Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

ARRESE, Julian (Gasteiz, 1829-¿? 1876).

Karguak eta lanbideak

Idazlea

Ibilbidea

Burdinaren salerosketan aritzen zen merkatari familia aberats batean jaio zen, Gasteizen, 1829an. Bere aita zinegotzia izan zen Lehen Karlistaldian, eta politikoki liberalismo aurrerakoiaren ingurukoa. Bere haurtzaro eta gaztaroaz ezer gutxi ezagutzen da; ez, behintzat, non edo zer ikasi zuen. Pentsatzekoa da aitaren negozioekin aurrera egin ahal izateko beharrezko heziketa jasoko zuela, baina ezin jakin. Daniel Ramon (1831-1891), bere anaia txikienaren ibilbideaz datu gehiago ezagutzen dira; esaterako, Valladolideko Unibertsitatean Filosofia eta Letretako lizentziatura eskuratu zuela, eta berehala Gasteizko Heziketa Ertaineko institutuan irakasle hartu zutela.

Bere aitaren heriotza goiztiarraren eraginez, Julianek familia negozioa- ren buru jarri behar izan zuen. Amarekin izandako eztabaidak zirela medio, aitaren oinordetzaren senipartea eskatu eta Madrilera aldatzea erabaki zuen, berrogeita hamargarren hamarkadaren erdi aldera. Helduaroko datu askorik ere ez da ezagutzen. Hasieran, kazetari izaten saiatu zen hiriburuan, gai ekonomikoetan aditua, eta hainbat egunkaritan aldi baterako lanetan aritu zen. Ondoren, lan finkoa eta ongi ordaindutakoa lortu zuen aseguru etxe batean. Gazte arabar batekin ezkondu zen, eta alaba bakarra izan zuten. Bizimodu eroso eta anonimoa zeraman Madrilen, Puerta del Soletik gertuko eraikin batean bizi zen, eta ziurrenik Ateneoa eta Liburutegi Nazionalean ibiliko zen, baina ez dago frogarik.

Bere amarekin sekula konpondu ez zen arren, harreman on samarra izan zuen bere anaiarekin, gorago aipatu dugun Daniel Ramonekin. Oso ezaguna zen Gasteizen, errepublikazale aitortua, 1869ko Eibarko hitzarme- naren sinatzaile bezala agertzeak iradokitzen duenez. Hitzarmena Euskal Herriko errepublikazaleek sinatu zuten Alderdi errepublikazalea hedatzen laguntzeko, probintzia-komiteen arteko koordinazioa lortzeko eta komite federalaren aurrean bat eginik agertzeko. Beren programa politikoan instituzio foralekiko errespetua defendatzen zen. Tradizio errepublikazale horretakoa zen Julian. Uste denaren arabera, Alderdi Demokratako kide zen; bertatik sortu zen, 1868an, Alderdi Errepublikazale Federala, eta han izan zen Julian, Madrilen, bertako erdiguneko komiteetako kide bezala ageri baita. Nolanahi ere den, ideologikoki, Alderdi Errepublikazalearen inguru moderatuenetik gertukoa da, eta, sozialki, Emilio Castelarren errepublika- zaletasun kontserbatzaile eta burgesetik gertuagokoa, Francisco Pi y Mar- gallen federalismo sozializatzailetik baino.

1873an idatzi zuen Descentralización universal o el fuero vascongado aplicado a todas la provincias con un examen comparativo de las instituciones vascongadas, suizas y americanas, eta horrela sartu zen foruzaletasun errepublikazalearen teorialarien taldera. Liburu horrek bat egiten du, aurretik, beste batzuek egindako proposamenekin, esaterako, Santanderreko Jose Maria Orensek Los fueros (1859) lanean egin bezala, edo Joaquín Jamar gipuzkoarrak Lo que es el fuero y lo que se deriva del fueron (1868). Bertan, euskal foru erregimena askatasunaren eta demokraziaren adierazpena dela esaten da, eta, hortaz, Espainia osora zabaldu beharrekoa. Bat egin zuen Ricardo Becerro de Bengoarekin ere, 1868ko irailean iraultzak eztanda egin zuenean, El Mentirón astekariaren zuzendaria, Arabako foru errepublikazaleen argitalpen bihurtu zena —bide batez, bere anaia Danielen ikasle nabarmenetakoa eta arabar errepublikazale ezagunena zen—. Bere lanetan B. Constant, Lammenais abatea eta, nagusiki, A. de Tocqueville bezalako autoreen eragina nabari da eta haien testuak erabili eta ezagutzen zituela agerikoa da. Sarreran bertan adierazten du askotan erabili duela Ramon Ortiz de Zarateren Compendio Foral de la provincia de Álava (1858) eta Mateo B. de Morazak emandako datu eta albisteak, biak ala biak foruzaletasun kontserbatzaileenaren adierazle. Iturri doktrinalez gain, hiru euskal probintzien foru koadernoak ere aztertu zituen, batez ere Arabakoak, Batzar Nagusien akordioak eta atzerriko zein Espainiako hainbat konstituzio.

Arreseren obrak aipatutako beste autore batzuenak baino arrakasta gutxiago izan zuen, esan dugun bezala, bere bizitzaren zatirik handiena Euskal Herritik kanpo eman baitzuen eta ez zuelako bere ideiak babestuko zi- tuen proiekzio politikorik izan. Bere liburuan, «Euskal Herriaren izaera politikoa» ezagutzera eman nahi zuen, Arabako foru legedia aztertuz eta hura demokraziaren eta antolaketa politiko deszentralizatuaren adibide be- zala erabiliz. Horretarako, egitura zentralizatu baten baitan, probintziak eta udalerriek dituzten berezko antolaketa printzipio eta alderdiak alderatu zituen. Euskal deszentralizazio izena eman zion horri, Arabako probintziakoa zehazki —atal horrek «sistema zentralizatzaile edo loteslearen eta euskal sistema deszentralizatzailearen arteko alderaketa» izenburua du—, eta askotan Suitzako eta Amerikako demokraziei erreferentzia egin zien. Azken helburua, autoreak sarreran aipatu bezala, «beste nazio batzuetan indarrean dau- denen aurrean, sistema foralaren onurak aldarrikatzea da» eta euskal foruak eta askatasunak Espainia guztian ezartzea, betiere, legeak baimendutakoaren arabera.

Obrak

Descentralización universal o el fuero vascongado aplicado a todas la provincias con un examen comparativo de las instituciones vascongadas, suizas y americanas, Madril, 1873.

Bibliografia

HERRÁN, F., «Descentralización universal o el fuero vascongado», El Ateneo. Órgano del Ateneo Científico, Literario y Artístico de Vitoria, IV. urtea, III. libk., 9. zk., 15-XII-1873, 138-143. orr.; 10. zk., 1-I-1874, 166-169. orr.; 11. zk., 1-II-1874, 189-192. orr.; eta V. urtea, III. libk., 13. zk., 1-IV-1874, 222-225. orr.

ORTIZ DE ORRUÑO LEGARDA, J. M.ª, «El Fuerismo republicano (1868-1874)», Rubio Pobes, C. eta De Pablo, S. (koord.ak), Los Liberales. Fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Gasteiz, 2002, 311-312, 314-315, 383-384 eta 386-388. orr.

ORTIZ DE ORRUÑO LEGARDA, J. M.ª, «Contra el olvido: Apuntes biográficos de tres liberales vascos», Estatuto, constitución y libertades cívicas, Gasteiz, 2005, 102-108. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP