Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

XIMENEZ RADAKOA, Rodrigo (Nafarroa, 1170 – Rodano ibaia, Frantzia, 1247).

Karguak eta lanbideak

Toledoko artzapezpikua, kantzilerra, historialaria

Ibilbidea

Nafarroan jaio zen 1170 inguruan. Aita, Jimeno Perez Radakoa, Nafarroako jaun handien leinuetako bateko kidea zen, eta Iruñeko errege-erreginen (ondoren, Nafarroakoen) eta Aragoikoen zerbitzura nabarmendu zen. Eva Finijosa amaren familia, Gaztelako errege-erreginen zerbitzari lanetan aritu zen xii. mendean. Amaren aldeko osaba, San Martin Finijosa, Santa María de Huertako abade izan zen.

Lehen ikasketak Nafarroan jaso zituen, Pedro Artaxoakoa Iruñeko gotzaina tutore zuela, eta, ondoren, Zuzenbidea, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Boloniako eta Parisko unibertsitateetan. Penintsulara itzultzean, Osmako apezpikutza jaso zuen 1208an, eta, handik gutxira, Toledoko artzapezpikutza; 1209an, Inozentzio III.aren bulda batek berretsi zuen kargu horretan. Toledoko egoitzaren buru, gobernu-jarduera bizia egin zuen; nabarmentzekoak dira, besteak beste, egoitzaren antolaketa eta kabildoaren erreforma, elizbarrutiaren eta haren ondarearen hedapena, artzapezpikutzaren agintepeko nukleoei emaniko foru-kontzesioak eta jasotako eraikin ugariak, hala nola Alcalá de Henaresko artzapezpikutza-jauregia eta Toledoko katedrala bera. Nabarmetzekoa da, orobat, Toledoko artzapezpikutzaren nagusitasuna eskuratzeko lehia etengabean jardun zuela, Santiago de Compostela, Braga, Tarragona eta Narbonako titularrekin nor baino nor; azkenik, lehia horren eraginez eskumikatu egin zuen elizak 1241eko Tarragonako sinodoaren bidez. Aurrez, 1211. urtean, Inozentzio III.ak aitortu zion nagusitasuna, baina buruz buru defendatu behar izan zuen hainbat aldiz (Letrango kontzilioa, 1215).

Ordena militarren eta eskekoen —batez ere domingotarren— zerbitzura jardun zuen, eta Palentziako Ikasketa Orokorra (1208) sortzea bultzatu zuen, etorkizuneko Salamancako Unibertsitatearen ernamuina. Oso begiko zituen Fiteroko (Nafarroa) eta Santa María de Huertako (Soria) monasterioak, eta hainbatetan diruz lagundu zien zenobio horiei.

Lankidetza estuan jardun zuen Gaztelako garaiko errege-erreginekin, bereziki Alfontso VIII.arekin eta Fernando III.arekin. Lehenaren ondoan parte hartu zuen Navas de Tolosako guduan (1212), aurrez almohadeen aurkako gurutzada sustatzen sutsu jardun ondoren eta armada kristauei Toledon harrera egin ondoren. Era berean, Fernando III.ak sustatutako hainbat kanpainatan esku hartu zuen (Cáceres 1218, Requena 1219, Jaén 1230, etab.). Errege horren eskutik jaso zuen Gaztelako kantzilerraren kargua.

Rodano ibaian hil zen 1247an, Lyongo Kontzilioan parte hartu ondoren Gaztelara bueltan zihoala. 1201eko testamentu-zedula batean ezarritako moduan, Santa María de Huertan eman zioten lur.

Literatura-jardunean, batez ere historiografia landu zuen, eta esparru horretan nabarmentzekoak dira De rebus Hispaniae, Historia arabum eta Breviarium Ecclesiae Catholicae lanak. Lehena, Espainiaren lehen historia handia bihurtu zen, eta historiografia alfontsotarraren ezinbesteko iturri izan zen. Erdi Aroaz geroztik hainbat aldiz kopiatu zituzten lan horiek, eta, beraz, hedapen zabala izan zuten. Halaber, oinarri gehiagorekin edo gutxiagorekin, beste zenbait lan historikoren egiletzat ere hartu izan da.

Nafarroako historiari buruzko hainbat informazioren artean, Ximenez Radakoak idatzia da Gaztelak Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea konkistatu zituenekoa azaltzen duen kontakizun historiografiko garaikide zabalena. Lan horretan jakinarazten du Gasteizko setioak zirauen garaian, Gaztelako erregeak gotorleku eta lurralde hauek bereganatu zituela: «Treviño, Arganzón, Santa Cruz, Arzorocia, Vitoria la Vieja, Arluzea, Gipuzkoa esaten dioten lurraldea, bai eta San Sebastián, Marañón, San Vicente eta beste zenbait ere», eta, azkenik, Gasteizek amore eman zuela eta Araba eta ondoko lurraldeak ere eskuratu zituela.

Obrak

De rebus Hispaniae, 1243.

Historia arabum, 1246.

Breviarium Ecclesiae Catholicae, xiii. mendea.

Edizioak: Historia de los hechos de España, Madrid: Alianza, 1989. Opera, Valencia: Anúbar, 1968. Opera omina, Turnholt: Brepols, 1987-1999, 3 libk.

Bibliografia

Adró, X., Rodrigo Jiménez de Rada. Estadista y artífice del siglo xiii, Barcelona: Casals, 1989.

Ballesteros, M., Don Rodrigo Jiménez de Rada, Barcelona: Editorial Labor, 1936.

Fortún, L. J., «La quiebra de la soberanía navarra en Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 46 (2001), 439.-494. or.

Gorrosteratzu, J., Don Rodrigo Jiménez de Rada. Gran estadista, escritor y prelado. Estudio documentado de su vida, de los cuarenta años de su Primacía en la Iglesia de España y de su Cancillerato en Castilla; y en particular, la prueba de su asistencia al Concilio IV de Letrán, tan debatida en la controversia de la venida de Santiago a España, Iruñea: T. Bescansarem alargunaren imp. eta lib., 1925.

Zenbaiten Artean, Vestiduras pontificales del Arzobispo Rodrigo Ximénez de Rada, s. xiii: su estudio y restauración, Madrid: Instituto de Conservación y Restauración de Bienes Culturales (Espainiako Kultur Ondarearen Institutua, gaur egun), 1995.

Aipamen bibliografikoa

 Ilundain Chamarro, J., “Ximenez Radako, Rodrigo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 245-246.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP