Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

GOIA MUNIAIN, Jose (Azantza, Nafarroa, 1756 – Sevilla, 1807).

Karguak eta lanbideak

Rotako auditorea, Errege Liburutegiko liburuzaina eta itzultzailea.

Ibilbidea

Azantzan jaio zen (Nafarroa) 1756ko uztailaren 9an, eta gurasoak Pedro Goia eta Martina Sagues zituen. Filosofia ikasi zuen Iruñeko San Frantziskoren komentuan, eta ondoren Gipuzkoara joan zen. Han, Latina ikasi zuen Martin Errorekin Andoainen eta Erretorika Bergarako Errege Apaiztegian. Bere heziketa osatzeko Legeak ikasi zituen Zaragozako Unibertsitatean (1773-1778), eta ondoren Kanonetako doktoretza egin zuen Valentziako Unibertsitatean (1780). San Isidroren Kanon Sakratuen, Liturgiaren eta Diziplina Eklesiastikoaren Errege Akademian sartu zen (1781) eta, Madrilgo Errege Liburutegian sartu nahian, 1783an greziera ikasten hasi zen, ongi ikasi ere, helenista espainiarrik onenetakoa izatera iritsi baitzen. Errege Liburutegian sartu zen 1784ko martxoan, eta lehen ofiziala izatera iritsi zen. Handik gutxira presbiteroa ere izan zen (1790).

Liburuzain karguan ari zela Zuzenbide kanonikoko Liburutegi espainiarraren erredakzioa sustatu zuen (1791), baina proiektua okertu zen hark errege Zuzenbidearen lehentasuna defendatzen baitzuen eliz Zuzenbide kanoniko unibertsalaren aurrean. Azkenean argitaratu zen, Collectio canonum ecclesiae Hispanae izenburuarekin eta Errege Liburutegiaren kargura, 1808an, Goia Muniain hil eta urtebetera. 1793an bururatu zitzaion beste proiektu bat, Hechos de los españoles en el Concilio de Trento gertaerei zegokion dokumentazioa biltzeko asmoa zuena, ez zen burutu.

1797an, liburutegian erretiroa hartu ondoren, betiere liburuzain-ohoreak gordez eta Tarazonako mitrari zegozkion 6.000 errealen pentsioa eskuratuta, Espainiako Rotaren auzitegian sartu zen auditore gisa. Urte hartan, gainera, kaparetasunaren betearazpen bat lortu zuen. Godoyrekin zuen adiskidantzak lagundu zion Sevillan kalonjetza bat lortzeko Karlos IV.aren eskutik (1801), 1806 arte bete ez bazuen ere.

Nafarroarekiko lotura bizirik mantendu zuen, 1801ean Nafarroako erresumaren zerbitzura jarri zenean, Estatuarekiko egoera politiko tenkatua desblokeatzeko eta Madrilgo Gortearen aurrean Nafarroako Konstituzioaren alde egin zituen izapideak eskertu zizkioten Oliten batzartutako Gorteek. Horrez gain, Iruñeko Udalak eta elizbarrutiko agintariek erregeari gotzain izenda zezan eskatu zioten, eta Iruñeko gotzaindegian jar zezan (1803), baina erregeak muzin egin zion eskaerari.

Auditore-kargutik kendu zuten 1806an, arrazoi politikoak tartean zirela, eta Nafarroara itzuli zen aldi batez. Ondoren, Sevillara itzuli zen, bost urte lehenago lortu zuen kalonjetza betetzera. Hiri hartan hil zen, 1807ko martxoaren 6an.

Haren ekoizpen intelektualaz ari garela, aipagarriak dira lan klasikoen itzulpenak, besteak beste, Poética de Aristóteles (hainbat argitaraldi 1798tik gaur arte) eta Julio Césarren Comentarios sobre la guerra de las Galias y la guerra civil (argitaraldi anitz 1798tik hona) lanak. Pedro Canisioren Catecismo católico trilingüe, dispuesto para uso de la juventud española (Benito Canoren Inprimategia, Madril, 1798) lana ere itzuli zuen, testuak latinez, grezieraz eta espainieraz parez pare ezarririk. Ez da gorde Exercicio izenburuko lanaz 1791n egin zuen itzulpena. José Goñi Gaztanbidek Jose Goiaren argitaragabeko bi eskuizkribu publikatu zituen: Cuaderno de curiosos apuntamientos para uso privativo de J. Javier de Goya edo Diálogo izenburukoa, anaia zaharrari etxeko eta nekazari-abeltzain eginkizunen erdian santifikatzeko era erakusteko idatzi zuena; eta 1807an amaitu zituen Memorias izeneko lana. Zuzenbide kanonikoaren Historiari egin zion ekarpen bakarra plan bat izan zen, gero zapuztu zena, eta Trentoko Kontzilioan egondako espainiarrei zegokien dokumentazioa biltzeko asmoz egin zuena (1793).

Obrak

Relación de los méritos, grados y exercicios literarios del Dr. D. Joseph Goya y Muniain, presbítero, opositor a prebendas de oficio, bibliotecario en propiedad de la Real Biblioteca de S. M., Madrid?, 1795. Artxibo Historiko Nazionalean gordetako alea.

Los Comentarios de Cayo Julio César, traducidos por D. Joseph Goya y Muniain, Madrid: en la Imprenta Real, por Pedro Julián Pereyra, 1798, 2 libk.

Catecismo católico trilingüe del P. Pedro Canisio [Griego, latín y español], dispuesto para uso de la juventud española por D. Joseph Goya y Muniain, Madrid: Benito Cano, 1798.

El Arte poética de Aristóteles en castellano, por D. Joseph Goya y Muniain, Madrid: Benito Cano, 1798.

Cuaderno de curiosos apuntamientos para uso privativo de J. Javier de Goya o Diálogo, s. l., ca. 1790, Goñi Gaztambide, J. (arg.), «El diálogo de José Goya y Muniáin», in Príncipe de Viana, XXXII, 122.-123. zk. (1971), 77.-115. or.

Memorias, 1807. Nafarroako Artxibo Orokorrean gordea. Goñi Gaztambide, J. (arg.), Las memorias de don José Goya y Muniáin (1807). Homenaje de D. José Esteban Uranga, Iruñea: Arantzadi, 1971, 441.-471. or.

Bibliografia

Batllori, M., «Un corpus documental español», in Estudios Eclesiásticos, 17 (1943), 319.-327. or.

García y García, A., «Plan de una Biblioteca canónica hispana del siglo xviii», in Anuario de Historia del Derecho español, 43 (1973), 445.-450. or.

Goñi Gaztambide, J., «Las memorias de don José Goya y Muniáin (1807)», in Homenaje de D. José Esteban Uranga, Iruñea: Aranzadi, 1971, 441.-471. or.

— «El diálogo de José Goya y Muniáin», in Príncipe de Viana, XXXII, 122.-123. zk. (1971), 77.-115. or.

Huarte, A., «Un proyecto frustrado», in Revista de Bibliografía Nacional, 5 (1944), 136.-149. or.

Sánchez Mariana, M., «José Goya y Muniáin», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/27050/jose-goya-y-muniain (2018ko irailaren 20an egindako kontsulta).

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Goya y Muniain, Jose”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 579-581.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP