Karguak eta lanbideak
Jurista.
Ibilbidea
Lege-ikasketak egin zituen Zaragozako Unibertsitatean, eta 1758an abokatu hartu zuten Gaztelako Errege Kontseilu Gorenean. Lau urtez Madrilen abokatu aritu ondoren, Juan Bautista San Martin Nabaz 1763an sartu zen Estatuaren burokrazian: 1768 arte eskribauen epaile Cadizen, 1768tik 1781ra abokatu orokor gisa, eta ondoren fiskal gisa Gaztela Berriko Kapitaintza Nagusian, eta 1781etik aurrera, Armadaren auditore orokor gisa Menorcan eta Gerrako Kontseiluaren ministro togadun gisa. 1801ean hil zen, hirurogeita zortzi urte zituela, Madrilen. 1778an Sociedad Económica Matritense de Amigos del País delako elkartean sartu zen, eta gogotsu aritu zen lanean, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartean ere sartu zen, 1784an. Gainera, Madrilgo nafarren artean ere bazuen itzala, Nafarren San Ferminen Kongregazioko buruordea hautatu baitzuten 1798an eta 1799an, hau da, Gortean nafarren ordezkaritza zuen elkartearen kargurik gorena. Azkenik, Nafarroako Gorteen 1794ko batzar batean agiri bat aurkeztu zuen, Carta de un Bascongado a los demás Bascones, izeneko eskuizkribua, zoritxarrez galdua dena.
San Martin Nabazi zor zaio Nafarroaren Konstituzio Historikoa kontzeptuaren sorrera, deialdi militarraren ordenantzari buruz Campomanes eta Nafarroako Diputazioaren artean piztu zen eztabaidaren testuinguruan, 1770 eta 1777 bitartean. Ondoren ere kontzeptua zehaztu zuen, 1777ko maiatzean osatu zuen errepresentazio-zirriborro bat prestatu zuenean. Diputazioak arbuiatu bazuen ere, erradikalegia zela argudiatuta, zirriborro horrek foruen aldeko itunaren tesia agertzen zuen, hainbat iturri erabiliz. Esate baterako, funtsezko legeen teoriko frantsesak; gizarte zibilaren sorrerari buruzko autore iusnaturalista klasiko aurreratuenen teoriak, adibidez Pufendorf-enak edo Wolf-enak; eta, horiekin batera, Nafarroako Foru Orokorra eta 1512aren ondoren foraltasuna defendatzen zuten akto juridikoak era sortzailean berrikustetik abiatuta Nafarroaren berezitasuna defendatzen zuten juristak eta historialariak. Era berean, San Martin Nabazek, bere elaborazio teorikoan, Nafarroatik errepikatzen zituen Campomanesek, alegia, eztabaida hartan zuen solaskide nagusiak, Espainiaren Konstituzio Historikoaren inguruan zituen tesiak. San Martin Nabazen ahalegina ulertzeko kontuan izan behar da Nafarroa zela xviii. mendearen bigarren erdian Gaztelako erresumarekin berdinen arteko eztabaida izaten ahal zuen Espainiako lurralde bakarra.
Konstituzio Historikoaren kontzeptua ulertzen da konstituzio kontzeptua Verfassung edo konstituzio material edo politiko gisa hartuta. Hala erabiltzen zuen Otto Brünner historialari austriarrak (1898-1982) 1939an argitaratu zuen Land und Herschaft lanean, Austriako artxidukerriko lurraldeek xviii. mendera arte izan zuten antolamendu soziopolitikoa aztertu zuenean. Carl Schmitten kontzeptuak hartuta, Brünnerrek bereizi zituen estatu liberal garaikideetako sistema konstituzionalisten lege-testu gorena (alemanieraz Konstitution) eta Erdi Aroko eta Aro Modernoko mendeetako konstituzio materiala (Verfassung), lurralde-eremu zehatz batean botereen arteko bizikidetza, hau da, estatu-eginkizunen banaketa (legegintza, justizia-administrazioa, gobernamendua, zerga-bilketa, deialdi militarrak, etab.) antolatzeko egina. Kontzeptu hori era egokian ulertzeko ezagutu behar da gizarte horretan Zuzenbidea nola ulertzen duten, hori baita indarra duen ordenamendu juridiko-politikoaren funtsa. Izan ere, xvi., xvii. eta xviii. mendeetako Estatu modernoen testuinguruan, non ezaugarri nagusia den botere gorenaren eta beheko botereek osatutako konglomeratuaren arteko elkarbizitza, eta non botere gorena saiatzen den, legeen erabileraz, lurraldeetako errealitate konplexuak gobernatzen, Estatu mota horri dagokion Konstituzioa da konstituzio politikoa edo estamentala, haren helburua dela «ordenamendu orokor bat lortzea, gobernu-prozesua eta lurraldeko botereen eta subjektu eragile ezberdinen arteko harremanak antolatzeko egokia». Gaztelaniaz ere, lehenengo konstituzio liberalak onartu aurretik ere, konstituzio hitza adiera horren arabera erabili izan zen. Espainiako Errege Akademiaren Hiztegira jotzen badugu, 1729ko lehenbiziko argitaraldian ikusiko dugu Konstituzio hitza honako esanahi honekin: «Ordenanza, establecimiento, estatuto, reglas que se hacen y forman para el buen gobierno y dirección de alguna República o Comunidad».
Nafarroaren eta Estatuaren arteko kinten inguruko eztabaidaren funtsa Karlos III.aren ekimen bat izan zen, urteroko ordezkapenak egiteko errekrutatze-sistema bat derrigortuta ezarri baitzuen, 1770eko azaroaren 3ko Errege Ordenantzaren bidez, azaroaren 24ko Errege Zedula batean txertatuta. Nafarroako kasu zehatzean liskarra gogorra izan zen, eta 1772tik aurrera, memorial luzeak elkartrukatu zituzten Nafarroako Diputazioak eta Gaztelako Kontseiluak horren kontura. Lehenengo aldiz, Madriletik ezarri nahi ziren erreforma orokorrak onartzeari uko egiten ziola justifikatu behar izan zuen erresumak ikuspegi teoriko batetik, argudio juridiko eta filosofiko sendoak erabiliz, bere burua horretara behartuta ikusi baitzuen, Campomanesek eztabaidari eman zion maila altuagatik eta hark lortu nahi zituen helburuengatik.
Diputazioa San Martinekin harremanetan jarri zen, Madrileko zenbait nafar ospetsuren gomendioari kasu eginez, eta sindikoek prestatuko zuten errepresentazio bat zuzentzeko agindua eman zion. 1776ko irailean izandako eztabaida haren testuinguruan, handik zenbait hilabetetara, beste errepresentazio bat egiteko agindu zion Diputazioak San Martini. Testu hori errepresentazioaren zirriborro gisa gordetzen da Nafarroako Artxibo Orokorrean, Kintak eta Errekrutatzeak sekzioan, eta Nafarroaren subiranotasunari buruzko gogoeta hagitz interesgarriak ditu. Testua 1777koa da, eta bi aldeetara idatzitako 56 orri ditu, guztira 308 paragrafotan antolatuak. Errepresentazio-zirriborro horren beste bertsio bat badago, Liburutegi Nazionaleko Eskuizkribuen Sekzioan.
Dokumentuan San Martin Nabazek azpimarratu zuen monarkak Nafarroaren eta nafarren gainean zuen subiranotasuna itun baten emaitza zela. Iusnaturalistarik laikoenetan oinarrituta, gizarte zibilaren jatorriaz hitz egin zuen San Martin Nabazek, azpimarratuz boterea gobernarien eskuetan uzteak kondizio bat zuela berekin, alegia, gobernariek derrigor bete behar zutela jatorrizko arrazoiaren inperioa, Jainkoak ezartzen zuena.
Gizarte guztietan bezala, Nafarroan ere gizarte zibila lehenbiziko monarkaren eta nafarren arteko itun baten ondorioz sortu zen. Gainera, Erregearen eta erresumaren arteko itunak aldaketarik gabe iraun zuen mendeetan barna. Lehenengo monarkaren eta nafarren arteko jatorrizko itunak foruekiko errespetua aipatzen zuen 1512 baino lehenagoko zortzi klausulen bidez, haietatik garrantzitsuenek ziotenez, erregeak mantenduko baitzituen foruak, izatekotan ere hobetzeko aldatuz, eta inoiz ez okertzeko. Gainera, 1512aren ondoren itundutako beste kondizio bat aipatzen zen: Nafarroako erresuma mantentzea «Reyno separado y de por sí» kondizioan.
San Martin Nabazek jatorrizko monarkiaren (Gaztelako monarkia barne, 1512az geroztik) eta nafarren arteko itun horri funtsezko legeen maila eman zion. Funtsezko lege hori blindatua zegoen, izan ere, lehenengo erregeak zin egin baino lehen, Foru Nagusiaren lehen atalean, esanbidez jaso zen legearen edozein aldaketak, funtsa ukitzen bazuen, erregearen eta Nafarroako Gorteen arteko akordioaren emaitza izan behar zuela. Itun hori, Zuzenbide positibo eta konstituzio historiko gisa ulertuta, monarkaren jokaeraren muga bat zen, justizia eta dimentsio irizpideen arabera egokitu behar zena, ohiturei jarraiki.
Puntu horretara iritsita, San Martin Nabazek ohartarazi zuen monarkia espainiarra nazioen nazioa zela, eta beharrezkoa zela monarkak errespetatzea haren baitan ziren marko juridiko-politiko-instituzional desberdinak, esaterako Nafarroakoa, 1512an hitzartutako ituna izatez printzipala baitzen. San Martin Nabazek uste zuenez «cada Reyno, cada estado, o cada Pueblo en quanto a sus cosas peculiares debe regirse por aquellas privativas reglas que le caracterizan». Ukatu egin zuen Nafarroan aplikatu behar zenik Espainiako Zuzenbide orokorra, Canpomanesek legeak bateratu nahirik aldarrikatzen zuen bezala, lurralde hark «tiene sus privativas Leyes, y derecho que le ha constituído un estado separado, y de por sí, en cuyo govierno, y en cuyas cosas peculiares, ningún otro ha tenido ni tiene, ni puede tener intervención», izan ere, «ningún Derecho de un estado, puede tener fuerza para otro».
Diputazioak azkenik aurkeztu zuen errepresentazioak ez zuen zerikusi handirik San Martin Nabazek prestatu zuen zirriborroarekin, baina haren gainean oinarrituta elaboratu zuten sindikoek, eta Ibarra izeneko abokatu batek prestatutako beste zirriborro bat ere erabili zuten, hala eskatu baitzien Diputazioak, haren irizpideak Madrilekiko askoz ere samurragoak baziren ere.
Bestalde, San Martin Nabazek Nafarroaren eta Madrilen arteko harreman juridiko-politiko-instituzionalei buruz zituen ikuspegien gaineko informazioak ez dira amaitzen aipatutako errepresentazio-zirriborroan. Nafarroako Diputazioak azkenean aurkeztu zuen errepresentazio-zirriborroaren aurka prestatu zuen txosten batean, are indar handiagoz defendatu zuen ituna, eta azpimarratu zuen Nafarroako erresuma eta erakundeak erregearen gogoaren gainetik zeudela, jatorrizko itunean jasotzen zenaren arabera. Hortaz, haren esanetan, «en Navarra el Rey ni es Legislador, ni es fuente, ni es alma, ni es origen de las Leyes por sí solo, sino es unido íntimamente con el Reyno»; Foru Nagusiak «tiene ligado al Soberano a la precisa calidad, no de Legislador Supremo, sino de Colegislador». Gainera, badakigu eztabaida gogorrak izan zituela San Martin Nabazek Madrilen finkatutako jurista eta pertsonaia ospetsu nafar batzuekin, haiek jarrera epelagoa erakusten baitzuten Nafarroako Foruen defentsan. Madrileko agenteak 1777ko irailaren 10ean idatzi eta abenduaren 4ko Diputazioaren batzarrean irakurri zen eskutitz batean, argi adierazten zen San Martin Nabazen amorru bizia, izan ere, agente haren arabera, arriskua ere bazegoen, auzia ebazteko ahozko epaiketa egin eta hari kontrolik gabe hitz egiten utziz gero, Nafarroaren aldeko jarrera defendatzea are zailagoa jartzea.
Diputazioak San Martin Nabazen tesiak isildu zituen, eta defentsarako diskurtso askoz ere epelagoak hobetsi zituen, negoziazioaren bidea aukeratuta, botere guneetatik hurbil zeuden bitartekariak erabiliz. Estrategia hori aukeratu izanak balio digu historialarien arreta piztu duen gauza bat azaltzeko: Nafarroan ez da argitaratu foruen alde Bizkaian Fontecha Salazarrek (1767)eta Aranguren Sobradok idatzitako testuen mailako idazkirik, edo Gipuzkoako Larramendiren testuen parekorik. Nafarroako kasuan, haien antzeko argitalpen bakarra izanen litzateke Diputazioak 1776ko kintei buruzko eztabaidan prestatu zuen Errepresentazioaren 156 ale haien argitalpena. Nafarroako foruen aldeko diskurtsoen falta xviii. mendetik harago zabaltzen da, xix. mendearen lehen erdira ere. Aldi horretan, Zuaznabarren foruen aurkako bilduma ezetsi zuen bakarra Yanguas izan zen, eta sentiberatasun erradikala erakutsi zuen lan bakarra Sagaseta Ilurdozena izan zen, neurri batean San Martin Nabazena gogora ekarriko zuena, dagoeneko foruen eraldaketaren negoziazioen testuinguruan.
Azkenik, aipatu behar da Sagasetaren tesiak, neurri handi batean eta zalantzarik gabe, San Martin Nabazen tesien ondorengoak zirela, izan ere, Diputazioak haren iritziei muzin egin bazien ere, haren errepresentazio-zirriborroa gorde egin baitzuen, Ibarrarena ez bezala, ziurrenik etorkizunean foruen aldeko jarreren defentsan erabiltzea komenigarria izan zitekeela aurreikusten zuelako, eta beharbada, haren eskuzko kopiak eskuz esku ibili izanen ziren, zenbait girotan.
Obrak
[San Martin Nabazek prestatutako zirriborroa]. AGN, Actas de la Diputación desde 7 de enero de 1767 a 24 de mayo de 1778, 1776-1777 urteak, 490.-502. folk.
Bibliografia
Leoné Puncel, S., Los fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.
Mikelarena, F., «Discursos en torno a la Constitución Histórica de Navarra hasta 1813. Origen del concepto y adaptaciones a un contexto cambiante», in Iura Vasconiae, 8 (2011), 66.-116. or.
Aipamen bibliografikoa
Mikelarena, F., “San Martin y Navaz, Juan Bautista”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 569-573.





