Karguak eta lanbideak
Politikaria, abokatua eta idazlea
Ibilbidea
Salustiano Olozaga Arabako Oion herrian jaio zen, ideologia liberala zuen Gipuzkoatik etorritako familia batean. Celestino Olozaga Saenz eta Clara Almandoz Lasaguiren semea, haurtzaroa hainbat herritan eman zuen, bere aita medikua zenez, hainbat herritan lan egitea egokitu zitzaiolako. 1806. urte amaieran, bost hilabete inguru zituenean, familia Arnedora aldatu zen (Errioxa), eta Salustianok bertan ikasi zituen lehen letrak. Olozagak berak gogoratu ohi zuenez, bere aitak 1812ko Konstituzioaren artikuluak erabiltzen zituen irakurtzen irakasteko. Txikia zenean, Salustianok ezohiko dohain inte- lektualak erakutsi zituen, besteak beste, Vicoko komentuko frantziskotarrek antolatutako Latin lehiaketa bat irabazi zuenean.
Celestino Olozagak mediku plaza osoa lortu zuen Madrilgo Ospitale Nagusian, eta familia osoa bertara aldatu zen 1819. urte bukaeran. Salustiano Olozagak Filosofia ikasi zuen Zaragozan eta Madrilen.
Milizia Nazionaleko ofiziala eta liberal porrokatua, 1823an Hirurteko Liberaleko Gorteekin joan zen Sevilla eta Cadizera mugitu zirenean, San Luisen Ehun Mila Semeen interbentzio absolutistatik ihesi. Liberalen porrotaren ondotik, ezkutaturik egon zen Malagan eta Granadan. Madrilera itzuli, eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Complutense Unibertsitatean, eta ondoren, Madrilen, Logroñon eta Valladolideko Kantzelaritzan.
1831. urtean konspirazio liberaletan parte hartu zuen, eta horregatik Donibane Lohitzunen (Lapurdi) erbesteratu behar izan zuen. Fernando VII.a hil zenean itzuli zen, eta Alderdi Liberalak Merkataritza Kodea ikuskatzeko komisioko kide izendatu zuen. Madrilgo gobernadore zibil izan zen Mendizabalekin eta sekularizazioa eta eraikin erlijiosoen desjabetzea bizkortu zituen.
Bere ibilbide politikoan, Madrilgo eta Logroñoko diputatu aritu zen 1836tik 1873ra bitarteko hauteskunde parlamentarioetan. Parlamentuan lortu zuen hizlari elokuentearen ospea. 1837ko Konstituzioa idazten lagundu zuen, 1812koarekin eta 1834ko Errege Estatutuarekin sortutako liskarrak gainditu behar zirela sinetsita.
Logroñoko distrituko diputatu hautatu zuten 1839ko abuztuko hauteskundetan, eta eragin handia izan zuen legealdi hartan emandako euskal foruei buruzko eztabaidan. Moderatuek proposatutako Foruen berrespen proiektuaren kontra zeudenen buru izan zen. Auzi horretan izan zuen esku hartzea erabakigarria izan zen, urte bereko urriaren 7an, eztabaida ez aurrera eta ez atzera zegoela zirudienean, Olozagak, oposizio progresistaren buru, Gobernuaren eta Parlamentuaren arteko harreman korapilatsua askatzea lortu baitzuen, eta Ganberaren banatzea ekidin, Isidro Alaix Gerra ministroarekin emandako besarkada ospetsuarekin. Horri esker, Foruak Konstituzio unitatearen menpe zeudela jasotzen zuen klausula txertatu zen, 1839ko urriaren 25eko Legean jasota dagoen bezala.
1840an, Parisera bidali zuten enbaxadore, Esparterori aurre egiteko itzuli zen arte. Jeneralaren kontrako oposizioaren buru izan zen eta hura kanpora- tzea lortu zuen 1843an. Isabel II.a adinez nagusi izan zenean, eta Erregina izendatu zutenean, Olozaga Ministro Kontseiluko presidente izendatu zuten. Hala ere, Gorteen banaketa indarrez eta erregina beldurtuz lortu zuela leporatu ostean, Frantziara ihes egin behar izan zuen berriro, 1843ko azaroaren 29an.
Europako hainbat herrialdetan bizi ondoren, Espainiara itzuli zen, eta berriro ere diputatu hautatu zuten, berriro atxilotu, eta berriro mugaz bestaldera erbesteratu zuten. 1848an itzuli zen, eta aurrerakoien buru bezala eseri zen Kongresuan. Biurteko Progresistan Parisko enbaxadore izan zen eta Gorte Kostituziogileetako kide. Aurrerakoi hutsen buru zela, Kongresuko Batasun Liberalaren kontra agertu zen bere aulkitik. Parisera aldaturik, O’Donelli aurre egiten jarraitu zuen. 68ko iraultzarekin batera itzuli zen, baina uko egin zion behin-behineko gobernuko kide izateari, eta, hortaz, Parisera bidali zuten hirugarren aldiz. Frantzian Espainiako enbaxadore lanetan zebilela hil zen, 1873ko irailaren 26an, Parisen.
Intelektual bezala, Historiako, Zientzia Moraletako eta Politikako Espainiako Errege Akademiako kide izan zen. Olozaga Amigos de la Libertad elkarte patriotikokoa izan zen, Puerta del Soleko Lorencini kafekoa eta Madrilgo Santo Tomas Komentuan elkartzen zen Elkarte Landaburiarrekoa.
Editatu ziren bere hitzaldi andanan antzeman daiteke zuen oratoria bikaina. Euskal Foruekin lotutako hainbat artikulu ere idatzi zituen, hala nola,
«Cartas dirigidas a Su Majestad la Reina doña María Cristina de Borbón (Euskal Herriko egoera politikoari buruzkoa)», 1841ean Revista de Madrid aldizkarian argitaratu zena, edo «Juicio sobre los fueros vascos, 1839», 1881ean Euskal Errian argitaratua.
Obrak
«Cartas dirigidas a Su Majestad la Reina doña María Cristina de Borbón (sobre la situación política en el País Vasco)», Revista de Madrid, 2 (1841).
Historia política de Aragón, Madril: F.R. del Castillo jauna, 1853.
Estudios sobre Elocuencia, Política, Jurisprudencia, Historia y Moral, Madril: J. Peñaren moldiztegia, 1864. Berredizioa, Iruñea: Analecta, 2011.
De la beneficencia en Inglaterra y en España, Madril, 1864.«Juicio sobre los fueros vascos, 1839», Euskal Erria, 3 (1881).
Bibliografia
BURDIEL, I. «Salustiano de Olozaga: la res más brava del progresismo».
I. BURDIEL eta M. PÉREZ LEDESMA (arg.), Liberales eminentes, Madril: Marcial Pons, 2008.
CHURRUCA, P., Carta a los señores don Salustiano Olozaga y don José Gómez Acebo sobre los Fueros, Bartzelona, 1919.
FERNÁNDEZ DE LOS RÍOS, A., Olozaga. Estudio político y biográfico, Madril: Manuel de Rojas, 1863.
GÓMEZ URDÁÑEZ, G., Salustiano de Olozaga. Élites políticas en el liberalismo español (1805-1843), Logroño: Errioxako Unibertsitatea, 2011.
HUGHES, T. M., «The ousting of Lopez, and the expulsion of Olozaga», Revelations of Spain in 1845, Londres, 1845.
MATILLA, A. (1933). Olozaga (el precoz demagogo): aventuras, episodios y discursos de un liberal fanático, Madril: Compañía Ibero-Americana de Publicaciones, 1833.
MONREAL ZIA, G., «La elaboración de la Ley de 25 de octubre de 1839», Iura Vasconiae 9 (2012), 235-325. orr.





