Karguak eta lanbideak
Karlos V.arenGorteko jurista
Ibilbidea
Iruñean sortu zen, Bolonian eta Ferraran ikasi zuen, eta doktore titulua eskuratu zuen Zuzenbide Zibil eta Kanonikoan. Kontseiluko kidea zelarik, Karlos. V.a enperadorearen Gorteko jurista nagusietakoa izan zen.
Haren lan nagusietakoa Catholicum Opus imperiale regiminis mundi edo De regimine mundi (1525) izenekoa da, Zuzenbide naturalaren eskola espainiarrak hamaseigarren mendean zerabilen eztabaida juridiko-politikoaren testuinguruan kokatzen dena. Hura egiteko Ultzurrun Espainia, Italia eta Frantziako unibertsitate nagusietan ibili zen. Karlos V.a enperadoreari eskaini zion, «onena hilkorren artean» zela esanez, eta enperadorearen kantzelari Mercuriano Gattinarari ere bai. Une hartan Ultzurrun inperioaren oinarriak zehazten saiatzen ari zen, luteranismoaren hedapenarekin sakabanatzen ari baitzen. Jurista nafarrak munduko herri desberdinen arteko harremanen antolaketari buruz berak zuen teoria azaldu zuen. Haren arabera, gizon-emakumeak destino komun batean elkartuta zeuden. Jainkoak gizon-emakumeen salbaziorako eman zuen bizitza, baina elizako kide bataiatutako gizon-emakumeak bakarrik zirenez, eta horiek aita santuaren menpekoak zirenez, gainerako humanitatea hortik bereizita geratzen zen, kristauekin harremanetan egotera behartuta bazegoen ere.
De regimine mundi lau zatitan egituratzen da. Lehenbizikoak Zuzenbide naturalari buruzko doktrina komuna laburbiltzen du, haren jatorria, ezagutzeko modua, jendearengan agertzeko modu anitzak, parte-hartzeko graduak, etab. Ultzurrunek gizon-emakumeen lege naturalaren bikaintasuna aitortzen zuen, animalien lege naturalaren aldean, gizakiak beregan inprimatutako lege hori ezagutzen ahal duelako. Beste alde batetik, lege naturalaren jainkozko jatorriaren inguruan gogoeta egin zuen, eta arrazoiaren hurbilagokotzat jotzen zuen ius gentium delakoaren inguruan ere bai. Jendearen Zuzenbidearen gainean hark egin zuen teorizazioa historiaren filosofia agustindarrean eta beste hainbat egileren lanetan oinarrituta eraikitzen zen. Adibidez, Antonio de Rosellis (1386-1466) irakasle boloniarraren arabera, mundu osoa aita santuarena eta enperadorearena da, bi botere horiek bakarrik heldu zirelako Jainkoarengandik, alegia, autoritatearen iturri bakarretik. Haren esanetan, Jendeen Zuzenbidea gizarte unibertsalaren kodea zen, herri guztien borondatean oinarritua; aski zen gehiengo batek printzipio horiek onartzea baliotasun unibertsala izan zezaten. Haren teoriak jendeen Zuzenbideari buruz Francisco Vitoriak eta Covarrubiasek onduko zituzten tesien aurrekariak izan ziren.
Bigarren atala legegileari eskaini zion eta obrako zatirik handiena da. Ultzurrunen arabera, autoritatea guztien onuraren bila aldarrikatzen eta egikaritzen zuena zen legegilea. Haren iritziz, beharrezkoa zen legegile eta gobernari bakar bat. Behar historikoa zen, ezinezkoa zelako gizaki guztiak biltzea legegintzan aritzeko eta, gizakiak guztien onuraren bidetik aldendu zirenetik, beharrezkoa zelako ordena mundiala bermatuko zuen gobernari bakarra izatea. Bereizten zituen, alde batetik, aita santuaren boterea, hark legea sortzen baitzuen fidelen betiko zoriona lortu nahian, eta bestetik, enperadorearen boterea, haren helburua zelako bere menpekoak apartatzea gizartearentzat kaltegarria zenaren bidetik. Enperadoreak ez zuen goragokorik denboraren planoan eta, beraz, fidel eta infidel guztien jauna zen. Aita santuak, ordea, bere boterea kristauen gainean bakarrik egikaritzen zuen, sarrazenoak ez baitziren Kristoren ardien taldekoak. Horrenbestez, humanitatea eta kristautasuna bi gorputz desberdin ziren, bakoitzak bere buruzagia zutela; enperadorea Jainkoaren bikarioa zen denborari zegokionez, eta aita santuak berak ere ezin zuen inor salbuetsi haren menpekotasunetik. Ultzurrunek aldezten zuen bataiatu gabeak ezin zirela egon aita santuaren legearen menpe eta, beraz, jendeen Zuzenbidea beharrezkoa zen haientzat. Inperioak jende guztien gainetik egon behar zuen, era horretan munduko bakea bermatuz. Ildo horretatik, aurre egin zien Johan Oldendorp jurista protestantearen teoria iusnaturalistei, haren arabera Zuzenbide naturala gizakiarengandik baitator, arrazoian oinarritzen zelarik. Ultzurrunek, berriz, ius naturalea Jainkoarengandik sorten zela zioen, eta horregatik zela aldaezina.
Liburuaren hirugarren zatian, bizidun eta bizigabeko gauzen legea, ohituren legea eta lege aldarrikatuari eta aldarrikatzekoa denari dagokion guztiaren justifikazioa landu zituen. Jainkozko legeari buruz zioen ez zegoela zer eztabaidaturik, aldaezina zelako. Gizakiaren legeari buruz, berriz, lege pribatua —norbanakoen bihotzean idatzitakoa—, eta publikoa, gainerako gizakien gidari izateko autoritatea duen gizakiari zegokiona, bereizten zituen. Lege publikoan ere bi maila izanen lirateke: gorena, aita santuarengan eta enperadorearengan hezurmamitua, eta azpikoa, errege-erreginei zegokiena. Ultzurrunek aurrez irizten zion aita santua eta enperadorea zuzenak zirela, lehenbizikoa jainkoaren laguntza berezia zuelako, eta bigarrena guztiaren jabe zelako eta, beraz, alderdikeriak ez zuen zentzurik harengan. Gainera, enperadorearen eginkizuna zen justizia ezartzeko juristen izendapena, hura urratzen zelarik. Jardunbide horien adibide paradigmatikoa litzateke Karlos V.a bera eta haren leinu guztia, eta horregatik uste zuen Ultzurrunek enperadoreak dohain bereziak zituela bere kargua betetzeko.
Laugarren eta azken zatia epaileengan zentratzen zen: horiek aukeratzeko prozedura, haien ezaupidea, karguaren eskumena eta betekizunak, hala nola haien jarduketen ondorioz gerta litezkeen nahigabeak ere. Epaileak, eskarmentua eta autoritatea zuen pertsona izanik, legeen zientzia ezagutu behar zuen eta kontzientzia zintzoa eduki behar zuen. Ultzurrunek aitortzen zuen zailtasun handiak zituela printzeak epaile zuzenak hautatzeko, transzendentzia handiko gauza zena, izan ere, hautapen egokiaren araberakoa izanen zen menpekoen zoriona, eta epaile injustuak hautatzeak, berriz, zorigaitz asko zekartzan herriarentzat. Epaileak printzearekiko eta legeekiko fideltasuna zin egin behar zuen, eta enperadoreak epaileen saldukeria errefusatu behar zuen. Ultzurrunek etorkizuneko epaileari gomendatzen zion hasiera batean abokatu-lanean aritzeko, eta ondoren epaitegi txiki batean hasteko justiziaren administrazioan.
Ana Azanzak aztertu ditu Ultzurrunek autoritateko argudio gisa aipatu zituen filosofo, kanonista eta juristak. Filosofo klasikoen artean, Iruñean jaiotako juristak Platon eta Aristoteles aipatzen zituen, eta legegizon erromatarren artean, berriz, Gayo, Ulpiano eta Paulo. Aipamen ugaritan agertzen ziren Boloniako eskolako juristak eta kanonistak, besteak beste Graciano, Abbas Antiquus, Juan de Andrés, Bártolo de Sassoferrato, Joannes Calderinus, Baldo de Ubaldo, Francisco de Zabarella eta Panormitano. Maiz aipatzen zituen beste autore batzuk ziren, esaterako, San Agustin, San Tomas Akinokoa, Ockham, San Antonio Florentziakoa, Mariano eta Bartolome Socino, eta arestian aipatutako Oldendorp.
Obrak
Repetitionem valde subtilem et utilem ad famosum textum S. Julianus L. si finit a D. De Damno infecto,Burgos: Typis Alphonsi de Melgar, 1521.
Catholicum Opus imperiale regiminis mundi, Sevilla, 1525. Eskuizkribuak Liburutegi Nazionalean, R. 22450 eta R. 1688. Itz. gaztelaniara: Azanza Elío, A. (arg. eta itz.), Sobre el Régimen del mundo, de Miguel de Ulzurrun (1525). Estudio introductorio, transcripción y traducción, Torredonjimeno, Jaén: Editorial Jabalcuz, 2003.
Bibliografia
Azanza Elío, A., Diccionario de Pensadores. I. Pensadores navarros. Siglos xii–xx, Iruñea: Eunate Edizioak, 1997.
— Sobre el Régimen del mundo, de Miguel de Ulzurrun (1525). Estudio introductorio, transcripción y traducción, Torredonjimeno, Jaén: Editorial Jabalcuz, 2003.
Pereña, L., «Miguel de Ulçurrun. El emperador órgano y garantía del Derecho de gentes positivo», in Revista Española de Derecho Internacional, 6 (1953), 313.-323. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Ulzurrun, Miguel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 490-492.





