Karguak eta lanbideak
Comesa eta Bizantzioko ogasuneko abokatua
Ibilbidea
Zosimok komitearen —comes— titulua izan zuen eta Ekialdeko Erromatar Inperioko ogasunaren abokatua izan zen, baina hari buruz dakigun gutxia berak bere obran zeharka kontatzen duena baino ez da. Konstantinoplan jaioa zen, edo, gutxienez, han bizi izan zen bere bizitzaren zati handi batean. Ogasunaren abokatua zen; hau da, auzitegietan estatuaren eta enperadorearen jabetzen alde egiteko ardura zuen. Ogasunaren abokatuak esperientzia handiko abokatuen artetik errekrutatzen zituzten; hori dela eta, ondoriozta daiteke Zosimok erretorikan trebatuta egongo zela. Comes titulua ohorezkoa zen, eta goi-leinuko hiritarrei eman ohi zieten; batez ere, senatariei. Tituluak hiru maila zituen eta ogasunaren abokatuek (advocati fisci) lehen mailara iristeko aukera zuten. Ospe handiko posizioa zen hori, senatarien ordenako maila gorenekin lotuta baitzegoen. Egile bizantziar honen biografiari buruz dakizkigun datu gutxiak nahikoak dira goi-mailako funtzionarioa zela jakiteko, baina profil hori deigarria da Zosimo erlijio paganoaren jarraitzaile sutsua zela kontuan hartzen badugu, hori ez baitzen gomendagarria garrantzi handiko karguak betetzen zituztenentzat. Hori dela eta, gerta liteke erlijio-zaletasunak isilpean gordetzea.
Zosimoren literatura-lan bakarraren izenburua Ιστορὶα νὲαda —hau da, Historia berria— eta vi. mendearen hasieran idatzi zuen. Nolanahi ere, amaitu gabe dago: VI. liburuan amaitzen da, bat-batean, errege bisigodo Alarikok Erroma arpilatu (410eko abuztuak 24) baino zertxobait lehenago. Halaber, liburuan dauden akatsak, nahasketak eta hutsuneak kontuan hartzen baditugu, badirudi ez zela obraren behin betiko idazketa egin. Horrez gain, kristautasunaren kontra zenbateraino egiten duen ikusita, historialaria hil eta gero argitaratuko zela pentsarazten gaitu horrek.
Historia berria obraren hasieran, Grezia klasikoaren eta Errepublikaren garaiko Erromaren berrikusketa laburra egiten du egileak, eta, gero, Erromatar Inperioaren garaiari heltzen dio. Aldi hori sakon aztertzen du, Septimio Severo enperadorearen agintalditik (193-211) aurrera, batez ere. Uste da Zosimoren iturri nagusiak Dexipo, Eunapio eta, 407. urtetik aurrerakoetarako, Olinpiodoro izan zirela. Zosimok ez du Baskoniari buruzko erreferentziarik egiten, baina aipamen labur bat egiten du 408. urtearen inguruan Pirinioetako igarobideak defendatzera joan ziren indarrei buruz. Aipamen hori gertaera hauek osatutako testuinguruan kontatzen da: Konstantino III.a usurpa-tzailearen armadek Hispania okupatzea, Honorio enperadorearen Hispaniako ahaideen zorigaiztoko patua, eta Gerontzio jenerala —Konstantinok Iberiar penintsulan zituen tropen burua zen— Konstantinoren beraren aurka beste usurpazio bat gidatzera bultzatu zuten gertaerak (VI. liburua, 4-5).
Zosimo historiografia klasizistaren estiloa imitatzen saiatzen da, eta Erromatar Inperioaren gainbeherari buruzko ikuspegiari dagokionez, honako hau adierazten du: gainbehera hori jainko-jainkosa tradizionalei babesa eskatzea alde batera uztearen ondorio izan zela, kristautasunaren gorakadak eraginda. Horrela, egilea Erromatar Inperioaren historia aztertzen saiatzen da, gertaerek adierazten dituzten frogak baliatuta, bere hipotesia frogatzeko. Uste da Historia berria obrak oso oihartzun txikia izan zuela haren xede-publikoaren artean, ez baitago ia erreferentziarik Bizantzioko osteko literaturan; agian, kristautasunaren aurkakoa eta, beraz, klandestinoa zelako.
Obrak
Zosime, Histoire Nouvelle. Texte établi et traduit par François Paschoud, Paris, Les Belles Lettres, 1971-1989. Gaztelaniako itzulpena: Zósimo, Nueva Historia, Candau Morón, J. M. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 1992.
Bibliografia
Arce, J.:Bárbaros y romanos en Hispania. 400-507, Madrid: Marcial Pons, 2005.
Díaz Martínez, P. C.: «Barbarians in 5th century Hispania» in Delogu, P.; Gasparri, S. (argk.): Le transformazioni del v secolo. L’Italia, i barbari e l’Occidente romano (Atti del Seminario di Poggibonsi, 18-20 ottobre 2007), Turnhout: Centro interuniversitario per la Storia e l’Archeologia dell’Alto Medioevo (Università di Siena, Padova e Venezia), 2010, 183.-219. or.
Escribano, M. V.: «Usurpación y defensa de las Hispanias: Dídimo y Veriniano (408)» in Gerión, 18 (2000), 509.-534. or.
Gil Egea, M. E.: «Barbari ad pacem incundam conversi:el año 411 en Hispania» in Polis, 12 (2000), 73.-84. or.
Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: UPV-EHU, 2007.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Zosimo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 141-142.





