Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA BISIGODOAK

JULIAN TOLEDOKOA(Toledo, 642-690).

Karguak eta lanbideak

Toledoko egoitza metropolitanoko artzapezpikua, idazlea eta historialaria

Ibilbidea

Julian Toledon jaio zen, judu jatorriko familia kristautu batean. Hiriko katedraleko eskolan ikasi zuen, eta, han, Toledoko apezpiku Eugenio II.a izango zena izan zuen irakasle. Julian gaztea laster hasi zen ibilbide eklesiastikoa egiten. Hala, kleriko sekularra izan zen lehenbizi, eta, geroago, diakonoa, eta, ondoren, apaiz-maila lortu zuen, den-dena Toledoko katedralaren esparruan. 675eko Toledoko Kontzilio Probintzialean parte hartu zuen, eta 680ko urtarrilean, bisigodoen hiriburuko artzapezpiku metropolitano ordenatu zuten. Baliteke Julianen posizioa sendotzea, 674an Wamba erregea goretsi eta goraipatzen duen obra bat idatzi ondoren, aurreko urtean gertaturiko baskoien aurkako eta Narbonensiseko eta Tarraconensiseko noble batzuen matxinada zapaltzeko kanpaina azalduz. Adiskidetasun-harreman estua izan zuen Ervigio erregearekin, Ervigio Wambaren ondorengo izan baino lehendik ere. Ervigio errege izateko gantzutu zutenean, lankidetzan aritu zen harekin, eta parte-hartze aktiboa izan zuen erresuman bizi ziren juduen aurkako zenbait legeren idazketan. Ervigio hiltzean (687), Julian erregina alarguna eta haren ahaideak babesteaz arduratu zen, Egika errege berriak etsaitasunezko jarrera baitzuen haien aurka. Halaber, artzapezpikuak erlijio–dinamismo handia erakutsi zuen, Toledoko XII. (681), XIII. (683), XIV. (684) eta XV. (688) kontzilioen burua izan baitzen, eta hiriko egoitza metropolitanoaren nagusitasuna bermatu zuen, gainerako artzapezpikutzen aurrean. -Horrez gain, erresuma bisigodoak vii. mende osoan izan zuen -kultura-loraldirako ekarpena indartu zuen, idatzi zituen literatura-lanen bidez.

Julian da baskoiak aipatzen dituen azken egile bisigodoa. Historia rebellionis Pauli adversus Wambam lanean aipatzen ditu, Wamba erregeak 673. urtean baskoien aurka egindako kanpainaren testuinguruan. Apezpikuak idatzitako Historia obrarekin batera, Paulo matxinatuak erregeari bidalitako gutun bat eta Toledon usurpatzaileen aurka egindako epaiaren laburpen bat daude. Urte horretan, bisigodoen erresuman, Septimania probintziako noblezia matxinatu egin zen eta Wambak duxFlavius Paulus bidali zuen hara, armadaren zati batekin, altxamendua zapaltzeko. Baina, Paulo ere matxinatu egin zen eta bat egin zuen sediziogileekin, eta Tarraconensis probintziako ekialdeak ere matxinadarekin bat egitea lortu zuen, bai eta zenbait franko eta baskoi errekrutatu ere, promesen eta oparien truke (Hist. 8). Duxa errege izendatu zuten, eta Paulok erresuma bien artean banatzea proposatu zion Wamba errege bisigodoari (Epist. Paul.). Wamba, Cantabrian zegoen une hartan, baskoi basatien matxinadari aurre egiten (historiografiak onartzen du iturrietan aipatzen den Antzinate Berantiarreko Kantabriak erromatarren aurreko Kantabria Klasikotik hegoalderantz hedatuko zela, Toloño mendilerroraino), eta uko egin zion Paulusen proposamenari. Horrenbestez, Paulori aurre egitera joan baino lehen, zazpi eguneko erasoaldi bortitza egin zuen Vasconiae parteseko lur zabaletan, gotorlekuen —castra— kontrako erasoak egin zituen, eta etxeak erre zituen, baskoiei bahituak —obsides— eta opariak ematera eta bakea eskatzera behartu arte (Hist. 7-10). Baskoiak errenditu ondoren, Wamba ekialderantz joan zen, Calahorratik —Calagurris—eta Huescatik—Osca—pasata, matxinatuen eskuetan zeuden hiriak konkistatu zituen, eta zenbait gatibu —captivi— harrapatu zituen, tartean Paulo bera eta hari laguntzeko joandako gentes externaeak, testuan galiartzat, frankotzat eta saxoitzat oro har identifikatzen direnak. Toledoko apezpikuak kontatzen du erregeak presoak zuzen tratatzeko agindua eman zuela, eta, hemezortzi egun geroago, haietako asko aske utzi zituela, Paulo eta leinu nobleenekoak izan ezik, obsides izan zitezen.Nolanahi ere, frankoak captiviak askatzera etorriko zirelako zurrumurrua zebilen, eta monarkak Lupus izeneko dux franko bat bere armadarekin zetorrela jakin zuen. Hala ere, dux horrek ez zion Wambari aurre egin, eta presaka egin zuen ihes, godoen eskuetan armadaren ekipajearen zati bat eta ihesaldian atzeratuta geratu ziren soldadu batzuk utzita (Hist. 11-27). Historialari batzuen ustez, Lupus hori  Ex miraculus S. Martialis obrako hagiografoak aipatutako izen bereko Akitaniako dukea da.

Tajonen lanetan, Fredegario delakoaren kronikan eta haien ondorengoen lanetan bezala, Toledoko apezpikuak aipatzen dituen baskoiek esku hartzen dute ondoko erresumetako politikan, normalean usurpatzaileen eta tiranoen alde egiten. Hala ere, Julianek, estilo dotore eta arina erabiliz, kontakizun beliko eta politiko hutsa egiten du, Isidororen eredutik urrun, eta ez dizkie baskoiei egozten idatzizko iturrietan esleitu ohi zitzaizkien klixe literarioak, hala nola, basakeria, paganismoa eta menditartasuna. Halaber, Wamba printze kristaua exemplum gisa goraipatzeko ahaleginean, informazio berria ematen digu baskoien lurraldearen eta biztanleen antolamenduaren inguruan. Apezpikuaren arabera, baskoiak ospilaren eta promesen truke borrokatu ziren Pauloren alde; baskoien aurkako erasoaldiak zazpi egun iraun zuen, eta lur zabalean egin zen; eta, erasoaldian, baskoien agintarien gotorlekuak eraso zituzten, bai eta castra horien mendeko biztanleria-nukleo txikiago batzuk ere.

Obrak

Díaz y Díaz, P. R.: «Julián de Toledo: Historia del Rey Wamba» (itzulpena eta oharrak) in Florentia Iliberritana, 1 (1990), 89.-114. or.

Iulianus Toletanus: «Historiae Wambae regis» in Levison, W. (arg.): Monumenta Germaniae Historica, Scriptores rerum Merovingicarum, 5. libk., Hannover-Leipzig: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1910, 486.-499. or.

Bibliografia

Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.

Gonzálvez Ruiz, R.: «San Julián de Toledo en el contexto de su tiempo» in Anales Toledanos, 32 (1996), 7.-22. or.

Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: UPV/EHU, 2017.

Larrea, J. J.: La Navarre du ive au xiie siècle: peuplement et société, Paris: De Boeck Université, 1998.

Moreno, E.: «Vascones, francos y visigodos entre los siglos vi y vii: dinámicas de delimitación y división del solar vascón» in Príncipe de Viana, 76. libk., 261. zk. (2015), 347.-357. or.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Julián Toledokoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 114-116.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP