Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE IRUÑEKO EGILEAK ETA OBRAK

VIGILA ALBELDAKOA(Albeldako San Martin, Errioxa, X. mendea).

Karguak eta lanbideak

Albeldako San Martin Monasterioko kopista, miniaturista, eskribaua eta abadea Iruñeko Erresumaren garaietan

Ibilbidea

Kopista honek Códice Vigilano edo Albeldense esaten zaion kodexa zuzendu eta idatzi zuen, beste eskribau eta edertzaile batzuekin batera. Egia esan, gutxi dakigu haren bizitzaz, baina zenbait egilek diote 988. urte inguruan hil zela, karguan ––haren ordezko–– Gartzea monjea Albeldako abade izendatu zutenean.

Adituen arabera, Vigila 950. urtean datatutako agiriaren scriptorea izan zen. Agiri horren bidez, Adika abadeak eta Monte Laturceko San Prudentzio monasterioko fraideek beren burua eta ondasunak Albeldako San Martin monasterioko Dulkito abadearen eskuetan utzi zituzten. Vigila eskribaua zen, agiriak idaztea baitzuen eginkizun, pergamino horrek salatzen duenez. Susmoa da beste pergamino batzuk ere idatzi zituela, baina ezin esan ziur nork eginak diren.

Vigilaren lanak Codex Conciliorum Albeldensis izenburuko obran jo zuen goia. Códice Vigilano esaten zaio (egilearen omenez) edo, bestela, Albeldense. Kodex handi eta oparo hori 974. urtean hasi omen zen lantzen (72r. fol.) eta ez zen bukatu 976ra arte (428v. fol.). Antza denez, kopista- eta miniaturista-talde bat aritu zen Vigilaren beraren agindupean. Ez dakigu zenbat izan ziren, baina laguntzaile horien izen batzuk betiko gelditu ziren jasota kodexaren azken folio miniatuan.

Lan zabala da, tamaina nabarmeneko 429 folioz osatua (455 x 325 mm), oparo miniatua (82 miniatura) eta bi zutabetan idatzia, letrakera bisigotiko biribilean, hain zuzen. Vigila, itxura denez, aurreko kodexen batetik abiatu, eta hartatik, ikonografiaren zati gehiena kopiatu eta bere obran sartu zuen. Oso litekeena da testu hori Leóngo edota Gaztelako lurretatik etorri izana (horri gagozkionez, ez dugu ahaztu behar Albeldak Cardeñako San Esteban monasterioarekin izan zuen lotura). Gaur egun, kodexa El Escorialgo monasterioaren liburutegian gordea dago (976. kodex zk.).

Kopista gisa egindako lanean, aipagarriak dira benetan kodexean jasotako zenbait gauza, hala nola hainbat olerki figuratibo, egutegi mozarabiar bat, 1etik 9era bitarteko sekuentzia bat zenbaki arabiarretan (lehen aldiz, Iberiar penintsulan eta, baliteke, Europan), Colección Canónica Hispana deritzonbilduma (eliza bisigodoaren kontzilio hispaniarretako akten bilduma), kontzilio orokor askotako eta beste nazio batzuetan egindako kontzilioetako kanonak, aita santuen kanonak eta dekretalak San Gregorio Handiarenganaino, eta era berean, Crónica Albeldense eta Vida de Mahoma labur bat, bai eta Liber Iudiciorum kodexa ere (654. urtean aldarrikatutakoa, Rezesvintoren erregealdian), hau da, xiii. mendetik aitzina Foru Juzgo esan zitzaiona.

Bestalde, Vigila, agian, kodexaren miniaturagilea izan zen, eta hori kontu garrantzitsua da benetan. Izan ere, deigarria da behintzat haren autorretratua bi aldiz agertzea; liburuaren hasieran eta bukaeran, hain zuzen. Hasierakoan (xxiiiiv. fol.) scriptor eginkizunean ageri zaigu, eskuan calamus edo kanabera-luma daukala. Miniatura bitxia da, testua marrazkira berera moldatu behar izan baita.

Bukaerakoan, berriz, Vigila kodexaren ia amaieran ageri da, bai bere socius edo laguntzaile Sarrazinorekin, bai bere discipulus edo ikastun Gartzearekin, non eta Iruñeko Erresumaren historiarako garrantzirik handienetakoa duen orrialde miniatuetako batean (428r. fol.). Izan ere, folioa erabat edertua dago eta x. mendearen bukaerako Iruñeko Erresumako memoria intelektual eta politiko bat da. Halako talde-erretratu bat da, eta hiru errege bisigodo daude irudikatuta, hirurak ere beren erresumako legedia gorpuzten buru-belarri aritutakoak, eta Liber Iudiciorum liburukoa bezalako testu baten presentziari zentzua emateko balio dutenak: Txindasvinto, Rezesvinto eta Egika. Bigarren ilaran, kodexaren sustatzaileak daude: hots, Iruñeko erregea erdigunean, errege-makila eta diadema-koroa dituela (Antso II.a Gartzez); eskuinean, errege-duintasuna hein batean partekatuta, haren anaia, ezpata eta koroa agerian (Ramiro Gartzez), eta ezkerrean, berriz, erregearen emazte Urraka Fernandez. Horren haritik, nabarmendu behar da Albeldense lanean ondutako erretratua Penintsulako errege kristauen irudikapen lehena eta bakarra dela x. mendean, garai hartako kodexen artean, betiere. Azken ilaran, berriz ere, Vigilaren autorretratua ageri da, oraingo honetan kodexa egiten lagundu zioten bi laguntzaileen ondoan: Sarrazinoren (socius) eta Gartzearen (discipulus) aldamenean, hain zuzen.

Miniatura lerro horizontaletan irakurtzen den bezala irakurri beharra dago zutabe bertikaletan. Izan ere, ikusiko dugu erdiko zutabean irudikapenaren pertsonaia nagusiak daudela: Rezesvinto, Liber Iudiciorum lanaren egilea; Antso II.a Gartzez, Iruñeko Erresumako erregea, eta, azkenik, Vigila bera, kodexaren egile nagusia, alegia.

Vigila, azkenean, Albeldako San Martin monasterioko abade izendatu zuten. Monasterioa Iruñeko errege Antso I.a Gartzezek eta haren emazte Todak sortu zuten 924. urte inguruan, Cardeñako San Estebango monjeekin elkarlanean. Albeldako San Martin ia bere hasieratik izan zen Iruñeko Erresuma gazte hartako kultura-gune nagusietako bat, inguruko monasterioetan izan zuen eraginak ederki erakusten duen bezala; Donemiliaga Kukulakoan, esate baterako.

Códice Vigilano edo Albeldense Iruñeko monarkiaren x. mendeko kultur adierazpenik adierazgarrienetako bat izan zela jotzen da. Era berean, onartua dago miniatura hispaniarraren oinarrizko hiru piezetako bat dela eta garai hartako Europako kodexik garrantzitsuenetako bat ere bai. Azken buruan, Iruñeko Erresumako jatorrizko arte miniatu mozarabiarraren edo prerromanikoaren adibide bikaina da, garai hartako errege bat ageri baita lehen aldiz irudikatuta. Aldi berean, oso gutxitan ikusi da kodexaren egileak bere buruaren erretratua egitea, hala liburuaren hasieran nola bukaeran.

Vigilak eta haren laguntzaileek egindako lan eskergari esker, iragana erakusteko testu asko sartu ziren obra bikain horretan, betiere iragan hura x. mendeko erresuma kristauen erreferentzia izateko asmoz. Izan ere, aurreko aroetako ––aro bisigodoko, bereziki–– zuzenbide zibil eta kanonikoari zegozkion testuak kopiatze hutsak ederki erakusten du iragan hura berreskuratzeko interesa. Iragan idealizatua zen, eta aldi berean, xede bihurtutakoa, musulmanen eskuetan galdutako Hispania kristaua monasterioen ekimenez berreskuratu nahi zutenentzat. Politika- eta erlijio-arloko ezaugarri nabarmen horiez gain, bestelakoak ere azpimarratu behar dira, hala nola zenbaki indo-arabiarrak Mendebaldeko Europan lehen aldiz irudikatu izana, hori mugarria izan baitzen egiazki Europako historian.

Kodexaren egikeran eragin gaztelarrak, leondarrak, musulmanak eta Pirinioez haratakoak ere sumatzen diren bezala, Códice Albeldense bera erreferentzia bihurtu, eta eredu hori, nagusiki, Iruñeko Erresumako monasterio guztietan barrena zabaldu zen (horren adierazgarri, hortxe dugu Códice Emilianense obra, El Escorialgo liburutegian gordea eta Donemiliaga Kukulako scriptoriumetik heldu dena).

Vigila Albeldakoa, hortaz, Iruñeko Erresumako scriptor bat izan zen. Kopista- eta miniaturagile-lanetan egindako ibilbidea obra handi eta bikain baten bidez iritsi zen gorenera. Izan ere, iraganeko agiriez gain, berrikuntza artistiko garrantzitsuak ekarri zituen kodex miniatuen mundura.

Obrak

Códice Vigilano edo Albeldense

Bibliografia

Díaz y Díaz, M. C., Libros y librerías en la Rioja altomedieval, Logroño: Diputación Provincial, 1979.

Fernández Flórez, J. A., «Un calígrafo miniaturista del año mil: Vigila de Albelda», inCodex Aquilarensis. Cuadernos de investigación del Monasterio de Santa María la Real, 16 (2000), 153.-180. or.

Silva y Verástegui, S., «Los primeros retratos reales en la miniatura hispánica medieval. Los monarcas de Pamplona y Viguera», in Príncipe de Viana, 41. libk., 160.-161. zenbakiak, 257.-262. or.

— Iconografía del siglo x en el Reino de Pamplona-Nájera, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1984.

Aipamen bibliografikoa

Pescador Medrano, A., “Vigila Albeldakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 152-155.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP