Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO BESTE EGILE BATZUK

GUICCIARDINI, Francesco (Florentzia, 1483 – Arcetri, 1540). a

Karguak eta lanbideak

Politikaria, filosofoa, diplomazialaria eta historialari

Ibilbidea

Florentzian jaio zen, 1483ko martxoaren 6an. Hiri horretan, Giza Zientzietako eta Zuzenbide Zibileko ikasketak hasi zituen, eta, gero, Ferraran (1500-1502) eta Paduan jarraitu zituen. Paduan bizi zen 1505era arte, eta, urte horretan, Florentziara itzuli, eta abokatu-lanak egiten hasi zen. 1508ko azaroan, Florentziako burges nagusietako baten alaba María Salviatirekin ezkondu zen. Trebetasun eta hitz-jario handiko hizlari eta abokatua zen, eta, horri esker, ibilbide diplomatikoa egiten hasi zen. Lehenik eta behin, enbaxadore izan zen Lucan (1509), eta 1511n Aragoiko errege Fernando Katolikoaren gorterako enbaxadore izendatu zuten. Urtebete eta zazpi hilabete bizi izan zen Espainian, eta Nafarroaren konkistaren (1512) lekuko pribilegiatua izan zen. Gero, Florentziara itzuli zen, eta, 1514an, Otto di Balia kontseiluko kidea izaten hasi zen. 1516an, Leon X.a aita santuak Modenako, Reggioko eta Parmako gobernadore izendatu zuen, eta 1524an, berriz, Klemente VII.ak Erromainako presidente izendatu zuen. Gero, Alexandro Medicik Florentzia gobernatu zuen aldian, haren kontseilari izan zen, eta Gai Orokorretako Zortziak kontseiluko kide izan zen. Alexandro Medici erail zutenean (1537), bizitza publikotik aldendu egin zen, eta bizitzako azken urteak Arcetrin zuen landetxean eman zituen. 1540ko maiatzaren 22an hil zen.

Bere garaiko historialari eta pentsalari bikainetako bat izan zen. Guicciardiniren pentsamoldean, ikuspegi laikoa zen nagusi; beraz, haren lanak urrundu egin ziren historiaren ikuspegi erlijiosotik. Florentziarraren ikuspegi «modernoaren» oinarria enpirismo absolutua zen, eta, horrenbestez, azterketa historikoak egitean, kasu bakoitza azterketa xehatua behar zuen fenomeno historiko bakartzat hartzen zuen, teoria abstraktuak eta unibertsalak erabat alde batera utzita. Alderdi horiek erabiltzeaz gain, jatorrizko iturriak bilatzen zituen etengabe, eta, horregatik, zenbait egilek Guicciardini historiografia modernoaren aitatzat hartzen dute.

Francesco Guicciardinik, Storia d’Italia lanean, Nafarroaren konkistari buruzko interpretazioa idatzi zuen, inoren alde egin gabe, gertaerak objektibotasun handiz tratatuta. Honako hauek nabarmendu zituen testu horretan: Fernando Katolikoak interes handia zuela Nafarroako Erresuma bereganatzeko, eta Nafarroako erregearen «itxaropenak maltzurkeriaz elikatzen egon zela» azken-azken unera arte, inbasio armatua hasteko unera arte (1512ko uztaila).

Obrak

Storie fiorentine, 1508-1509. Gaztelaniazko itzulpena: Historia de Florencia, 1378-1509,Gutiérrez García, H. (itz. eta hitzaurrea), México: Fondo de Cultura Económica, 2006, 2. arg.

Diario di Spagna, 1512.

Discorso di Logrogno, 1512

Relazione di Spagna, 1514.

Del reggimento di Firenze o Dialogo e discorsi del reggimento di Firenze, 1527. Gaztelaniazko itzulpena: Hermosa Andújar, A. (itz., aurretiko azterketa eta oharrak), Diálogo sobre el gobierno de Florencia, Madrid: Akal, 2017.

Considerazioni sui Discorsi del Machiavelli sopra la prima deca di Tito Livio, 1528-1530.

Ricordi politici e civili, 1512-1530. Gaztelaniazko itzulpena: Hermosa Andújar, A., Recuerdos, Madrid: CEPC, 1988.

Storia d’Italia, 1537-1540. Gaztelaniazko itzulpena: Aisa Larumbe, I. (itz.), Adot Lerga, A., Navarra, julio de 1512. Una conquista injustificada, Iruñea: Pamiela, 2012, 119.- 139. or.

Bibliografia

Adot Lerga, A.: Navarra, julio de 1512. Una conquista injustificada, Iruñea: Pamiela, 2012.

Cutinelli, E.: Guicciardini, Roma: Salerno, 2009.

Hernández García, J. A.: «Apostilla a los escritos menores de Guicciardini» in Casa del Tiempo, 2005, 84.-93. or.

Spirito, H.: Machiarelli e Guicciardini, Firenze: Sansoni, 1968.

Aipamen bibliografikoa

Adot Lerga, A.,  “Guicciardini, Francesco”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 739-740.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP