Karguak eta lanbideak
Politikari foruzale liberal kontserbadorea, Gasteizko alkatea, Arabako diputatu nagusia, biziarteko senataria
Ibilbidea
Iñigo Ortes familia ilustratu aberats batean jaio zen. Iñigo Javier Ortes de Velasco eta Maria Tomasa Esquivelen semea, aita Urduñakoa zuen, Berorren Maiestatearen Kontseilukoa eta bere epailea Granadako Errege Kantzelaritzan. Bere ama Gasteizkoa zen, J. M. Esquivelen alaba, Legardako Markesa, Valtierros, Mingorria eta San Esteban de los Patos hiribilduetako eta Salcedoko dorre gotorlekuko jauna eta Berastegiko jauregiaren jabea.
XVIII. mendearen bigarren erdiko euskal aristokraziako familia prototipiko bateko kidea zen, ondare-ondasunetan oinarrituriko zergarik gabeko aberastasun baten jabe. Espainiako luze-zabalean zituen maiorazkoek
178.478 erreal ematen zizkioten urtero. Iñigok, 1845ean, 88.000 errealeko errenta zuen. 1809az geroztik Gasteizen bizi zen eta Teotiste Urbina Gaytan de Ayalarekin ezkondu zen. Alamedako III. markesaren titulua jaso zuen 1824an, bere aita, Ramon Maria de Urbina y Gaytan de Ayala hil zenean. Ez zuen titulua denbora luzez atxiki, ordea, jaso eta hurrengo urtean, 1825ean, hil baitzen. Gauzak horrela, Ortes «Alamedako Markes alarguna» bezala izan zen ezaguna. Lau seme-alaba izan zituzten: Maria Josefa, Francisco Javier —Alamedako IV. Markesa—, Carmen eta Ramon Ortes de Velasco y Urbina.
1799ko urriaren 20an, Iñigo Ortes Bergarako Nobleen Euskal Errege Apaizgaitegi Patriotikoan sartu zen, eta instituzio akademiko hartan hezkuntza zaindua jaso zuen. 1805eko abuztuaren 29an bukatu zituen ikasketak. Hezkuntzarekin lotutako gaiekiko interesa aurrerago piztu zitzaion. Hala, 1818an, Gasteizko Marrazketa Akademia sortu zuen arrakasta handiz, artisautzan aritu nahi zutenek heziketa egokia jaso zezaten eta arkitektura edo ingeniaritza bezalako karrerak egiteko prestatzeko. Iñigo Ortes Euskalerriko Adiskideen Elkartea berpizten saiatu zen, arrakastarik gabe, 1819ko azaroaren 20an, eta harekin batera izan ziren Ramon Zubia, Miguel Ricardo de Alava eta Prudencio Maria de Verastegui. Arabako Batzar Nagusiei urtero Euskalerriko Adiskideen Elkarteari bederatzi mila erreal emateko eskatu zieten, berriro abian jartzeko eta Arabako nekazaritzaren hobekuntza aztertzen laguntzeko. Funtsean, Elkartea biziberritu nahi zuten, bizirik zeuden kideen laguntzarekin. Gorago aipatu ditugunez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariek. ere egitasmoa babestu zuten. Guztiarekin ere, Arabako Batzar Nagusiek hurrengo Batzarrean erabakitzeko utzi zuten diru-laguntzaren auzia, baina ez zen sekula horretaz hitz egin.
Oso gazterik hasi zen kudeaketa publikoan, 1808an Napoleonen tropek Urduña inguratu zutenean. Iñigo gazteak, udalbatzaren buru bezala, Napoleonen tropekin negoziatu zuen hiria haien esku uztea eta ondorengo irteera, arpilaketa ekiditeko. Politikagintzan Gasteizen jardun zuen, eta bertan, 1817an, frantziar administrazioarekin negoziatzeko sortutako komisioko kide izendatu zuten, etengabeko inbasio napoleonikoetatik eratorritako zorren auzia bideratu eta konpontzeko.
Hirurteko Liberalean, 1820ko uztailean, Ortes Gasteizko bigarren alkate izendatu zuten, eta hurrengo urtean utzi zuen kargua, Fausto Otazu alkate zela. 1823an Udaleko errejidore edo zinegotzi kargua berreskuratu zuen, eta baita berehala onartu ere. Absolutistei zien beldurragatik, baina, erbestera ihes egin zuen, eta urtebete inguru eman zuen horrela. Ez dago argi zenbat iraun zuen erbestealdiak, ez eta noiz itzuli zen Gasteizera: 1824ko abenduan, edo 1826ko apirilean.
Handik Gutxira, Gasteizko alkate izateko hautatu zuten, 1827ko abenduaren 29an. Bitxia da oso, zeren eta, aurrekari liberal ezagunak zituen, horiengatik erbesteratzea jasan zuen eta Hirurteko Liberalaren politikan parte hartze ak- tiboa. Guztiarekin ere, Fernando VII.aren absolutismo betean, kargu politikoak betetzen jarraitu zuen. 1828an, Ortesek ongietorria prestatu zuen erregearen- tzat, euskal lurraldeetan barrena egindako ibilbidean. Su-artifizialak eta bestelako ikuskizunak izan ziren, eta Hirurtekoan liberal izateagatik ospetsuak ziren hainbat pertsona agertu ziren erregearen ondoan; besteak beste, berriro instituzio publikoetan zeuden Iñigo Ortes eta Fausto Otazu.
Gasteizko alkate izatetik, Arabako ahaldun nagusi izatera igaro zen laster, baina bada nahasmen apur bat izan zituen karguetan eta haiek hartzeko datetan. Carmen Castellsen arabera, 1830eko maiatzaren 6an teniente, lan- da-maisu, komisario eta ahaldun nagusi izendatu zuten; irailean, Gorteko komisario, eta, hurrengo hirurtekoan, ahaldun kargua hartu zuen berriro. Agirreazkuenagak, aldiz, 1830-1832ko hirurtekoan diputatu teniente izan zela dio, ahaldun nagusia Diego Arriola zelako. Era berean, Gorteetako ordezkari izan zen 1830ean. Hurrengo hirurtekoan, Ortes ahaldun nagusi hautatu zuten, eta Diego Arriola teniente. Ortes ahaldun nagusi izendatzea are korapilatsuagoa da Agirreazkuenagaren 1993ko artikulura jotzen badugu, honakoa baitio bertan: «Geroago, 1830eko maiatzaren 6an, ahaldun nagusi hautatu zuten, eta hala izan zen berriro 1832an». Espainiar Hiztegi Bibliografikoan jasotakoa guztiz kontrakoa da, ordea; haren arabera, 1830ean Gorteetako ordezkari eta ahaldun nagusiaren teniente baitzen.
Lehen Karlistaldiak Arabako Probintziako buru zela harrapatu zuen Ortes, Arabako ahaldun nagusia baitzen. 1833ko urriaren 7an, foru miliziako buru Valentin de Verastegui karlisten alde jarri zen, eta Karlos V.a aldarrikatzeko, Gasteiztik Gardelegira mugitu zen Badayozko, Bernedoko Guardiako eta Gaubeako naturalen taldeen buru. Mugimendua Bilboko urriaren 3ko erregezale eta karlistekin koordinaturik egin zuten. Horrela hasi zen Guda Karlista. Lehendabiziko bi hilabeteetan, Valentin Verastegui izan zen matxinatuen buru, eta aginte gorena hartzen saiatu zen. Ortesek, ordea, ahaldun nagusi legitimoa zen aldetik, bere karguari eutsi zion, eta honela zuzendu zitzaion Verasteguiri: «nigan ez dago ordena publikoa mantentzeaz bestelako asmorik, indarkeria guztia Valentin de Verastegui jaunarena baita […] espero dut zure zuhurtziak ondorio larriak ekar litzakeen borroka ekidingo duela, desoreka handia baita». Gasteizko arma-komandanteak hiritik alde egin zuen 110 soldadurekin Gipuzkoara bidean. Kanpoan zeuden Verasteguiren
4.000 soldaduek, hori ikusita, berehala sartu ziren hirira eta menpean hartu zuten. Egoera horretan, Ortes ahaldun nagusiak batzorde berezia deitu zuen, eta erasoari aurre egitea erabaki zuten, betiere hiri barneko lasaitasuna eta ordena mantenduz. Horrekin batera, Verasteguiri bere ekintzak foruen kon- trakoak zirela jakinarazi zioten. Alamedako Markes alargunak aldiro aldarrikatu zuen bera zela ahaldun nagusia, altxamendua legez kanpokoa zela argi gera zedin eta foru legediaren alde agertu zen behin eta berriro. 1833ko azaroaren 18ko Ohiko Batzarrean, Sarsfield jeneralaren armada liberalak natural armatuak garaitu zituenean, Aldundi Nagusiak eta Batzorde Bereziak ahalmen guztia erabiltzeko eskumena lortu zuten, ez baitzegoen gerra giroa baretzerik. 1833ko abenduaren 17an, Ezohiko Batzar Nagusiak Isabel II.a alda- rrikatu zuen. 1834an ahalegin handia egin zuen Arabako lurraldea Isabel II.a erreginaren aldekoa izaten jarraitzeko, baina, azkenik, 1835ean Baionara erbesteratu behar izan zuen bigarren aldiz.
Bere alabaren ezkontzara Madrilera joan ondoren, Ortes Baionara abiatu zen berehala, 1836an, eta hiri hartan erbesteratutako euskal nobleziaren taldean sartu zen. Gerraren bukaeran sutsuki aritu zen lanean Baionako Batza- rra sortzeko, foru sistemarekiko errespetuan oinarriturik, eta Muñagorriren Bakea eta Foruak formularekin gerra bukatzen lagundu zuena. Aurrerago, garai isabeldarrean, nagusitu zen Liberalismo kontserbadorean oinarrituriko foruzaletasuna proposatu zuen.
Bergarako Hitzarmenaren ondoren, 1839ko abuztuaren 28ko Errege Dekretuaren bitartez, senatari izendatu zuten Fausto Otazuren ordez. 1839ko abuztuaren 5eko hauteskundeetan Iñigo Ortes eta Fausto Otazu proposatu zituzten Arabako senatari izateko. Senatuaren artxibo historikoan Iñigo Ortes de Velasco ageri da Arabako senatari honako legealdietan: 1839, 1840, 1841; bizi artekoa 1845-1846, 1846-1847, 1847-1848, 1848, 1848-1849, 1849-1850, 1850-1851, 1851-1852, 1852, 1853[1.], 1853[2.], 1857 eta 1858. 1839ko aben-duko Batzar Nagusietan, Ortes, orduko hartan senatari hautetsia, ahaldun nagusi hautatu zuten aho batez, eta Fausto Otazu teniente eta Gorteetako ordezkari, konstituzioaren baitan, foru erregimena negoziatu eta aldatzeko. Lau hilabeteetako kudeaketa gogorraren ostean, Ortes ahaldun nagusiak foru gobernuko organo guztiak berrezartzea lortu zuen, eta baita foru administrazio publikoaren ohiko dinamika berreskuratzea ere. Batzar nagusietan eman- dako hurrengo hitzaldiek argi erakusten dituzte guda zibil traumatikoaren ondoren Ortesek zituen ideia politikoak eta egin zuen kudeaketa publikoa, lehenago arabarrei eta euskal herritarrei egozten zizkien dohain idealizatuen kontrakoak. Ideologikoki, alderdien banaketa gainditzeko beharra eta foruza- letasuna irakurketa liberalean sublimatzea defendatzen zuen, batasun konstituzionalaren baitan, arabar eta euskal herritar guztiena baitzen. 1839ko abuztuaren 28ko Errege Dekretuaren bitartez, senatari izendatu zuten.
Espartero agintean zegoela, Ortes bere foruen kontrako politikatik aldentzen joan zen pixkanaka, azkenean hura boteretik kentzeko konspiratzera iritsi arte. 1841eko martxoaren 30ean senatari izateari utzi zion, eta kargua 1845ean hartu zuen berriro. Horretarako erabili zuen argudioa, ahaldun nagusi izateak ez ziola Arabatik ateratzen uzten izan zen. 1841eko maiatzaren 4an Arabako Batzar Nagusietan egoera aztertzeko eman zuen hitzaldian, atsekabea antzeman daiteke, gobernu zentralak aldebakarrez erabaki zuelako Arabako erregimen forala sakonki eraldatuko zuen prozesua hasiko zuela. 1841eko urrian, Gasteizen Esparteroren kontrako altxamendua antolatu zuten politikarietako bat izan zen, Pedro Egaña, M. Ciorraga eta Montes de Ocarekin batera. Porrot egin zutenean, 1841ean, erbestera ihes egin behar izan zuen hirugarren aldiz.
1843an itzuli zen, baina politikagintza aktiboari muzin eginez. Hala ere, 1844ko irailaren 14ko hauteskundeetan Arabako senatari izateko proposatua izan zen. Hurrengo urtean, 1845ean, bizi arteko senatari izendatu zuten hauteskundeen lege berria baliatuz eta 1846ko otsailaren 21ean karguaren zina egin zuen. Senatari eta Arabako patrizio errespetatua zelarik, eguneroko politikan eragina izaten jarraitu zuen, eta Pedro de Egañarekin batera, trenbidea Gasteiztik pasa zedin lortu zuen. Euskal foruzaletasun liberalarentzako garrantzi handikoa izan zen gertakari batean ere protagonista izan zen beste batzuekin batera: 1850eko euskal politikagintzan Foruak egokitu edo aldatzea eztabaidatzen ari zirenean, Bizkaiko Batzar Nagusiei zuzendutako ma- nifestu bat sinatu zuen, senatari bezala, Arabako eta Gipuzkoako beste ordez- kari batzuekin batera (Benito Maria Vivanco, Pedro Egaña, Ladislao Zavala, Bruno Martinez de Aragon eta Francisco Palacios). Euren helburua proiektua onar zezaten zen, marko konstituzional berriaren baitan, Foruen negoziazio estrategia bateratu bat adostu ahal izateko. Finean, 1840-1850 hamarkadan jarraitutako luzamenduzko, behin-behineko eta biziraute estrategia alde batera utzi, eta behin betiko akordioa bilatuko zuen beste bat hartzea proposa- tzen zuten, dagoeneko ezarrita-edo zeuden oinarrietatik abiatuta. Karlismotik gertu zegoen Bizkaiko Batzar Nagusietako sektore batentzat, ordea, proposamen hori traidorea eta Madrilgo Gobernuaren interesen aldekoa zen. Azkenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota zuten proiektua, Arabako eta Gipuzkoako ordezkarien etsipenerako.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «Ortes de Velasco, Íñigo», Diccionario biográfico de los Parlamentarios de Vasconia (1876-1939), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 747-751. orr.
AGIRREAZKUENAGA, J., «Ortes de Velasco, Íñigo», Urquijo, M. (zuz.), Diccionario biográfico de los diputados generales consulares y secretarios de Gobierno de Álava (1800- 1876), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2004, 289-295. orr.
AGIRREAZKUENAGA, J., «Ortes de Velasco, Íñigo», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia 2012, 39. libk., 66-67. orr. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/85273/inigo-ortes-de-velasco-esquivel (Kontsulta, 2019ko aza- roak 5).
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con Libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Axular Atea, 2015, 113-122. orr.
GONZÁLEZ DE ECHÁVARRI, V., Alaveses ilustres, Gasteiz: Probintzia moldiztegia, IV. libk, 1902, V. libk, 1903.
CASTELLS, C., Íñigo Ortes de Velasco. Enciclopedia Auñamendi. Edición on-line: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/ortes-de-velasco-inigo/ar-112112/ (Kontsulta, 2019ko azaroak 6).
PANDO FERNANDEZ DE PINEDO, MIRAFLORESKO MARKESA, Biografía del Excmo. Sr. D. Íñigo Ortes de Velasco, Madril, 1858.
VIDAL-ABARCA, J., VERÁSTEGUI, F. eta OTAZU, A., Fausto de Otazu a Íñigo Ortes de Velasco. Cartas 1834-1841, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1995, 1. libk., 362-363. orr.
ITURRIAK
SENATUAREN ARTXIBOA, Expedientes personales, HIS-0009-01 «Senado de España». SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA, Archivo Ortes de Velasco. https://www.sanchoelsabio.eus/wp-content/uploads/2015/05/Fondos-documentales.pdf (kontsulta, 2019ko azaroak 5).





