Ibilbidea
Erdi Arotik atera eta Aro Modernoan sartu bitarteko aldiaren ezaugarri nagusia, Bizkaian, bandoen arteko gatazken ondoriozko ezegonkortasuna izan zen, izan ere, leinuen arteko istilu hutsak baino askoz ere gehiago izan baitziren. Inguruko lurraldeetan bezala, ganboatar eta oinaztarren arteko borrokek eragin handia izan zuten Jaurerriko gizartearen eraketan. 1483ko Chinchillaren Kapitulatuaren helburua Bilboko bandoei amaiera ematea izan zen, eta haren eragina Bizkaiko beste hirietara ere hedatu zen. Hala ere, ordenantza horiek ez zuten izan nahi adinako eraginik, eta gorabeherak baretzen ez zirenez, 1487an hiribilduen eta hiriburuaren arteko Batzarra egin zen Bilbon, beste ordenantza eraginkorrago batzuk egiteko. Bertan proposatu zen udal-gobernua berrantolatzea eta hiribilduen kontzejuen gaineko errege-kontrola indartzea; gainera, hiribilduak eta hiriburua ez ziren aurrerantzean joango Lur Lauko prokuradoreak batzen ziren Batzar Nagusietara. Era horretan, hango leinu-bandoen eta hiriburukoen arteko aliantzak eten nahi izan zituzten, eta zatiketa horrek 1630era arte iraun zuen, orduan sinatu baitzen bi eskualdeen arteko Konkordia.
Hauteskundeak urtero egin baziren ere, ez ziren desagertu bandoak, argi antzematen denez, leinuen deituren iraupenari erreparatuta. Beraz, oligarkia moderno berriak eratu zirenean ere, garai bateko familien bandoen itzala haiekin zeukaten. Bandoen iraupen horren arrazoia hauteskunde-sisteman datza. Izan ere, elegir por cántaro sistemaren bidez, buruzagien klaseak zuen hautetsi izateko irizpideak gero eta murriztaileagoak izatea lortu zuen. Errealitate hori 1543an amaitu zen, historiografiak “bandoen instituzionalizazioa” deitu duena iritsi zenean, Karlos V.a enperadoreak errejidoretza iraunkorrak ezarri zituenean, bakoitzari 700 marabediren balioa emanez. Erosketak bi bandoak errespetatuz egin ziren —sei errejidoretza oinaztarrentzat izan ziren eta beste seiak ganboatarrentzat—, eta, ondorioz, bi bandoak sisteman xurgatuta desagertu ziren.
Jaurerriak legegintza-kidego sendoa eratu zuen, lehenbizi Foru Zaharra (1452) aldarrikatuz eta, handik ia mende batera, haren ordez 1526ko Foru Berria onartuz. 1452ko abuztuaren 26an, Gernikako Arbolaren ondoan egindako Batzarrean onartu zen Foru Zaharra. Bizkaiko zenbait usadio zahar jaso eta, funtsean, haien gainean eratu zen, eta modernizazio nabarmena ekarri zion handik aurrera Erdi Arotik ateratzen zen Jaurerriari. Arestian esan dugunez, 1526an modu sakonean eguneratu zen lege-testu hori, Foru Berria izena eman zitzaion eta, besteak beste, ongi osatutako berme judizialen sistema bihurtu zen. Azpimarratu behar da, bestalde, legezko testuaren 16. Legearen 1. Tituluan kaparetasun unibertsala aitortu zela, alegia, bizkaitar guztiak kapare zirela, haien estatus ekonomikoa edozein zela ere, eta ondoren Karlos V.ak aitortu zuela araua (1527).
Bizkaiak xv. mendetik xvi.era ezagutu zituen aldaketa sakon horietan guztietan, eginkizun nabarmena izan zuten Batzar Nagusiek. Jaurerria egituratzen zuen instituzio horrek, Behe Erdi Arotik existitzen zena, ez zen arautu, ez Foru Zaharrean, ez Berrian ere. Iturri horiek ez dute azaltzen Batzarrak elkartzeko modua, ez deialdia egiteko modua, ez Batzarren garapena, ez eta zein herritar nahiz herri joaten ziren ere. Batzarren osaerak zintzo islatzen zuen Jaurerriaren luze-zabalean zegoen aniztasun instituzionala: Lur Lauak ordezkaritzaren oso portzentaje handia zuen, eta eskualde bakarra zen Jaurerriko gobernuaren karguen hautaketaren ardura zuena. Izan ere, foruen oinarria Lur Lauaren usadio eta ohiturak dira, eta, horren ondorioz, eskualde horrek protagonismo nabarmena izan zuen Bizkaiko erakunde eta legegintzaren errealitatean.
Erdi Arotik Aro Modernora bitartean, Jaurerriko eremu politiko, juridiko eta sozialean egindako aldaketei arlo ekonomikoan bizi izandako aldaketa handiak erantsi behar dizkiegu. Joana I.ak 1511n sortutako Bilboko Kontsuletxea egiazko mugarria izan zen, Bilborentzat ez ezik, Jaurerri osoarentzat ere. Zenbait bizkaitarrek, gainera, eginkizun nabarmenak izan zituzten Errege-erregina Katolikoen, Joana I.aren eta Karlos I.aren agintaldietan, bai gortean, bai Amerikako joan-etorrien inguruko gaietan, gipuzkoar batzuek lortu zuten ospea izatera iritsi ez baziren ere.
Errege-erregina Katolikoen agintaldiak garrantzi handia izan zuen Bizkaiko erakundeen eta gizartearen beraren garapenean. Jaurerriko buruzagiek bandoen kontra antolatu zuten borrokan lortutako sendotasunari erantsi zitzaion, Koroak sustatuta, legeen eta erakundeen antolamenduari eman zitzaion sendotasuna. Bizkaiko lurraldera Foruen zina egitera etorritako azken monarkak izan ziren —Fernando II.a 1476an eta Elisabet I.a 1483an—, eta Aro Modernoko itun-politika garatzeko oinarriak jarri zituzten, era horretan Monarkiaren eta Jaurerriaren arteko harreman-politika ezarri baitzuten, haien ondorengoentzat —era berezian Joana I.a eta Karlos V.arentzat— eta, neurri handi batean, ondorengo errege-erregina guztientzat ere bai. Valladolideko Kantzelaritzaren baitan Bizkaiko Aretoa izan zela ere Errege-erregina Katolikoen erregealditik aurrera egiaztatu ahal izan da. Izan ere, han, Jaurerriko biztanleen auziak bakarrik epaitzen ziren, eta hori erabat ezohikoa zen.
Bizkaiko itun-politikak kritika ugari sorrarazi zituen Gaztelako Koroaren menpeko beste lurralde batzuetan eta, horren ondorioz, Jaurerrian bertan ere, bertako usadio zaharren aldeko diskurtso historiko eta juridikoa sortu zen, lan honetan jasotzen diren egileen eskutik, batez ere. Legelari, eskribau, historialari eta elizgizonek ere beren doktrina sortu zuten, ebidentzia historiko-juridikoetatik abiatu eta usadio zaharrak erantsiz, askotan, guztiari fabula eta mitoez ehundutako geruza edergarri bat emanez, besteak beste, euskal-iberismoa, kantabrismoa eta tubalismoa baliatuta. Gogo biziz defendatu zen bizkaitarrak, senide gipuzkoar, arabar eta nafarrak bezala, Tubalen, alegia, Noeren bilobaren, ondorengo zuzenak zirela, eta kristautasuna Iberiar penintsulan sartu zuena euskaldunen arbasoa zela. Beste zeinu bereizgarri bat euskara zen, hizkuntza latinoen inongo antzik ez zuen hizkuntza.
Nazarien dinastiako Granadako erresuma konkistatu eta juduak 1492an kanporatu ondorengo testuinguru hartan, indar handia hartu zuten bizkaitarren odol-garbitasuna eta nagusitasuna aldarrikatzen zituzten argudioek, Jaurerriko legelari, eskribau nahiz prokuradoreen defentsaren ondorioz. Bizkaitarren berezko ezaugarri horietatik eratortzen ziren, zalantzarik gabe, Koroarekiko itun baten ondorioz lortutako foruak eta pribilegioak, eta hala defendatzen zen sutsuki Bizkaitik, eta modu berean kritikatzen zen Gaztelako Koroaren beste sektore batzuetatik, tartean zirela pertsona ospetsuak, esaterako Juan García de Saavedra fiskala. Doktrina foralak bere argudioak sendotu zituen, kritikei aurre egiteko, batez ere xviii. mendean Borboiko etxekoen zentralismoa iritsi zenetik aurrera. Konbentzio Gerrak Antzinako Erregimenean eragin zuen krisiak gainbehera ekarri zuen. Foruzaletasuna sortzen ari zen unean, areagotu egin zen argudio juridiko, linguistiko eta erlijiosoez ehundutako diskurtso horren defentsa, baina ez ezerk, ez inork, ezin izan zuen gerarazi guztia zentralizatzeko eta uniformatzeko gogoa, azkenean, xix. mendeko foruzaletasunaren krisia ekarriko zuena.
Bibliografia
Aguinagalde, F. B. de; Arrieta Alberdi, J., eta Imízcoz Beunza, J. M.ª, El País Vasco, tierra de hidalgos y nobles: momentos singulares de la historia, Madrid: Fundación Banco Santander, 2016.
Celaya Ibarra, A., «Introducción», in Fuero Nuevo de Vizcaya, Durango: Leopoldo Zugada, 1976.
Díaz de Durana, J. R. (koord.), La lucha de bandos en el País Vasco: de los Parientes Mayores a la Hidalguía Universal: Guipúzcoa, de los bandos a la provincia (siglos xiv a xvi), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1998.
Laborda, J. J., El Señorío de Vizcaya. Nobles y fueros (ca. 1452-1727), Madrid: Marcial Pons Historia, 2012.
Monreal Zia, G., Las instituciones públicas del Señorío de Vizcaya (Hasta el siglo xviii), Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak, 1974.
— The Old Law of Bizkaia (1452), Reno: University of Nevada, 2005.
Otazu y Llana, A., eta Díaz de Durana, J. R., El espíritu emprendedor de los vascos, Madrid: Sílex, 2008.
Aipamen bibliografikoa
Intxaustegi Jauregi, N.J., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 369-371.





