Karguak eta lanbideak
ʿIzz al-Dīn Abū al-Ḥasan ʿAlī ibn al-Aṭīr. Ibn al-Aṭir hiru anaia entzutetsuren familia-izena da: Maḏid al-Dīn filologoa, ‘Izz al-Dīn erlijio-ikasketetan espezialista eta Ḍiyā’ al-Dīn historialaria eta literatura-kritikaria
Ibilbidea
Ibn al-Aṭīr, ʿIzz al-Dīn Abū al-Ḥasan ʿAlī ibn al-Aṭīr hiru anaietan bigarrena izan zen. 555. urteko jumādā hilaren 4an-1160ko maiatzaren 13an jaio zen Jazīrat Ibn ʿUmar, Jazira herrian (gaur egungo Turkia), eta 1233. urtean hil zen Mosulen (Irak). Historialari arabiar entzutetsu honen biografiaren berri jakiteko, egileak berak bere idatzietan eginiko aipamenak eta Ibn Kallikān biografoak emandako datuak izan dira euskarri.
Mekara joan zen erromes 576./1181. urtean; ondoren, Bagdadera itzuli zen, eta han egon zen denboraldi batean ikasten. 581./1185-1186. urteen inguruan Qaṣr Ḥarb herrira itzuli zen, Mosuletik gertu, Saladinen agintaldiaren bigarren aroan. 584./1188-1189. urteen inguruan Siriara bidaiatu zuen, Saladinen garaipenen ondotik, handik Jerusalemera joateko asmoarekin, eta uste da harekin bat egin zuela Krak des Chevaliers zeritzon lekuan. Balizko harreman hori gorabehera, ez dago daturik egiaztatzeko kalifatzaren burokrazian kargurik izan ote zuen ala ez. Ibn Kallikān historialariak Alepon eginiko egonaldiaren albisteak jaso zituen eta heziera perfektuko gizon eskuzabal eta umil gisa deskribatu zuen. 633. urteko ša’bān hilabetean/1233ko ekainean hil zen, 73 urte zituela.
Literatura-lan nabarmenak idatzi zituen ‘ilm edo zientzia islamikoari buruz. Zehazki, ḥadiṯedo Mahomaren bizitzari buruzko kontakizunen bilduma hedatu zuten profetaren adiskideen zerrenda luzea jaso zuen Usd al-ghābafī ma’rifat al-ṣaḥāba lanean. Hala ere, haren maisulana munduaren historiari buruzko liburu bat izan zen: al-Kāmil fī al-tārīḥ (Historia osoa). Adanen sorreratik aurrerakoen berri eman zuen lan horretan.
Beste lan historiko bat ere idatzi zuen Mosuleko Zangid dinastiaren arrakastak ospatzeko: al-Tāriḥ al-bāhir fī’ dawla aṭābakiyya. vii./xiii. mendearen lehen hamarkadan idatzia, 1876an eman zuten argitara Slane eta Meynardek.
Al-Kāmil fī l-tārīḥkronika historikoari zor dio ospea. Lanari ekin zionean, al-Mustaqṣād fī’ l-tārīḥtitulua eman zion, baina 595./1198-1199. urteen inguruan berrikusi eta eguneratu egin zuen egileak; hala, 620./1223an gaur egun ezaguna den izenburua hartu zuen behin betiko. Gerora, beste bi eguneratze eta berrikuspen izan zituen: lehena, 625./1228. urtean eta bigarrena 628./1231. urtean. Hala ere, literatura-mailari dagokionean, hizkuntza lau eta errepikakorreko obratzat hartzen da. Leovigildo errege bisigodoak baskoien aurka abiarazitako gerrari buruzko informazioa jasotzen du liburuak. Leovigildok, azkenik, mendean hartu zituen aurkariak, eta baskoiek burua makurtu behar zuten haren aurrean, errespetuaren seinale. Musulmanen garaia aztergai, ii./viii. eta iii./ix. mendeetan Araba eta Iruñearen aurka izan ziren kanpaina militar ugarien berri ematen du. 115. urtean (733ko otsailaren 20an) ‘Abd al-Mālik b. Qa’tān Bizkaiko eremuaren aurka altxatu zen, eta onik atera zen kanpaina hartatik. 116. urtean (734ko otsailaren 9an), Uqbā buru zela Galizia eta Arabaren (Al-Bata) aurkako beste espedizio bat izan zen. Abd ar Rahman I.ak Arabako mugaldera bidali zuen Bedr mandatariaren espedizioa kontatzen du egileak; haren ondoren, zerga bat ezarri zuen, 149. urtean (766ko otsailaren 16an) jasotzen denez. 164. urtean (780ko irailaren 5ean) Abd ar Rahman I.ak Ka’lahra (Calahorra) alderantz jo zuen, Fakira hiria mendean hartu eta Euskal Herriko lurretarantz egin zuen. Muṯmin al-Akrako gotorlekua setiatu eta hartu zuen, eta, ondoren, Maldūṯūn b. At’lāl menderatu zuen, gazteluaren gotorlekua setiatuz eta hango biztanleak mendira behartuz. 176. urtean (792ko apirilaren 27an), Abd al-Mālik b. al-Wāḥ’id frankoen herrialderantz abiatu zen bere armadarekin, eta Araban barneratu zen; onik atera zen handik, eta altxorrak eskuratuta. 178./794. urtean Hiŝāmek beste bi armada bidali zituen kristauen aurka: lehena, ‘Abd al-Karīmek gidatuta Araba aldera, eta bigarrena, ‘Abd al-Mālikek gidatuta, Asturias aldera. Azken horrek Oviedo hiriari eraso zion (Alfontso II.a erregearen agintepean garai hartan), eta hiria arpilatu ondoren, musulmanek itzulerako bidea hartu zuten. Alabaina, ezustean eraso egin zieten, tratu txar eta umiliazio ugari eragin zizkieten eta buruzagia eta haren ofizial asko hil zituzten. 179. urtean (795eko martxoaren 26an), Alfontso erregeak laguntza eskatu zien Bizkaiko erregeari (rey de Viscaya) eta normandiarrei, Hiŝāmen inbasioa geldiarazteko; izan ere, Galiziatik Astorgaraino iritsia zen ordurako. ‘Abd al-Mālikek, ordea, indarrak bildu eta atzera egitera behartu zuen Alfontso. 224. urtean (828ko azaroaren 22an), Abd ar Rahmanek kristauen lurraldera bidali zuen ‘Ubayd Allāh Ibn al-Balansi. Arabako mugaldera iritsi zen azken hori, eta, ondoren, Fortun b. Mūsāk hiri horretako gaztelua eta Burebarantz eta Gaztela Zaharrerantz kokatutako plazak (Alaba wa-l-qila’) hartu eta suntsitu zituen, musulmanen aurka gotortuta baitzeuden. 229. urtean (844ko maiatza-ekaina), Abd ar Rahmanen seme Muhamadek Iruñera jo zuen aitak bidalita, politeistei eta Fortun b. Mūsāri aurre egiteko, eta mendean hartu zituen azken hori eta haren jarraitzaileak. 246. urtean (860ko martxoaren 27an) Muḥammad b. ‘Abd al-Raḥmānek berriro eraso egin zion Iruñerriari, eta setiatu, suntsitu, arpilatu egin zuen, eta heriotza zabaldu zuen bazter guztietara. Eraso berean, Fīrūs, Fālaḥ’san eta-Ka’atŝil-eko gazteluak hartu zituen mendean. Hogeita hamabi egun egin zituen Iruñean, eta bertan, Gartziaren seme Fortuni luzatu zion eskua. Azken hori preso egona zen Kordoban, eta laurogeita hamasei urterekin hil zen.
Obrak
The Chronicle of Ibn Al-Athir for the Crusading Period from Al-Kamil Fi’L-Tarih, Part. 1 The years 491-541/1097-1146. The coming of the Franks and the Muslim response,Richard Surrey, D. S. (itz.), Asghate, 2010.
The Chronicle of Ibn al-Athir for the Crusading Period from al-Kamil fi’l-Ta’rikh. Part 2 (Crusade Texts in Translation) The years 541-589/1146-1193. The Age of Nur al-Din and Saladin, Richard Surrey, D. S. (itz.), Asghate, 2010.
The Chronicle of Ibn al-Athir for the Crusading Period from al-Kamil fi’l-Ta’rikh. Part 3 (Crusade Texts in Translation). The years 589-629/1193-1231. The Ayyubids after Saladin and the Mongol menace, Richard Surrey, D. S. (itz.), Asghate, 2010.
Al-Kāmil fī l-tārīkh, Tornberg, C. J. (arg.), Beirut: Dār Ṣādir, 1982. 13 libk.
Ibn al-Atīr, al-Kāmil fi l-tārīj, ‘Abbāss, I. (arg.), Beirut, 1965. 13 libk.
Ibn al-Atīr, al-Kāmil fi l-tārīj, Tornberg, C. J. (arg.), Leiden, 1851-1876. 14 libk. Itz. partziala: E. Fagnan, Annales du Magreb et de l’Espagne, Argel, 1898. Berrinp. Beirut, 1979; Fagnan, E. (itz.), Argel, 1901.
Ibn al-Athir, Annales du Magreb et de l’Espagne, Fagnan, E. (itz. eta oharrak), Alger: Typographie Adolphe Jourdan, 1898,
Al-Lubāb fī taḏīb al-ansāb, ‘Adb al-Laṭīf Ḥasan ‘Abd al-Raḥmān (arg.), Beirut, 2000.
Al-Tāriḥ al-bāhir fī’ dawla aṭābakiyya, Tolaymat, A. A. (arg.), Kairo, 1963.
Usd al-ghābafī ma’rifat al-ṣaḥāba, Ḫalīl Šīḥa (arg.), Beirut, 1997.
Bibliografia
Rosenthal, F., «Ibn al-Aṯhīr», EI2, Leiden: Brill, 1986, III, libk. 723.-724. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Ibn al-Atir”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. pp. 294-296.





