Karguak eta lanbideak
Behartsuen abokatua, Nafarroako Errege Gorte Nagusiko alkatea eta Nafarroako Errege Kontseiluko kontseilaria
Ibilbidea
Ezer askorik ez dakigu Martin Eusaren bizitzaz, Nafarroako erresumako erakundeetatik igaro zela ez bada. 1604ko martxoaren 16an behartsuen abokatu izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 1607an Gorte Nagusiko alkate izendatu zuten arte. 1614ko ekainaren 30ean Juan Jimenez de Oco ordezkatu zuen —Ordenen Kontseiluko fiskaltzara igo baitzen—, Nafarroako Errege Kontseiluko epaileen sei eserlekuetako batean, horietatik bi jatorri gaztelarreko kontseilarientzat esleituta zirelarik ordurako. Ezin izan zuen kargua berak hartu, Nafarroatik kanpo egon beharra zelako, eta ahalordea eman zion izendapena bere ordez har zezan Errege Gorteko alkate Pedro Frances Gernikari. Bere ibilbidearen amaieran erregeordearen kontsultorea izan zen 1624ko eta 1628ko Gorteetan.
Errege Kontseiluko kide zelarik lan handia egin zuen, eta Nafarroako auzitegiko epaile dekanoa izatera iritsi zen. Eman zitzaizkion ardura anitzetatik ezaguna da parte hartu zuela Aldudeko mendietako mugak behin betiko zehazteko Frantziarekiko akordioetan.
Martin Eusa azpimarragarria da lan handia egin zuelako Ordenanzas del Consejo Real de Navarra izeneko bilduma osatzeko. 1622an argitaratu zuen Nafarroako erresumako inprimatzaile Nicolás Asiainek, eta bertan bildu ziren mende horretan eta aurrekoetan Nafarroako erresuman justiziaren administrazioarekin erlazionatuta emandako xedapenak, besteak beste, monarkek diktatutako xedapenak, erresumako Gorteen batzarretan erredaktatutako legeak, auzitegiek berek finkatutako arauak eta, horiez gain, xvi. mendean zehar egindako bisita-epaiketetatik sortutako ordenantzak. Haren erabilera errege auzitegietako kideentzat mugatu zen (Gorte Nagusia, Errege Kontseilua eta Kontuen Ganbera). Izan ere, Gorteetako legeen erredakzioan ez da inoiz aipatzen Eusaren Ordenantzarik, baina bai antzinako legeak (Ordenantza zaharrak, Pasquierren bilduma, etab.), haiek erabiltzen baitzituen erresumak bere eskabideak argudiatzeko.
Ordenanzas lanaren testua lau liburukitan banatzen da. Lehenbizikoak 29 titulu ditu, bigarrenak 17, hirugarrenak 34 eta laugarrenak 31, hau da, guztira 111 titulu. Testuetan justiziaren administrazioa jasotzen da, errege-auzitegiak, errege-erakundeak eta erresumarenak. Lanaren amaieran, administrazioari eta Nafarroako gobernamenduari zuzendutako ofizio, debeku eta gainerako probisioekin erlazionatutako gauzak biltzen dira. M.ª D. Martínez Arcek egiaztatu ahal izan zuenez, gaiak egituratzeko Eusak jarraitu zuen metodoa Pasquier lizentziadunak bere lanean (Recopilación de las leyes y Ordenanzas, Reparos de agravios, Provisiones y cédulas reales del Reino de Navarra y Leyes de visita que están hechas y proveídas hasta el año de 1566. Recolegidas y puestas en orden por sus títulos, con su Repertorio, por el Licenciado D. Pedro Pasquier, del Consejo Real de su Magestad, del dicho Reino, bestela Ordenanzas Nuevas izenez ezaguna) erabilitakoaren antzekoa zen. Eusak, ordea, zenbait titulu errepikatzea saihestu zuen, Pasquierren lana hobetuz eta bildumari argitasun handiagoa emanez. 1622ko Ordenantzetan, Pasquierren lanaz geroztik Nafarroan sortu ziren lege berriak jaso ziren eta, beraz, titulu berriak agertu ziren.
Ordenantza horiek indarra izan zuten Errege Kontseilua xix. mendean bertan behera geratu zen arte.
Martin Eusak, halako lan handia egin ondoren, Errege Kontseiluko epaile eginkizunetan jarraitu zuen, 1632ko martxoaren 8an hil zen arte. Hark utzitako lekua Juan Perez de Nabazek bete zuen. Eusa hil zelarik, haren alargun Maria Daoizek, Nafarroako Errege Kontseiluko kideak hiltzean haien alargunei zegokien usadioari jarraiki, biziarteko mesedea dirutan ordaintzeko eskatu zuen, senarrak emandako zerbitzuen ordainez, eta eman ere eman zitzaion mesedea, eta haren ondorengoek ere heredatu zuten mesede bera.
Obrak
Eusa, M., Ordenanças del Conseio Real del Reyno de Navarra, Iruñea: Nicolás de Assiayn, impressor del Reyno de Nauarra, 1622.
Bibliografia
Martínez Arce, M.ª D., Recopiladores del Derecho Navarro. Trayectorias personales y profesionales de los recopiladores de fueros y leyes de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998.
— Aproximación a la Justicia en Navarra durante la Edad Moderna. Jueces del Consejo Real en el siglo xvii, Iruñea: Fecit, 2005.
— «Martín de Eusa», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia: http://dbe.rah.es/biografias/56697/martin-de-eusa (2018ko irailaren 23an egindako kontsulta)
— Zuaznavar, J. M.ª, Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra, II, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1966.
Aipamen bibliografikoa
Lizarraga Rada, M., “Eusa, Martin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 527-528.





