Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ZUBEROKO EGILEAK ETA LANAK

OIHENART, Arnaut (Maule, 1592 – Donapaleu?, 1667).

Karguak eta lanbideak

 Abokatua, historialaria eta filologoa

Ibilbidea

Garai hartan Nafarroa Beherean eta Zuberoan eginkizun politikorik garrantzitsuenetako bat izan zuen familia batean jaio zen, Maulen, 1592ko abuztuaren 7an. Aita abokatua eta Zuberoko bizkonderriko errege-prokuradorea zen, eta harengandik hartu zuen izena. Ama Jeanne Etxart zuen, noblezia baxenabartarreko andrea, Lextarreko gorteko abokatu eta eskribau baten alaba. Haren anaia nagusia errege-kontseilaria izanen zen Nafarroako Parlamentuan.

Oihenarten aita 1594aren hasieran hil zen, eta haren ama hurrengo urtean ezkondu zen bigarrenez, haren lehengusu Gabriel Etxartekin, hura ere abokatua eta errege-prokuradorea; bigarren ezkontzatik hiru seme-alaba izan zituzten: Charles, Jean eta Jeanne-Claire. Arnaut legegizon ugariko giro batean hazi zen, eta giro hartan aitaordearen eragina izan zen, zalantzarik gabe, haren lehen urteetako heziketa gehien markatu zuena. Etxartek Frantziako Koroa ordezkatu zuen Zuberoaren eta Erronkariren arteko negoziazioetan, haien karietara elkartrukatu zituela, 1615 eta 1617 bitartean, gaur ezagunak diren euskarazko eskutitzak. Hizkuntza idatziaren ezagutza bikaina erakutsi zuen gutun haietan, eta mendiz bestaldeko Nafarroa Garaiarekin osatzen zuten hizkuntz komunitatearen kontzientzia argia zuela ere bai

1612an, Oihenart Bordeleko Unibertsitatean ikasten hasi zen. Handik sei urtera, Zuberoko Biltzarrean Hirugarren Estatuaren sindiko aukeratu bazuten ere, eta bere burua abokatutzat aurkezten bazuen ere, 1622ra arte ez zuen lortu Zuzenbide zibileko batxiler eta lizentziadun titulua. 1625ean Parisera bidali zuten, protestantismoak lurraldean zuen eragina murrizteko eginahala egin zuen gorte frantziarraren enbaxadan. Urte hartan berean argitaratu zuen Parisen, izenik gabe, ustez harena den lehenbiziko lana: Déclaration historique de l’injuste usurpation et rétention de la Navarre par les Espagnols.

1627an Jeanne Erdoi, noble baxenabartar baten alaba, hartu zuen emaztetzat. Nafarroa Behereko Donapaleu hirira joan zen orduan bizitzera, eta Ardoi, Gainzuri eta Zibitze etxeen jabetza bereganatu zuen. Nafarroako Parlamentuko abokatu-kargua betetzen hasi zen, Pauen, eta Amikuze eta Oztibarreko auzitegietan ere lan egin zuen. Bere kargutik aurre egin zien Parlamentuak onartu baina haren ustez zuberotarren interesak kaltetzen zituzten xedapenei, eta haietako asko indargabetzea ere lortu zuen.

Dokumentuen gaineko ikerketan Baionako artxiboetan hasi zen, 1631n, eta hurrengo urteetan jarraitu zuen Toulousen, Iruñean, Tarbesen, Perigorden, Parisen eta Dijonen. 1637an Parisen argitaratu zuen bere lan historiografiko nagusia: Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum Aquitanicae. Agramont etxeko intendente izendatua izan zelarik, leinu baxenabartar ospetsu eta ahaltsu haren genealogia bat argitaratu zuen 1644an. Agramont etxearen babespean historialari-lana areagotzeko aukera zabaldu zitzaion, familiaren artxiboak aztertzeko abagunea izan baitzuen. 1648an Albret etxeari buruzko ikerketak egin zituen, eta haien ondorioz Extrait d’un traité non encore imprimé, intitulé Navarra iniuste rea, sive de Nauarrae regno contra ius fasque occupato, expostulatio’ izenburuko lana idatzi zuen. Idazki hori Gallandek erantsi zuen bere Mémoires pour l’histoire de la Navarre et de Flandre lanean.

