Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ZUBEROKO EGILEAK ETA LANAK

BELA, Jean-Philippe (Jeanne-Philippe de Béla, Chevalier de Béla,Joan Felipe Bela) (Maule, 1709 – Paue, 1796).

Karguak eta lanbideak

Militarra, menturazalea eta historialaria

Ibilbidea

Zuberoaren eta Biarnoren historian sustrai luzeak zituen Velaz Medrano familian jaio zen. Hemezortzi urte zituela Grenoblera joan eta armada frantsesean sartu zen artillero. Kadete postura igo zen eta, erregimentuko kapitainarekin izandako duelu-erronka baten ondorioz, epaiketa izan zuen eta kartzelatu zuten. Ihes egitea lortu zuen eta komentu batean monje sartuta bizi izan zen ezkutuan. Baina bokaziorik ez izaki eta, abituak bertan behera utzi zituen, berriro bide militarrari heltzeko. Alemaniara alde egin zuen, eta Augusto III.a Sajoniakoaren guardiako gorputzean sartu zen. Handik Suediara joan eta armadako teniente ingeniaria izan zen han. 1733an hasitako Poloniako ondorengotza-gerran Suedia eta Frantzia Stanislas Leszczyński-ren alde ziren, eta Bela hara joan zen, Metzeko dragoien erregimentuko tropen buru, independentista poloniarrei laguntzera. Dantzig hiribildua defendatu zuen, baina bere Mémoires militaires lanean kontatzen zuenez, errusiarrek preso hartu zuten hiri poloniar hartako gotorlekuan, eta azkenean Stanislas Leszczyński erregearen lagun mina izaten bukatu zuen, gotorleku hartan berean baitzegoen preso hura ere, eta ihes egin ondoren, harekin elkartu zen Königsberg hirian. Gerra hartan bete zuen eginkizunagatik errege poloniarrak bere errege-guardiako kapitain izendatu zuen eta Metz hirian dragoien teniente koronel kargura igo zuten (1734).

Handik zenbait urtetara, hogeita hamasei urte zituela, bere gorputz propioa sortu zuen armada frantsesaren baitan, Kantabriako Boluntarioak, (Cantabres Volontaires), soldadu euskaldunez bakarrik osatua eta Luis XV.ak onartu zuena 1745ean. Haien ikurra bandera urdina zen, erdian San Andresen gurutze zilarrezkoa eta Nafarroako armak zituena. Bela zen haren kapitain jenerala.

Militar lanbidetik aldendu zen berriz, duelu-auzi bat tartean zela berriz ere, eta 1767an Zuberora itzuli zen. Han eman zituen azken urteak, historia, literatura, gramatika eta politika ikasten. Zuberoko Estatuetako kide izan zen 1767an, nobleziakoa zelako, eta Biarnoko Estatuetako kide, 1778an. Hirugarren Estatuko kideak kanporatuta amaitu zen konplot noblean parte hartu zuen (1770), eta handik lau urtera, 1774an, Zuberoako zati handi baten eskubide errealak erosi zituen, Larrüntze, Mendibile, Berrogain, Ürrüstoi, Larrori, Larrabile, Mitikile, Ospitalepea, Santa Grazi eta Larraineko biztanleak behartuz ehiza, errenta eta ohoreen gainean zituen jaun-eskubideak onartzera. Bi urtez iraun zion lorpenak, Estatu Nagusiek atzera bota zuten arte. Iraultzarekin, ondasunen erdiak kendu zizkioten, baina ez zen erbesteratu. Pauen hil zen, 1796an.

Obra oparoa utzi zuen, gehiena eskuz idatzia. Bere oroitzapen militarrak lehenengo pertsonan kontatutako monografia batean jaso zituen. Baina azpimarragarriena Histoires des Basques izeneko lana da; euskaldunen historia jasotzen zuen bertan, hasierako garaietatik 1784ra arte, eta hogeita hamar urtez aritu zen haren gainean lanean. Hamabi liburutan kontatu zuen zazpi euskal herrialdeen historia, euskararen dialektoen hiztegi bat erantsi zion, eta itzulpenak eman zituen hainbat hizkuntzatan, besteak beste, hebreera, greziera, zeltikoa, armorikoa, arabiera, latina, godo-alemana, espainiera eta italiera. Jean-Baptiste Sanadonek Belaren lanaren laburpen bat eskaini zuen bere Essai sur la noblesse des Basques (1785) lanean. Gaztelaniara itzuli zuen Diego Lazkanok eta Tolosan argitaratu zen 1786an. Belaren beste hainbat eskuizkribu, gehienak Zuberoaren ingurukoak, bildu ziren Projets et autres ouvrages du chevalier de Béla izeneko bilduman, Baionako Mediatekan gordetzen direla. Gainera, euskarara itzuli zituen nekazaritza eta ekonomiari buruzko hainbat lan, bere herrikideen aurrerabide materialari laguntza eskaini nahirik.

Obrak

Histoires des Basques.

Histoire du Royal Cantabre.

Exercices et évolutions à l’usage du régiment Royal Cantabres, 1748.

Mémoires militaires, Ducéré, E. (arg.), Mémoires militaires du chevalier de Béla, Baiona: Lamaignère, 1896.

Bibliografia

Goyhenetche, M. eta Desplat, C., Les Basques et leur histoire: mythes et réalités, Donostia-Baiona: Elkarlanean, 1993.

Estornés Zubizarreta, I., «Bela, Jean-Philippe de»,in http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=12517.

Etcheverry, M., «Le chevalier de Bela dans sa retraite», in Eusko Jakintza (1948), 463.-537. or.

Jaurgain, J. de, «Biographie», Ducéré, E. (arg.), in Mémoires militaires du chevalier de Béla, Baiona: Lamaignère, 1896.

Aipamen bibliografikoa

Álvarez Berastegi, A., “Bela, Jean-Philippe”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 611-612.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP