Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

PALAFOX MENDOZA, Juan (Fitero, Nafarroa, 1600 – Burgo de Osma, Soria, 1659).

Karguak eta lanbideak

Puebla de los Ángeles eta Burgo de Osmako gotzaina, bitarteko erregeordea eta Espainia Berriko bisitatzaile orokorra

Ibilbidea

Juan Palafox Mendoza Fiteron (Nafarroa) jaio zen 1600eko ekainaren 24an. Haren aita Jaime Palafox zen, Arizako markesa, eta ama Ana Cascante Espés. Bien seme naturala izanik, aitaren ezagupena bederatzi urte eskas zituela izan zuen. Orduan hasi zen umearentzat ikasketa-aldi bat, kanonen doktoretza eskuratu arte amaituko ez zena. 1610etik 1615era Tarazonako jesuiten ikastetxera bidali zuen aitak. Urte haietan San Gaudioso apaiztegian bizi izan zen. Lehenengo ikasketak amaituta, kanonetako batxilergoko lehenengo ikasturtea egin zuen Huescako Unibertsitatean. Bigarrena Alcalá de Henaresen egin zuen eta hurrengo 3., 4., eta 5. ikasturteak Salamancako Unibertsitatean egin zituen, batxiler gradua lortu arte, 1620an. Juan Palafoxek orduan hogei urte zituen, eta ikasketak une horretan etetea erabaki zuen, familiako arazoak tartean zirela. Handik hamahiru urtera jarraitu zuen ikasten, ordurako Indietako kontseilaria zela. 1633an lortu zuen, Sigüenzako Portacoeli Unibertsitatean, kanonetako lizentziatura eta doktoretza, behar ziren azterketa guztiak gainditu ondoren.

Palafoxen bizitza publikoa, berez, 1626an hasi zen, Aragoiko Gorteen batzarrera joan zenean, aurreko urteko otsailaren 27an aita hil eta haren ordez, etxearen ordezkari. Palafox gazteak Filipe IV.a erregearen aldartea hunkitu zuen, nonbait, eta haren balido Olibaresko konde-duke boteretsuarena ere bai, izan ere, azken honek bultzatuta, Gortera joan zen bizitzera, Erregearen zerbitzura. Urte hartako irailaren 5ean, Gerra Kontseiluko fiskal izendatu zuten. Era horretan hasi zen haren ibilbide politiko oparoa, handik gutxira politika amerikarreko erdigunera eraman zuena.

Alderdi pertsonalari dagokionez, haren barne-bilakaerak bultzatuta, ordena sakratuak hartu zituen 1629ko martxoaren 10ean, Plasenciako apezpiku eta Toledoko artzapezpikutzaren gobernadore Francisco Mendozaren eskutik.

Urte horretan bertan Indietako Kontseiluko fiskaltzara jauzi egin zuen, eta hango karguaren zina egin zuen 1629ko urriaren 26an. Handik gutxira, 1629ko abenduaren 25ean, hurrengo enperadore Fernando III. arekin ezkontzekoa zen Maria Austriakoa infantaren kapilau eta limosnagile nagusi izendatu zuten. Eginkizun berri horretan, infantari lagundu zion Europa osoan zehar egin zuen urte eta erdiko bidaia luze eta interesgarri batean, 1630ean eta 1631n. Azken jomuga Viena zen, eta infanta han utzita, Palafox Gortera itzuli zen. Bidai horretan hainbat lan sortu zituen: haietako bat, 1935 arte argitaragabea eta izenburua Diario del viaje a Alemania (1635) zuena; beste bat izan zen Vida de la serenísima infanta Sor Margarita de la Cruz (1635); gainera, erregeari aurkeztu zion Diálogo de Alemania y comparación de España con las demás naciones lana, non Palafoxek defendatzen zuen erresuma bakoitza bere zuzenbide partikularraren arabera gobernatu behar zela, konde-dukearen politika uniformatzailearekin talka egiten zuen irizpidea emanez.

Europan barna egindako bidaiatik itzuli eta bi urte eskasera, Indietako ministro kontseilari izendatu zuten Palafox, 1633an. Kontseiluan egin zuen lan handia erregeak oso ontzat eman zuen, baina urte haietan beste hainbat eginkizun ere eman zitzaizkion, esaterako bisita berezia egitea Maria enperatrizak eta haren alaba Sor Margarita de la Cruz infanta artxidukesak sortutako Errege Oinutsen monasterioari eta pietate-obrei. Garai hartan literatur jardun joria izan zuen, lehen aipatutako lanez gain, Ordinaciones reales (1635), Dictámenes espirituales y políticos, Guerras civiles de la China eta Sitio y socorro en Fuenterrabía y sucesos del año 1638, escritos de orden de su Majestad, (1639) lanak ere idatzi zituelako.

Jardun politikoan aurrerapenak egin bazituen, eremu eklesiastikoan ere ez zen atzean geratu. 1639ko abenduaren 27an Madrilgo San Bernardo elizako gotzain kontsakratu zuten. Hilabete hartan berean jakinarazi zizkioten Espainia Berriko bisitatzaile nagusi izendatzen zuten errege-zedulak, aurreko urteko martxoan kargu horretarako izendapena eman ondoren. Karguaz jabetu orduko, Espainia Berriko bisita orokorra egiteko agindua eman zitzaion. Erregeorderri hartako auzitegien bisita, aurreko bi erregeordeen erresidentzia-epaiketa, eta beste hainbat eskumen ere eman zitzaizkion, Filipinak, Peru eta Espainia Berriko merkataritzari zegozkionak. Erregeordea zen haren bisitatik eta jurisdikziotik salbu geratzen zen bakarra, eta Álvarez de Toledok seinalatu zuen bezala, horixe bera izan zen Palafoxek aurrera eraman nahi zuen erreforma politikoak topatu zuen eragozpenik handiena. 1640ko apirilaren 21ean, itsasontzi berean abiatu ziren Ameriketara Diego López de Pacheco erregeordea, Villenako markesa eta Escalonako dukea, eta Palafox Elizaren bisitatzaile izendatu berria, eta bi hilabeteko zeharkaldia egin ondoren, ekainaren 24an, Veracruzeko portura iritsi ziren.

Mexikon, Palafoxek aurkaritza eta kontraesan sail bat aurkitu zituen bisitak egiteko eta Pueblako gotzain izateko. Aurkari nagusia erregeordea izan zuen, erreforma egiteko lana erabat galarazi ez bazion ere, ez arlo zibilean ez eta elizaren arloan ere. Baina Braganzako dukearekin zuen ahaidetasunak oso posizio zailean utzi zuen Escalonako duke eta erregeordea. Braganzako dukearen aldekoak Filipe IV. aren aurka matxinatu ziren Portugalen, eta han sortutako arazo sezesionista une gordinean zela, erregeordeak publikoaren aurrean —Palafoxen arabera— Braganzako dukearen ahaidea zela harro esateaz gain, ez zituen bete portugaldarrak zenbait lekutatik kanpora egozteko errege-zedulak, eta aterpea ere eman zien, bere jauregian. Palafoxek auzi horri buruzko informazioak helarazi zituen Gortera eta, beharbada, beste bideren batetik iritsi zitzaizkien berriak ikusita, erregeak, 1642ko maiatzaren 30ean igorritako errege-zedularen bidez, Escalonako dukeari Espainiara itzultzeko agindua eman zion, haren lekuan, aldi baterako, Palafox jarriz. Horrenbestez, Juan Palafox Espainia Berriko aldi baterako erregeordea bilakatu zen. Izendapena jaso eta denbora gutxira, Palafoxek eginak zituen Escalonako dukearen aurretik erregeorde izandako Cerralboko markesaren eta Cadereitako markesaren epai-erresidentziak. Era berean, ordurako bidalia zuen, 1641eko uztailaren 23an abiatu zen ontzidian, bere Despatxu publiko eta sekretua, non argi azaltzen zuen erregeorderriaren egoera. Bertan azpimarratzen zuen Mexikoko Elizaren zurztasuna, artzapezpikurik gabe baitzegoen; eta salatzen zituen erregularren zabarkeriak ekartzen zituen arazoak eta, batez ere, alkate nagusien gehiegikeriak, banaketen sistemaren erabileran. Gainera, Mexikoko Auzitegiaren egoeraren berri ere ematen zuen, hala nola gainerako justizia-epaitegiena, Unibertsitatearena, kabildoena, eta abar.

Erregeorde-izendapenarekin batera, Espainia Berriko gobernadore, kapitain jeneral eta Errege Auzitegiko presidente izendapenak etortzen ziren. Haren biografia jaso zuen Sor Cristina de la Cruz mojak esan zuenez, era horretan harengan bat egiten zuten jurisdikzio zibilak eta jurisdikzio eklesiastikoak. Izan ere, 1642ko otsailaren 19ko zedularen bidez, Mexikoko artzapezpiku izendatu zuten, eta, elizbarrutiaren gobernua urtebete luzez, 1643ko martxoaren 19ra arte bete ondoren, karguari uko egin zion. Palafoxek berak kontsakratu zuen artzapezpiku berria, Juan Mañoca Zamora.

Espainia Berriko erregeordetzan jardun zuen bitartean, hau da, kargua Salbaterrako kondeak hartu arte, nekerik gabe aritu zen Palafox hango biztanleen alde, batez ere kriollo eta indiarren alde: ogasuna saneatu eta diru-kutxan 400.000 peso utzi zituen, horretarako hainbat neurri hartuta, besteak beste, ahaztuta zeuden zentsuen zedulak egikaritzeko agindu zuen; Veracruzeko itsasertzetik kanporatu zituen portugaldarrak; La Habana gotortu eta laguntza militarra eman zion; Mexikon osatu zituen batailoiko hamabi konpainia; errege-jauregian bildu zuen ongi hornitutako armategi bat; alkate nagusien gehiegikeriak galarazi zituen; segurtasun publikoa hobetu zuen; auzi zahar asko ebatzi zituen Auzitegira ia egunero joanez eta areto berri bat sortuz; eta elizaren eremuan nolabaiteko diziplina jartzen saiatu zen. Zerga-presioaren beherapena sustatu zuen, eta Filipinekiko merkataritza kriolloa bultzatu zuen. Gainera, behartsuek beren lurretarako eta aberatsek beren lorategietarako behar zuten uraren banaketaren arazoa konpondu zuen, eta behartsuen eta indiarren zergak arindu zituen, besteak beste. Haren gobernu-ekintza inspiratu zuten ideia politikoen zati handi bat 1643an argitara eman zuen Historia Real Sagrada. Luz de príncipes y súbditos izeneko lanean jaso zuen. Hartan nabarmendu zuen monarkia espainiarra osatzen zuen aniztasunaren aldezpena.

Erregeorde berri Salbaterrako kondeak 1642ko azaroaren 23an hartu zuen kargua. Haren etorrerak buruhauste gehiago ekarri zizkion Palafoxi, bisitatzaile-eginkizunaren ikuspegitik. Bisitak berak erregeordearen ahalen murrizketa ekartzen zuen, eta horrez gain, Palafoxek aurrera eraman nahi zuen erreformak bertako amerikarren onura bilatzen zuen. Salbaterrako kondea bisitatzailearen arerio bilakatu zen berehala. Esaterako, beste arazo askoren artean, Palafoxek eragozpenak aurkitu zituen alkate nagusien merkataritzari buruzko errege-zedulak egikaritzea exijitu zuenean. Bisitatzailearen iritziz, puntu horri zegokion erreforma ezinbestekoa zen erregeorderriko justiziaren ikuspegitik. Izan ere, horixe izan zen aurreko erregeorde Escalonako dukearekin izandako aurrez aurrekoaren arrazoi nagusietako bat. Hala eta guztiz ere, emaitzarik ere izan zuen Plafoxek urte haietan egin zuen lanak. Adibidez, aipagarria da Mexikoko Unibertsitatera egin zuen bisita, erakunde horretarako konstituzio berriak egin baitzituen, 1645eko urriaren 14an indarra hartu zutenak.

