Karguak eta lanbideak
Politikaria eta jurista
Ibilbidea
Miguel Antonio familia aberats batean jaio zen. Aita eskribaua zen, eta amaren anaiak goi-mailako militarrak eta elizgizonak. Hamar anaia-arreba izan zituen, Tomas barne, bera baino hamabost urte gazteagoa. Miguel Antoniok Filosofia eta Legeak ikasi zituen Kordoban, Sevillan eta Osunan. 1797an, Sevillako Entzutegiko abokatua izan zen. 1903an, Oviedoko Entzutegiko al- kate nagusi izendatu zuten. Han, Maria Ventura de Larrearekin ezkondu zen. Ez zuten seme-alabarik izan.
Napoleonen inbasioa gertatzean, Miguel Antonio gerrilletan sartu zen. 1809ko maiatzean, Oviedon sartu zen nekazari-mozorroa jantzita, espainiarrek erasoa jo baino lehen frantsesak espiatzeko. Guduan parte hartu, eta on- doren, frantsesek Oviedo berriro konkistatu zutenean, gerrillarien hainbat ekintzatan parte hartu zuen. 1810eko maiatzean, Gipuzkoako behin-behineko diputatu aukeratu zuten Cadizko Gorteetarako. Naufragio batetik bizirik atera eta, 1811ko urtarrilaren 2an, karguaren zina egin zuen. Diputatu gisa, jarduera nabarmena erakutsi zuen batzorde askotan, Gorteetako idazkarietako bat izan zen eta txandako presidentea, 1813ko otsailean. Bere agintaldian, Inkisizioa indargabetu zen. Halaber, Jose Imaz jeneralaren defentsan nabarmendu zen (amaren aldeko osaba zen), bai eta Bartolome Gallardoren defentsan ere, Elizari irainak egin izanaz akusatua zegoena.
1814an, diputatu-kargua utzi eta hainbat hilabetez larriki gaixotu zen, gernu-infekzio batek eraginda. Bitartean, Fernando VII.ak absolutismoa berrezarri zuen eta liberalei jazarri zitzaien. Miguel Antoniori, batez ere, Bartolome Gallardoren defentsa egin izana leporatu zioten. Errugabe ateratzea lortu zuen, ordea, 1815eko abuztuan. Baina agintariek hura masoia zela susmatzen zutenez, kargu guztietatik bota eta Valladolidera desterratu zuten, ordainsari erdia emanda.
Rafael de Riegoren 1820ko altxamendu liberala ikusirik, Miguel Antonio Valladoliden osatutako batzorde iraultzailean sartu zen. Magistratu izendatu zuten Madrilen, eta gero, Auzitegi Goreneko kide. Liberalismo aurrerazaletik moderatura jo zuen eta, horren ondorioz, Gran Oriente masonikotik kanporatu zuten. San Luisen Ehun Mila Semeek Espainia inbaditu zutenean, Miguel Antonio gobernu liberalarekin batera erretiratu zen Cadizera.
Frantsesek Cadiz hartu zuten, 1828ra arte bertan tropak mantenduta. Haien zaintzapean jarri zenez, zapalkuntza gogorrenetik libratu zen. Espetxeratu ere ez zuten egin, baina karguak eta soldatak kendu zizkioten. 1827ko urtarrilean, errehabilitazio partziala lortu zuen eta soldataren laurdena hasi zen jasotzen. 1829an, emaztea zendu eta Madrilera itzultzen saiatu zen, baina soilik hilabeterako baimena emanda.
Fernando VII.a 1833ko irailaren 29an zendu izanaren ondorioz, politika aktibora itzuli zen. 1833ko azaroan, Galiziako Entzutegi epaile izendatu zu- ten. 1834ko otsailean, berriz, Burgosko Entzutegi sortu berriko epaile, eta entzutegi hori antolatu behar izan zuen. Bizkitartean, anaia Tomas karlismoaren militar-buru bihurtu zen. Miguel Antoniok anaiari idatzi zion, bando liberalera erakarri nahian, amnistia eskainiz. Alferrik, ordea. Tomas Bilbo setiaturik zegoen bitartean hil zen, 1835eko ekainaren 24an. Miguel Antoniok karrera politiko oso aktiboa izan zuen gainerako gerra-urteetan. 1835eko irailean, Espainiako eta Indietako Auzitegi Goreneko magistratu izendatu zuten. 1836ko urrian, berriz, Gipuzkoako diputatua izan zen Gorteetan, kargua 1839ra bitarte mantenduta. Bozak, ordea, errolda-sufragioaren bidez egiten ziren, eta gobernuaren kontrolpeko lekuetan bakarrik eman zitekeen botoa. Gorteetako presidentea ere izan zen.
Politikagintzan, foruak ezabatzeko joera tinkoa agertu zuen. Horrela, Foru Diputazioen indargabetzea babestu zuen, eta aduanak Ebrotik kostaldera eramatea. 1839ko urriaren 25eko Legea idatzi zuen batzordeko kidea izan zen, euskal Foruak hein handian ezeztatu zituen legea, alegia. Miguel Antoniok honako etorkizuna nahi zuen Euskal Herriarentzat: kanpoaldera irekia egotea, laikoa, Espainiako merkatuan erabat txertatua, eta ekonomia industrian nahiz merkataritzan oinarritua egotea; horrekin batera, aduana-salbuespenean, nekazaritzan eta burdinola ia artisauetan oinarritutako eredu tradizional katolikoa baztertu nahi zuen. Epe laburrera, dena den, interes urbanoen mesedetan aritu zen egiazki, bai Elizaren boterearen eta eraginaren kargura, bai landa-eremuko lurjabeen kargura (guztiak ere karlismoaren alde argi eta garbi aritutakoak), bai eta landa-eremuko herritarren kargura ere (garai hartan oraindik ere jende gehiena landa-eremuan bizi zen).
Miguel Antonio Donostiako alkate izendatu zuten 1840rako, baina hilabete gehienak Madrilen eman zituen, hiriaren aldeko eskean. Urtarril bukaeran, Correo Nacionalak gogor kritikatu zuen hura kanpoan izatea. Uda- lak, ordea, alkatearen defentsa egin zuen, donostiarren alde ari zela iritzita. 1841ean, Segoviako probintziako senatari izendatu zuten, eta Euskal Herrian diputazio probintzial berriak ezartzeko batzordean parte hartu zuen. Urte hartan bertan, Karlos III.aren Gurutze Handia jaso zuen. 1842ko ekainean, Espartero erregeordeak Grazia eta Justiziako ministro izendatu zuen. Goia jo zuen politikan. Elizaren jabetzak desamortizatzeko prozesuaren inguruko epaiketak arintzen jardun zuen eta, halaber, indarrean zen erregimenarekiko leialtasuna epaileengan sendotzen saiatu zen.
Esparterok Bartzelona bonbardatzeko emaniko aginduaren ondoriozko krisi politikoak Miguel Antonioren dimisioa eragin zuen, 1843ko maiatzaren 10ean. Politika utzi eta Madrilen hil zen, 1846ko maiatzaren 1ean.
Miguel Antonioren eragina nabarmena izan zen Cadizko Gorteetan eta Lehen Karlistaldian. Haren ideia asko Cadizko Konstituzioan jaso ziren, hala nola Inkisizioaren deuseztapena eta «buruzagi politikoen» botereari muga jartzea (probintzietako gobernadoreak). Era berean, foruen indargabetzearen alde eragin zuen. Dena dela, ez zuen ia eraginik izan etorkizunean. Ez zen sekulan teorikoa izan eta ez zuen lanik idatzi, Oración inaugural en la instalación del Tribunal hitzaldia kenduta (1834ko irailaren 18an emana).
Obrak
Oración inaugural en la instalación del Tribunal, 1834ko irailaren 18a, Burgos: T. Arnaizen Inprimategia, 1834.
Bibliografia
ALBERDI, M., Miguel Antonio Zumalacárregui. (1773-1846) biografía del jurista y político liberal, Ormaiztegi: Zumalakarregi Museoa, 2005.
AMADOR CARRANDI, F., «Los hermanos y descendientes del general Zumalacárregui», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 2 (1951), 177-197. orr.
GIL NOVALES, A. (zuz.), Diccionario Biográfico del Trienio liberal, Madril: Ediciones El Museo Universal, 1991.
LASSO GAITE, J. F., El Ministerio de Justicia. Su imagen histórica (1714-1981), Madril: Sáez Inprimategia, 1984.
SÁNCHEZ ARRESEIGOR, J. J., Vascos contra Napoleón, Madril: Aktak, 2010, 269., 359., 360., 364., 427. eta 460. orr.
URQUIJO GOITIA, J. R., «Miguel Antonio Zumalacárregui», Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 971-974. orr.
ITURRIAK
DIPUTATUEN KONGRESUKO ARTXIBOA, Serie documentación electoral, 2, 3. zk.; 5, 2. zk.; 13, 29. zk.; 14, 38. zk.; 16, 10. zk.; eta 20, 18. zk.
JUSTIZIA MINISTERIOKO ARTXIBO NAGUSIA, 607. paper-sorta 2024. esp.
ARTXIBO HISTORIKO NAZIONALA, Consejos, 11.898. paper-sorta; Funts Garaikideak. Oga- sun Ministerioa, 513. paper-sorta, 2642. esp., 2829. esp., 68. esp.
PROTOKOLOEN ARTXIBO HISTORIKOA (Madril), 25.402. paper-sorta.
SENATUKO ARTXIBOA, Expedientes personales, HIS-0532-03.





