Karguak eta lanbideak
Humanista, Kosmografia irakaslea eta legelaria
Ibilbidea
Andres Pozaren biografiak planteatzen duen lehenengo galdera haren sorlekuaren ingurukoa da. Bizkaitarra zen, Urduñakoa ustez, hala adierazi baitzuen Hydrografia lanaren aurkezpenean: «Compuesto por el Licenciado Andres de Poça natural de la ciudad de Orduña, abogado en el muy noble y muy leal Señorio de Vizcaya». Baieztapen horrek bultzatu zituen zenbait egile, adibidez Rodríguez Herrero eta Elías Tejada, Poza Urduñan jaio zela uste izatera. Baina orduko zenbait daturen arabera Anberesen jaio zen, eta hipotesi horren alde egin zuten hainbat egilek, esaterako Pagolak, Celayak eta Juaristik. Carmen Muñozek egiaztatu zuen, ziurtasun osoz, Pozaren sorlekua Anberes zela, eta ordura arte ezezaguna zen dokumentu bat aurkeztu zuen. Salamancako Unibertsitatearen Artxiboan aurkitutako agiria «Pedimyento de publicaçion para licenciado del bachiller Andres de Poça» da, eta ondoren azaltzen du Poza dela «natural de Amberes que es en el ducado de Brabante». Nadine Arnouts eta Raymond Fagel historialariek ere berretsi egin dute hipotesi hori. Arnoutsek Lovainako Unibertsitatean, 1557an, Andreas Posius, Antwerpiensis, delako batek egin zuen matrikula-agiria aurkeztu zuen. Poza Anberesen jaio zela erakusten duten datuak asko izanik ere, argi dago, Bizkaian bizitzea erabaki zuen unetik aurrera, bere familiaren erro bizkaitarrak bakarrik aipatzen zituela. Esaterako, García Saavedraren Tratatua errefusatzeko elaboratu zuen txostenean, maiz erabili zituen Pozak «gu bizkaitarrok», «gure foruak», «gure Bizkaia» eta antzeko esapideak.
Gaur egun ditugun datuetan oinarrituta, badakigu han ez zela jaio, baina haurtzaroa eta gaztaroa han igaro zituela, eta bederatzi urtez Lovainako Unibertsitatean aritu zela ikasketak egiten. Gainera, datuen arabera, beste hipotesi bat sortzen da haren bizitzari buruz: judu konbertituen familia batekoa izan zitekeela. Hipotesi horretatik abiatuta egin zuen bere saiakera-lana Jon Juaristik, eta uste berekoa da Carmen Muñoz, aldi berean datu esanguratsuak ematen dituela. Gai horri bermea eman nahian, berriz ere Nadine Arnouts aipatu behar dugu, eta atzera ere Pozaren familiarengana hurbildu. Haren gurasoak Pedro Poza eta Maria Yarza izan ziren. Hiru anai-arreba izan zituen: Casilda, Jeronimo eta Garci Lopez. Pedro Poza 1535ean aurkitzen dugu (Posse, Poose, Poça) lehenengoz dokumentu batean. 1569an, berriz, Anberesen bizi ziren gizon espainiar ezkonduen zerrendan agertzen da, eta hurrengo urteetan, 1574 arte, hainbat epaiketatan esku hartu zuen, Geronimo Lopezen ondorengoen albazea gisa, hiri hartako merkatarien komunitateko pertsona garrantzitsuen ondoan. Datu horiei erreparatuta, Arnouts-ek baieztatzen du Pedro Pozaren bizitza «etengabe judu konbertituen bizimoduari lotua» agertzen zela, harreman joriak zituena, nazionalitate guztietako merkatariekin ez ezik, erakundeekin eta haien ordezkariekin ere. Poza familiaren giroko judu konbertitu haietako askok protestantismoaren aldeko hautua egin zuten, era horretan pairatzen zuten bazterkeriatik libratuko zirelakoan. Ortodoxia katolikoan jarraitu zutenetako batzuek Pozak bezalatsuko ibilbidea egin zuten. Kasurik aipagarriena, beharbada, Martín Antonio del Río da, Pozak bezala, humanitateak ikasi baitzituen Lovainan, eta legeak Salamancan. Justo Lipsioren laguna zen, ondoren jesuita izan zen, eta Flandriako matxinadaren kronika bat idatzi zuen, La crónica sobre Don Juan de Austria y la guerra en los Países Bajos, 1576-1578 (M. A. Echevarría Bacigalupe eta F. Edelmayerren arg., Viena, 2003). Baina Martinen aita ere, Antonio del Río, Cleydael-eko jauna, oso hurbilekoa izan zuen Pozak. 1573an Odolaren Auzitegiaren errege-konfiskazioen diruzaina eta kontulari nagusia izan zen. Matxinoengandik ihes egin behar izan zuen, Espainian erbesteratu zen, eta azkenean, 1586an, Lisboan hil zen, Filipe II.aren kontseilari zela. Haren bizitza eta Pozarena hain antzekoak izanik, eta denboran oso hurbilak, uste izatekoa da elkar ezagutu zutela, eta beharbada lagunak ere izango zirela. Diego Aialaren familia ere Anberesen lekutu zen, eta hark ere, bere seme Migelentzat Gortean postu bat eskatu behar izan zuenean, haren egokitasuna aldezteko esan zuen «katoliko ona zela eta lau hizkuntza erabiltzeko gauza zela». Eskaera 1570ekoa da, eta hori bera edo antzeko bat gogo onez sinatuko zuen Pozak berak ere, izan ere, handik lau urtera, magistratu-postua eskatu zuen Ameriketan, antzeko merituak argudiatuta.
Pozaren gaztaroaren eta hasierako heldutasunaren inguruan eman dugun azalpenak indartu egiten du judu konbertituen giroan sortu zela aldezten duen tesia. Izan ere, aipatu ditugun pertsonetako batzuk, behinik behin, Pozaren ezagunak, auzokideak, eta lagunak ere izaten ahal ziren. Horrek guztiak adierazten du norainoko konpromisoa eta jokaera argia hartu behar izan zituen Pozak bere gain, gerra piztu eta gatazka zibil lazgarria bihurtu zen unean. Pozak katolizismoari eta Monarkiarekiko fideltasunari eutsi zien, eta hala erakutsi zuen gerra gordinenean zela, Luis de Requesens gobernadoreari laguntza eskaini ziolarik.
Pozaren sorlekuak zalantzarik eragin dezake, baina ez hark lortu zuen maila akademikoak. 1550ean, Lovainako Unibertsitateko ikasketak hasi zituen, haren idatzietan zioenez hizkuntzak, humanitateak eta kosmografia ikasiz. Pagola eta Celayaren iritziz, Pozak Salamancara joatera behartuta ikusiko zuen bere burua, Filipe II.ak Espainiatik kanpo ikastea dekretuz debekatu baitzuen, baina beharbada ez zen hala izan, eta Pozak hartutako erabaki librea izan zitekeen. Ez litzateke harritzekoa izango une hartan hari interesatzea Salamancako Unibertsitate ospetsuan egitea Zuzenbideko lizentziatura, izan ere, horrek aukera gehiago emango zizkion, lanbidea Monarkia Katolikoaren inguruko auzitegietara bideratzeko. Nolanahi ere, ezin da inolaz ere pentsatu Poza Europako kulturatik urrun zegoenik, kontrakoa baizik. Lovainan humanitateak eta kosmografia ikasi ondoren, guztiz naturala izango zen, Lege lizentziatura bat lortzea erabakiz gero, Salamancako Unibertsitatea hautatzea, hura ez baitzegoen Europako kultura juridikotik aparte. Han lortu zuen Legeetan lizentziadunaren titulua, 1570ean.