Elizaren eremuan eragozpen handiagoak aurkitu zituen Palafoxen lanak, baina pozik handienak ere hor lortu zituen, batez ere hain maite zuen Puebla de los Ángeles hiriko elizbarrutiaren berrikuntzarekin. Apezpiku izendatu berriak aurkitu zuen lehenengo arazoa izan zen doktrina-emaileak gotzainaren jurisdikzioaren pean egotea, eta erlijiosoen doktrina gehienak apaiz sekularren eskuetan geratzea. Puntu horri dagokionez, Trentoko Kontzilioan nahiz errege-zeduletan xedatutakoan bilatzen zuen babesa Palafoxek. Trentoko Kontzilioak ezarri zuenaren arabera, apaiz sekularrek nahiz erregularrek egon behar zuten «adierazitako karguari eta sakramentuen administrazioari zegozkien gauzetan, tokian tokiko elizbarrutiko gotzainaren jurisdikzio, bisita eta zuzenketaren pean» (XI. kap., XXV. saioa). Beste alde batetik, 1618, 1622, 1634 eta 1637ko zedulek xedatutakoaren arabera, erlijiosoek ez zuten apaiz edo doktrina-emaile eginkizunetan aritu behar, aurretik elizbarrutiko prelatuen azterketarik igaro gabe, bai beren egokitasunari zegokionez, bai indiarren hizkuntzen ezagutzari zegokionez. Prezeptu horiek aplikatuta, Palafoxek hiru eguneko epea eman zien apaiz doktrina-emaileei azterketa gainditu eta kolazio kanonikoa eskatzeko. Gainera, bere elizbarrutiko apaizen diziplina hobetzeko zenbait neurri xedatu zituen (indiarrak errespetatzea, ikuskizun publikoetara ez joatea, etc.).

Ildo berritzaile beretik, 1646an San Pedro apaiztegia eraiki zuen Palafoxek, eta errektore bakar baten pean bateratu zuen ordurako existitzen zen San Joanen ikastetxearekin. Apaiztegian gramatika, erretorika, musika, kantu eklesiastikoa eta figuratua ikasten zituzten, hamaika urtetik hamazazpi urtera bitartean. San Joan ikastetxean, hemezortzitik hogeita lau urtera bitartean, filosofia, teologia eta kanon sakratuen goi-ikasketak egiten zituzten. Gainera, bere liburutegi oparoa, 4.000 liburu baino gehiago zituena, eman zion dohaintzan apaiztegiari, apaizen heziketarako, eta hizkuntza indigenen katedra bat sortu zuen bertan. Arkitekturaren ikuspegitik, zalantzarik gabe, haren lorpenik handiena izan zen Puebla de los Ángeles hiriko katedraleko lanak amaitzea. Horri gehitu behar zaio elizbarrutia utzi zuenerako eraikiak zituela berrogei tenplu baino gehiago, eta baseliza ugari.

Artzain-eginkizunean, indiarren idolatria erauzten saiatu zen, eta aldi berean, kristau doktrinara eraman zituen egokiak iruditzen zitzaizkion jardunbide indigenak, esaterako dantza edo musika. Hasieran kontra egin bazion ere, azkenean Palafoxek onartu zuen indiarrak ordena sakratuetarako sarbidea izatea.

Pueblako gotzain izan zen aldetik Palafoxek aurkitu zuen arazorik handiena, zalantzarik gabe, jesuitekiko gatazka izan zen. Lehendik ere izan zituen arazoak, hamarren ordainketaren kontura, baina gatazka maila pentsaezinera iritsi zen. Guztia 1647ko hausterre egunean hasi zen, Konpainiaren ikastetxeetako errektoreei Juan Merlok, gotzainaren aldameneko eliz epailea zen aldetik eta haren partez, auto bat jakinarazi zienean. Hartan agintzen zenez, predikua eta konfesioa emateko lizentzia guztiak bertan behera geratzen ziren, eta lizentzia horiek hogeita lau orduko epean entregatzeko agindua gehitzen zuen. Gainera, handik egun batzuetara, martxoaren 8an, eliz epaileak beste auto batean, eskumiku latae sententiae emateko mehatxua egiten zien jesuitekin konfesioa egitera edo haien sermoiak entzutera joaten ziren feligresei.

Apezpikuaren jokabidea gerra adierazpentzat jaso izan zen, eta tamainako erantzuna eman zitzaion jesuiten aldetik, bi epaile kontserbadore izendatu baitzituzten beren eskubideak defenda zitzaten. Era horretan, bi alderdi eratu ziren: alde batetik, Palafox eta bere aldameneko Juan Merlo epailea, feligresen zati handi bat berekin zutela; beste aldetik, jesuitak eta haien babesle agertu ziren erregeordea, Mexikoko artzapezpikua eta inkisidorea. Palafoxen iritziz, epaile kontserbadoreek ez zuten jurisdikziorik eta In Coena Domini izeneko bulan zehaztutako zigorrak bete behar zituzten, eliz jurisdikzioaren usurpazioa eta galarazpena egin zituztelako. Hala adierazi zuen elizbarrutiko epaile Juan Merlok. Beste aldetik, 1647ko maiatzaren 6an, Mexiko hiriko hainbat lekutan agertutako kartelek iragartzen zuten epaile kontserbatzaileen aginduz Palafox jendaurrean eskumikatuta zegoela. Haien arabera, ez zien men egiten Elizaren agindu eta bulei, eta In Coena Domini bulan jasotako eskumiku handiaren zigorra merezi zuen. Hirian iskanbila handia sortu zen. Bi alderdien arteko tentsioak istiluak eragin zituen Pueblan, apezpikuaren aldekoek manifestazio publiko bortitzak egin baitzituzten. Puntu horretara iritsita, gomendagarriena zen gotzaina elizbarrutitik atera eta leku seguruan gordetzea. Jokoan zegoena lizentzia-kontu bat baino gehiago zen: Espainia Berriaren erreforma bera zen, ia hasieratik aurrez aurre jarri zituena Palafox eta erregeordea. Bi aukera zeuden, edo Koroa ordezkatzen zuen erregeorde ia ahalguztidun baten inguruan ardaztutako gobernua, errege-ogasunarentzat baliabideak biltzeko arduratuta, edo karguen banaketan talde kriolloen aldeko onura bilatzen zuen gobernua, eta kabildoen eginkizuna erregearen politikarekiko konpromisoa agertzeko lekua izatea zela aldarrikatzen zuena.

Muin-muinean alkate nagusien merkataritza zuen, eta jesuiten lizentzien kontura piztu zen gatazkari amaiera emateko, edo amaiera ematen hasteko bederen, Salbaterra erregeordea Peruko erregeorde izendatu zuten, eta Palafoxen bisita orokorra bertan behera utzi zen, 1647ko azaroaren 30eko zedularen bidez. Horrenbestez, Palafox bere egoitzara itzuli zen. Epaile kontserbadoreek Palafoxen aurka zuzendu zituzten zentsurak kendu zituzten. Palafoxek berak ere, haien aurka diktatu zituen eskumikatze-dekretuak bertan behera utzi zituen. Jesuiten lizentzien auzia, ordea, konpontzetik urrun zegoen. Madrilen eta Erroman, aita santuak emandako adierazpen laburren bidez, apezpikuak elizbarrutiaren gainean zuen jurisdikzioa aitortzen zen, eta beraz, inork ezin zuen konfesiorik edo predikurik eman haren baimenik gabe.

1648ko urtarrilean emandako agindu baten bidez, Palafox Espainiara itzularazi zuten, haren merituen arabera egokia izanen zen egoitza betegabe bat betetzera. Palafoxek erregeorde-eginkizunean egindako lanaren erresidentzia-epaiketa Mexikoko Entzutegiko Francisco Calderón Romero epaileak egin zuen. Hark emandako ebazpenaren arabera, «Puebla de los Ángeles hiriko gotzainak zuzen eta leialtasunez jokatu zuen kargu horien eginkizunetan». Hainbeste une latz iragan ondoren, bere zuzentasun eta zintzotasuna aitortuta ikusten zituen Palafoxek.

Gortera iritsita, Aragoiko Kontseiluan plaza bat betetzeko izendatu zuten Palafox. Haren anaia zen plaza hartu behar zuena, baina hura iritsi bitartean Juanek bete behar zuen. Dirudienez, inoiz ez zen joan Kontseiluko batzarretara. Gehiago markatu zuen haren ibilbidea Luis Haroren bultzadaz Burgo de Osma hiriaren apezpikutza betetzeko eskaintzak. Aldi baterako eskaintza zen, haren merituen mailako beste eliza bat hutsik geratu bitartean bete beharko zuena. Kontua da Palafox gogobetetzen zuen fededun-talde bat zaindu beharrean zegoela berriro, haiei eskaini behar zizkiela bere bisita pastoralak, eta haien erlijio-heziketarako lanak argitaratu beharko zituela. Destino berri hartan zegoela, funts handiko arazo bakar bati aurre egin behar izan zion, alegia, elizaren salbuespena defendatzea, erregeak erabaki zuenean elizaren ondasunen gaineko zergaren luzapena agintzea, Inozentzio X.a aita santuak ezarritako epetik harago. Horren haritik,1656ko abuztuaren 29an, Memorial al rey por la inmunidad eclesiástica izeneko lana argitaratu zuen, Filipe IV.ari atsekabe handia eragin ziona. Beste lan batzuk ere osatu zituen garai hartan, bere pentsamendu politikoa bilduz, haien artean azpimarragarria Manual de estados y profesiones y su Juicio interior y secreto de la monarquía para mí solo izenekoa. Lan horretatik sortzen da haren irizpen ezaguna, monarkiaren barneko erresuma bakoitza bertako legeen arabera gobernatzea aldezten zuena, erregimen bat eta beraren pean uniformatu gabe.

Bizitza osoa Jainkoaren eta monarkiaren aldeko lanean eta eginahalean eman ondoren, Juan Palafox Mendoza 1659ko urriaren 1ean hil zen, Burgo de Osma hirian.

Obrak

Obras del ilustrissimo, excelentissimo, y venerable siervo de Dios Don Juan de Palafox y Mendoza, XII liburuki, Madrid: Imprenta de Don Gabriel Ramírez, 1762.

Diario del viaje a Alemania, Arteaga, C. (hitz., transkr. eta oharrak), Madrid: Blass, S. A. Tipográfica, 1935. Berrarg. Fernández Díaz, J. (Hitz.), Iruñea: Fiteroko Monasterioaren Adiskideen Elkartea, 2. arg., 2000.

Bibliografia

Álvarez de Toledo, C., Juan de Palafox: obispo y virrey, Madrid: Centro de Estudios Europa Hispánica-Marcial Pons, 2011.

Bartolomé Martínez, G., Jaque mate al obispo virrey: siglo y medio de sátiras y libelos contra Don Juan de Palafox y Mendoza, México: Fondo de Cultura Económica, 1991.

De la Cruz de Arteaga y Falguera, C., Una mitra sobre dos mundos: la de don Juan de Palafox Obispo de Puebla de los Angeles y de Osma, Sevilla: Artes Gráficas Salesianas, 1985. Berrargitalpena Pueblan: Gobierno del Estado de Puebla, Comisión Puebla V Centenario, 1992.

De la Torre Villar, E., Juan de Palafox, pensador político, Mexiko: UNAM, 1997.

Fernández Gracia, R. (koord.), Palafox: Iglesia, cultura y Estado en el siglo xvii: Congreso Internacional IV Centenario del Nacimiento de Don Juan de Palafox y Mendoza, Iruñea: Nafarroako Unibertsitatea, 2001.

Galí Boadella, M., La pluma y el báculo: Juan de Palafox y el mundo hispánico del seiscientos, Puebla: Universidad Autónoma de Puebla, 2004.

García, G., Don Juan de Palafox y Mendoza, Obispo de Puebla y Osma, Visitador y Virrey de la Nueva España, Puebla: Gobierno del Estado, 1991.

Sánchez-Castañer, F., Don Juan de Palafox, Virrey de Nueva España, Madrid: Fundación Universitaria Española, 1988.

Aipamen bibliografikoa

García Pérez, R., “Palafox y Mendoza, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 539-545.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP