Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE PORTUGALGO EGILEAK ETA OBRAK

ARAÚJO, João Salgado de (Juan Salgado de Araujo) (Monçao, Portugal, XVI. mendea – s. l., XVI. mendea).

Karguak eta lanbideak

 Apaiza, kanonista eta historialaria

Ibilbidea

Apaiz erregeladuna izan zen, eta doktorea Zuzenbide Kanonikoan. Notario apostolikoaren dignitatea lortu zuen, eta zenbait elizaren abade izan zen Portugalen. Gorteko idazle izaten ahalegindu zen, eta, horretarako Ley Regia de Portugal (1627) liburua idatzi zuen, gaztelaniaz. Liburuan, Filipe IV.aren alde ageri zen, eta konde-dukearen babesa lortu nahi zuen horren bidez. Ez zuen gortean sartzea lortu, eta Madrilen ikerketa genealogikoko zenbait lan egitearekin konformatu behar izan zuen. Berrezarkuntzaren Gerra piztean, Joan IV.aren kausaren aldeko idazle bihurtu zen, eta laster erakutsi zuen hori Marte Portuguez contra emulaciones castellanas (1642) lan apologetiko eta propagandistikoan. Lan horren eta beste lan batzuen bitartez, Araújo Portugalen independentziarako borrokako gertaera politiko eta militarren lehen mailako analista bihurtu zen.

Araújok, jada bere lehenbiziko lanean (Ley regia de Portugal), bizkaitarren eta gipuzkoarren nobleziaren antzinatasuna nabarmendu zuen. Baina Baskoniarekiko zuen interes monografikoa agerian geratu zen Carta que un cavallero biscaino escrivio en discursos polyticos y militares lanean —1643an argitaratu zen, Berrezarkuntzaren Gerrako lehenbiziko urteetan—. Testu horren bidez —Arturo Campiónek zabaldu zuen—, Araújok erakutsi nahi izan zuen aliantza bat eratu zitekeela Portugalen eta zapalkuntza pairatzen ari ziren Espainiako monarkiako gainerako herrien artean. Halako zapalkuntza gertatu zen Kataluniako matxinadan, baina baita ere Bizkaian, gatzaren matxinadan (1631). Arreta berezia eman zien Nafarroaren konkista bidegabea izan zela azaltzeko argudioei: Nafarroa eskuratzeko eskubidearen auzia —Julio II.a aita santuak Fernando Katolikoari emandako eskubidea—; Gaztelako tropek Frantziako erregearen aurka borrokatzera joateko Nafarroatik igarotzeko eskubidea egiazkoa ez zela; Zuria Nafarroakoaren ondorengotza eta Leonor Foixkoa erreginaren hilketa; eta Nafarroa Gaztelan sartzeko modua. Fernando Katolikoa errege ez-legitimoa zen; izan ere, Albret etxekoak zilegi tronugabetu arren, menekoei ez litzaieke kendu behar beren erresumaren gaineko subiranotasuna, beren foruak eta salbuespenak, ezta printze berri bat aukeratzeko botere naturala ere. Arrazoi horiengatik guztiengatik, Araújok pentsatzen zuen euskaldunek beren lozorrotik atera, eta matxinatu behar zutela, Navas de Tolosako Guduan lortutako kateek «erredentzioaren eta askatasunaren» ikur eta «zuen adorearen oroimen entzutetsu» bihurtu behar zutela, eta Jainkoa lagun, euskaldunek hautsi egin behar zutela «gaur egun pairatzen ari zareten zigor larri horren zama, zuen adoretik espero daitekeena betez».

Obrak

Ley Regia de Portugal, Madrid: Juan Delgado, 1627.

Marte Portuguez contra emulaciones castellanas, o justificaciones de las armas del Rey de Portugal contra Castilla, Lisboa: Emprenta de Lourenço de Anvers, 1642.

Carta que un cavallero biscaino escrivio en discursos polyticos y militares, a otro del reino de Navarra, en respuesta de averle consultado sobre la justificacion de las armas auxiliares aragonesas, navarras, y viscainas por Castilla, contra el principado de Cataluña y le da cuenta del estado que tiene las portuguesas, Lisboa: Paulo Craesbeeck, 1643.

Sucessos victoriosos del ejercito de Alentejo, Lisboa: Lourenço de Anvers, 1643.

Successos Militares das Armas Portuguesas em suas fronteiras depois da Real acclamação contra Castella. Com a geografia das Prouincias, & nobreza dellas, Lisboa: Paulo Craesbeeck, 1644.

Successos victoriosos del ejército de Alentejo, y relación summaria de lo que por mar y tierra obraron las armas portuguesas contra Castilla el año de 643, Lisboa: Paulo Craesbeeck, 1644.

Relación de Juan Salgado de Araujo, abad de Pera, en la que responde a unas relaciones impresas que derramó Castilla en las quales affirma que el conde de Santo Estevan desbarató nuestro exército en Badajoz, quedando victorioso, Lisboa, s. n., 1644?

Bibliografia

Aoiz, F.: La vieja herida, Tafalla: Txalaparta, 206.-208. or.

Campión, A.: «Un patriota bizkaíno (?) del siglo xvii» in Obras completas. V. Mosaico histórico, I, Iruñea: Mintzoa, 1983, 203.-238. or.

Cidade, H.: Aliteratura autonomista sob os Felipes, Lisbonne: Sá da Costa, 1948, 151.- 157. or.

ReisTorgal,L. de:Ideologia política e teoria do Estado na Restauração, Coimbra: Universidade, 1981-1982, 2 libk.

Schaub, J. F.: Le Portugal au temps du Compte-Duc d’Olivares (1621-1640). Le conflit de juridictions comme exercice de la politique, Madrid: Casa de Velázquez, 2001.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Araujo, Jose Salgado de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 703-704.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP