Oñatiko Unibertsitateak mintegi bat hartu zuen joan den ekainaren 28an, Kontzientzia Juridikoa. Pluralismoa eta Kultura-identitatearen Eraketa euskal zuzenbidean Europako ikuspegi historiko konparatutik izenburupean; bertan, zuzenbidearen historiaren eta soziologiaren arloko nazioarteko adituak bildu ziren.
Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak eta Iura Vasconiaek elkarlanean antolatuta, Oñatiko Unibertsitateko ikasgela zaharrak euskal zuzenbidearen garapen historikoari buruzko eztabaida zientifikoaren agertoki izan ziren, pluralismoaren eta identitate juridiko baten eraketaren ikuspuntutik, baina baita Europako ikuspegi konparatuak eskainiz ere.
Rosa Ayerbek baserriaren eskualdatzeari buruzko bere ezagutza eman zuen, baita Gaztelako koroak emakumeek berdintasun-baldintzetan oinordetzan jaso ez zezaten egindako ahaleginari buruzkoa ere. Era berean, Pirinioetako herriek, beren zuzenbidearen bidez, etxea babestu beharreko ondasun nagusi gisa defendatzeko egindako ahalegina gogorarazi zuen. Javier García Martínek ahozko zuzenbideaz eta zuzenbide idatziaz jardun zuen, baita euskal lurraldeetan biek duten nagusitasunaz ere, konstituzionalismoarekin eta foraltasunarekin batera. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, Xabier Ezeizabarrenak, foru parlamentuaren historiaren errepasoa egin zuen.
Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeko zuzendari zientifikoak, Martin Ramstedtek, kontzientzia juridikoaz eta kultura-identitatearen eraketaz hitz egin zuen. Joxerramon Bengoetxeak gogorarazi zuen euskal lurraldeek identitate partekatua dutela, batasun politikorik izan gabe. Eta Alexandre Zabalzak, Bordeleko Unibertsitatekoak, ekologiaren defentsari buruzko azalpen original bat egin zuen, euskal etxearen kontzeptutik abiatuta, etxea subjektu juridiko eta interes indibidualen aurrean zaindu beharreko elementu gisa hartuta. Jon Arrietak, bere aldetik, beste gai batzuen artean, euskal zuzenbidearen definizio juridikoan aditu batzuek duten garrantzia planteatu zuen; aditu horiek, ordea, ez zuten beren garaian beren lanaren onarpenik jaso, komunitate diskriminatuetako kide izateagatik, Andrés de Pozaren kasuan bezala.
Azkenik, Helsinkiko Unibertsitateko doktoreak, Heikki Pihjalamakik, herrialde nordikoetako eta Suitzako zuzenbidearen eta euskal zuzenbide zibilaren arteko antzekotasun batzuk planteatu zituen, gizarte horietan nekazaritzak duen garrantziagatik eta periferia izateagatik.