Andres Pozaren bizitzari buruz gehiago jakin zen Pozak berak 1574n egindako memorial zabal bat ezagutu zenean. Agiri hartan, Amerikarako letradu-postua eskatzen zuen, eta nabarmena da nolako indarrez argudiatzen zuen Monarkiaren zerbitzura aritu zela Anberesen, Flandriako matxinadaren testuinguruan.
Flandriako administrazio espainiarrarekin inplikatu zen Poza, Iparraldeko Probintzietako matxinoen kontrako gerrak unerik gorrienak bizi zituenean, Monarkiak prozesuari eman nahi izan zion aldaketarekin batera. Horretarako, Luis Requesens izendatu zen hango gobernadore (1573ko azaroak 29), Albako dukearen ordez, eta aldaketa hori, Van Gelderen ustez, Gorteko sektore ebolistaren iritzia gailendu izanak ekarri zuen, haren konexioa Flandriako auzietarako Eraso euskal jatorriko idazkaria zela, izan ere, ebolisten aurkakoa zen Albako dukea buru zuen taldea, haien artean zela Antonio Perrenot de Granvela, Malinasko artzapezpiku izendatu zutena 1561ean.
Memorialak zehaztasun handiz deskribatzen zuen haren parte-hartzea ekintza zehatz eta espezifikoetan: matxinoen identifikazioa; haiei, haien familiei eta, batez ere, haien ondasunei buruzko informazioa ematea; eta azkenik, ondasun horien ondorengo konfiskazioan esku-hartzea. Bi atentatu jasan zituela ere esan zuen Pozak, baina sinesgarritasun gutxiko xehetasunak eman zituen haien inguruan. Egia izan balitz, hark zioen bezala, haren bi anaia Monarkiaren zerbitzu-ekintzan hil zirela, fideltasun handiko kasu bat zatekeen. Bestalde, fideltasun hori lehen ere erakutsi zuen haren aita Pedro Pozak, 15.000 dukat utzi baitzizkion maileguan Karlos V.aren diruzain Domingo Orbeari. Requesensen gobernuarekiko lankidetza aktiboa amaitu ondoren, Anberesen bizi izan zen Poza, 1576 eta 1579 bitartean, baina ezkutatuta, matxinoen salaketan eta haien ondasunen konfiskazioan eman zuen laguntzagatik eraso egingo ote zioten beldur zelako. Itxura denez, Pozak, berrogeita hamar urte beteta, bere bizitzari egonkortasuna eman nahi izan zion, administrazioan postu bat lortuta, baina ez Flandrian, ez eta Gaztela edo Bizkaian ere, Amerikan baizik. Baina 1574tik 1579ra arteko urte latz haien amaieran ere, haren esperantza zapuztu zen, ez baitzuen lortu eskaerari baiezkoa ematea.
Amerikara joateko eskaerak jaso zuen ezezkoak, nonbait, beste bide bat hartzera behartu eta Bizkaira jo zuen, familiaren sorterrira, eta une horretatik aurrera, han sortu zela aldarrikatu zuen. Bilbon hartu zuen bizilekua, egonkortasuna abokatu-lanean bilatzeko asmoz, haren hitzen arabera («cuando no pensé venir a necesidad de ser abogado en Vizcaya»). Baina ez dirudi erraza izan zitzaionik, Kosmografiako irakasle aritu baitzen hiriburuan. Handik urte batzuetara, 1583an, Donostiako Udalak kontratatu zuen ikasgai hura bera, alegia, kosmografia irakas zezan, eta horretan ari zela, zientzia nautikoaren inguruko liburu bat idatzi zuen, Hydrografia izenburupean. Jarduera horrek ez zuen Zuzenbidearen mundutik urrundu, eta beharbada, bi lanbideak batera eraman zituen. Hain zuzen ere, Bizkaiko Aldundiak hari agindu zion bizkaitarren kaparetasun unibertsala aldezteko irizpen bat prestatzeko, auzitan jarri baitzuen Valladolideko Kantzelaritzako fiskal Juan García de Saavedrak, 1588an, nobleziaren inguruan argitaratu zuen Tratatuan. Irizpen horretara itzuliko gara, Pozaren lana aztertzen dugunean.
Berrogeita hamar urte bete ondoren, Antonia Olaeta andrearekin ezkondu zen. Bera baino askoz ere gazteagoa zen neska, eta harro agertzen zen Poza, urte lazgarriak igaro ondoren, bizitza alaitu zion emazte gaztearekin. Bi seme izan zituzten, Juan Bautista (1588) eta Pedro (1589). Biak ere apaiz katolikoak izan ziren, haien aitarentzat zama handia izan ziren odol-garbitasunaren inguruko zalantza guztiak ordurako uxatuta. Izan ere, semeetako batek, Juan Bautistak, ongi hiltzeko laguntza-eskuliburu bat idatzi zuen, ospetsua eta oso erabilia izatera iritsi zena.
Bilbon eta Donostian hainbat urte igaro ondoren, Madrilera joan ziren Poza eta haren familia, arrazoia ezagutzen ez badugu ere. Han Filipe II.ak sortutako Kosmografia eskolan aritu zen irakasle. Itxura guztien arabera, horretan zentratu zen handik aurrera, eta Bizkaitik eta Zuzenbidearen eginkizunetik betirako urrundu zen, 1595eko urriaren 18an Madrilen hil zen arte.
Andres Pozak bi lan argitaratu zituen bizi zelarik. Hydrografia du izenburu lehenengoak, eta argi geratzen da prestakuntza handia zuela, bizimodua ateratzeko balio izan baitzion itsas gaien irakaskuntzak. Bigarrena da, zalantzarik gabe, ezagunena eta aipatuena: De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas. Jon Juaristik aztertu zuen, eta arreta eman zien Koldo Mitxelenari eta haren ikasle Joakin Gorrotxategiri. Hizkuntzei, oro har, eta batez ere, euskarari eskainitako eduki orokorraz gain, atal trinko batean heltzen die Bizkaiko historiari, haren nortasun juridikoari eta erakundeei. Ekarpen handia egin zuen euskara auziaren muinean jarriz, eta hala nabarmendu zuen Koldo Mitxelenak, Poza garai historiko batean argudio linguistiko hutsak erabiliz jardun zuen hizkuntzalari bakarra izan zela esan zuelarik.
Pozaren obra hobeto ezagutzeko berrikuntzarik handiena Aldundiaren aginduz elaboratu zuen irizpena argitaratu izanak ekarri zuen, argitaragabe egon baitzen urte luzez, 1997an, María Ángeles Muñozek eta Carmen Muñoz de Bustillok argitaratu zuten arte, bigarrenaren azterlan bikaina sarrera gisa erantsita.
Pozaren obraren gaineko balorazioa egiteko, hiru izenburu horiek hartu behar dira kontuan. Baina Bizkaiko zuzenbideari eta erakundeei, eta batez ere guztiaren muinean den bizkaitarren kaparetasun unibertsalari, egin zien ekarpenari buruz ari bagara, Duránek eta Muñoz de Bustillok argitaratutako irizpena lan bikaina da. Gaia behar den moduan ulertzeko, gogora ekarri behar da Gaztelara bizitzera joan ziren bizkaitarrek nahi zutena haien kaparetasuna baliatzea zela, inongo froga berezirik erakutsi beharrik gabe. Haien bizkaitar nortasunak nahikoa izan behar zuen, «oinetxe ezagun» batean sortuak izanik. Beraz, Bizkaian bizitzeko odol-garbitasunaren froga eskatzen zen une berean, Gaztelara joaten ziren bizkaitarrek beren burua kaparetzat hartzea nahi zuten, inongo frogarik erakutsi beharrik gabe. Asmo hori xvi. mendearen laurogeiko hamarkadan auzitan jarri zuen Valladolideko Kantzelaritzako fiskal Juan García de Saavedrak. Bizkaiko kontsultoreek alarma-hotsa zabaldu zuten eta García de Saavedrari erantzuna emango zion irizpen baten hautapena abiarazi zuten. Osoena eta egokiena Andres Poza lizentziadunak, artean zenbait urtez Bilbon bizi zenak, elaboratu zuena iruditu zitzaien.
Pozaren irizpen Ad Pragmaticas oso eraginkorra izan zen, haren bidez lortu baitzen Filipe II.a erregeak probisio bat ematea, García de Saavedraren tratatuaren testutik bizkaitarren nobletasuna zalantzan jartzen zuten eta hari egin nahi zitzaizkion murrizketen aipamen guztiak ezabatzeko aginduz. Pozak bizkaitarren kaparetasun unibertsalari buruz eman zuen irizpeneko gauzarik aipagarriena da erabat bereizten zituela noblezia eta zerga-salbuespena. Erabat berezi ez ezik, guztiz bateragarritzat jotzen ditu, kaparetasuna Pozaren ustez eite ertaineko noblezia delako, alegia, haren iritziz, kaparetasuna aplikatzen ahal zaie modu solidarioan ordaindu beharreko gastuen banaketa egiteko zerga-sistema orokor bat onartzen duten talde bateko kideei. Hala ere, lizentziadunak erantsi zuenez, talde horrek, alegia, oinetxe ezagun batean sortutako bizkaitar horien nortasunak erregearen aitormena du, Bizkaiko Foruaren I, 13 atalaren arabera, jatorriz hala berretsi baitzuen enperadoreak, 1527an, eta haren seme Filipe II.ak zin egin baitzuen. Erregearen esku uzten zen, hain zuzen ere, fiskalak piztutako auzia. Nabarmendu behar da, bestalde, Pozak bere irizpena emateko urratsez urrats jarraitu zituela, hala aitortu baitzuen egileak berak, André Tiraqueau legegizon frantziarrak ezarritako irizpideak, nobleziari buruz hark egin zuen tratatuak ospe handia baitzuen Europa osoan.
García de Saavedraren tesien porrota eta hura bermatzen zuen probisioa lortu ondoren, Bizkaiko kontsultoreek beste urrats bat ematea erabaki zuten: tesi horiek maila altuko eta ospe handiko doktrina juridiko gaztelauan txertatu behar ziren, eta horretarako bi jurista gaztelau ezagun eta ospetsu kontratatu zituzten. Juan Gutiérrez eta Alfonso Acevedo ziren kontratatuak, eta egun horietan ari ziren, hain zuzen ere, Gaztelako Zuzenbideari buruz 1567an egindako Konpilazioaren testuaren gainean eman behar zituzten iruzkinak osatzen. Ekimen haren helburua Pozak defendatu zituen tesiak iruzkin horietan txertatuak geratzea zen.
Testu horiek zehatz-mehatz kontrastatzeko aukera izan dugu eta, gaur argi baiezta dezakegu Juan Gutiérrezek hitzez hitz kopiatu zuela Pozaren irizpenaren zati handi bat, hura aipatu ez bazuen ere. Ekimenaren helburua, ordea, guztiz lortu zen, izan ere, handik aurrera, Gutiérrez (Practicarum Quaestionum Civilium, III. lib, 17. kap., 1. arg., 1593) eta Acevedo (Commentariorum Iuris Civilis,1596) aipatzeko aukera zabaldu zelako, batez ere Gutiérrez, gaiaren harira egoki etortzen zenean. Bizkaian aipamen eta arrazoibide haiek maiz eta ohituraz erabiltzen hasi ziren, baina betiere, logikoa denez, bi legelari gaztelarren egiletza nabarmenduz, batez ere Gutiérrezena. Ondorioz, Poza guztiz ezkutatuta eta ia ahaztuta geratu zen. Hori bai, doktrina berezi baina, aldi berean, Europan bermerik handiena zuenaren parekotzat jotzen zena finkatu zenez, bidezkoa da aitortzea Pozaren ekarpena bikaina izan zela. Gainera, arreta bereziz aztertu zuen nobletasuna. Haren ustez, nobletasunak ez zituen arbuiatzen eskulana eta lanbide «eskasak», nobleen gauza ez zirelakoan. Nobletasun horrek bihurtzen zuen Bizkaia «Espainiaren ezkutua eta harresia, armen biltegia: burdina, altzairua eta adar, lantza, pika nahiz geziak, Espainian diren armarik onenen biltegia».
Pozak hainbat orritan aztertu zuen Bizkaiak, erkidego politikoa zen aldetik, printzearekin zuen harremana. Ez zuen haren nagusitasuna ukatzen, baina hura kapitulazioen bidez lotuta zegoela zioen, horiek izango baitziren zin eginez zigilatuko zen elkarrenganako konpromisoaren bermea. Horretarako baliatu zuen Bizkaiko historiaz zuen ezagutza, Espainian ezagutzen eta onartzen zen moduan, barne zirela tesi tubalistak eta lehenengo kapitulazioak 870. urtean kokatzen zituztenak. Tesi hori onartu eta maiz errepikatzen hasi zen, izan ere, Gutiérrezek, hitzez hitz jaso ez ezik, are eta indar handiagoa eman baitzion, Practicarum Quaestionum Civilium, III, 17, lanean. Berehala, galdera bat sortzen da: nondik hartu zituen egile hark halako ideia argiak? Eta erantzuna, gure ustez, Pozaren lanean dago. Izan ere, haren azalpen guztia, batez ere zatirik politikoena, hobeto ulertzen da ikusten badugu Anberesko herritar batek egindako lan gisa. Haren begietara, Bizkaiko Konderria parez pare dago Milan, Napoli edo «Burgundia», alegia, Borgoinako Dukerriarekin. Dukerri hartan, hain zuzen ere Brabanten jaio, hazi eta ikasi zuen Pozak. Ildo horretatik, kaparetasun unibertsalaren oinarri politikoa argudio ezin argiagoez azaltzen zuen. Bizkaitarrak, belgikarrak, portugaldarrak, aragoitarrak (ziurrenik Aragoiko Erresumako herritarrak, oro har) eta borgoinarrak, guztiak berdinak dira haren esanetan, Kordobako pragmatika, kaparetasun unibertsala arautzen zuena, eta García de Saavedrarekiko eztabaidaren muinean zegoena, ezin aplikatu zitzaielako bizkaitarrei, («bere onean dagoen inork ez luke egingo») ezta «Belgas, Lusitanos, Aragonios, Burgundiam et caetera Castellani imperii ditiones, idque nemo sanus dixerit» zirenei ere. Logikoa da Pozak naturaltasunez ikustea egitura konposatu bat, non flandriarrek, milandarrek, napolitarrek, gaztelarrek… nork bere kokapena duen. Eta logikoa da halaber, harrigarria badirudi ere, Pozak zerabiltzan argudioetako batzuk matxino holandarrenen parekoak izatea. Laburbilduz, Pozak naturaltasun eta zentzu politiko osoz adierazi zuen kaparetasun unibertsala hobeto ulertzen eta azaltzen dela herrialde «atxiki» batean, batasun berdin eta printzipal batean, batasun hori eratzeko moduak printzearekin itun bidezko harremana ezartzeko gaitasuna ematen duenean.
Arrazoibide, tesi, argudio juridiko nahiz doktrinal horiek, ongi elaboratuak eta irizpen batean bilduak, Pozak bere izenez sinatuta zabaldu izan balira, beharbada inork ez zituen aintzat hartu izango. Baina, ia hitzez hitz, Juan Gutiérrezen iruzkinetan txertatu zirenez, Gaztelarren doktrinaren berezko parte bat balira bezala irakurri ziren. Gaur badakigu oso erabiliak izan zirela Bizkaian, argi ikusten baita erabilera hori xviii. mendean eta hurrengoetan Jaurerriaren doktrina juridiko-politikoa jasotzen zuen eta foraltasun bizkaitarraren adierazpenik gorena izan zen lanean, alegia, Escudo de la más constante fe y lealtad lanean.
Zalantzarik gabe, historiografiak zor handia zeukan Pozarekin, ez baitziren behar bezala aintzakotzat hartu haren bizitza, ez eta Monarkiarekiko fideltasunagatik egin behar izan zituen sakrifizioak ere, eta Bizkaiko Aldundiak haren lanari atera zion etekina ere ez zen balioetsi. Izan ere, dirudienez, ondoren, ez zuten kontratatu, ez aholkulari gisa, ez legegizon gisa… Baina azken urteetan, zor hori kitatzeko urrats handiak eman dira, oraindik ere puska bat falta den arren.
Obrak
Hydrografia, la mas curiosa que hasta aquí ha salido a luz, en que demas de un derrotero general, se enseña la navegación por altura y derrota, y la del Este Oeste: con la Graduacion de los puertos y la navegacion al Catayo por cinco vias diferentes, Bilbo: Mathias Mares, 1585.
De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas, en que de paso se tocan algunas cosas de la Cantabria. Compuesto por el Licenciado Andres de Poça, natural de la ciudad de Orduña, y avogado en el muy noble y leal Señorio de Vizcaya. Dirigido a Don Diego de Avendaño y Gamboa, señor de las casas de Urquiçu y Olasso, y de la villa de Villa Real y sus valles, y Ballestero mayor del Rey nuestro señor, Bilbo: Mathias Mares, 1587. A. Rodríguez Herrero-ren Arg. faksimilea, Madrid: Minotauro, 1959.
Ad Pragmaticas de Toro et Tordesillas. Muñoz de Bustillo, C. (arg.), Durán Ramas, M.ª A. (itzul.), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 1997.
Bibliografia
Arrieta Alberdi, J., «El licenciado Andrés de Poza y su contribución a la ubicación de Vizcaya en la Monarquía hispánica», in La Diadema del Rey. Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos xvi–xviii), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2017, 169.-229. or.
Bausela, N., eta Erroteta, I., El licenciado Poza en Flandes, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1996, 1574ko memorialaren (44.-51. or.) argitalpen iruzkinduarekin eta Poza espedientearen gainerako agiriekin osatua. Liburuak baditu, gainera, hainbat artikulu: Aernouts, N., «Presencia vasca en Brabante en el siglo xvi: ¿Licenciado Poza Antwerpiensis?»(67.-86. or.), eta Fagel, R., «Los hombres de la lana y del hierro: mercaderes vascos en los Países Bajos. Siglo xvi»(55.-66. or.).
Celaya, A., Los Fueros de Bizkaia. I. Cómo nacieron. II. El licenciado Poza y la defensa de la hidalguía, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2009.
Juaristi, J., Vestigios de Babel. Para una arqueología de los nacionalismos españoles, Madrid: Siglo XXI, 1992.
Muñoz de Bustillo, C., «Estudio Introductorio», in Fueros vascos: fundamentos de derecho (1593), Madrid: Centro de Estudios Constitucionales, 2006.
Soria Sesé, L., «La hidalguía universal», in Iura Vasconiae, 3 (2006), 283.-316. or
Aipamen bibliografikoa
Arrieta Alberdi, J., “Poza y Yarza, Andres”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 371-378., pp. 371-378.





