Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELAKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

FLORANES Y ENCINAS, Rafael (Tanarrio, Cantabria, 1743 – Valladolid, 1801).

Karguak eta lanbideak

Historialaria, zuzenbidearen historialaria eta poligrafoa

Ibilbidea

Liébanan jaio zen, mendialdean, gaur Kantabriako erkidegoa den eskualdean. Potesko San Raimundoren monasterioan sortutako Latin eta Gramatikako Ikastetxean ikasi zuen, eta idazkerarako sentiberatasun berezia atera zuen handik. Hamasei urte eskas zituela Valladolidera joan zen, han bizi zelako haren familiar bat, Juan de Floránez y Vélez de Robles, Farneseren Erregimentuko militarra zena. Etxean hartu zuen hark, eta handik urte batzuetara mesede egin zion Tavanerosko Jauna titulua emanda.

Haren ezaupideek Valladolideko Kantzelaritzako eskribautza bateko ateak zabaldu zizkioten, non haren esanetan kuriaren laguntzaile aritu zen, lau urte luzez, hainbat ofizio publikotan. Aldi horretan lan egiteaz gain Unibertsitateko Lege eta Kanonetako ikasketak egin ote zituen ez dago argi, baina Floranesek berak aitortu zuenez, jurisprudentzia ikasi bai, baina Doktore titulua hartzeko eta Zuzenbidean eta Historian erantzuteko ohikoak ziren gradu literarioak ez zituen lortu. Horiek ez edukitzeak mugatu egin zizkion Floranesi bizitzan lortu nahi izan zituen kargu publikoetara iristeko aukerak.

Valladoliden bizi izan zen 1768 arte, eta ondoren Bilbora joan zen. Han, Juan Domingo del Junco korrejidoreak (Valladolideko Kantzelaritzako epaile eta Floranesen babeslea) Bizkaiko Entzutegiko auzien prokuradore izendatu zuen (maiatzak 5). Izendapena aurkaratu egin zuen Jaurerriko sindiko nagusiak, Foru-legeetan eskatzen zen bizkaitar-jatorriaren baldintza ez zuelako betetzen, eta ez zituelako «lanbide horretarako beharrezkoak ziren kalitateak eta euskararen ulermenik ere ez». Haren izendapenaren aurkako ekimen horrek, beharbada, markatu izanen zuen Floranesek Jaurerriko Instituzioekin eta jendeekin izan zuen harremana, lau urtez luzatu baitzen auzi hura. Hala ere, horrek ez zion galarazi Liébanako jakintsuari Bizkaiko konstituzio politikoari zion miresmena azaltzea hurrengo lanetan. Bizkaiko postua ukatu zitzaionean, Gasteizera joan zen (1768) eta han Maria Ignacia Goikoetxea Sagarminagarekin ezkondu zen. Ez zuten seme-alabarik izan baina haien ezkontzak bizi guztian iraun zuen, aldi batez bereizita egon baziren ere, senar-emazteen arteko gorabeherak tartean. Diestro Cabriaren arabera, aldi hura aztoragarria izan zen Floranesentzat arlo pertsonalean, 1780ko urtarrilaren 21eko banaketa- eta konkordia-eskritura batean jasotzen zenez.

1771. urtean, jadanik Gasteizen bizi zela, Berwickeko dukearen enkarguz lan egin zuen Arabako artxiboetan Aiala etxeko leinuaren historia genealogikoa osatzeko. Une horretatik aurrera, Aierberen arabera, familia horrek babesa eman zion, eta gainera, enkargu horrek probintziako artxibo nagusietako ateak zabaldu zizkion. Urte horretan bere burua eskaini zion Campomanesi Historiaren Errege Akademiak proiektatzen zuen De re diplomática lanean parte hartzeko. Ez zuen, ordea, haren baiezko erantzunik jaso.

1774an, kuriaren zerbitzuko kargu publiko batera iristeak zuen zailtasunaz ohartuta, eta itzal handiko babeslerik, Berwickeko dukeaz besterik, ez zuela, memorial bat idatzi zion Karlos III.ari. Memorial hartan bere merituen aitortza ofiziala («titulu duin bat») eskatzen zion, horretarako azpimarratuz bere esperientzia profesionala jarduera diplomatiko eta paleografikoetan, eta Valladolideko kantzelaritzan justiziaren jardueran lortu zuen eskarmentua. Orduan ere ez zuen arrakastarik lortu haren ekimenak. Beti kexu izaten zen bitartekariak falta zirelako, hau da, Gortearen mesedea lortzen zuten pertsonak, Joseph del Campillo ministroa hil zenez geroztik, hark beti bete izan baitzuen eginkizun hori Floranesen leinuko kideen alde, eta haien herrikide menditarren alde, 1743an hil zen arte.

1777ko apirilaren 23an, berriz ere Valladolidera joan zen. Iritsi zenean, haren osaba Juan de Floranes y Vélez Roblesek maiorazkoa eman zion dohaintzan, eta Tavanerosko jaun titulua. Titulua nolabait ohorezkoa zen, baina baliotsua izanen zitzaion handik aurrera, Valladolideko goi-mailako gizarteko ateak eta harekin lotuta mendearen bigarren erdian sortzen ari ziren kultur entitateetako ateak zabaltzeko.

1778an, jurisprudentziaren inguruan zuen ezagutza praktikoari esker, Berwick y Liria dukearen auzietarako ahalordedun nagusia izendatu zuten Valladolideko Kantzelaritzaren aurrean, eta kargu horri esker gainditu ahal izan zituen une hartan bizi zituen estualdi ekonomikoak, eta lasai samar bizitzeko aukera izan zuen. Hiri hartan finkatu zen behin betiko, eta bere dohain ilustratuengatik nabarmendu zen. 1784tik aurrera juristen prestakuntzarako akademia partikular bat sortu zuen, non batez ere zientzia historikoak eta latina irakasten ziren. Gainera, hiri hartako instituzio kultural eta ekonomiko nagusietako merituzko kide ospetsua izan zen, besteak beste, Valladolideko Errege Akademia Ekonomiko-patriotikoan, Errege Akademia Anatomiko Kirurgikoan, eta batez ere Jurisprudentziaren San Karlos Errege Akademian. Akademiekin izan zuen loturak nolabaiteko ospea eman zion, eta horrek erraztu zion hiria bisitatzen zuten pertsona ilustratuekin harremana izatea; Jovellanosek bere lanetan hiri hartara egindako bisitak aipatu zituen, eta gutxienez bi bilera aipatu zituen (1791n eta 1797an), bertan zirela Floranes eta Valladolideko intelektualik ospetsuenak, adibidez, Juan Meléndez Valdés fiskala (1754-1817), Jovellanosen adiskide pertsonala eta babestua.

Floranes, nonbait, osasunez makal ibiltzen zen, eta aldian behin Valladoliden zituen betebeharrak utzi eta bainuetxeetara joan behar izaten zuen, edo bestela, Tanarrioko jaiotetxean gordetzen zen. Behin baino gehiagotan egin zuen hori; esate baterako, 1785ean, malariaren antzeko sukar batzuk sendatzeko mendialdeko klima aholkatu ziotenean, Liébanara joan zen. Egonaldi horretan, familiaren artxiboa ikusita, bere abizenaren genealogia osatu zuen, interes handiko datu biografikoak emanez.

Berriz ere Valladoliden zela, osasun arazoengatik abokatuak prestatzeko akademia ixtera behartuta ikusi zuen bere burua, eta hainbat kargu publikotan zerbitzu ematen aritu zen (Floranesek berak esan zuenez, «herritarren eskariz»): jende arruntaren prokuradorea izan zen udaletxean (1785 eta 1786); sustatzaile-fiskala (1787-1788) Jurisprudentziaren Errege Akademian, non legeetako graduatu berrientzako irakaskuntza teorikoa eta praktikoa ematen zuen; Mestaren Kontzeju Prestuaren Auzitegiko prokuradorea, eta berriz ere Valladolideko sindiko nagusia, 1797-1798 biurtekoan. 1791n, Kantzelaritzako artxibozain-erregistratzailea hil ondoren, haren lekua hartu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Porrot egin ondoren, 1793tik eta hil arte, noizean behin, Valladolideko Kantzelaritzako aditu-eginkizunetan aritu zen, poligrafo eta antzinako letraren transkribatzaile gisa zuen jakinduriarekin zerikusia zuten auziei buruzko txostenak egiten. Txosten horien bilduma jaso zuen Operaciones periciales diplomáticas izeneko lan interesgarrian, berak egindako aditu-txostenen egokitasunaren eta sakontasunaren lekukotasuna emanez. 1800eko ekainaren 27an memorial bat idatzi zion Karlos IV.ari titulu bat erregutuz, alegia, Intérprete y Censor Regio para todo lo que ocurra del género diplomático en la Chancillería de Valladolid y su distrito izeneko titulua, baina aurreko beste hainbat aldiz gertatu zen bezala, orduan ere ez zuen bere asmoa lortu, izendapen hura babestuko zuen titulu akademikorik ez zuelako.

1799ko azaroaren 3an haren emaztea hil zen Valladoliden. Haren heriotzaren ondoren Floranesek izan zuen atsekabearen lekukotasuna Jovellanosek eskaini zuen, bere Diarios lanean hark 1800ean bidali zion eskutitz bat jasoz. Emaztea galdu izanak ia adorerik gabe utzi zuen Kantzelaritzaren aurrean aditu-lanak egiteko, eta gogorik gabe ere, Jovellanosekin egitekoa zuen eztabaidan aritzeko, haren Informe de la ley agraria lanari hainbat ohar eta iruzkin egoki egin baitzizkion. Azkenik, Valladoliden hil zen 1801eko abenduaren 6an, berrogeita hemezortzi urte zituela. Emaztearen ondoan lurperatu zuten, Antiguako elizan.

Floranesen lana Euskal Herriari buruzko aipamenez josia dago, izan ere, bizitzaren aldi labur bat Bilbon igaro zuen, Gasteizen ere bizi izan zen, eta hango artxibo publiko nahiz pribatuetan ikerketa sakonak egiteko aukera izan zuen. Artxiboetan egindako lan handiari esker, ongi dokumentatu ahal izan zituen lurralde horiei buruzko lanak, jatorrizko iturriak erabiliz, egiazko euskal historia baten eraikuntzarako batere lagungarriak izan ez ziren fabula eta notizia faltsuetatik urrun. 1775ean Memorias y privilegios de la MN y ML ciudad de Vitoria lana konposatu zuen, ondoren Madrilen publikatu zena 1922an. 1776an, Gasteizen zela, haren lan laudatuenetako bat idatzi zuen, Ureñak berak eta Menéndez Pelayok ere («metodikoa […] eta digresiorik gabea») goraipatu zutena: Discurso histórico y legal sobre la exención y libertad de las tres nobles Provincias vascongadas. Origen del derecho de diezmos y el de adunas de Cantabria… izenekoa; lan horretan, hiru euskal lurralde horien eskubide korporatibo zaharrak, foruetan sintetizatzen zirenak, defendatu zituen, eta lan horrek eman zion, orduan bai, ordura arte ukatu zitzaion ospea, hiru lurralde historikoetako batzarrek eta Bilboko Kontsulatuak hark egindako lanaren aintzatespena adierazi baitzuten.

Arabari buruzkoa da, halaber, La supresión del Obispado de Alava y sus derivaciones en la historia del País Vasco (Madril, 1919) lana.

Aiala etxeko leinuari buruz ere hainbat ikerlan idatzi zituen Floranesek, familiaren artxibo pribatuak eskura zituela baliatuta: Vida literaria del Canciller Mayor de CastillaD. Pedro López de Ayala; Historia genealógica de la casa de Ayala, Fueros de la M. N. tierra de Ayala, recopilados por D. Fernán Pérez de Ayala…, eta beste hainbeste.

Gipuzkoari buruz ere idatzi zuen, hain zuzen ere Suplementos, notas y adiciones del compendio historial de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa de Lope Martínez de Isasti lana, tartean ageri direla, Aierbek dioenez, Erdi Aroan euskaldunen eta ingelesen artean izandako gerren aipamenak.

Floranesen lan zabalak askotariko iritziak jaso zituen. Aldeko iritziak eman zituzten hainbat egilek, besteak beste Jordán de Assok, Miguel de Manuelek, Jovellanosek, aita Enrique Flórezek eta, aurrerago, Menéndez Pelayok berak ere. Egile autodidakta izan zen eta, ezagutu zutenen hitzei kasu egitera, desordenatu samarra, horrek, berez, historiaren ikerkuntzan metodorik gabe aritu zenik esan nahi ez badu ere, Antonio Truebak (1819-1889) idatzi zuen bezala. Garai hartako beste egile batzuen antzera, metodo historiko-kritikoaren logika metodologikoaren arabera lan egin zuen, batzuetan digresiorako edo dispertsiorako joerak, eta behar ez diren baliabideak erabiltzeko gogoak gaina hartzen badute ere, eutsiezineko etorri jakintsuaren ondorioz.

Buruargia izanik, eta dokumentazioa zorrotz erabiltzen zuenez, haren garaikideek aintzat hartu zituzten haren iritziak. Hala ere, haren lanak argitaratu gabe egon ziren egileak berak hala nahi izan zuelako, beharbada oso hurbilekoak izan zituen beste egile batzuek, besteak beste Assok eta Manuel de Miguelek, zentsuraren jazarpena jasan zutelako Alcaláko Ordenamendua argitaratu zutenean; edo beharbada baliabide publikoen faltagatik, edo besterik gabe, konfiantza faltagatik, titulu akademikorik gabe, arlo zientifikoetan zuen jakinduria zabala erakutsi ezin zuelakoan. Floranesek berak aitortzen zuen 1771n bere ikerketak «ongi zehaztu» beharrak zirela, ezagutzera eman aurretik. Horregatik haren lan intelektuala, argitara atera gabe, oharkabean igaro izanen zen haren garaikideen begietara. Egoera hori aldatu ahal izan zen handik urte batzuetara, 1774an adierazi zuenean buruan zerabilela «prentsarako zerbait idaztea, nire burua ezagutzera emateko». Baina haren eskuizkribuek ezkutuan jarraitu zuten, inoiz edo behin ikerlariren batek eskatzen zion kopiaren baten enkargua sortzen ez bazen.

Haren maisu izan zitekeenaren berririk ez da, eta haren dizipuluenik ere ez. Haren ikerkuntzari dagokionez, zientzia osagarrien ezagutza eta erabilpena (diplomazia, paleografia, kronologia…) lagun ezin hobeak izan zituen, eta haien balioa azpimarratu zuen lan ugaritan, ikerlan historikoak ororen oinarritzat joz. Artxiboetako ikerlaria izan zen, eta jakin-min zientifikoak eramanda, era guztietako lanak egin zituen; Valladolideko Kirurgiaren Akademian katedra ezartzeko gauza izan zen, zesareari buruzko edo barizelaren txertoari buruzko hitzaldiak emanez; edo berdin, Udalarentzat txosten bat idazten zuen, Esgueva ibaiak gainezka egiteak Valladoliden eragiten ahal zituen ondorio geofisikoei buruz; edo teknika juridiko zorrotza erabiliz, ezkon-musuaren inguruan Toroko 53. legeak zioena aztertzen zuen.

Haren lana, zabala eta heterogeneoa, zoritxarrez sakabanatuta geratu zen hil zenean. Gaur egun akademia eta liburutegi ugaritan gordetzen da: Historiaren Errege Akademian jasoa dago gehiena, zorionez (Floranes bilduma izenez ezagutzen dena); Liburutegi Nazionalean; Menéndez Pelayoren Liburutegian (publikoa) (De la Pedraja funtsa); Santa Cruz Ikastetxe Nagusiko Liburutegian, Valladoliden; Nobleziaren Artxiboan, etab. Ez dirudi haren merituak modu ofizialean aitortu zirenik ere; ez zuen arrakastarik izan zenbait kargu publiko lortzeko Campomanesi edo Floridablancari zuzendutako idazkiak eginez egin zuen ahaleginean. Haren lanaren aitortza gehiago etorri zen akademietako giro ilustratuetatik, edo haren eskuizkribuak irakurri eta haren jakintza entziklopedikoa baliatu zuten adiskideen aldetik: besteak beste, Jordán de Asso, Miguel de Manuel eta Jovellanos beraren aldetik, izan ere, estimu handitan hartu baitzituen bere Informe sobre la Ley Agraria txostenari Floranesek egin zizkion iruzkinak, zalantzarik gabe, testuaren alderdietako batzuk hobetzen zituztelako. Konfiantza larregi zeukan Floranesek gizakiaren ontasunaz, eta beste historialari batzuen eskuetan utzi zituen bere lan argitaragabe batzuk, gero ikusteko nola pertsona horien curriculuma gizentzen zen lan horien erabilpenari esker, inongo eskrupulurik gabe eraman baitzituzten inprimategira, osotara edo zati batean haienak zirela sinatuz.

Obrak

Disertación remitida a la Ilustre Junta de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, por don Rafael Floranes… en que recomienda el uso de la Paleografía española y pretende se forme arte de esta ciencia erudita, para que públicamente se enseñe en las escuelas…, 1774. Argitaragabea.

Discurso histórico y legal sobre la exención y libertad de las tres nobles Provincias vascongadas. Origen del derecho de diezmos y el de adunas de Cantabria…, 1776. -Argitaragabea.

La amortización justificada, suplida e ilustrada, con documentos de todas edades, especialmente de España: colección hecha de orden superior y bajo la Real Protección, 1795. Argitaragabea.

Historias más principales de España puestas por clases y orden cronológico, Madrid: Imprenta Miguel de Burgos, 1837.

Disertación filosófico-física-curiosa sobre las superficies actual y primitiva del suelo de Valladolid, su calidad y la concavidad que dio motivo a este nombre Valle, Valladolid, 1889.

Origen y descendencia del Conde D. Pedro Ansúrez, sus memorias e ilustres acciones, Valladolid, 1890.

Aves de Caza. Anotaciones al fuero de Sepúlveda, Madrid, 1890.

La supresión del Obispado de Álava y sus derivaciones en la historia del País Vasco (Segundo de Izpirúa-ren hitz. eta ohar.) 1, Madrid: Biblioteca de Historia Vasca, 1919, 2 libk.

Memorias y privilegios de la MN y ML ciudad de Vitoria, 6, Madrid: Biblioteca de Historia Vasca, 1922 (1775ean idatzia).

Puntos curiosos que para la historia de nuestra legislación y especialmente del Fuero Juzgo, descubrió don Rafael de Floranes al impugnar algunas aserciones del Dr. Don (Juan) Francisco de Castro, d.g.

Suplementos, notas y adiciones del compendio historial de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa de Lope Martínez de Isasti, d.g.

Vida literaria del Canciller Mayor de CastillaD. Pedro López de Ayala; Historia genealógica de la casa de Ayala, Fueros de la M. N. tierra de Ayala, recopilados por D. Fernán Pérez de Ayala…, d.g. Lehenaren edizioa: Vida literaria del Canciller de Ayala; Vida del Dr. Lorenzo Galíndez de Carvajal; Memorias inéditas de las Universidades de Castilla, en especial las de Valladolid y Palencia, in Colección de Documentos Inéditos para la Historia de España, 19 eta 20, Madrid, 1951-1952.

Bibliografia

Anes y Álvarez de Castrillón, G., «Don Rafael de Floranes Vélez de Robles y Encinas, Señor de Tavaneros: su polémica con Jovellanos sobre la ley agraria», in Loring García, M.ª I. (koord.), Historia social, pensamiento historiográfico y Edad Media. Homenaje al prof. Abilio Barbero de Aguilera, Madrid: Ediciones del Orto, 1997, 139.-163. or.

Arribas Arranz, F., Un humilde erudito del siglo xviii. Don Rafael de Floranes y Encinas. Discurso de apertura del curso 1966-1967 en la Universidad de Valladolid, Valladolid: Universidad, 1966.

Ayerbe Iribar, M.ª R., «Rafael de Floranes o la defensa de la Paleografía», in Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Aldizkaria, Riev. 1. zk. ezohikoa (1988), 59.-85. or.

Conde Naranjo, E., Medioevo ilustrado. La edición erudita del Ordenamiento de Alcalá (1774), Sevilla: Universidad de Sevilla, 1998.

Diestro Cabria, E., Rafael de Floranes. Estudio crítico. Biblioteca virtual Ignacio Larramendi de Polígrafos, Madrid: Fundación Ignacio Larramendi, 2013.

Rodríguez Gil, M. M., Rafael de Floranes y Encinas, historiador del Derecho, Cuadernos de Derecho Registral, Madrid: Colegio de Registradores de la Propiedad, Mercantiles y de Bienes Muebles de España, 2009.

Aipamen bibliografikoa

Baró Pazos, J., “Floranes y Encinas, Rafael”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 673-678.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP