Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

PICAUD, Aymeric (Aimerico Picaud) (Parthenay-le-Vieux, Poitou, XII. mendea).

Karguak eta lanbideak

Klerikoa. Liber peregrinationis liburuaren egilea

Ibilbidea

Jaiotzez Parthenay-le-Vieux-ekoa zen (gaur egungo Deux-Sèvres departamentua). Ez dago haren bizitzari buruzko datu askorik, baina idatzi zuenari erreparatuz gero, pentsa daiteke elizgizon ikasia zela eta santutegi bisitatuenetarako bideak ondo ezagutzen zituela, Jerusalemetik Compostelara, baita Italia eta Frantziakoak ere.

Liber peregrinationis edo Erromesaldiaren gida izeneko eskuizkribuaren egilea izan zen Picaud; lan hori Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinusen bosgarren liburua da, eta xii. mendean idatzi zuen. Bideari buruzko lehen gida da eta, lan horretan, agerian geratzen da egileak ondo ezagutzen zituela deskribatu zituen ibilbideak, hau da, Frantziako erdialdetik Pirinioetara eta handik, bide bakar batean batuz, Garestik aurrerakoa. Erromesaldiaren gidak aurkibide bat eta hamaika kapitulu ditu, eta bideko herriak eta hiriak, ibaiak eta haien kalitatea deskribatzen ditu egileak, baita jendea eta haiei buruzko iritzia eman ere. Nafarrak eta Nafarroako ibaiak deskribatzen dituenean, agerian jartzen da lurralde horiekiko duen erresumin handia. Beharbada, Aymericek, egile fina izanik, puztu egin zituen Nafarroan ikusi zituen kontrasteen aldeak.

Zazpigarren kapituluan (De nominibus terrarum et qualitatibus gentium que in ytinere Sancti Jacobi habentur), erromesak Donejakue bidean aurkitzen dituen giza taldeak deskribatzen ditu, baita euskal lurraldeetakoak ere. Hauxe dio testuak: «Gero, Garaziko mendateetatik gertu, euskal lurraldeak datoz, iparraldean Baionako hiria dagoela kostaldean. Mintzaira basatiko lurra da, oihantsua eta menditsua, ogi, ardo nahiz bestelako janaririk gabekoa, sagarrak, sagardoa eta esnea ez bada. Eskualde horretan, Garaziko mendatetik gertu, Ostabat izeneko herrian, Donibane Garazin eta Eiheralarren, biziki gaitzetsi behar diren bidesari-biltzaile gaiztoak daude. Erromesen bidera ateratzen dira bi edo hiru makilaz, eta zerga bidegabeak kentzen dizkiete indarrez erromesei». Agintariei zerga-biltzaile horien aurka zorroztasuna eskatu ondoren, honela jarraitzen du: «Oraindik euskal lurraldeetan, Donejakue bidea oso mendi garaitik igarotzen da, Garaziko mendatetik. Hantxe dago Espainiako atea eta handik garraiatzen dira salgaiak herrialde batetik bestera. Zortzi miliakoa da goranzko bidea eta beste horrenbestekoa beheranzkoa. Eta hain garaia da non zerua jotzen duela baitirudi, eta igotzen denari eskuarekin zerua uki lezakeela iruditzen baitzaio. Gailurretik, Britainiar itsasoa eta Mendebaldekoa ikus daitezke, bai eta Gaztela, Aragoi eta Frantziaren mugak ere. Tontorrean, Karlomagnoren Gurutzea izeneko leku bat dago».

Frankoen enperadorearen ibilbidea gogoratzen du eta Orreagaraino iristen da: «Haran horren ondotik, nafarren lurraldea dator, ogi, ardo, esne eta ganadutan aberatsa. Nafarrek eta euskaldunek antzeko itxura eta ezaugarriak dituzte, janari, jantzi eta hizkuntzari dagokionez, baina euskaldunek nafarrek baino begitarte zuriagoa dute. Nafarrak belaunetarainoko arropa beltz laburrekin janzten dira, eskoziarren antzera, eta abarka esaten dieten oinetakoak erabiltzen dituzte, ondu gabeko larru iletsuz eginak, oinetara lokarriz lotuak, oinazpiak babesten dituztenak eta gainerakoa agerian uzten dutena. Artilezko soingainezko beltzak daramatzate, ukondoetarainokoak eta orladunak, kapa mahukadunak bezalakoak, eta zaia esaten diete. Beraz, itsusi janzten dira, eta itsusi jan eta edaten dute. Nafarren etxeetan, familiako kide guztiek elkarrekin jaten dute, hala morroiak nola nagusiak, hala neskameak nola etxeko andreak, eta jateko guztia lapiko bakarrean nahasi eta eskuekin jaten dute, koilararik gabe, eta edan pitxer beretik edaten dute denek. Jaten ikusiko bazenitu, txakurrak edo txerriak direla pentsatuko zenuke. Hizketan entzungo bazenitu, zaunka ari diren txakurrak etorriko zaizkizu gogora. Hizkuntza erabat basatia dute. Jainkoari Urcia esaten diote; Jainkoaren Amari, Andrea Maria; ogiari, orgui; ardoari, ardum; haragiari, aragui; arrainari, araign; etxeari, echea; etxeko jaunari, iaona, eta andrea etxeko andreari; elizari, elicera; apaizari, belaterra, hau da, lur ederra; gariari, gari; urari, uric; erregeari, erreguia eta Done Jakueri, Jaona done Jacue. Herri barbaroa da, beste herri guztiak ez bezalakoa ohituretan eta izaeran, gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz doilorra; maltzurrak, gaiztoak, zitalak, desleialak, lizunak, mozkortiak, bortizkeria orotan iaioak dira; herri oldarkorra eta basatia da; ankerrak, dongeak, fedegabeak, zakarrak, ankerrak, liskarzaleak, batere bertuterik gabeak, bidegabekeria guztietan trebeak, gaiztakeriaz getarren eta mairuen parekoak, gure herri galiarraren etsai amorratuak dira. Nafar batek edo euskaldun batek txanpon kaskar batengatik hiltzen du frantses bat. Haien eskualde batzuetan, Araban eta Bizkaian, esaterako, nafar gizonezkoek eta andrazkoek elkarri erakusten dizkiote lotsariak, berotzen diren bitartean. Gainera, larrua jotzen dute ganaduarekin. Diotenez, nafarrak babesgarri bat jartzen dio mando emeari edo behorrari atzealdean, berak baino ez izateko hartarako bidea. Musu likitsak ematen dizkio andrearen edo mando emearen aluari. Horregatik, hezibide oneko guztiek gaitzetsi behar dituzte nafarrak.

Gudu-zelaian, ordea, ausartak dira, gotorlekuei erasotzean kementsuak, hamarrenak ordaintzen arduratsuak eta aldareetako eskaintzak egiten zintzoak. Nafarra elizara doan bakoitzean, ogia, ardoa, garia edo beste zerbait eskaintzen dio Jainkoari. Nafar edo euskaldun batek, noranahi doala, adar bat darama lepotik zintzilik, ehiztarien antzera, eta bi edo hiru jaurtigai eraman ohi ditu eskuan, auconas esaten dietenak».

Lurralde horretako biztanleentzat eskoziar jatorri baten bila aritu ondoren, Gidak dio «nafarra hitzaren itzulpena non verus dela», ez benetakoa, hau da, garbia eta legitimoa ez den arraza edo leinu batetik sortua —eskoziarrek gizonezko guztiak hil eta haien emazteak harrapatu zituztelako—, eta «nafarrek Naddaver izeneko hiri batetik hartu zutela beren izena». Etimologia horiek, aita Fitaren arabera, «argudio motelak» eta egilearen gorroto galiarraren emaitza baino ez dira. Zaila da bidaiariaren adjektiboak objektiboak direla onartzea, agian erresuminez beterik idazten baitzuen. Dena dela, Gidaren egileari euskara interesatu zitzaion eta, gaizki-esan ez-zientifikoekin batera, euskarazko aurreneko hitz-zerrendetako bat utzi zigun; hitz horietan, mailegu latindarrak eta ezaugarri fonetikoak antzematen dira.

Pasarte horiek, Gidako gogorrenak eta gordinenak, irakurri ondoren, hartuko zuen Anbrosio Moralesek —Filipe II.ak León, Galizia eta Asturiasera bidali zuen (1572)— Codex Calixtinus suntsi zezaten aholkatzeko erabakia. Izan ere,  «egilea nornahi izan zela ere, han idatzi zituen gauzak hain lizunak eta itsusiak dira, hobe baitzuen ezer ez idaztea». Compostelako kabildoak estimu handitan zuen Codexa eta ez zion kasurik egin erregearen mandatariari.

Gidaren egileak nafarrak iraintzeaz gain, haien ibaiak ere laidoztatu zituen, Arga izan ezik, ez baitu aipatzen, ezta Ega ere, «ur ederra, osasungarria eta bikaina duena». Egileak hau azpimarratzen du: «Lizarratik Logroñora bitarteko ibai guztiak osasungaitzak dira pertsonentzat nahiz animalientzat, eta hango arrainak kaltegarriak dira». Eta Riosaladoren kasuan, Lorkatik igarotzen denean, hau eransten du: «Santiago de Compostelarako bidean, ibaiertzean eserita, bi nafar ikusi genituen aiztoak zorrozten, ur haietan edan ondoren hiltzen ziren erromesen zaldiak larrutzeko zain. Ur hura edateko ona zen galdetu genien, eta baietz esan ziguten, baina gezurra zen. Edaten eman genien gure zaldiei; bi berehala hil ziren, eta nafarrek hantxe bertan larrutu zituzten». Iritzi txarrez betetako hainbeste lerroren artean, egileak honela kalifikatu zuen Lizarra: «ogi eta ardo onez aberatsa, haragi, arrain eta era guztietako gutizia bikainak dituena».

Askotan, aurrekoari erreparatuta, kronikaren egileak nafarrei zien ezinikusia aipatu izan da. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da kleriko hura Frantziatik zetorrela eta Errolan heroiaren omenezko bertsoek zer kontatzen zuten: Errolanek Orreagan izan zuen agonia lazgarria, aurpegia Espainiako lurralde zabaletara begira zuela. Hitz haiek sakon sartu ziren Nafarroara iristen ziren erromes, kleriko eta bidaiarien buru eta bihotzetan. Horrez gain, kontuan hartu behar da Karlomagnoren inguruan sortzen ari zen lirika berria: bertsoek erromesa zela zioten, Done Jakueren lehen debotoa eta, aldi berean, Espainiako Errekonkistako burua.

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa, Aymericek, egile fina izanik, Nafarroan ikusi zituen kontrasteen aldeak puztea. Logikoa da bere herrikideen hospitalitatea nabarmentzea, hala nola Lizarrako «frankoena», eta hizkuntza arrotz eta «barbaro» batez mintzatzen ziren nekazari apalen jokabidea, berriz, gaitzestea. Beharbada, hiriko eta herrixkako gizakiaren jokabideak alderatzen dituen irudi estereotipatua islatu zituen, karikatura bihurtzeraino. Laburbilduz, hauteman daiteke Liber Peregrinationis lanak oso informazio aberatsa duela hainbat azterketa-eremuri dagokienez, bai zuzenean Donejakue bidearen historiari buruzkoa, bai Compostelara zihoazen erromesek igarotzen zituzten Penintsulako iparraldeko gizarteei buruzkoa. Testua oso ezaguna da eta sakon aztertu da, baina, hala ere, gogoratu behar da aukera asko ematen dituela, batez ere aipatzen dituen gaiei buruz dagoen bibliografia ugariari erreparatuta.

Lehenago komentatu den bezala, Iter pro peregrinis ad Compostellam edo Gidak Codex Calixtinusen V. Liburua eratzen du, eta egilea Kalisto II.a aita santua (1113-1143) izan zela uste da. Santiago de Compostelako katedraleko artxiboan dago gordeta, eta xii. mendeko eskuizkribu bat da. 225 folio ditu, bost ataletan banatuta: sermoiz, testu liturgikoz eta Compostelako formula liturgikoz osatutako bloke bat; Done Jakuek zenbait eskualdetan egindako eta egiaztatutako 22 mirariz osatutako bilduma bat; Apostoluaren gorpua Galiziara nola eraman zuten kontatzen duen zatia; Pseudo Turpin delakoa; eta Liber Peregrinationis izenekoa. Pseudo Turpin atala eskuizkribu nagusitik bereizi zuten xvii. mendearen hasieran. Guztietan ageri dira Nafarroari buruzko aipamenak, eta ez soilik azkenean (Erromesen gida).

2011ko uztailaren 5ean, Santiagoko katedraleko artxibozainek Codex Calixtinusaren lapurreta salatu zuten. Lan horren literatura-testuak eta musika-orrialdeak zenbait egilek idatzi zituzten; kodexaren hasieran dagoen Kalisto II.aren gutuna, ordea, faltsua da, baita Inozentzio II.arena ere (1130-1143), Kalisto II.aren gutuna bermatzen duena. Ziur asko, berrogei urte baino gehiago beharko zuten kodexa idazteko, agian 1120ko hamarkadaren bigarren zatitik 1170eko hasierara bitartean.

I. Liburua, Codexaren erdia baino gehiago hartzen duena, Liturgien liburua (Anthologia liturgica) da. Done Jakueren omenezko jaietarako 17 sermoi ditu, eta bigarren kapitulua osatzen duen sermoian, Done Jakueren egunean jai ez egitearen arriskua nabarmentzeko aipatzen diren mirarien artean, haietako bat  Tudelionumen gertatu zen, gaur egungo Tudején eremuan, Fiteron, eta argi aipatzen ditu leku horretako bainuak. Kontakizunaren arabera, nekazari bat larrainean garia xehatzen aritu zen Done Jakueren egun osoan. Arratsaldean, gazteluaren ondoko bainu batean sartu zen, mairuek egindako antzinako eraikuntza zoragarri batean. Eta han eseri zenean, bizkarreko larruazala, sorbaldetatik hanketara, bainuaren hormetara itsatsita geratu zitzaion, eta denen aurrean azken arnasa eman zuen, hain jaiegun handia ez errespetatzearren.

II. Liburuan edo Mirarien liburuan (De miraculi sancti Jacobi) Apostoluak egin bide zituen 22 mirari kontatzen dira, Europako hainbat eskualdetan eginak. VI. kapituluan hau aipatzen da: «Poitouko bati laguntzeko, Apostoluak aingeru bat eman zion asto baten itxuraz». Mirari hori, hain zuzen, Nafarroan gertatu zen; izan ere, Poitouko erromesari eta haren familiari Iruñean tratu txarra eman eta lapurreta egin zieten, eta Apostoluak lagundu zien, Compostelaraino erromes joan zitezen. Mirari hori, hain zuzen, Iruñeko Done Jakueren elizako  erretaula nagusiko lehen gorputzean dago irudikatuta, bi erliebetan. Lehenengoan, Apostoluak, erromesen arropaz jantzita, aitari eta haren bi semeei laguntzen die, eta asto bat ematen die, aurreko gauean hirian lapurtu dieten behorraren ordez erabil dezaten, erromesaldian aurrera egin ahal izateko. Bigarrenean, Compostelan jada, erromesa belauniko ageri da Apostoluz jantzitako Done Jakueren aurrean, eta bi haurrak astoaren gainean doaz.

IV. Liburuan (L‘Historia Karoli Magni et Rotholandi) Turpin artzapezpikuaren kronika ageri da, Pseudo Turpin ere deritzona. Liburuan, Karlomagno Penintsulan nola sartu zen, Orreagan nola garaitu zuten eta Erroldan nola hil zen kontatzen da. I. kapituluan kontatzen du Done Jakue Karlomagnori ametsetan agertu zitzaiola, bere hilobia musulmanen mendetik askatzera bultzatu zuela eta zer bideri jarraitu behar zion adierazi ziola: izar-bide bat. II. kapituluan, Iruñeko harresien suntsiketaren berri ematen du, eta III.ean Karlomagnok konkistatutako hiriak aipatzen ditu; XVI. kapituluak Monjardínen izandako Furroren gudua kontatzen du, eta XXI.ak Orreagako gudua eta Errolanen eta beste borrokalari batzuen heriotza. Azkenik, V. Liburua dago (Iter pro peregrinis ad Compostellam),Compostelarako erromesaren gida ere deritzona, non, lehenago ere aipatu dugun bezala, askotan aipatzen dituen Nafarroa, hango ibaiak eta biztanleak.

Obrak

Codex Calixtinus, ca. 1160-1180, xii. mendekoeskuizkribu irudiz hornitua, Liber Sancti Iacobi (ca. 1140) lanaren testu zaharrena duena. Santiago de Compostelako katedralean zaindua. Aragoiko Koroaren artxiboan, Bartzelonan, 86 folioko kopia osagabe bat dago (Fondo de Ripoll, 99. zk.), Ripolleko monje Arnaldo del Montek egina 1173. urtean. Gaztelaniazko itzulpenak: Moralejo, A.; Torres, C., eta Feo, J., Liber Sancti Iacobi. Codex Calixtinus (W. M. Whitehillen-en latinezko testuaren edizioan oinarrituta), Santiago de Compostela: CSIC, 1951. Bravo Lozano, M. (arg. eta itz.), Guía del peregrino medieval, «Codex Calixtinus», Sahagún: Centro de Estudios del Camino de Santiago, 1989. Ed. faksimile: Codex Calixtinus. Archivo de la Catedral de Santiago de Compostiela, Madrid: Kaydeda, 1993

Bibliografia

Anguita Jaén, J. M.ª, «Navarra y el “Liber Sancti Iacobi” (in memoriam Millán Bravo)», in Príncipe de Viana, 60 libk., 216. zk. (1999), 209.-234. or.

Ayerza Elizarain, R., «Siglo xii: vascos y navarros en el Codex Calixtinus», in Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletina, 73 (2017), 5.-15. or.

Bravo Lozano, M. (arg. eta itz.), Guía del peregrino medieval, «Codex Calixtinus», Sahagún: Centro de Estudios del Camino de Santiago, 1989.

Díaz y Díaz, M. C., El Códice Calixtino de la Catedral de Santiago. Estudio Codicológico y de contenido, Santiago de Compostela: Centro de Estudios Jacobeos, 1988.

Jusué Simonena, C., Santiago en Navarra: imagen, memoria y patrimonio, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.

Moralejo, A.; Torres, C., eta Feo, J., Liber Sancti Jacobi «Codex Calixtinus», Santiago de Compostela: CSIC, 1951. Berrarg. Santiago de Compostela: Consejería de Cultura de la Xunta de Galicia, 2004.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Picaud, Aymerico”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020,  pp. 341-346..

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP