Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

GARTZIA EUGIKOA(s. l., d. g. – s. l., ca. 1409).

Karguak eta lanbideak

Fraide agustindarra, Karlos II.a Nafarroakoaren eta haren seme eta oinordeko Karlos III.aren aitor-entzulea. Baionako gotzaina (1384)

Ibilbidea

Nafarroako lehen kronikaren egiletzat jotzen da. Recuenta de la genealogía de los reyes de Navarra da aipatutako kronika, eta Crónica de los fechos que fueron fechos antigament en Spayña edo Crónica General de España obraren eranskina da.

Gartzia Eugikoa jatorriz nongoa zen zehazteko daturik ez dago, baina jakina da nafarra eta fraide agustindarra zela. Eugikoa (Esteribar) agian? Evreux monarkiaren zirkuluei loturik egon zen xiv. mendearen bigarren erdialdean; izan ere, Eugikoari buruzko lehen lekukotza idatziaren arabera, Karlos II.a erregearen (1349-1387) anaia Luis infantearen (1341-1376) eskutik diru-laguntza jaso zuen Gaztelara ikastera joateko (1359); aipamenean ez da zehazten nora (Salamanca, Valladolid?). Gartzia Eugikoa Iruñeko Agustindarren priorea zen 1370erako, eta gortesau eta Karlosen hurbilekoa izanik, haren konfiantzazko gizon, erregearen hurbileko zerbitzari eta diplomazialari bihurtu zen 1375etik aurrera. Ingalaterra eta Frantziaren arteko gatazkaren nazioarteko testuinguruan, interesen lehia izugarria zen garai hartan, eta Gartzia Eugikoak hainbat mandatu eta bidaia egin zituen Normandiara eta Gaztelara, batez ere Gaztelara. Hala, gatazka horren Penintsulako pasarte garrantzitzuetan eragile eta lekuko zuzen eta aktiboa izan zen, hala nola Brionesko Itunean (1379), El Espinarko Itunean (1385), Aljubarrotako guduan (1385) edota Lizarrako Itunean (1386).

Erregeak laguntza ugari eta eskuzabalak eman zizkion dirutan eta doan, agustindarraren zerbitzuagatik, dokumentazioan aipatzen denez; baina beharbada Gartzia Eugikoak jasotako ohorerik handiena erregeak Baionako apezpikutzara iristeko emaniko bultzada izan zen. Klemente VII.a Avignongoa aita santuak 1384ko otsailaren 12an berretsi zuen kargu horretan. Nolanahi zela ere, apezpikutza, ingelesen mendeko plaza bati atxikia, estrategikoa izan zen oroz gain, Nafarroako interes politikoen barnean. Eugikoa Karlos erregearen aitor-entzulea zen, gutxienez 1375etik, eta, beraz, eragin handia zuen harengan; era berean, agindutako mandatu guztietan oso leial jokatu zuen harekiko. Horren ondorioz, Karlos II.a erregea hiltzean, haren testamentu-betearazle eta erregeorde izendatu zuten, Karlos Beaumontekoa alferezarekin batera (erregearen iloba eta Beaumont-le-Rogerreko kondea zen azken hori). Karlos III.ak (1387-1425), aurreko erregearen seme eta ondorengoak, mantendu egin zuen gortean, eta aitor-entzule karguaz gain diplomazialari ere egin zuen, gutxi gorabehera koroatu zuten urtera arte. Iruñean, 1390eko otsailaren 13an koroatu zuten Karlos III.a errege. Karlos infantearen eta erregearen oinordekoaren tutore izendatu zuten 1398an, baina oso gazterik hil zen lehen seme hori (†1402). Gartzia Eugikoa, Evreux familiaren cura animarum izan zen hil arte. Horren adierazle dira zenbait ekitalditan izan zituen betekizunak. Adibidez, Manuel Paleólogo enperadoreak (1400) Iruñeko katedralari oparitan emandako Lignum Crucis gurutzea eta Kristoren jantziaren zati bat katedralera eramateko prozesioa zuzendu zuen, eta Juana infanta, erregearen ezkontzaz kanpoko alaba, Iñigo Ortiz Zuñigarekin ezkondu zuen (1403).

Aegnus Wardek Crónica General de España lanaren azterketa eta edizio kritikoa egin eta argitaratu zuen 1999an, eta adierazi zuen testu konplexua dela, lanaren jatorrizko izaera, noiz eta zer asmorekin idatzi zen aintzat hartuta. Nabarmendu zuen, hala ere, Nafarroako Erresuma dela kronikariaren idatzian ardatz nagusietako bat; Nafarroako Erresuma, Penintsularen barnean entitate historiko legitimotzat harturik. Hori kontuan izanda, pentsa liteke Gartzia Eugikoak 1390 inguruan osatu zuela kronika, Karlos III.aren babesean, erregearen proiektu politikoa Espainiako testuinguruan kokatzeko helburuarekin. Hala ere, ez dago ziur jakiterik Eugiko fraideak noiz osatu zuen kronika. Uste da Gaztelan 60ko hamarkadan egin zuen egonaldian, eskura zituela eta kontsultatu zitzakeela Gaztelako iturri historikoak, hala nola Liber Regum lanaren gaztelaniazko bertsioa; bestalde, 70eko hamarkadan gertakizun nabarmenik izan ez zenez (1367ko Naiarako guduaren antzekorik), horrek ere oztopo kronologiko formala sortzen du lana noiz osatu zuen jakiteko. Nolanahi ere, ezin da baztertu 60ko hamarkadan idatzi zuenik, eta, ondoren, behin diplomazialari-jardun etengabea alde batera utzi eta Karlos III.aren gortean finkatu zenean, eranskin batzuk gehitu eta moldaketak egin zizkionik; izan ere, ez dago kontinentean Nafarroako gaiak likidatu arte zain egon beharrik ohartzeko beharrezkoa zela Espainiako berezko testuinguruan erresuma politikoki berrestea.

Espainiako Kronika Orokorra eta Nafarroako errege-erreginen genealogia jasotzen duten bi eskuizkribu gorde dira gaurdaino (El Escorialeko San Lorenzo Errege Monasterioko liburutegiko E. Eskbu. eta Liburutegi Nazionaleko N. Eskbu.), eta beste bederatzi Nafarroako genealogiaren testua soilik jasotzen dutenak (Historiaren Errege Akademiako R, A eta H Eskbu.; Nafarroako Foru Aldundiaren Liburutegi Nagusiko P Eskbu.; Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Eskbu.; Parisko Bibliothèque Nationaleko D Eskbu.; eta bilduma pribatu bateko W Eskbu.).

Erabilitako iturrien eta hautatutako materialaren hautaketak erabateko eragina izan zuen kronikaren egituran eta argumentuaren harian. Hauek izan ziren, funtsean, iturri horiek: Gaztelako Alfontso X.ak eskaturi egin zen Estoria de Espanna, Rodrigo Ximenez Radakoaren De Rebus Hispaniae, baina itzulitako bertsioa, hau da Estoria de los Godos delakoa, eta Liber Regum edo Belaunaldien liburua (Ca. 1240), baita beste txikiago batzuk ere. Zalantzan jarri izan da Gartzia Eugikoa ote den, osotasunean, kronikaren egilea; kronikaren eta, zehazki, Nafarroako errege-erreginen eranskin genealogikoaren «autore figura» gisa hartu izan da, baina puntu hori eztabaidagarria da.

Kronikaren oinarrian, Erromaren, godoen eta Gaztela-Leongo historiaren pasarte nagusiak daude. Kontakizuna bera gorabeheratsua, sintetikoa eta selektiboa da, eta hamar ataletan egituraturik dago: a) Gizadiaren Sei Aroen sarrera eta deskribapena; b) Genesia, Noe eta haren belaunaldia; c) Espainiaren kondairetako historia, Herkules, Espan eta Elisa Dido erreginaren balentriak barne, eta erromatarren lehen presentzia Penintsulan, arreta berezia jarrita Lehen eta Bigarren Gerra Punikoei; d) Erromatar gerra zibiletik Euriko errege godoaren garairaino, inperioaren etapa barne, eta godoak Penintsulan sartu ziren garaiari arreta berezia jarririk; e) Rekaredo erregearen garaitik Rodrigoren garaira; f) Wambaren kondaira; g) Rodrigo erregearen heriotza; h) musulmanek Iberia penintsula konkistatu zutenekoa eta Alfontso I.a Asturiaskoaren erregealditik Gaztela eta Leongo errege Fernando III.aren garaira (711-1252); i) Alfontso X.aren erregealditik Alfontso XI.aren erregealdira (1252-ca. 1344) eta Bagdadeko kalifak Salado ibaiko guduaren aurretik sultan marindarrari bidalitako eskutitza; eta azkenik, j) Nafarroako errege-erreginen genealogia. Azken atal horren aparteko argitalpena egin zuen C. Orkastegik.

Kronika aztertu duten adituek lanaren ezaugarri bertsuak aipatu dituzte: egilearen bilketa-ahalegin handia eta eruditua aitortuta, lanak informazioa modu selektiboan metatzen duela eta zehaztugabetasun dezente eta gai eta kronologia aldetik hutsuneak dituela diote; orobat, elezaharretako istorioekiko eta elizako gertakariekiko interesa eta joera duela baiesten dute, baita erabilitako iturri historikoetatik lortutako materiala motu proprio berrantolatzeko joera duela ere. Hori dela eta, nabarmentzekoa da agian kronikaren interesa ez dela horrenbeste edukien originaltasuna eta egituraren osaera (xx. mendeko historiografiak kritikatu egin ditu alderdi horiek), baizik eta horrelako bilduma bat egiteko bultzada eta euskarri ideologikoa. Kronika, eta bereziki Nafarroako errege-erreginen genealogia, baliabide narratibo nagusitzat hartu izan da Vianako Printzearen Kronika eta Pedro de Valencia Naiarako fraidearen Kronika idazteko (1400). Lanaren azterketa eta balioa, ordea, ez da horretara mugatzen; kronika-lan horren atzean esku zuzendari bat egon zen, helburu jakin batekin: Evreuxko etxea Espainiako memoria historikoaren barnean kokatzeko interesa islatuko zuen obra bat sortzea. Memoria historiko hori, tradizio alfontsotarra —xiv. mendean garrantzi handiko eredu eta diskurtso historiografikoa— oinarritzat hartuta sortu zen. Horren erakusle da, adibidez, egileak testu osoan Nafarroako Erresumari jartzen dion arreta, h) ataletik hasita. Horretan, Penintsulako lehen erresuma kristauen sorrera eta garapena aztertzen du, eta Alfontso III.a, Ordoño II.aren semea, aipatzen duelarik, honako hau dio: Item los navarros levantaron por rey de Nabarra a don Yenego Ariesta (Eneko Aritza, alegia). Edota Antso III.a Gartzez Nagusiaren herentziaren berri ematen duenean, Nafarroaren nagusitasuna goresten du Espainiako eremuren barnean. Nolanahi ere, ez ditu aipatu gabe uzten Alfontso VIII.ak Antso VII.a Azkarrari Gaztelarako konkistatutako lurraldeak (1198-1200). Hala, kontakizunean, Nafarroako Erresumaren presentzia eta garrantzia harilkatzen eta aipatzen ditu eremu hispaniar orokorraren barnean. Eta liburukiaren azken zatian [j )atala], arreta monografikoa eskaintzen dio, aurreko zenbait pasarte errepikatuz.

Genealogiak edo Recuenta de la genealogía de los reyes de Navarra lanak Nafarroako errege-erreginen katalogo bat biltzen du, Eneko Aritzarengandik hasi eta Karlos II.aren heriotzera arte (ca. 810-1387). C. Orkastegik, bere edizioan, E. eskuizkribua erabili zuen, eta hogeita bi kapitulutan banatu zuen dokumentua, aurreko kronika hispaniarrean hasitako egituraren araberako erregealdien ordenari jarraituz. Oinarrian duen kronikaren kasuan bezala, Nafarroako corpus genealogiko horretan ere zenbait iturri identifikatu dira: 1305eko Crónica de los Estados Peninsulares edo Crónica Aragonesa eta Crónica de San Juan de la Peña, kasurako. Aldiz, ez da zehaztu ahal izan nondik atera zituzten kondairak eta Henrike I.aren erregealdiari (1270-1274) buruzko kontakizunetik aurrera ageri diren albisteetako batzuk. Zati horretatik aurrera, edukia eta argumentuaren hariak laburtzeko joera ageri du egileak. Horren erakusle dira, baita egilearen estilo kritiko eta testualaren erakusle ere, kronikaren azken paragrafoak. Horietan, Karlos II.aren erregealdiaren berri ematen da, pasarte jakinak hautatuz eta oso labur, eta beste zenbait pasarte historiko funtsezko eta aldi berean eztabaidagarri (Frantziako espetxealdia eta Gaztelaren aurkako gerra, adibidez) alde batera utziz. Hala, erregearen irudi jakin bat islatzen du kronikak: sopo bien lebar su regno et goardarlo de domaje. Item, este rey don Carlos de Nabarra murió en Pomplona así desheredado de lo que a él pertenescía aver et en el regno de Françia. Horrek guztiak berresten du Nafarroan agintzen zuen leinuaren zerbitzura zegoela garaiko historiografia ontzeko zeregina.

Azkenik, adituek hainbatetan izan dute hizpide eta aztergai agustindarrak Nafarroako tradizio historikoak elezahar modura berregiteko zer iturri erabili ote zituen. Edozein izanik ere Gartzia Eugikoak ezagutu eta erabili zituen urte-liburuak, albisteak, istorioak, memoriak eta tradizioak (gaur egun zaila da horiek kokatzea), sarritan aipatzen ditu euskal probintziak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), lurraldeak eta biztanleak, baita Nafarroako eremua ere. Hala, kronikagintza hispaniarra eta piriniotarra (nafar-aragoarra) oinarritzat hartuta, Nafarroari buruzko kontakizun aberatsa gorpuztu zuen, helburu nagusi batekin: dinastia bat, proiektu politiko bat (Espainiako lurraldean garatutako gainerakoen parekoa) berreskuratzea, ordura arte apenas baitzegoen haiei buruzko memoria historiografikorik.

Obrak

Eizaguirre Rouse, G. (arg.), «Crónica general de España», in República de Chile, Anales de la Universidad, 21 (1908), 603.-649. or. eta 737.-801. or. eta 22 (1908),
1.-68. or., 387.-515. or. eta 859.-874. or.

Orcástegui Gros, C., «Crónica de los Reyes de Navarra de García a Eugui», in Príncipe de Viana, 39 (1978), 547.-572. or.

Ward, A. (est. argit.), Crónica d’Espayna de García de Eugui, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1999.

Bibliografia

Castro, J. R., Carlos III el Noble, rey de Navarra, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1967.

Honoré-Duvergé, S., «La Chronique de Garcia d’Eugui, Evêque de Bayone», in Bulletin Hispanique, 44 (1942), 17.-39. or.

Orcástegui Gros, C., «La memoria histórica de Navarra a fines de la Edad Media: la historiografía nacional», in Homenaje a José María Lacarra, Príncipe de Viana, 47 (1986), 2. eranskina, I. libk., 591.-606. or.

Ward, A., «Las fuentes de la “Genealogía de los Reyes de Navarra” de García de Eugui», in Ward, A. (koord.), Actas del XII Congreso de la Asociación Internacional de Hispanistas 21-26 de agosto de 1995, Birmingham: University of Birmingham, 1998, 1. libk, 328.-339. or.

Zunzunegui, J., El reino de Navarra y su obispado de Pamplona durante la primera época del cisma de Oriente, pontificado de Clemente VII de Aviñón, 1378-1394, Donostia: Pax, 1942.

Aipamen bibliografikoa

Pavón Benito, J., “Gartzia Euguikoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 257-260.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP