Ibilbidea
Kontakizun eder baten arabera, ix. mendeko data zehaztugabe batean, 829. urtearen inguruan segur aski, Alfontso II.a Asturiaskoaren erreinaldian, Pelaio izeneko ermitau batek argi berezi batzuk ikusi zituen bizi zen lekutik hurbil, izar-euri baten modukoak. Iria Flaviako apezpiku Teodomirok haren berri izan zuenean, leku hartara joan zen hainbat fededunekin batera. Haitzulo batean, marmolezko kutxa bat aurkitu zuten. Haren barruan zeuden gorpuzkiak Jakue Nagusiarenak zirela identifikatu zuten.
Gertakari hartan, elkarri lotuta ageri dira datu errealak —hilobia aurkitzea— eta herri-tradizioetako beste batzuk, baina azken batez, Compostelaren jatorria azaltzen dute. Hain zuzen ere, aurkikuntza gertatu zenean, Iria Flaviako apezpikuari ez zitzaion burutik ere pasatuko aurkikuntza hark mendeak igarota izango zituen ondorioak. Izan ere, kristandadeko erromesaldi-leku garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.
Done Jakuerenganako gurtzak Bidea sortu zuen. Erromesen, merkatarien eta abenturazaleen etengabeko joan-etorriek, urte santuetan bereziki, Bidearen historia eratu dute. Haizearen Bidea, izarren Bidea. Nafarroa, Donejakue bidea, Santiago de Compostela edo, bestela esanda, duela mila urte baino gehiagotik estu lotutako Eskualde bat, Bide bat eta Apostolu bat. Hispaniako mutur batean, Leóngo errege batek, Alfontso. IIak, 829. urtean apostolu baten hilobiaren aurkikuntza aldarrikatu zuen: Jakue Nagusia, Joanen anaia, trumoiaren semea, Espainian predikatu zuena eta bere jaioterrian martiri hil zena; gorpua babesteko ontziratu, eta Galiziako urrutiko lurraldean hilobiratu zutena. Garai hartan ezagutzen zen azken lurraldean apostolu baten hilobia zegoen; gertaera haren berri kristau guztiek jakin behar zuten. Egia esanda, gorpuzki haien agerpenaren atzean monarkia bateratzeko interes politiko handiak zeuden, musulmanen erasoek eta barne-borrokek mehatxatzen baitzuten monarkia.
Laguntza eskatu ahal izateko apostolu bat, europar guztiak batzen zuen eta haien bizitzako jarduera guztiak blaitzen zituen fede baten sinbolo fisiko bat, une hartan, fedea kanpoko etsaiek, musulmanek nahiz normandiarrek, mehatxatzen baitzuten. Egia izanda, Europako bideen egoera eta eguneroko bizitzako gorabeherak ez ziren baldintza egokienak Mendebaldeko kristauek Done Jakueren hilobirako bidea har zezaten. Baina izen eta leku haren berriak kontinentea zeharkatu zuen, eta ausartenek abenturari ekin zioten, harik eta, x. mendetik aurrera, eta hurrengo mendeetan batez ere, Donejakue bidea kristauen erromesbide nagusi bilakatu zen arte, bai eta hiri-, ekonomia- eta kultura-garapenaren ardatz ere. Inoiz ez bezalako egonkortasun politiko eta soziala behar izan ziren, eta, Espainiari zegokionez, erresuma kristauek musulmanak behin betiko garaitzea, baina, azkenean, erromesaldia posible izan zen, hainbat hilabete iraun zezakeen misio batean osasuna eta indarrak baino zerbait gehiago arriskatzeko beldurrik izan gabe.
Eta Santiago de Compostelarako bide erosoena, kontinenteko edozein lekutatik abiatuta, eta, batez ere, Frantziako iparraldeko eta mendebaldeko lurraldeetatik irtenda, Orreagatik eta Nafarroatik igarotzen zen. Igarobide horretan, inskripzio bizidun batean bezala, gudu baten burrunba eta hildako askoren atsekabea zetozen gogora urrats bakoitzean. Hura ez zen halabeharrez gertatu, Pirinioetako Ibañetako lepoa historiaurretik erabiltzen baitzen, jendea eta ganadua handik igarotzeko; Karlomagnok aukeratutako bidea izan zen eta, zentzu onez, kontinenteko erromes gehienek aukeratu zutena. Zalantzarik gabe, Errolanen kondairak pentsamendu guztietan jarraitzen zuen, zuhaitz eta inguru haietako bihurgune bakoitzaren atzean.
«Lau dira Santiago de Compostelara doazen ibilbideak eta, Garesen, Espainiako lurraldeetan, bat egiten dute». Geografia-laburpen bitxi eta argi horrekin hasten da Liber peregrinationis edo Erromesaldiaren gida delakoa, hau da, Liber Sancti Jacobi izeneko lanaren bosgarren liburua, Codex Calixtinus izenez ezagunagoa. Eta hain testu laburrean jada antzematen da Nafarroak duen garrantzia, Santiago de Compostelarako bide europarren bidegurutzea zen aldetik. Baina, zergatik bide horiek?, ibilbide berriak ala antzinako bideen ondorengoak ziren? Ziur aski, sekula ez da behar beste aztertuko bideek eta komunikabideek pertsonengan eta haien bilakaera historikoan izan duten garrantzia. Haiei esker, herriak kanpoko ekarpenetara ireki dira, edo beste kultura batzuetako jendearekin hartu-emanak izatera. Gizarte erromatarra eta Erdi Arokoa bideen garrantziaz eta eskaintzen zituzten aukerez ohartu ziren; erromatarrek beren barneratzea finkatzeko, eta Erdi Aroko gizarteak, askotan, erlijio-nahi bati eusteko, erromesaldiek funtsezko lekua hartu baitzuten Erdi Aroko gizartean.
Halako ibilbide luze batek, logikoa denez, kronista ugari izan ditu mendeetan zehar. Beren esperientziak kontatzen zituzten pertsona horiek, eta, aldi berean, ibilbideko lekuei buruzko bitxitasunak idazten.
Santiago de Compostelarantz doan erromesa erromes-eredua dela esan daiteke. Dantek Vita nuova lanean hau aipatzen du: «Erromesa zentzu zabalean eta zentzu hertsian uler daiteke: zentzu zabalean, bere sorlekutik kanpo dagoena da erromesa; zentzu hertsian, Done Jakueren etxera doana edo handik datorrena soilik da erromesa. Eta jakin behar da, gainera, hiru modutan esaten zaiela Jainkoaren zerbitzura doazenei: palmeroak, itsasoz bestaldera baldin badoaz, handik palmak ekartzen baitituzte askotan; erromesak, Galiziara baldin badoaz, Done Jakue bere sorterritik beste edozein apostolu baino urrutiago hilobiratu baitzuten; erromeroak, Erromara baldin badoaz». Antzeko bereizketa ageri da Alfontso Jakitunak idatzitako Las Partidas lanean, eta erromesei buruz hau ere gaineratzen du: «por servir a Dios e honrar los santos e por sabor de fazer esto, extráñanse de sus lugares, e de sus mugeres, e de sus casas, e de todo lo que han, e van por tierras ajenas, lacerando los cuerpos e despendiendo los averes, buscando los santos».
Hala eta guztiz ere, hainbat arrazoik bultzatzen zituen jendea erromes joatera: izan eragile garbiena, hau da, debozioa; izan Compostelako santutegira kulpen barkamenaren bila edo boto bat betetzera zihoazenak; izan herri oso baten izenean erromes zihoazenak; izan jakin-mina asetzeko bideari ekiten zioten bidaiari soilak. Eta horien guztien artean —ezagutzen den lehen erromesaldia, Godeskalko gotzainaren erromesaldia 950ean, ahaztu gabe—, era honetako lehen kontakizuna nabarmentzen da: Codex Calixtinusen Gida ospetsua. Lan horren egilea Kalisto II.a aita santua izan zela uste da, eta Aymeric Picaud elizgizon frantziarrak bildu zuen. Azken horrek, xii. mendean, eskuizkribu bat idatzi zuen: Liber peregrinationis edo Erromesaldiaren gida, Bideari buruzko lehen gida. Lan horretan, agerian geratzen da egileak ondo ezagutzen dituela deskribatzen dituen ibilbideak, hau da, Frantziako erdialdetik Pirinioetara eta handik, bide bakar batean batuz, Garestik aurrerakoa.
Une horretatik aurrera, Compostelara egindako zenbait ibilbide interesgarriren berri dugu, hala nola bidaiari ingeles baten kontakizun anonimoa, xiv. mendekoa edo xv.aren hasierakoa seguru asko, Samuel Purchas-ek argitaratua izenburu honekin: Hakluytus Posthumus or Purchas his Pilgrimes, contayning a History of the World in Sea Voyages and Lande Travells, by Englishmen and others. Edo Nompar II.ak, Caumonteko jaunak, 1417an egindako bidaia oso modu laburrean kontatzen duena, erromesaldi baten kontakizun bat baino gehiago ibilbide baten deskribapena ematen duena, izenburu honekin argitaratua: Voaitge de Nopar, signeur de Caumont a Saint Jacques en Compostelle et a Notre Dame de Finibus Térrae. 1446. urtean, Sebastian Ilsung Ausburgokoak, hiri horretako patrizio, diplomazialari eta bidaiariak, Espainiara eta Santiago de Compostelara bidaiatu zuen, eta, itzultzean, bidaiari buruzko kontakizuna idatzi zuen, bisitatu zituen errege-gorteetako batzuen berri emanez. Halaber, Valenciennesko merkatari batek, Jehan de Tournayk, bere oroitzapenak idatzi zituen «egunkari» batean, 1488.-1489. urteetan Jerusalemera, Erromara eta Compostelara egin zituen erromesaldiei buruzkoak. Beste bidaiari alemaniar batek, Hieronymus Münzer-ek, 1494tik 1495era bitartean, bidaia luze bat egin zuen, eta latinez idatzitako liburu batean eman zuen bere bizipenen berri: Itinerarium siue peregrinatio excellentissimi viri artium ac vtriusque medicine doctoris Hieronimi Monetarii de Feltkirchen ciuis Nurembergensis.
Erromes alemaniarrak gogoan, Hermann Künig Von Vach monje serbitak, 1486tik 1492ra bitartean Compostelara bidaiatu ostean, xv. mendearen amaieran gida bat idatzi zuen bertsotan, eta lan horren hasieran eta bukaeran bere buruari buruzko erreferentzia bakarrak idatzi zituen: «Nik, Hermann Künig von Vachek, Jainkoaren laguntzaz, liburu txiki bat idatzi nahi dut, Donejakue bidea izenburua izango duena». Beste bidaiari alemaniar batek, Arnold Von Harff-ek, Rhin Behereko familia noble bateko kideak, erromesaldi luze bati ekin zion hogeita bost urte zituela, eta bere egunkarian deskribatu zuen: Koloniako Arnold von Harf jaunaren erromesaldia, Italian, Sirian, Egipton, Arabian, Etiopian, Nubian, Palestinan, Turkian, Frantzian eta Espainian zehar, 1496tik 1499ra bitartean egina, eta marrazkien bidez deskribatua eta azaldua.
Kontakizun guztietatik erraz ondoriozta daiteke Donejakue bidean zehar erromes ibiltzeko baldintzak erabat desberdinak zirela Erdi Aroan gaur egungoen aldean. Zalantzarik gabe, naturaren egoera askoz hobea izango zen, basoak zabalagoak eta fauna ugariagoa; biztanleguneak oso sakabanatuta egongo ziren, oso gutxi aldatutako ingurune batean. Baina erromesek ez zuten egoera hori asko estimatuko, basoen eta oihanen beldur izango baitziren, basapiztien edo bidelapurren babeslekuak ziren aldetik; herriak eta monasterioak, berriz, leku abegitsuak eta seguruak izango ziren erromesentzat.
Bibliografia
Herbers, K., eta Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.), Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999.
Jusué Simonena, C., Santiago en Navarra: imagen, memoria y patrimonio, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.
Martín Duque, A. J. (zuz.), Camino de Santiago en Navarra, Iruñea: Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1991.
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1948, 3 libk.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 338-340.





