Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

PEREZ DE LAZARRAGA, Juan(Larrea, Barrundia, Araba, c. 1548 – Larrea, Barrundia, Araba, 1605). Arabako Larrea Dorreko jauna; «Poeta» deitua.

Karguak eta lanbideak

Handikia, historialaria eta idazlea

Ibilbidea

Haren osaba-birraitona Juan Lopez de Lazarraga izan zen, goitizenez «Kontularia», Isabel eta Fernando errege-erreginen kontularia izan zelako, eta gainera erreginaren testamentuaren betearazlea eta Oñatiko Bidaurretako moja klaratarren komentuaren sortzailea izan zena.

Gurasoak Pedro Perez de Lazarraga eta haren bigarren emazte Elena Lopez de Uralde (H) Ordoñana (edo Erdoñana) zituen; 1575ean ezkondu zen, Arriolan, Katalina Gonzalez de Langarika Bikuñarekin, eta bi seme-alaba izan zituzten, Agustin eta Maria; semeak hartu zuen Larreako dorrearen oinordetza.

Haren mailakoen artean ohikoa zenez, bizitza politiko aktiboa izan zuen, Barrundiako Ermandadean jardunez, ohiko alkate gisa (1578 eta 1586), Larreako diputatu (1579) eta prokuradore sindiko (1581-1584). Era berean, familia horien usadioari jarraiki, bere ondasun lotetsia zabaldu zuen kapilautza iraunkor bat sortuz 1591n, horretarako kapera bat eraikita, Larreako Donemiliagako elizaren epistolaren aldean. 1605eko apirilaren 11n testamentua eman zuen Larreako dorrean, eta biharamunean hil zen. Ohi zen moduan, ongi zehaztuta utzi zituen ongintzako aginduak, eskaintzak, laguntzak, hiletak eta ondarearen, libre nahiz lotetsiaren, esleipena.

Haren lan historiografikoa nobleziako leinu batzuetako kideek aldian-aldian erredaktatzen zituzten kronika genealogiko-apologetikoen eredu petoa da. Argi dago lan mota horien helburua familiaren laudorioa egitea izaten zela, horretarako nabarmenduz kide ospetsuen lorpenak, arrakastak eta balentriak, eta gauzarik itsusienak ezkutatuz. Armarri eta armen aipamenak ere ez ziren falta izaten. Hala ere, berri genealogiko hutsen artean (ezkontzak, jaiotzak, heriotzak, herentziak…), gizarte eta kultura arloetako berriak ere ugari izaten ziren, eta oso interesgarriak ziren, garai haietako testuingurua ulertzeko.

Juan Perezen lanaren aurrekaria izan zen haren osaba Juan Lopez de Lazarragak idatzitako kronika, eta ondorengoak ere bai, haren jarraipena egin baitzuten haren suhi Juan Ruiz de Velasco kapitainak eta ondoren honen seme Lope de Velascok. Dirudienez, 1589 eta 1601 bitartean osatu zuen bere lana.

Lazarragaren kronikan, legendatik hurbil dauden osagaiak agertzen dira, esaterako, altxor zoragarrien aurkikuntzak; baina batez ere, gertakari historiko beteak agertzen dira, bai ahozko transmisio familiarretik, bai dokumentaziotik ere jakin direnak. Izan ere, behin baino gehiagotan aipatu zituen Lazarragak bere testua osatzeko erabili zituen dokumentuak: «haren testamentuan esandakoagatik, dirudienez…», edo «Enperadorearen errege-zedulan ageri denez…»; eta aipatu zuen, halaber, eskritura familiarrak jasotzeko egin zuen lana, ondoren bere lanerako erabiliko zuena: «Mi padre no estaba en la cuenta del codicilo de la dicha doña Teresa Gómez mi bisabuela, porque después le hube yo a las manos, por mi buena inteligencia». Eta orobat, eskuizkribuaren epigrafe baten amaieran zioenez: «Los papeles antiguos y modernos de testamentos y demás por donde los saqué, están en mi poder». Juan Perez de Lazarragak bere artxiboa harro aipatzen zuen, oso gogoan zuelako horixe zela bere kontakizun historiografikoaren egiatasunaren eta fidagarritasunaren oinarria.

Pertsonaia bitxiak ageri dira familian, baina bakar bat ere ez da gure poetaren izenkidearen tamainakoa. Larrintzarreko jauna izan zen, eta erotu ondoren, era guztietako itxuragabekeriak egin zituen. Hori baino lehen jauna zen, dirudienez, eta justizia ebazten zuen etxe ondoko intxaurrondoaren azpian. Beste alde batetik, bere familiako batzuei jarritako goitizenak aipatu zituen Lazarragak: «alkaidea», «kontularia», «milanesa», «zaharra»,… batzuetan gaztelaniazko esanahia argitzen zuen, euskarazko izenak zirenean; esate baterako, aipatzen zuenean «Juan Martinez de Dallo, mercader, llamado por sobrenombre Arrancho, a causa de que solían decir que había hallado un cencerro grande lleno de monedas de oro», edo «fue uno llamado Jaun de Enea, que quiere decir Señor Iñigo». Goitizenetako batzuek umorea ere erakusten zuten, esaterako: «Ladrón de Valda, que por ser hombre de poco aprovechamiento le solían llamar Ladrón de Valde». Euskal adierak ere ez ziren falta: «todos los del linaje y apellido descendientes de la rodilla de los dichos Pedro Perez de Lazarraga y doña Teresa Gómez de Berganzo».

Bernardo Ibañez de Etxabarrik, Vida de San Prudencio (1754) liburuan zioenez: «D. Juan de Lazarraga fue hombre erudito, y extremadamente curioso en las noticias que juntó para escribir las antigüedades de Álava», eta hori jaso zuen Joaquín José de Landazurik, Arabako historiari buruzko balizko beste lan horri buruz espekulatuz. Izan ere, haren arrastorik ez dago eta, lehen aipatutako kronika familiarra izendatzeko beste modu bat zela pentsa daiteke.

2004ra arte, aipatutako kronika, haren beste lanik ez zen ezagutzen, «poeta» deitzen bazuten ere, izen bereko familiar ugariengandik bereiztearren. Urte hartan jakin zen goitizen horren arrazoia, Madrilgo antikuario batean aurkitu zenean 52 orriko eskuizkribu bat, Lazarragaren eskuizkribua izenez ezaguna, eta hainbat poema, kantu eta artzain giroko eleberri batez osatua. Juan Perezek 1564-1567 urte bitartean idatziko zuen, berak hamasei-hemeretzi urte bitarte zituela. Testua gehienbat euskaraz egina dago, baina poema batzuk gaztelaniaz idatzita daude, ehuneko hamarren bat. Gai aldetik, Bernart Etxepareren lanetik oso hurbil dago, beharbada, haren lana ezagutu zuelako. Nolanahi ere, ezagutzen den euskarazko testurik zaharrenetakoa da, eta argi adierazten ditu Perez de Lazarraga bezalako hemengo handiki baten gustuak eta mentalitatea, oso errenazentistak. Eskuizkribuan adierazi zuenez, Lazarraga Madrilen zegoen 1567an, eta litekeena da liburua han bukatu izana.

Obrak

Relación histórica de las casas y apellidos de Lazarraga, privilegio de la Fundación de la Torre de Larrea dada en el año de 839, linage de Erdoñana, de los Otaloras y Zuazo Gamboa, de los Velascos, de los puestos y dignidades de unos y otros, todo con remisión a documentos y otras cosas perteneciente a ella. Gasteizko Elizbarrutiko Artxibo Historikoa (sig. 5041-01).

Rafael de Floranes, Compendio historial de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa compuesto por el doctor Lope de Isasti año de 1625 lanaren Eranskinaren 39. orrian (Donostia: Ignacio Ramón Barojaren inprimategia, 1850), zioenez «nire liburutegian daukat» bere leinuaren Erlazio genealogiko bat, Juan Perez de Elazarragak idatzia, «1588 eta 1589 urte bitartean idatzi zuena, haren suhi Juan Ruiz de Velazco kapitainaren eta seme Lope de Velazco jaunaren eranskinez osatua, inprimatu gabea». Floranesek berak transkribatu zituen material horietako batzuk La supresión del obispado de Alaba y sus derivaciones en la historia del País lanean, Madrid: Mateu, 1920, II, 248.-253. or. Kopia hori izango zen Liburutegi Nazionalera joan zena. Madrilgo Liburutegi Nazionaleko Kopia (Esk. zk 11.263). Eskuizkribuaren transkripzio partziala, Liburutegi Nazionaleko kopian oinarritua: Comas Ros, M., Juan López de Lazarraga Secretario de los Reyes Católicos y el monasterio de Bidaurreta en la Villa de Oñate, Barcelona: Descartes, 1936, 87.-150. or.

Lazarragaren eskuizkribua, Erreprodukzio faksimilea in Gipuzkoako Foru Aldundia [web-gunea] http://lazarraga.gipuzkoakultura.net/ (2018ko ekainaren 4an egindako kontsulta). Íñigo Landaren transkripzioa: Armiarma [web-gunea] https://klasikoak.armiarma.eus/lazarraga/ (2018ko ekainaren 4an egindako kontsulta).

Bibliografia

Aguinagalde, B. de, «Lazarragaren eskuizkribuaren estraineko datatze-azterketa», in Erabili.eus. Azpeitiko Euskara Patronatua [web-gunea] http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1077208517 (2004) (2018ko ekainaren 4an egindako kontsulta).

Di Cesare, G., «El último legado de Juan Pérez de Lazarraga: su testamento», in Sancho el Sabio, 31 (2009), 299.-326. or.

— Historia y genealogía de los Lazarraga, Bilbo: egilearen arg., 2012.

Gartzia, P., Lazarraga. Ernazimentua euskaraz, Iruñea: Pamiela, 2005.

Knörr, H., «Joan Perez de Lazarraga, familiaren kronista», in Euskera 50 (2005), 161.-168. or.

Aipamen bibliografikoa

Madariaga Orbea, J., “Perez de Lazarraga, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 416-418.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP