Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

GODESKALKO (Goteskalko)(X. mendea). Aniseko Andre Mariaren santutegiko gotzaina, Le Puy-en-Velayn, Akitanian, Frantzian, 927-962 urte bitartean

Ibilbidea

Karlomagnoren kondairaren arabera, enperadore handiak askatu zuen Bidea, Done Jakue apostoluari debozio handia zion erromes bat baitzen. Baina legenda hori alde batera utzita, lurralde hauetan ditugun berrien arabera, Santiago de Compostelara erromes joandako lehen pertsona Godeskalko, Le Puyko gotzaina (927-962), izan zen. Compostelara 950. urtean joan zen erromes, segizio handi batekin, eta Errioxako Albeldako San Martin monasterioan gelditu zen. Monasterio hori Antso I.a Gartzezek fundatu zuen 924. urte inguruan; garai hartan Iruñeko lurraldeetan zegoen, komunitate handia zuen eta kultura monastiko mozarabiarraren gune garrantzitsuenetakoa zen, kalitate handiko produkzioei esker.

Beharbada, horregatik gelditu zen monasterioan Le Puyko gotzaina. Monasterioko abadea Dulkito zela, Le Puyko gotzainak Ildefontso Toledokoaren (607-667) lanaren (De virginitate Sanctae) kopia bat enkargatu zuen, eta 951. urtean bukatu zuten, gotzaina Galiziatik zetorrenean. Kopiaren egileak, Gomesano edo Gómez eskribauak, bi orri erantsi zituen hitzaurre gisa, non bere lanaren xehetasunak eta Santiago de Compostelara joateko gotzainaren arrazoiak aipatzen dituen: «Ni, Gómez, duina ez izan arren, presbiteroen ordenan jardunez, Iruñeko mugetan legezko bizimodua eginez, Albeldalko monasterioan, Martin gotzain santu eta dohatsuaren erlikiak gordetzen diren esparru sakratuan».

Ondoren, kopiaren gorabeherei eta arrazoiei buruzko informazioa ematen du: «Dulkito abade beneragarriaren agintepean, Kristoren mirabeen armaden artean, ia berrehun monjez osatuak […] Godeskalko gotzainak bultzaturik, zeina, otoitz egitearren, Akitaniako eskualdetik irtetean debozio handiz eta segizio handi batez lagunduta, astirik galdu gabe zihoan Galiziako mugaldera, Jainkoaren errukia eta Done Jakue apostoluaren bitartekotza apalki erregutzera». Gómez eskribauak, ondoren, hitzaurrearen amaieran, Godeskalkoren itzulerako bidaia aipatzen du, lana noiz bukatu zuen adieraziz: «Liburu hau Godeskalko gotzain guztiz santuak Espainiatik Akitaniara eraman zuen negualdean, urtarrileko egun batean, 989 aro loriatsuan» (951. urtea).

Dena dela, gotzain akitaniarraren erromesaldiak motibazio guztiz pertsonala zuela pentsa daiteke. Izan ere, uztailaren 25ean jaiotakoa zen, Apostoluaren jaiaren egunean, eta egun horretan izendatu zuten gotzain. Horrez gain,  kopiatzaileak honela deskribatzen du gotzainaren bidaia: «debozio handiz eta segizio handi baten laguntzaz, astirik galdu gabe zihoan Galiziako mugaldera, Jainkoaren errukia eta Done Jakue apostoluaren bitartekotza apalki erregutzera».

Gotzainak egin zuen ibilbidearen berririk ia ez dugun arren, badakigu Albeldako San Martin monasterioan eta Santiago de Compostelan egon zela. Vázquez de Parga, Lacarra eta Uríaren arabera, Le Puy-en-Velay-ko Aniseko Andre Mariaren santutegitik abiatzen zen, Frantziako santutegi entzutetsuak lotuz, Apostoluaren hilobira zihoan ibilbideetako bat; hori aipatzen du Aymeric Picauden ibilbidea kontatzen duen xii. mendeko Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinusen V. Liburuko Erromesen gida izenekoak. Vázquez, Lacarra eta Uríak, halaber, aipatzen dute gotzaindegi bereko beste gotzain bat, Petri II.a «le Mercoeur», agian Compotelarako bidean edo handik zetorrenean, San Isidororen gorpuzkiak lekualdatzearen eta kokatzearen ondoren Leónen egin ziren jai solemneetan izan zela; enbaxada batek ekarri berri zituen gorpuzki horiek Sevillatik, 1063. urtean.

Puyko elizako dekano Truannus-ek Aiguilheko haitzean kapera bat eraikitzeko eskatu zion Godeskalko gotzainari, eta hark baimena eman zuen Aiguilheko San Migel santutegia eraikitzeko Le Puy-en-Velayn, mozarabiar estilokoa, 961. urtea baino lehen. Kapera 961eko uztailaren 18an sagaratu zuten.

Obrak

Códice de Godescalco. Gómez o Gomesano (escriba), 950-951. Pergaminoa, 92 folio. Albeldako San Martin monasterioan du jatorria, Bibliothèque Nationale de France, Paris (sig. Eskbu. Lat. 2855. B sektorea).

Bibliografia

Muñoz Párraga, M. C., «Códice de Godescalco. 218. fitxa», in Bango Torviso, I. (zuz.), Sancho el Mayor y sus herederos. El linaje que europeizó los reinos hispanos. Volumen II, Iruñea: Nafarroako Ondare Historikoa Zaintzeko Fundazioa, 2006, 746.-748. or.

Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 90. or., 41.-42. or. eta 48. or.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Goteskalko”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 340-341.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP