Karguak eta lanbideak
Notarioa, diputatua eta historialaria
Ibilbidea
Zaragozako notario aberats Martín de Blancas-en eta Catalina Tomás-en semea izan zen, lau anai-arrebetatik hirugarrena. Ez dakigu zehazki noiz jaio zen, eta 1540ko hamarkadako lehenbiziko urteetan jaio zela uste da. Zaragozan lehen ikasketak egin ondoren, Valentziako Unibertsitatean sartu zen 1556an. Han, heziketa klasiko sendoa jaso zuen —besteak beste, Pedro Juan Núñez izan zuen irakasle— eta legeei buruzko zenbait ikastaro egin zituen. Horiei esker, notario publiko gisa jardun ahal izan zuen Zaragozan, 1561etik aurrera. 1563an, diputatua izan zen Monzóngo Gorte Orokorretan, zaldunen besoaren ordezkari izanik, bai eta erresumako Diputazioko kide ere, 1565-1566 aldian. 1566an, Margarita Malorekin ezkondu zen, Zaragozako beste notario baten alabarekin. Senar-emazteek ez zuten seme-alabarik izan. 1588ko azaroaren 7an, Blancasek, gaixorik, bere testamentua idatzi zuen, eta 1590eko abenduaren 1etik 2rako gauean hil zen, apoplexia baten ondorioz. Zaragozako Santa Engrazia monasterioan hilobiratu zuten.
Jerónimo Zurita kronikaria hiltzean (1580), hura ordezteko hautatu zuten, 1581eko abenduaren 11n. Izan ere, 1576an, Blancas izan zen Erresumako diputatuengatik Zuritaren Anales lanaren bigarren zatia berrikusteko enkargua jaso zutenetako bat. Ordurako, Blancas eruditutzat hartzen zuten, eta Aragoiko Justiziaren figuraren jatorriari eta bilakaerari buruz ikertzen ari zen, eta ikerketa hori Fastos de los Justicias de Aragón izeneko testuan jaso zuen. Kronikari gisa, zenbait tratatu idatzi zituen; esate baterako, Libro de linajes de Aragón eta Sumario y Resumario de las Cortes de Aragón. Lan horiek eta beste idazki batzuk argitaratu gabe geratu ziren.
Blancasen bi lan inprimatu zituzten hura hil aurretik. Horietako bat lehen aipatu dugun Aragonesium comentarii izan zen —Fastos lanaren zabalkuntza zen—; 1584an amaitu zuen eta 1588an argitaratu zen, Aragoiko Kontseiluak jarritako zenbait oztopo gainditu ondoren (gaztelaniaz berrargitaratu zen, 1878an). Bestea Ad Regum Aragonum (1587) izan zen; 1680an, itzulita eta zabalduta argitaratu zuten, Inscripciones latinas a los retratos de los reyes de Sobrarbe izenburuarekin. Lehenbiziko lana Aragoiren eta erresuma horretako monarken historia da, baina, batez ere, Aragoiko justiziaren figuraren historia, erresuma horretako magistratura nagusietakotzat —nagusia ez bada— hartzen baita: «gure errepublikaren —idatzi zuen Blancasek— eta gure konkordia zibil eta domestikoaren funtsaren arteko lotura». Lan horrek helburu politiko bat zuen: Aragoiko monarkiaren izaera paktista transmititzea. Bigarren lana ere, Aragoiko monarken historia bat zen, Diputazioko san Jurgiren aretoko erretratuen inskripzioak abiapuntu hartuta. xvii. mendean, beste bi lan enblematiko argitaratu zituzten: Coronaciones de los serenísimos reyes de Aragón eta Modo de proceder en Cortes (1641). Bi lan horietan, alderdi zeremonialak aztertu zituen —bilerak, koroatzeak eta errege-zina egiteko prozedurak—, baina bazuten erresumaren berezitasun historikoa nabarmentzeko helburua ere.
Comentarios lanarekin, Aragoiko bigarren kronikariak eztabaida sortu zuen, Sobrarbeko erresumaren eta foruen jatorriari buruz eta erresuma horren eta Nafarroaren arteko harremanari buruz egin zuen interpretazioaren ondorioz. Blancasen kontakizunean, musulmanen inbasioaren ondoren, zaldun-talde batek mendean hartuak izatearen aurkako erresistentzia egin zuten Pirinioetan, San Juan de la Peña monasterioaren inguruan, eta, Jainkoaren laguntzaz, lehenbiziko garaipenak lortu zituzten, Gartzea Semenez buruzagiak gidatuta. Berreskuratutako lurralde hura hamabi handikik gobernatu zuten, haiek, aita santuari galdetu ondoren, errege bat baldintzapean hautatzea erabaki zuten arte. Baldintza horiek Sobrarbeko foruan sartu ziren. Erregearen aurrekoak ziren foruak, eta subirano batek, zegokion zina egin ondoren, hautatua izateko bete behar zituen sei printzipio nagusiak jasotzen zituzten. Kapitulu haiek monarkaren boterea murrizten zuten, legearekin bat etorriz —horregatik, monarkiak kontratu-izaera zuen—, eta horren berme nagusietako bat Justiziaren figura zen. Horrela sortu zen Sobrarbeko erresuma eta mitoa.
Noski, Blancasek ez zuen ezer berririk asmatu. Izan ere, ehun urte lehenago, Vianako printzearen Crónica delakoan, hau kontatzen zen: Sobrarben, nafarrek eta aragoiarrek beren forua sortu («ficieron su fuero»), eta Eneko Aritza errege hautatu zutela. Kondaira hori eta Blancasek jasotako funtsezko legeetakoren bat Nafarroako Foru Orokorrean eta tokiko beste foru batzuetan agertzen ziren jada. Beste egile batzuek, hala nola Ramírez Ávalosek (1534) eta Reta lizentziadunak (1580), Gartzea Semenez hartzen zuten Nafarroako lehen erregetzat, antzinakoagoa eta Pelaioren garaikidea izateagatik. Finean, Lalindek «Nafarroako kondaira historiografikoa» deiturikoa, xiii. mendetik sortua eta xvi. mendean kronikariek berridatzia, Blancasek Aragoirako egokitu zuen kondaira bera da, Gartzea Semenez Sobrarbeko lehenbiziko errege mitiko bihurtu baitzuen, Gualberto Fabricio de Vagadek Coronica de Aragón (1499) lanean egin zuen bezalaxe; baina Blancasen lanean, Nafarroa baztertuta geratzen zen. Hala, hasieran, nafarrek eta aragoiarrek erresuma baten sorrera-printzipioei buruzko ikuspegi historiko bera izan bazuten ere —kontratu-lege batean oinarritua, foruetan, alegia—, beren erresumen antzinatasunari buruzko eztabaida batean egin zuten aurrez aurre, hamarkada asko iraun zuen polemika batean.
Iragan nazionalen antzinatasuna aldarrikatu eta berreraikitzeko balizko fikzioetatik harago —halakoak sortu zituzten korronte gotizistek Europan—, Blancas —eruditua eta latinista bikaina zen, eta ordura arte idatzitako historia eta kronikak ezagutzen zituen; «ideologo» bat zen, Lalinderen esanetan—, bere lan historiografikoan eta konpromiso politikoan oinarrituta, monarkia mugatu baten ideiaren defendatzaile nabarmenetako bat izan zen, eta, horrenbestez, Aragoiren askatasunen defendatzailea, errege-boterea sendotzearen aldeko beste joera batzuen aurka. Hori guztia dela eta, Gil Pujolen esanetan, Blancasen lana «xvi. mendearen bigarren erdialdekoEuropako korronte konstituzionalistaren lan nagusietako bat da».
Obrak
Ad Regum Aragonum veterum[que] comitum depictas effigies, in regia Caesaraugustanensi deputationis aula positas, inscriptiones, Caesaraugustae, ex officina Simonis a Portonariis, 1587.
Inscripciones latinas a los retratos de los reyes de Sobrarbe, condes antiguos y reyes de Aragón, puestos en la sala real de la Diputación de Zaragoza. Contienen una breve noticia de las heroicas acciones de cada uno, tiempo en que florecieron y cosas tocantes a sus reinados, Zaragoza: Herederos de Diego Dormer, 1680.
Aragonesium rerum commentarii, Caesaraugustae: apud Laurentium Robles & Didacum fratres, Aragonii Regni typographos, 1588.
Comentarios de las cosas de Aragón, Hernández, M. (itz.), Zaragoza: Diputación Provincial, 1878.
Coronaciones de los sereníssimos reyes de Aragón, con dos tratados del modo de tener Cortes del mismo autor y de Gerónimo Martel, Zaragoza: Diego Dormer, 1641.
Modo de proceder en Cortes de Aragón, Zaragoza: Diego Dormer, 1641.
Bibliografia
Colás Latorre, G.: «Jerónimo Blancas y los Fueros de Sobrarbe» in Jerónimo Zurita, 88 (2013), 81.-115. or.
Floristán Imízcoz, A.: «Polémicas historiográficas y confrontación de identificaciones colectivas en el siglo xvii: Navarra, Aragón y Vasconia» in Pedralbes, 27 (2007), 59.-82. or.
Giesey, R. E.: If Not, Not. The Oath of the Aragonese and the Legendary Laws of Sobrarbe, Princeton: Princeton University Press, 1968.
Gil Pujol, F. J.:De las alteraciones a la estabilidad: Corona, fueros y política en el reino de Aragón, 1585-1648, Barcelona: Universitat de Barcelona, 1989 (argitaratu gabeko doktorego-tesia).
Lalinde Abadía, J.: Los Fueros de Aragón, Zaragoza: Librería General, 1976.
Aipamen bibliografikoa
Usunáriz, J. M., “Blancas, Jeronimo de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 648-687.





