Karguak eta lanbideak
Magistratua eta politikaria
Ibilbidea
Bere gurasoak izan ziren Francisco de Lemonauria, Bilbokoa jatorriz, eta Maria Antonia Puch, Deustukoa. Azken hori, 1925ean anexionatu zen Bilbora. Lemonauria Puch familia bertan bizi izan zen 1802 ingurura arte, bertako San Pedro parrokian bataiatu baitzituzten beren lehendabiziko bederatzi seme-alabak, lau neska eta bost mutil, Pedro bederatzigarrena izanik. 1803an izan zuten azken alaba, Casilda izenekoa, eta Santiago Jaunaren parrokian (egungo Katedrala) bataiatu zuten, hiribilduaren Alde Zaharrean, Estufa kaleko 3. zenbakira mugitu zirelako —egun Epalzaren Alargunaren kalea—.
Familia burgesa eta aberatsa zen, eta 10.000 biztanle inguru zituen industriaurreko Bilbon agintzen zuen nukleoaren parte. Nagusiki merkatari aberatsak biltzen zituen talde horrek helburu liberalekin egin zuen bat. Francisco de Lemonauria Bilboko Kontsulatuko kontsul izan zen hiru aldiz, eta hautesle 1820ko Gorteetako hauteskundeetan. Armadorea zen, eta La Guairarekin salerosketan aritzen ziren hainbat itsasontziren jabe izateaz gain, Begoñako Andra Mari merkataritza aseguru konpainiako akzioduna zen. Konpainia hori beste hamasei merkatarirekin batera sortu zuen 1815ean, tartean, 32 urte zituen Francisco Antonio bere semearekin.
Kontsulatuak sortu zuen Merkataritza Ikasketetako Eskolan ikasi zuen Pedrok. Bertan, Aita Listak ematen zituen matematika klaseetan parte hartzeko aukera izan zuen. Frantsesen aldekoa izateagatik erbesteratua izan eta gero itzuli zenean, Lista lehendabizi Iruñera joan zen, eta, handik, Bilbora 1817an, Hirurtekoa hasita Madrilen bukatzeko. Lemonauria gazteak, 1817 eta 1819 artean, zuzenbidea eta praktika juridikoa ikasteari ekin zion, besteren artean, berriki berrezarritako Oñatiko Unibertsitatean (1814). Handik Valladolideko Unibertsitatera joan omen zen, bertako ikasleen zerrendetan ageri denagatik, baina Jose Maria Portilloren (2014) ustez, lege batxiler gradua Alcala de He- naresekoan eskuratu zuen, 1822an. Guztiarekin ere, batak ez du zertan bestea kendu. Denbora tarte batez, pasante aritu zen Madrilen, Jacinto Rojoren bulegoan, baina bere aktibismo liberala zela-eta, 1827ra arte ezin izan zuen abokatu titulua eskuratu. Zehazki, Milizia Nazionaleko kide izan zelako, Angulema Dukearen eta San Luisen 100.000 seme-alaben aurka aritu ondoren, erbestera ihes egin behar izan zuen 1823an, eta 1825ean itzuli zen, Parisetik Bilbora.
1829an Maria Concepcion de Villabaso y Monteanorekin ezkondu zen, eta harekin, gutxienez, seme eta alaba bana izan zituen. Posta kalearen 32. zenbakian jarri zuen abokatu bulegoa. Lehen Karlistaldian Milizia Nazionaleko kide izan zen, eta Karlos III.aren Ordenako Zaldun Gurutzea jaso zuen, 1835eko Bilboko setioan izandako jardunagatik. Batzuen ustez, 1835ean agertutako Reseña histórica del memorable sitio de Bilbao (1835) eskuorria berak idatzi zuen. Bertan, egun haietan gertatutakoa xeheki azaltzen da, baina idazlearen sinadurarik gabe argitaratu zen. Lemonauria izena bakarrik gertaeretan egon ziren erregidore eta gainerako agintariak aipatzean ageri da. Nolanahi ere den, egiantzekoagoa ematen du idazlea Gaminde eta Lemonauriaren gertukoa zen Sotero Goicoechea izatea; agertzen zuen antiklerikalismoagatik, agintari militarrek debekatu zuten El Compilador Militar de Vizcaya (1835) egunkari esparterozalearen zuzendaria. Reseña hori anonimoa izanik ere, antzeko titulua duten lanak sinatu ohi zituen Goicoecheak.
Lemonauria, ordurako, ospetsua zen hiribilduan: Udaleko erregidore izandakoa 1833 eta 1836 artean, Bilboko Marinako aholkularia 1833 eta 1842 artean, Armamentu Batzarreko kide eta Bilbaina Elkarteko bazkide sortzailea 1839an; hala eta guztiz ere, liberalen elkargune zen Bidebarrieta kaleko Elkarte Konstituzionalean egoten zen maizago. Ez zuen lortu Gorte Nagusietako Diputatu izateko helburua, bakarrik ordezko izatera iritsi baitzen. 1838an, Abokatuen Elkargoko sortzaile izan zen, eta hasieran diruzain izendatu zuten, handik hiru urtera Dekano izendatzeko.
El Vizcaíno Originario (1841-1843) egunkaria sortu zuen bere lagun Victor Luis de Gaminderekin batera. Biak ala biak liberalismo aurrerakoiaren ordezkari ziren eta euren egunkaria Elkarte Konstituzionalaren baitakoa. Lehia ideologikoa izan zuen Bilbaina elkartearen gertuko El Vascongado egunkari moderatu eta foruzalearekin. Lemonauriak ekonomiarekin zerikusia zuten artikuluak idazten zituen bere egunkarian, eta kultura arloko Revista Pintoresca de las Provincias Bascongadas (1844-1846) aldizkariko kolaboratzaile ere izan zen.
Lemonauriak partehartze handia izan zuen aipatu Revista… aldizkarian, inolaz ere, aldizkari literarioa ez zena. Ale bakoitza hiru probintzietako herriren bati eskainia zen, ia esklusiboki, eta berak hartu zituen bere gain Bizkaiko ia guztiak. Sinatu gabe dauden arren, oso litekeena da, Sarrera berak idatzi izana, eta aldizkariaren erdia ere hala izan zela ematen du. Historiaz gain, monumentu eta eraikin aipagarrienak ere deskribatzen ditu. Lan horiei esker, Lemonauriak euskaldunen eta beren historiaren inguruan zituen ideiak ezagutu ditzakegu. Ez zuen eusko-iberismoaren elementu bakar bat ere saihestu. Gainera, berarentzat, «Euskal nazioa» gainerako herriak ez bezalakoa zen, hizkuntzagatik, ohiturengatik, eta ia patriarkala zen erregimenagatik. Bere jatorria ez da ezagutzerik, bere arrastoa denboran galtzen delako eta Penintsulan egon ziren askotariko herrien konkista oro ukatzen du.
1841eko urrian, moderatu antiesparteristek altxamendua egin zuten. Matxinatuak menpean hartzea lortu zutenean, Lemonauriak bere bizitza politikoan izan zuen kargurik garrantzitsuena eskuratu zuen: Bizkaiko administrazioko zuzendari izendatu zuten eta hala izan zen 1843. urtera arte, hau da, Esparterok boterea galdu zuen arte. 1842 eta 1843 artean, Madrilgo gortean aritu zen ordezkari, foruak 1839, 1841 eta 1842ko legeetara egokitzeko. Foruen egokitzapenerako proiektu bat idatzi zuen, Bilbon zegoen Gaminderen onespenarekin, eta, Bizkaiko Ekonomia Batzordeak onartu zuen arren, gobernu zentralak ez zuen hala egin. Idatzi horretan, Batzar Nagusiak desegitea proposatzen zen, eskumen horiek Probintzia Diputazioaren esku uzteko. Fiskalitateari dagokionez, Ogasun zentralari ordainduko zitzaion kupoa ezarri nahi zuten, eta erreskate ekonomikoaren aukeraren alde egiten zen. Horren helburua soldadutza ekiditea zen, euskal herritarren artean ezinegona sortzen zuen gaia zelako. Erreforma horiek dagoeneko indarrean zeudenekin uztartu nahi zituzten, hala nola, liberalek hainbeste desio zuten aduanen lekualdatzea, Espainiako nazio merkatuari herritar-agiria ematen ziona, eta baita Konstituzioarekin bat egiten zuen sistema judizialaren antolaketa ere.
Urte batzuk lehenago, Lemonauriak Ensayo crítico sobre las leyes constitucionales de Vizcaya (1837) idatzi zuen, eta 50 orrialdetan zehar bere iritzia eman zuen Bizkaiko Foruei eta euren egoerari buruz.
Lan hori Guda Karlista betean idatzi zuen, 1837ko Konstituzio berria aldarrikatu zen urte berean. Liberalismoarentzat momentu garrantzitsua zen, 1834ko Errege Estatutua indargabetu zelako; funtsean, kutsu absolutista zuen nolabaiteko Gutun Otorgatua zena. Ensayo lanaren hasieran, Lemonauriak garai berriekin bat ez zetozen foru xedapenak aztertu zituen, konstituzio liberal baten parametroen arabera. Horretarako, zenbait ataletan banatu zituen: Berdintasunarena, Askatasunarena, Jabetzarena eta botere politikoena; ondoren, kaltetutako foru erakundeak aztertzeko.
«Judutar, mairu edo bere ondorengoak, edota beren etorkia duen edonor, Bizkaian bizi edo bertako bizilagun izateko» debekua ezartzen zuen legea (14. legea, 1. xedapena) zentzugabekotzat zeukan. Hain ulertezina zela iruditzen zitzaion, non, azaldu ahal izateko, Inkisizioaren oinordetza balitz bezala hartu behar izan duen, eta hala ere ez zuen lortu. Nolanahi ere den, «Berdintasunarena» atalean egin zuen kritikarik zorrotzena, sistemaren oinarrizko ele- mentu bati helduz: oinordetza hautatzeko askatasuna. Lehenik, kexu zen bizkaitar guztiena zen noblezia, praktikan ez zelako benetako berdintasun bezala gauzatu. Lege hori (11. legea, 20. X.) «nazkagarria» iruditzen zitzaion, premutasunarekin batera, «desberdintasunaren iturri agorrezina» zelako. Garai batean hain preziatua zen norbanakoaren askatasuna galdua zen, arrastorik utzi gabe; desagertua zen ezin atxilotua izateak ematen zuen segurtasuna, delitua egiten zuenari ihes egiteko parada ematen ziona, eta, hori frogatzeko, «estupro delituagatik espetxeratutakoen kasuak oso ugariak» zirela aipatu zuen.
Botereez den bezainbatean, judiziala izan zen kritikarik gogorrena jaso zuena, eta Bizkaian epaitzeko modua «oso akastuna» zela aipatu zuen. Batzar Nagusiei zuzendutako kritika, ordea, ez zen askoz arinagoa izan. Berarentzat, Batzar Nagusiak herri bakoitzak ordezkaritza berbera zuen erakunde arbuiagarria ziren, non, gehiengoak ulertu ez arren, gazteleraz hitz egiten zen, itzultzaileari esandakoa nahi bezala desitxuratzeko aukera emanez, eta araudirik eduki ez arren, hauteskunde sistema zentzugabe bat zutena.
Obraren bigarren zatia, «Ohar orokorrak» izenburua duena. egoera horretara iristeko egindako bidea azaltzeko saiakera da. Foruei egindako erasoak XVI. mendean hasi ziren arren, absolutismoaren azken urteetan jaso zituzten kolperik latzenak. Batez ere, Erregimen Zaharreko botereek beldurra zioten Frantziako Iraultzako ideiek Bizkaiko Foruetan aurki zezaketen oihartzunari, joera liberal argia baitzuten. Momentu hartan argitaratu zen Llorenteren obra, oso zaindua zena, Lemonauriaren iritziz, eta Aranguren y Sobradoren erantzuna «logika urduriz, txunditurik utzi zuela» izan zen. Godoyk pase forala bertan behera uzteko egindako saiakeretan, Bizkaiko konstituzioa suntsitzeko nahia agerikoa zen. 1830ean, gobernuak hala aginduta, euskal probintzietako dokumentu bilduma argitaratu zuen Tomas Gonzalezek, espero zitekeen asmo on guztiarekin, Lemonauriaren hitzetan.
Despotismoaren eraginez, euskaldunenganako gorrotoa zabaldu zen espainiarren artean, egun, kontrako noranzkoan gertatzen den bezalaxe. Autorearen iritziz, Bizkaiko oligarkia absolutismoaren aliatua zen, eta, liberal askorentzako bezala, Foruak Bizkaiko konstituzioa ziren, nahiz eta ohartarazi ez zirela «zehatz-mehatz, egungo publizista hoberenek ulertzen duten zentzuan».
Ohar Orokor horietan, onartu zuen Foruek bazutela pribilegio kutsu bat, baina oso txikia zela. Era berean, aurre egin zien Bizkaian bosgarrenik ez zegoela esaten zutenei, bizkaitarrek euren jaunaren deiari erantzuten ziotela esanez; kontribuziorik ordaintzen ez zutela esaten zutenei, egiten zituzten dohaintza handiak ekarri zizkien gogora, eta, aduana ordaindu gabe sartzen zen merkantziarik, egon, bazegoen arren, Euskal Herrian egindako produktuak Espainiara bidaltzerakoan, atzerrikotzat hartuak zirela gogorarazi zien.
Bizkaiko Foruak izandakoekiko miresmena izan arren, uste zuen ordurako euren garaia gainditua zela, hondaturik zeudela, eta 1837. urte hartako Konstituzioa babesteko momentua zela, «pertsona on guztiak biltzen dituen sinboloa, gure liskar ziztrin guztiak alde batera uzteko aldarea» baitzen. Argi eta garbi, Lemonauriak Foruak indargabetzea proposatu zuen.
1855ean, liberalismo aurrerakoiak boterea eskuratu zuenean, Lemoauria Habanako Auzitegi Pretorialeko teniente fiskal izendatu zuten. Bertan jarraitu zuen bere ibilbide judizialarekin, 1861ean 2. Salako magistratu izendatu baitzuten, eta 1863an, azkenik, 1. Salako presidente, Auzitegi berean, betiere, 1864ean erretiratu zen arte. Habanan argitaratu zuen berak idatzitako «Bosquejo sobre el origen y naturaleza de los usos, costumbres y fueros de las Provincias Vascongadas y rápido examen de la Constitución del Señorío de Vizcaya» (La Habana, 1869).
Lemonauriaren bi idazlanen artean dauden urteetan, el Ensayo crítico… (1837) eta Bosquejo sobre el origen. (1869), Euskadiko eta Nafarroako Foruek murrizketa eta eraldaketa ugari jasan zituzten, eta horien ondorioz, hamarkada batzuk iraun zituen foruzaletasun berri baten loraldia gertatu zen. Nahiz eta Espainiako Gorteetan, foruen gaineko eztabaidak bere bidea jarraitu, Euskal Herriko alderdi politiko gehienek oraindik defendatzen zituzten. 1869an, Lemonauriak bere diskurtsoa aldatu zuen: jada ez zegoen indargabetzearen alde. Idatziz jaso zuenez, herrialdeko usadio eta ohiturak hain dira zaharrak eta garrantzitsuak, 1839ko Gorteek berretsi egin zituztela «batasun konstituzionala ukatu gabe». Ez zuen Foruen eta Konstituzioaren arteko bateraezintasunik hautematen; aitzitik, 1812an dagoeneko, Bizkaiko Batzar Nagusiak ebatzi zuenez, «berdintasun zoragarria» dago Konstituzioaren funtsezko printzipioen eta «antzina-antzinatik Bizkaia zoriontsu egin dutenen» artean, ohitura eta bertute demokratikoak zituen herria baitzen. Lemonauriak, Gaminde eta beste liberal aurrerakoi batzuek bezala, foruzaletasunaren defentsarantz jo zuen.
1869. urte hartan, Euskal Tertzioak Habanara iritsi ziren. Hiru probintzietako boluntarioak ziren, Carlos Manuel de Cespedesek zuzendutako kubatarren aurrean Kuba espainiarra zela defendatzera bidaliak, 1868an hasitako Hamar Urteetako Gerraren baitan. Tertzioen iritsiera arrakastatsua izan zen oso: era guztietako artikuluak eskaini zizkieten, gerora, Album vascongado. Relación de los festejos izeneko eskuliburuan jaso zirenak. Patricio Landaluce bilbotar-kubatarrak ilustratu zuen bilduma hori, euskarazko eta gaztelaniazko poemekin batera, eta bankete bat eskaini zitzaien Tacon antzoki apainduan. Lemonauriak ere parte hartu zuen ongi etorri horretan. La Prensa egunkarian, Recuerdos Vascongados izeneko artikulua idatzi zuen, aipatu eskuorrian jasota dagoena, eta poema bat ere eskaini zien: Al vascongado emblema. Irurac-Bat. Urte batzuk geroago, Euskal-Erria aldizkariak Recuerdos Vascongados erreproduzitu zuen.
Bilbora itzuli zenean, eta Errepublika Federalak iraun bitartean, Udaleko agintari izendatu zuten, 1873. urtean. Bigarren Karlistaldian (1872-1876), adinez nagusia izan arren, miliziano beteranoen konpainian eman zuen izena, ohorezko buruzagi izateko. Bilbo setiaturik zegoen bitartean, etxean, ustekabean erorita, buruan hartu zuen kolpe batengatik hil zen, 1875ko martxoaren 5ean, hurrengo eguneko Irurac-bat egunkarian agerturiko nekrologia labur batek jaso zuenaren arabera. Egoerak hartarako parada emango zuenean, luzeago bat eskainiko ziotela agindu zuten.
Obrak
Ensayo crítico sobre las leyes constitucionales de Vizcaya, Bilbo: Nicolás Del- mas, 1837.
Bosquejo sobre el origen y naturaleza sobre los usos, costumbres y fueros de las Provin- cias Vascongadas y rápido examen de la Constitución del Señorío de Vizcaya, La Ha- bana: J. M. Eleizeguiren moldiztegia, 1869.
Bibliografia
Album vascongado. Relación de los festejos públicos hechos por la ciudad de La Habana en los días 2,3,4 de Junio de 1869 con ocasión de llegar a ella los Tercios voluntarios enviados a combatir la insurrección de la isla por la Muy Noble y Muy Leal provincias de Alava, Guipúzcoa y Vizcaya. La Habana: J.M. Eleizeguiren moldiztegia, 1869.
Revista Pintoresca de las Provincias Bascongadas. https://www.euskalmemoriadigitala.eus/handle/10357/2326 (2020ko apirilaren 23an kontsultatua).
AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J. «Lemonauria Puch, Pedro», Diccionario Biográfico Español, Madril: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/84851/pedro-lemonauria-puch (2020ko apirilaren 23an kontsultatua).
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad: biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxu- lar Atea 2015.
PORTILLO VALDÉS, J. M., El sueño criollo: la formación del doble constitucionalismo en el País Vasco y Navarra, Donostia: Editorial Nerea, 2006.
PORTILLO VALDÉS, J. M., «Pedro de Lemonauria y la “costumbre democrática” del fue- rismo progresista. Estudio preliminar», LEMONAURIA, P., Costumbre democrática. Debates liberales sobre fueros vascos, 1837-1868, Bilbo: Universidad País Vasco/Eus- kal Herriko Unibertsitatea, 2014.
RUBIO POBES, C., Liberalismo y fuerismo en el País Vasco (1808-1876), Vitoria-Gasteiz: Sancho el Sabio Fundazioa, 2002.





