua y Ruiz del Castillo zen, Briviescakoa (Burgos); bere ama Maria Agueda Balencegui Araoz Lazarraga Davalos, Segurakoa (Gipuzkoa). Aita bezala, Fausto ere Rondako Errege Zaldun-Elkarteko kide izan zen. Legeak ikasi zi- tuen Valladolideko unibertsitatean, baina 1808an ikasketak utzi behar izan zituen, Napoleonen okupazioak eragindako gerra zela-eta. Ezkongabea eta hipokondriakoa zen, eta mina baretzeko, itsasoan bainatzen zen udan, buruan olatuen kolpeak jasotzeko. Europako hainbat herri ezagutu zituen (Frantzia, Belgika, Ingalaterra, Prusia), eta, Euskal Herrian zegoenean, bereak ziren etxeen artean aldatuz bizi zen. 1834 eta 1842 artean Madrilen bizi izan zen eta Salazar Kondearen mahai-inguruetan parte hartzen zuen. Mahai-inguru horiek Montehermoso markesak antolatzen zituen, Beireko Ezpeleta Kondearen emazteak. Fausto Otazu Arabako aberatsenetakoa zen eta onibarrak zituen Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Fernando VII.aren seiurteko absolutistan (1814-1820) hainbat kargu publiko bete zituen bere jaioterrian, hala baitzego- kien bere gizarte maila zutenei. Gauzak horrela, 1817an Gasteizko erregidore izatera iritsi zen. Urte bereko martxoaren 5ean Nafarroako jaiotza-titulua jaso zuen, Nafarroako Gorteetan noblezia-estamentuaren ordezkari izateko pribilegioa jaso baitzuen oinordetzan, eta Vianako bizilaguna zela aitortu ziotelako. 1817ko maiatzaren 4an, Arabako Batzar Nagusiak elkartu ziren Zurbaon zuen jauretxean, eta 1818ko Batzarretan prokuradore nagusi izan zen Gasteizko anaidiaren izenean.
Hirurteko liberalean, Gasteizko alkate konstituzional izan zen 1821. urtean; urte bereko uztailaren 11n, presidente aritu zen hiriko Merkataritza Batzordean; eta 1822ko ekainaren 10ean Arabako Foru Aldundiko batzordekide izan zen. Hirurteko liberalean jarrera liberal moderatu edo orekatua agertu zuen liberal asaldatuen aurrean, baina, hala eta guztiz ere, erregezaleen altxamendu armatuari aurre egin zion.
Hamarkada Gaitzesgarrian (1823-1833), ustez jazarria izatetik Ahaldun Nagusiaren ordezko izatera igaro zen Otazu. Ustezko jazarpen hori soilik lehen bi urteetako nahasmendu eta errepresio gogorraren baitan pairatu zuen. 1823ko apirilaren 7an hasi zen, San Luisen Ehun Mila Semeak deitutakoak Espainiara sartu, Cadizen liberalak amore ematera behartu eta urriaren 1ean Fernando VII.a askatu ondotik. Ikerlariak ez datoz bat Fausto de Otazuk egoera eta testuinguru historiko horren aurrean hartutako jarreraz den bezainbatean. Batzuek diotenaren arabera, Monarkia absolutua berrezarri zenean jazarria izan zen, liberalekin bat egiteagatik. Besteen ustez, 1823an, tropa frantziarren esku-hartzearen ondorioz sistema konstituzionala indargabetu eta monarkia absolutua berrezarri zenean, agintari liberalek ihes egin zuten eta Gasteizko alkate aritu behar izan zuen maiatzaren 15etik 24ra, baina, azkenean, dimititzea erabaki zuen. Bere nekrologikoan (1869) ageri denez, ordea, Hirurtekoan izandako karguengatik eta bere ideia liberalengatik jazarri zuten. Litekeena da jazarpen horrek Donostiara mugitzera eraman izana eta, behin hara iritsita, arretarik deitu gabe bizitzen saiatu zen.
Hamarkada Gaitzesgarriak iraun bitartean, Otazuk ardura handiko kargu politikoak bete zituen Euskal Herrian. Horrek erakusten duenez, ezinbestean Fernando VII.aren politika absolutistaren laguntzaile izan beharra zuen, eta pentsatzekoa da ez zuela jazarpena pairatzeko beldurrik izan beharrik. 1826tik aurrera, politikoki nabarmentzen hasi zen berriro, probintziako diputatu-orde aritu baitzen Batzar Nagusietan, Valentin de Verastegui Arabako ahaldun nagusi zela. Gainera, bere esku utzi zituzten Arabako instituzioen ku- deaketa-konpromisoak. 1828an, Aldundiak Gorteko eskudun izendatu zuen eta Fernando VII.a erregeak Euskal Herrira egindako bisitan ordezkari izan zen.
Absolutismoarekiko zuen lotura geroz eta handiagoa zen, eta 1829ko aza- roaren 25ean Arabako ahaldun nagusi izateko hautatu zuten, baina, egunerokoan, kudeaketa Diego Manuel Arriola Esquivel ordezkoaren esku egon zen, Otazu absente zegoelako. Behin eta berriro ahaldun nagusiaren kargua hartzeko eskatu zioten arren, ezin zuela adierazten zuen, osasun arazoak zirela medio, eta betiere medikuaren agiria aurkeztuta. Azkenik, 1830ean, Batzar Nagusiak uko egitea onartu zion, eta handik aurrera Diego Arriola izan zen ahaldun nagusia.
1831. urtean Gasteizko alkate izateari uko egin zion, orduko hartan ere osasun arazoak aipatuz. Dirudienez, baina, osasuntsu zegoen eta Donostian bolada bat igarotzen ari zen. Azkenean, Gasteizera itzultzeko eskatu zio- ten, eta kargua zin egin behar izan zuen. Lehen Karlistaldiak iraun bitartean (1833-1840), Madrilen babestea erabaki zuen, Gorteko Arabako ordezkari arituta. Gutun ugari bidali zizkion Iñigo Ortes de Velasco ahaldun nagusiari, bere ideia politikoak agertuz eta argi erakutsiz egoera politikoaren gaineko iritzia emateko eta analisia egiteko gai zela; bereziki, 1840. urtetik aurrera, baldintza liberaletan konstituzio forala eguneratzeari buruz.
Otazu izan zen, liberalismo konstituzionaletik abiatuta, 1834an foruzaletasuna edo Euskal Herriko autogobernuaren foru erregimena formulatu zuten politikari eta ideologoetako bat. Ikuspegi liberal batetik, erregimen forala politikoki eta ekonomikoki mantentzearen alde egin zuen, Blas Domingo Lopez aholkulariarekin eta Iñigo Ortes de Velascorekin batera. 1834an Espainiako erregimen liberal konstituzional berria eta erregimen forala aldi berean inda- rrean egon zitezkeela eta are bateragarriak zirela defendatu zuten. Euren aukera 1834ko maiatzaren 8an argitaratutako idatzian defendatu zuten: Apuntes sobre el modo de conciliar la convocación de las Provincias de Bizkaia, Gipuzkoa y Álava a las Cortes generales del reyno, con la conservación de las especiales instituciones administrativas, de forma que los procuradores en Madrid fueran representantes electos de las Juntas Generales izenburupean. Idatzi hori joera politiko berri baten sorreratzat har daiteke, doktrinari dagokionez behinik behin: liberalismo foruzalea. Esan beharra dago Joseba Agirreazkuenagaren ustez testu hori idatzi zutenak Fausto Otazu Arabako ordezkaria, Casimiro Loizaga Bizkaikoa eta Gipuzkoako Juan Esteban Izaga eta Monterrongo kon- dea izan zirela, izenburua Otazuk jarri bazion ere. Dokumentu hori 1834ko azaroan editatu zen eskuorri ezaguna baino lehenagokoa da; bestela esan, Observaciones sobre la necesidad de examinar el régimen administrativo de las Provincias Vascongadas para fallar con acierto en esta materia zaharragoa da. Nolanahi ere den, tesi foruzaleak lehenago hedatzen hasi ziren, eskuorri baten bitartez. Eskuorri horren sortzailea patrizio arabar batzuen eragina zuen Arabako elite politiko eta intelektualez osatutako talde txiki bat izan zen, Iñigo Ortes de Velasco, Fausto de Otazu eta Blas Lopez abokatu eta aholkularia buru.
1837an, M. Urioste de la Herran, M.M. de Uhagon eta F. de Hormaecheren El Bilbaino egunkariak —foruzale liberalen prentsa organo nagusia— publizitate-kanpaina hasi zuen bi tesi defendatzeko. Lehena: marko konstituzional berrian, erregimen zaharraren eta berriaren arteko transakzioa posiblea zen, foru egitura zaharren zati handi bat mantentzeko. Bigarrena: konponbide transakzional horren helburuak liberal eta absolutisten asmoen erdibidean kokatuz, guda zibila «irabazle eta galtzaile» gabe buka zitekeen. Haien aurkari aurrerakoiek konstituzionalismoaren erabateko garaipena espero zuten oraindik, eta Arabako foruzale-moderatuei «karlo-kristino» deitzen hasi ziren, ustez eta bere pribilegioei atxikia zegoen «aristokrazia ergelaren» botere eta prestigioa kosta ahala kosta salbatu nahi zituztela. Haien iritziz, hirugarren bide foruzale-moderatua borroka armatuaren txorimaloa astintzeko aitzakia besterik ez zen, euren posizioa indartzeko; hau da, karlismo erreboltariaren urak oligarkia foruzalearen errotara bideratzeko saia- kera hutsa. Horregatik esaten zuen garaiko euskal ezker liberalak (argi eta garbi foruen kontrakoa) El Bilbaino «foruzale, moderatu, atzerakoi eta absolutista hitzak sinonimo bilakatu nahian» zebilela.
Lehen Karlistaldiak iraun bitartean (1833-1840) Madrilen babestu zen, eta espainiar parlamentarismoan murgildu. Gorteetako prokuradore izan zen 1834tik 1835era. 1837. urtean ahaldun nagusi izateko hautatu zuten, baina ez zuen sekula kargua zin egin, handik gutxira foru instituzioak indargabetu eta probintzia Diputazioa indarrean jarri zelako. 1837ko irailaren 22an, 451 botorekin senatari izateko proposatu zuten, Iñigo Ortes de Velascorekin (471 boto) eta Manuel Aranguren Monterrongo kondearekin batera (412 boto). 1838ko urtarrilaren 4ko errege Dekretuaren bitartez, Maria Kristina erregina agintariak, Arabako senatari izendatu zuen, ministroen Kontseilua adituta. 1839an Batzar Nagusiak berrezarri zirenean, «Probintziako aita» izendatu zuten.
Otazu nabarmendu ohi zen parlamentaria zen; hala uste du, behinik behin, Fisonomía natural y política de los procuradores en las Cortes de 1834, 1835 y 1836 lanaren idazleak, honela deskribatu baitzuen: «prokuradoreen zerrendako alpha: bozketen kapera-maisua: eta, askotan, eztabaidatzen ari ziren kontuez ohartzen lehena zela ematen zuen, puntua nahikoa eztabaidaturik zegoenetz galdetzeko eskatzen zuenean erakusten zuen ezinegona ikusita. […] Eite handikoa zen bere tamainari esker; mihi lodikoa eta totel samarra, fisio- nomia nabarikoa, engainatzen ez duten horietakoa»
Probintziako politikarekin zerikusia zuen jardunari dagokionez, Fausto Otazuren egitekorik garrantzitsuena foru erregimena 1839ko urriak 25eko legeari egokitzeko negoziaketan Batzar Nagusietako ordezkari aritzea izan zen. Otazu Parisen zegoen izendapen hori jaso zuenean, diruz eskas bizi zen Bruno de Villarreal jeneral karlistari gobernu zentralak onartutako pentsio bat emateko, horrela monarkia liberalaren kontrakoa izateari utziko ziolakoan. 1840ko urtarrilaren 25ean, Arabako Batzar Nagusien izendapenaren ofizioa jaso zuen: Pedro Egaña eta Blas Domingo Lopezekin batera, gobernuarekin negoziatzeko hautatu zuten, 1839ko urriaren 25eko legeak agintzen zuen bezala, erregimen forala Espainiako marko konstituzionalari egokitzeko.
Fausto Otazu maiatzaren 4an iritsi zen Madrilera, eta 1841eko apirilaren 3ra arte Ortes de Velascori bidalitako gutunek argi erakusten dituzte errejimen forala monarkiaren errejimen konstituzionalarekin bateragarri egiteko negoziaketaren nondik norakoak. Arabako ordezkariek, foru erregimena osoki mantentzeko asmoz, «foru auzia deitutakoa konpontzeko lege proiektu zirriborro» bat idatzi zuten, Gipuzkoako Gorteetako diputatu Valentin Olanorekin batera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariek adostasun maila handia lortu zuten eta bat etorri ziren foruak aldatzeko lege berriaren helburu eta estrategietan. Ordezkari nafarrek, ordea, eremu ekonomiko-fiskal- administratibora mugatu zuten erregimen foralaren jarraipena. Nafarrekin askotan bildu arren, ezin izan zen fronte foruzale amankomunik sortu. Ota- zuk leporatzen zienez, «nola edo halako teoria izpiritua zuten, nire ustez, izpiritu kontserbatzailea nagusi izan behar zenean […]. Hemen dauden hiru ordezkari nafarrek, ez dute loturarik hemengoarekin, ez dute hau ezagutzen eta ez dakite hemengo negozioak nola kudeatu behar diren ere». Otazuren iritziz, negoziazioaren ardatza «gureari eustea» izan behar zen. Hala ere, komisioetan eta Batzar Nagusiek eskatutako beste hainbat egitekotan aritu zen. Horrez gain, hainbat proiekturen alde egin zuen: 1860an Afrikara bidal- tzeko tertzio arabarra sortzea, 1862an apezpiku-egoitza erdiestea, instrukzio publikoko batzordea eta eredu baserria. Guztiarekin ere, ez zuen konde- koraziorik, gurutzerik, saririk edo graziarik jaso, «probintziako aita» izateaz beste.
Nolanahi ere den, Blas Lopezekin batera, Otazu foruzaletasun liberalaren autorerik garrantzitsuenetakoa izan zen, biak ala biak joera moderatu eta foruzalekoak. Arabako taldea osatzen zuten, eta sortu zituzten proiektuei begiratuta, berrogeiko hamarkadan politikak hartuko zuen bidea argien ikusi zutenak izan ziren, zalantzarik gabe. Haien helburua, argi eta garbi, foruak eta konstituzioa parez pare jartzea zen.
Obrak
Fisonomía natural y política de los procuradores en las Cortes de 1834, 1835 y 1836 por un asistente diario a las tribunas, Madril: Ignacio Boix jaunaren moldiztegia, 1836.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «Las oportunidades de construcción del Estado liberal español: La España foral», Ayer, 35 (1999), 121-146. orr.
AGIRREAZKUENAGA, J., «Otazu, Fausto», Urquijo, M. (zuz.), Diccionario biográfico de los Diputados generales consultores y secretarios de Gobierno de Álava (1800-1876), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2004.
AGIRREAZKUENAGA, J., «Otazu Balenzegui, Fausto», Diccionario Biográfico Español, XXXIX. libk., 2012, Madril: Historiaren Errege Akademia, 313-315. orr. Online edi- zioa: http://dbe.rah.es/biografias/85270/fausto-otazu-balenzegui (kontsulta: 2019ko azaroak 2).
CHACÓN DELGADO, P.J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Axular, 2015.
DÍAZ DE MENDÍBIL, A., La linterna mágica o revista a los partidos políticos de Bilbao, Ma- dril, 1841.
FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., La génesis del fuerismo. Prensa e ideas políticas en la crisis del Antiguo Régimen (País Vasco, 1750-1840), Madril: Siglo XXI, 1998.
FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., «Periodismo, liberalismo y fuerismo», Rubio Pobes, C. eta De Pablo Contreras, S. (koord.), Los liberales: fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Gasteiz: Sancho el Sabio Fundazioa, 2002, 337-372. orr.
LÓPEZ, B., Observaciones sobre la necesidad de examinar el régimen administrativo de las Provincias Vascongadas para fallar con acierto en esta materia, Madril: Burgosko moldiztegia, 1834.
RUBIO POBES, C., «Liberalismo, fuerismo y fueros vascos entre 1839 y 1868», Los liberales. Fuerismo y liberalismo en el País Vasco, 1808-1876, Gasteiz: Sancho el Sabio Fundazioa, 2002, 133-160. orr.
SERDÁN AGUIRREGAVIDIA, E., Vitoria. El Libro de la Ciudad, Bilbo: Amigos del Libro Vasco Argitaletxea, 1985.
VELASCO, E., Crónicas y biografías alavesas, Gasteiz: Probintzia moldiztegia, 1910. VIDAL-ABARCA, J., VERÁSTEGUI, F., OTAZU, A., Fausto de Otazu a Iñigo Ortés de Velasco.
Cartas 1834-1841, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1995, 2 libk.
ITURRIAK
OTAZU ARTXIBOA, Otazu etxea Zurbanon (Araba).
SENATUAREN ARTXIBOA, «Expediente personal del senador D. Fausto Otazu Valencegui, por la provincia de Álava (1837-1838)», Sig. ES.28079.HIS-0326-03.