1653an haren emaztea hil zen. Handik hiru urtera, Parisen orduan ere, hark egindako Notitia lanaren bigarren argitaraldia, zuzendua eta handitua,  inprimatu zen. Garai hartan Parisen ari zen lanean Oihenart, eta 1657an Les Proverbes basques recueillis par le Sr. D’Oihenart, plus les Poésies basques du mesme auteur izeneko lan poetikoa argitaratu zuen. Hurrengo urteetan, Nafarroa Behereko Baigorri eskualdearen eta Nafarroa Garaiko Erro, Baztan eta Luzaideren arteko mugak zehazteko negoziazioetan (1660) parte hartu zuen, eta aurrerago Baionako gotzaindegiaren jabegoen eta Orreagako monasterioaren jabegoen arteko mugak zehazteko negoziazioetan ere bai (1665).

1661ean hasi zen idazten euskararen lexikoaren inguruko oharrak, eta ondoren Poivreauk jaso zituen, bere hiztegi ospetsuan. Handik urtebetera, eskutitz batean Ablitasko kondeari aitortzen zionez, Euskal Herriari buruzko beste lan bat idazten ari zen. Egiategiren arabera, 1664an haren poesien beste argitalpen bat plazaratu zen, lehenengoan jaso ez zituen hainbat poesiaz osatua.

1665ean Pauen argitaratu zuen Atsotitzen Urrhenkina lana. Urte berean, L’Art Poétique Basque lana idatzi zuen, 1967ra arte argitaratu ez bazen ere. 1666an Nafarroaren historia idazten ari omen zen, baina ez zen argitaratu.

Haren heriotzaren data zehatzik ez da ezagutzen, baina 1667an izanen zen ziurrenik, urte hartako apirilean egin baitzuen testamentua, eta hurrengo urteko eskutitz batean agertzen zen aipamenaren arabera, ordurako hila zen. Hiru seme utzi zituen: Gabriel, oinordekoa, Nafarroako Parlamentuko abokatua izatera iritsi zena; Pierre, Behauzeko apaiza izan zena, eta oinorderik gabe utzi zuena haren esker txarragatik; eta Jakue, jesuiten ordenan sartu zena. Aginduta utzi zuen haren liburutegia saldu eta etekinen parte bat Donapaleuko behartsuentzat emateko. Hala ere, egiaztatu ahal izan denez, 1675ean oinordekoak eskuz idatzitako hogeiren bat liburukiren dohaintza eman zion Colbert handiki frantsesari.

Oihenarten ekoizpen intelektualak ematen digun irudia espiritu humanista eta polifazetikoko egile batena da, jardun politiko eta juridiko oparoaz gain, literatura eta historiarako denbora ere beti aurkitzen zuena. Haren laikotasuna azpimarratu izan da, bere garaiko euskal intelektual gehienak elizjendea baitziren. Historiografia berri bat aurkeztu zuen historialaritzat hartu izan da, mitoak alde batera uzten zituena, eta bere lana artxiboen gaineko jardun sendo eta zabal batean oinarritzen zuena. Hizkuntzalaritzaren arloan, balio handikoak dira poesia arauen finkapena, hiztegi-bilketa eta euskararen gramatika zein ortografiaren gaineko ikerlana.

Eremu frantsesean, jatorriz bazterrekoa izanik ere, beti lotura estuak izan zituen Pariseko korronte intelektualekin, egonaldi luzeak egin baitzituen han. Harreman estuak mantendu zituen errege-liburuzainekin, esaterako Dupuy anaiekin, eta bere garaiko historiografoekin ere bai, besteak beste, Duchesne, Sévole de Sainte-Marthe edo Loménie idazkariarekin.

Haren ekoizpen literarioaren hasieran historiografia-eite argiko lanak daude. Déclaration historique de l’injuste usurpation et rétention de la Navarre par les Espagnols (Paris, 1625) lana idazki txiki bat da, 1512an Nafarroako tronua galdu zuten antzinako errege-erreginen zilegitasuna erakusteko asmoz egina.

Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum Aquitanicae (Paris, 1638 eta 1656) da haren lan historiografiko handia. Latinez idatzi zuen Oihenartek, bikain erabiltzen baitzuen. Hiru liburutan egituratu zuen. Lehenbiziko liburuan hamalau ataletan eskaini zuen lanaren sarrera. Karlomagnoren aurreko baskoi eta kantabriarren historia aztertu zuen, euskaldunen geografia, ohiturak eta hizkuntza. Euskarari dagokionez, Penintsulan hedadura handiagoa izan zuela aldezten bazuen ere, ez zuen uste lurralde osoan mintzatu zenik. Bigarren liburua Nafarroaren antzinako historiari eskaini zion. Erresuma Sobrarben sortu zelako hipotesia ukatu zuen, eta Aragoi eta Bizkaiko kondeen zerrenda bat jaso zuen. Hirugarren liburuan, Akitaniako baskoien eta Pirinioez iparraldeko euskal lurraldea gobernatu zuten familien historia aztertu zuen. Garai hartan jadanik Euskal Herria deitzen zen lurralde osoa, mugaz bi aldeetakoa, hartzen zuen ikuspegi ezohikoa zuen. Iturri anitz eta sen kritikoa erabiliz, xvii. mendeko mundu galiarraren historialari handien gisan agertu zen Oihenart. Berriro inprimatu zen 1656an, zuzendua eta handitua, batez ere euskararen gramatikaren kapituluari zegokiona. Euskal aditzaren jokaeraren gaineko oharrak osatu zituen eta hiru puntu berri erantsi zituen, hurrenez hurren, izenordeari, deklinazioari eta bertsogintzari eskainiak. 1926 eta 1939 bitartean argitaratu zen lanaren gaztelaniazko itzulpena, Xabier Gorosterratzuk egindakoa.

Espainiak Nafarroa konkistatzea eta beretzat atxikitzea Zuzenbidearen kontrakoa izan zela esan izanaren ondorioz, 1648an galarazi zitzaion Iruñean gordetzen ziren Kontuen Ganberako artxiboetako sarbidea.

Navarre iniuste rea… sive de Navarrae regno, contra ius fasque occupatio (1648). Lan horrekin, Oihenartek berriz ere egin zuen Albret leinuak Nafarroako erresumaren gainean zituen legezko eskubideen aldezpena.

Lehenbiziko aldi horren ondoren, xvii. mendearen erdialdetik aitzina, Oihenarten lana euskarazko literatur ekoizpenean zentratu zen, batez ere esaera zaharren bilketan, poesien sorkuntzan eta hizkuntz arauen finkapenean.

Atsotizac edo refrauac, Proverbes, ou Adages Basques (Paris, 1657). Lehenbiziko argitalpen elebidunean euskaraz eta frantsesez eman zituen bostehunen bat esaera zahar, eta poesiekin batera inprimatu zen Parisen 1657an. Bigarren argitaraldia Pauen plazaratu zen 1665ean Atsotizen Urhenquina izenburuarekin, eta era independentean inprimatu zen. Ehun eta berrogeita hamarren bat atsotitz gehiago erantsi zituen, batzuk Bizkaikoak. Ez zuen iturririk aipatu, baina ia segurua da antzeko lan bat ezagutu zuela, «Refranes y Sentencias» izenekoa, Iruñean 1596 aldera inprimatu zena.

O.ten Gastaroa neurthizetan (Paris, 1657). Lan horretan jaso zituen amodiozko hamasei poesia, haren emazte hilari eskainitako eresi bat, bost poesia erlijioso eta euskara-frantsesa glosario bat. Aitzinsolasean, bertsogintzaz aritu zen berriz, poesia-araua nola ulertzen zuen era haien erabilera azalduz, ondoren ere landuko zuena. Lana Baionan argitaratu zen berriro, hainbat poesia gehiagorekin, ziurrenik lehenbiziko argitaraldiaren ondoren konposatutakoak.

L’Art Poétique Basque (1665). Frantsesezko eskuizkribu-zirriborroa apaiz lapurtar bati bidali zion gutun batean, 1666an. Bertsogintzaren arau nagusiak jaso zituen, arau horien aplikazioa euskal poeman eta euskal poesiaren egoera aztertuz, eta aitzin mendeko euskal idazleei buruzko ohar interesgarriak emanez: Etxepare, Etxegarai, Logras, Sauguis, Etxeberri de Ziburu, Haranburu…

Obrak

Déclaration historique de l’injuste usurpation et rétention de la Navarre par les Espagnols, Paris, 1625.

Extraict d’un traicté non encores imprimé intitulé Navarra iniuste rea, ac sive de Navarrae regno, contra ius fasque occupato, expostulatio, s.l. 1635(A. O. M. siglak erabiliz sinatua: Arnaldus Oihenartus Mauleoselensis).

Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum Aquitanicae, Paris, 1638 eta 1656

Navarre iniuste rea… sive de Navarrae regno, contra ius fasque occupatio, 1648.

Atsotizac edo refrauac, Proverbes, ou Adages Basques, Paris, 1657.

L’Art Poétique Basque, s.l., 1665.

Atsotizen Urhenquina, Paue, 1665.

O.ten Gastaroa neurthizetan, Paris, 1657.

L’Art Poétique Basque, s.l., 1665.

Bibliografia

Altuna, P. eta Mujika, J. A., Euskal Atsotitzak eta Neurtitzak. Edizioaren aitzinsolasa, 16.-21. or. Iker 15. Bilbo: Euskaltzaindia, 2003.

Arcocha-Scarcia, A. eta Oyharçabal, B., «Siglo xvii. Desarrollo y edición de las lettres vascas septentrionales», in Historia de la literatura vasca, http.//www.basqueliterature.com/basque/historia/klasikoa/XVII (2016ko abenduaren 9an egindako kontsulta).

Ciérbide Martinena, R., «Informe de la Cámara de Comptos de Navarra al Virrey, denegando a A. de Oihenart la consulta de sus archivos el 12 de julio de 1648», in Fontes Linguae Vasconum, 63 (1993), 327.-331. or.

Estornés Zubizarreta, I., «Oihenart, Arnald», in Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, 33. libk., Donostia: Auñamendi, 1992, 164.-169. or.

Goyhenetche, M., «A. d’Oihenart historien: Aspects de son profil social, politique, culturel», in Oihenarten Laugarren Mendeurrena, Bilbo: Euskaltzaindia, 1994, 497.-508. or.

Jaurgain, J., «Arnaud d’Oihenart et sa famille», in Revue du Béarn, Navarre et Lannes, 3 (1885), 169.-220. or.

Labrouche, P., «Archives d’Oihénart. Document sur les Gramont d’Asté», in Société académique des Hautes Pirénées, VI. libk., 4 zk. (1907), 141.-145. or.

Orpustan, J. B., eta Urrutibehety, C., «Documents sur Arnaud d’Oyhénart et sa famille», in Oihenarten Laugarren Mendeurrena, Bilbo: Euskaltzaindia, 1994, 673.-690. or .


Aipamen bibliografikoa

Monteano Sorbet, P. J.,  “Oihenart, Arnaud”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 607-610.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP